Lingua franca

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu


Artikulu hau hizkuntzalaritzaren terminoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Lingua franca (argipena).

Lingua franca hizkuntza edo dialekto desberdinetakoak izanik harreman estuak dituztenek, elkar ulertzearren hautatzen duten hizkuntza edo aldaera dialektala da[1]. Hau da ama hizkuntza ezberdina duten bi hiztunek, biena ez bezalakoa den beste hirugarren hizkuntza hautatzen dute elkarri ulertzeko[2]. Batzuetan pidgin eta kreolerak lingua franca terminoaren sinonimo moduan erabiltzen dira.

Ingelesa da egungo lingua franca nagusia mundu osoan, politika eta ekonomia harremanetan; frantsesa izan da oraintsu arte nagusi diplomazia hizkuntza gisa; swahili hizkuntza da Afrikako ekialde osoko herriek elkarren arteko harremanetarako duten hizkuntza, pidgin melanesiar hizkuntza Ozeano Bareko hegoaldeko uharteetan eta bazaar malaiera Malaysiako uharteetan. Gurutzaden garaian hasi zen lingua franca moldatzen, sabir izena zuen hasieran eta mediterranear itsasgizonek erabiltzen zuten. Hizkuntza horren %80a italiera bazen ere, turkiera, frantses, gaztelania, greziera eta arabierazko hitzak ere bazituen. Europarren kolonizazio garaian, bestalde, halako hizkuntza komunak sortu ziren munduko hainbat lurraldetan, kolonizatzaileen eta kolonizatuen hizkuntzen artean: indo-portuges (Zeilan), annam-frantses (Indotxina), papiamento (espainiera moldea, Curaçaon) eta pidgin-ingeles moldeak. Hasierako lingua franca komunitate bateko hizkuntza nagusi bihurtzen denean kreolera osatzen da (Antilla frantsesetan, esaterako). Brasilen lingua geral izena ematen zaio indiar herriekin eta indiar herrien arteko harremanetan erabiltzen den hizkuntzari (tupi-namba hizkuntzan oinarritua). Lingua franca antzeko mintzaira moldeak sortu ziren XVI. mendean arrantzale euskaldunen eta Labradorreko herri indiarren artean, eta XVII. mendean arrantzale euskaldunen eta Ipar Europako arrantzaleen artean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa, Lingua franca, http://www1.euskadi.net/harluxet/hiztegia1.asp?sarrera=linguafranca .
  2.   Txirikba, Viatxeslav A. (2008), The problem of the Caucasian Sprachbund, From Linguistic Areas to Areal Linguistics, 31. orrialdea, ISBN 90-272-3100-1 .


Hizkuntza Artikulu hau hizkuntzei buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.