Nikolai Sergeievitx Trubetskoi
Nikolai Sergeievitx Trubetskoi (Mosku, Errusia, 1890 - Viena, Austria, 1938) errusiar hizkuntzalaria izan zen.
Biografia [aldatu]
Aristokraziako familia batean jaio zen. Hamabost urte zituela etnografia, soziologiako eta historiako artikuluak argitaratu zituen. Unibertsitatean hizkuntza indoeuroparren gramatika konparatua ikasi zuen. Kaukasoko hizkuntzak ikasi zituen, eta gero, Leipzigen, sanskritoa eta hizkuntza avestikoa.
Irakasle izan zen Moskun, eta Iraultza ondoren Rostoven, Istanbulen, Sofian eta, azkenik, Vienan. Saussure eta Baudouin de Courtenay hizkuntzalarien jarraitzailea zen; harreman handia izan zuen Roman Jakobson hizkuntzalariarekin eta Pragako eskolaren lanetan parte hartu zuen. 1928tik aurrera fonologia izan zuen azterketa eta lan guztien ardatza. Trubetskoi izan zen hizkuntzaren alderdi fonetikoa sistematizatu eta fonemaren definizio zientifikoa eman zuen lehena. Fonemak oposizio bidez sailkatu zituen eta horien tipologia finkatu zuen; alegia, estrukturalismoa hizkuntzaren alderdi fonikoari aplikatu zion. Fonologiaren oinarriak jarri zituen eta teoria bakartuak bateratu eta sistematizatu zituen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.