Pobrezia
Eguneroko bizitzan pobrezia, pobretasuna edo txirotasuna bizi-kalitatearen behar minimoentzako errekurtsoak ez edukitzearekin lotzen da, baina kontzeptu honek dimentsio ugari ditu. Kontsumo materialaz gain, osasuna, hezkuntza, giza-harremanak, ingurugiroaren kalitatea eta askatasun politiko eta espiritualak ere eragin handia dute. Pobrezia zerrendatutako dimentsio horien gabezia edo urritasuna dela esan dezakegu.
Pertsona bakar batena izan daiteke, edo egitura sozial injustu baten ondoren, talde edo etnia oso batena.
Eduki-taula |
Jatorria[aldatu]
Pobreziaren jatorria, duela 12000 urte aurkitu behar da, K. a. 10000 inguruan. Garai hortan, gizakiak nekazaritza asmatu zuen. Ordu arte, ehiza eta basoko fruituen biltzetik bizi ziren gizakiak. 30.000.000 pertsona inguru bizi ziren garai hartan mundu osoan, eta bizitza modu honek, guztientzako janaria egotea eragin zuen. Nekazaritzak, baina, jatekoa asko ugaritu zuen, eta, hasiera batean, jatekoa sobera zegoen. Baina, soberakinak, ez ziren guztientzat nahikoa, eta batzuk, nekazaritza kontrolpean izatea nahi zuten. Nekazaritzaren arrakastak, munduko gizakien biztanleria gorantza bidali zuen, orain, 6.700 milioi pertsona inguru izatera heldu arte. Gehiegizko populazio honek, ordea, bere ondorio kaltegarriak izan ditu, lurraren jateko errekurtsoak ez baitira populazioa bezain azkar hazten.
Pobreziaren dimentsio aniztasuna[aldatu]
Askok pobrezia definizioaren dimentsio aniztasuna zalantzan jartzen dute, diru-sarreraren garrantzia azpimarratuz, diru-sarrera eta beste dimentsioen artean korrelazio zuzena dagoela esanez. Hau da, diru-sarrera urriak orokorrean osasun baldintza txarrekin lotuta daude, edo hezkuntza kalitate baxuarekin. Ondorioz, jendea edo behartsuen ongizatea hobetzea bada gure helburua, bide zuzenena diru-sarrerak hobetzea izan beharko luke.
Hala ere, arrazoi asko daude pobreziaren dimentsio aniztasunaren alde. Jodhak (1998) Indian egindako azterketa batean erakutsi zuen ongizatea eta diru-sarreren arteko korrelazioa ez dela zuzena. Azterketa honetan parte hartu zuten behartsuek beraien ongizatea hobetu zela baieztatu zuten, beraientzako garrantzitsuak ziren faktoreak hobetu zirelako (zapatak jaztea, animalia eta pertsonak bizitzeko gelak banatuak egotea), nahiz eta beraien diru-sarrerak gutxitu. Jendeak pobrezia eta ongizatea ulertzeko dituen modu desberdinak ulertzea garrantzizkoa da, honek pobrezia gutxitzeko planifikatuko diren programengan eragina izango duelako. Diru-sarrerez gain osasuna eta hezkuntza pobrezia gutxitzeko garrantzitsuak direla ulertzen bada, adibidez, planifikatutako politika oso desberdina izango da.
Pobrezia absolutua eta pobrezia erlatiboa[aldatu]
Pobrezia absolutua: orokorrean erreferentzi puntu bat kontuan hartuz neurtzen da, hala nola, jateko adina janari erosteko behar den dirua edo alfabetatze maila ikusteko, zure izena idazteko gai izatea. Kontzeptu absolutua da.
Pobrezia erlatiboa: gizarte horretako irizpide edo maila kontuan hartuz neurtzen da. Garapen bidean dagoen gizarte batean, adibidez, bizitzeko "beharrezko" produktuak janaria eta jantzi batzuk besterik ez dira; garatutako herrialdeetan, berriz, "beharrezko" gauzen artean hilean behin ateratzea edo Gabonetako opariak daude. Bizitzeko behar denaren kontzeptua, eta ondorioz pobreziaren kontzeptu hau, erlatibo da, bizi garen gizartearen araberakoa.
Pobreziaren adierazleak[aldatu]
Pobrezia neurtzeko adierazle ugari erabiltzen dira. Hona hemen horietariko batzuk:
Nazio Produktu Gordina (NPG) per capita: nazio baten ekonomiaren garapenaren erakusle den neurri hau ez da pobrezia erakusle egokia bi arrazoigatik. Batetik, batezbesteko bat denez, ez du kontuan hartzen distribuzioa. Hau da, herrialde bateko herritarren artean desberdintasun ekonomiko handia egon arren, batezbestekoa neurtzen denez, desberdintasunak ez dira azaltzen eta batezbestekoak ez du errealitatea erakusten.
Pobreziaren atalasea edo ataria: gizarte batean bizitza maila duina izateko beharrezkoa den diru-sarrera da. Pobrezia maila neurtzeko, beraz, atari honetatik beherako diru-sarrerak dituzten biztanle kopurua kontatu genezake. Hala ere, aurreko adierazleak bezala, honek ez du kontuan hartzen pobrezian dagoen jendea diru-sarrera horretatik gertu ala urrun dagoen. Hau da, ez du pobreen artean dagoen desberdintasuna kontuan hartzen.
Giza garapenaren indizea: Nazio Batuen Erakundearen Garapenerako Programak sorturiko adierazlea da. 3 paramentro hartzen ditu kontutan herrialde baten garapena neurtzeko: Barne Produktu Gordina (BPG) per capita, bizi-itxaropena eta hezkuntza maila (alfabetatze maila eta hezkuntza sisteman izen-emate kopuruaren arteko batezbestekoa atereaz neurtzen da). Aurreko adierazleek baino pobreziaren dimentsio gehiago kontuan hartu arren, adierazle honek ez du herrialde barruan egon litekeen desberdintasuna erakusten eta horregatik, ez da pobrezia neurtzeko adierazle zehatza.
Giza pobreziaren indizea: Nazio Batuen Erakundeak proposatutako aiderazlea da hau ere. Hurrengo adierazleen batezbestekoa atereaz kalkulatzen da Giza pobreziaren indizea: 40 urterarte biziko ez dela estimatzen den populazio portzentaia, alfabetatua ez den populazio portzentajea eta "bizitza mailaren gabezia" (hurrengo bi adierazleen batezbestekoa dena: ura eta osasun zainketa eskuratu ezin dutenen batezbestekoa eta normala dena baino pisu bajuagoa duten 5 urtez beherako haurren batezbestekoa).
Pobrezia-muga: pertsona edo familia bat , administrazio eta gobernuen aldetik pobretzat hartuak izan daitezen gehienezko errenta maila.
Ikus, gainera[aldatu]
Kanpo loturak[aldatu]
Erreferentziak[aldatu]
White, H.(2008) "The measurement of poverty" in Desai, V., Potter, R.B. The Companion to Development Studies, Second Edition, Hodder Education, London, 25-30.or.
Jodha, N.S.(1988)"Poverty debate in India: A minority view", in Economic and Politican Weekly, 22 (45-47): 2421-8