Stephen Hawking
Stephen William Hawking ⓘ (Oxford, Ingalaterra, 1942ko urtarrilaren 8a - Cambridge, 2018ko martxoaren 14a[1]) fisikaria eta astronomoa izan zen, bere garaiko ospetsuenetakoa. Hainbat zientzia arlotan egindako ekarpenei esker sari ugari jaso zituen; aipagarrienak, hamabi honoris causa doktoretzak jaso zituen.
Bere lanik garrantzitsuenak, Roger Penroserekin batera, erlatibitate orokorraren esparruan espazio-denborazko berezitasunei buruzko teoremak izan ziren. Baita zulo beltzek erradiazioa igorritzen zutela aldarrikatu zuten, gaur egun Hawkingen erradiazioa bezala ezagutzen dena (edo batzuetan Bekenstein-Hawking erradiazioa). Ezaugarri aipagarrienetako bat eztabaida zientifikoari egindako ekarpena izan zen, beste zientzialariekin apustuak eginez.
Londresko Royal Societyko, Zientzien Akademia Pontifizioko (Vatikano hirian) eta Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionalako kidea zen. Cambridgeko Unibertsitateko Matematikako Lukasiar Katedraren (Lucasian Chair of Mathematics) titularra izan zen 1979tik 2009ra (erretiratu zen arte).
Britainiar Inperioko Ordena (CBE gradua) irabazi zuen 1982an. 1989an, Elkartasunaren Asturiasko Printzea Saria; 2006an, Copley Domina; Askatasunaren Domina 2008an eta BBVA Fundazioaren Jakintzaren Mugak saria 2015ean.
Bi aldiz egon zen ezkonduta eta hiru seme-alaba izan zituen. Bere lehen ezkontza baino lehen, 21 urterekin, alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA) diagnostikatu zioten. Urteak joan ahala bere egoera larriagotzen joan zen, ia erabat geldituta utzi arte. Dieta berezi bat hasi behar izan zuen irensteko zailtasun handiak zituelako. Gaixotasun hau duen pertsonarik zaharrena izan da, batez besteko bizi itxaropena 14 hilabete izanez 55 urte bizirik iraun zituelako.
Bere bizitzako azken urteetan aulki elektriko gurpildun bat erabili zuen, bai eta hitz egiteko balio zion ordenagailu bat ere. Horrek ez zion galarazi fenomeno astronomikoak ikertu eta dibulgazio liburuak idaztea, eta mundu osoko fisikari garrantzitsuenetakoa zen.
Liburu dibulgatiboen egile bezala salmenta arrakasta izugarriak lortu zituen. Bertan bere teoriei eta kosmologiari buruz eztabaidatzen du. Adibidez Denboraren historia laburra, 1988an argitaratua, The Sunday Times-ren bestsellers-en zerrendan egon zena; Denboraren historia laburragoa, 2005koa, Leonard Mlodinow-ekin batera egin zuen eta unibertsoaren historia modu erraz batean azaltzen saiatu zenez, denboraren historialaria edo unibertsoaren historialaria deitzen zioten.
Hawkingen lehen emazteak idatzitako memorietatik, The Theory of Everything («guztiaren teoria») film biografikoa egin zen 2014an.[2] Unibertsitateko karreraren hasiera, bere gaixotasunaren hastapenak eta bere lehen ezkontza ageri dira film horretan.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo urteak eta hezkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haren gurasoek (Isobel Hawking eta Frank Hawking) Londresetik ihes egin zuten Bigarren Mundu Gerran eta Oxford-era joan ziren. Bertan jaio zen Stephen Hawking, 1942ko urtarrilaren 8an. Bi arreba gazteagoak zituen, Philippa eta Mary, eta anai adoptatu bat, Edward.
Stephen-en jaiotzaren ondoren, familia osoa Londresera itzuli zen. Bertan haren aita parasitologiaren misio baten buru zen, National Institute for Medical Research-erako. 1950an St Albans-era, aldatu ziren, bertan nesken eskola batera joan zen (hamar urtera arte mutilak onartzen zituena) eta hamaika urterekin beste eskola batera aldatu zen, non ikasle ona izan zen baina ez bikaina.
Hasieran matematika ikasi nahi zuen unibertsitatean, baina bere aitak Oxfordeko Unibertsitatean ikastea nahi zuen, berak egin zuen bezala. Oxford-en ez zegoenez matematikako irakaslerik, irakasgai horietako ikasleak ez ziren onartzen, beraz natura-zientzietan matrikulatu zen eta beka bat lortu zuen. Behin Oxoford-en sartu zela, fisikan espezializatu zen, termodinamiketan, erlatibitatean eta mekanika kuantikoan arreta jarriz. Unibertsitatean zegoela arraunketa egin zuen, asperkizunarekin amaitzeko.
Haren fisikako tutorea, Robert Berman, ondoren esan zuen The New York Times Magazine-n: «bakarrik zerbait egin zezakeela jakitearekin besteei begiratu gabe egiteko gai zen… Noski haren adimena guztiz ezberdina zen bere adinkideekiko».
Graduaren ondorengo titulua jasotzean (Oxford-en 1962), graduondoko ikasketak egin zituen Cambridge Trinity Hall-en. Doktoretza egiten ari zen bitartean ezkondu zen Jane Wilderekin (1965ean) eta 1966an lortu zuen titulua. 1972an Hawking Royal Societyko kidea izatera sartu zen; hiru urte eta gero fisikako irakasle izan zen Cambridge-en. Bere bizitza osoan hainbat sari eman dizkiote, eta liburuak ere argitaratu ditu.
Hogeita bost urtez ezkonduta egon eta gero, 1990ean ezkontza apurtu zen. Jane Wildek, dena den, Jane Hawking izena erabili izan du aurrerantzean. Stephen bere erizain Elaine Masonekin bizitzera joan zen. Bost urte geroago ezkondu ziren.
Ikasketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1962tik 1975ra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1959an Oxforden zientzia naturalak ikasteko beka bat lortu zuen eta fisikan lizentziatu zen 1962an.Geroago Cambridge-ra joan zen kosmologian ikertzeko. 1963an alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatu zioten eta soilik pare bat urte biziko zela esan zioten. Ez zuten bere bizi itxaropena asmatu baina pixkanaka bere gorputzeko mugikortasuna galduz joan zen. Hala ere, doktoratuarekin jarraitu zuen.
1960ko hamarkadaren amaieran, bere kide Roger Penrosekin batera, modelo matematiko berri eta konplexu bat aplikatu zuten, Albert Einstein-en Erlatibitate Orokorraren teoriatik abiatuta. Horri esker, 1970ean, Hawking-ek sortu zituen hainbat singularitatearen teoremen lehenengo teorema frogatu zuen. Hauek beharrezkoak diren baldintza batzuk singularitate espazio tenporal bat egoteko ematen dituzte. Nahiz eta singularitateak normalean matematikaren bitxikeriak bezala hartu, lan honi esker, erlatibitatearen ezaugarri generiko bat direla aurkeztu zuten.
Royal Society-ko kidea bihurtzen gazteena izan zen, 1974an. Urte horretan bertan Kaliforniako Teknologiako institutua (Caltech) bisitatu zuen, bere lagun Kip Thornerekin lan egiteko klaseak ematen.
1975tik 2018ra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1970etik aurrera astronomian espezializatu zen, zulo beltzen fenomenoa eta Big Bang teoria ikertuz. 1982an Denboraren historia laburra idatzi zuen, unibertsoari buruzko dibulgazio liburu ospetsua. Jainkoarengan sinesten duten zientzialarien aldean lerratu zen orduan, Unibertsoa zientifikoki ulertzea eta Jainko sortzailea izatea bateragarriak baitziren harentzat, baina 2010ean argitaraturiko liburuan, The Grand Design hain zuzen ere, atzera egin zuen, zientzia modernoak Jainko sortzaile bat izateari aukerarik ematen ez ziolako. Burmuina ordenagailu bat bezala ikusten zuela aipatu zuen elkarrizketa batean 2011, eta hortaz burmuina eta kontzientzia gelditu egingo zirela osagaiek huts egiterakoan: «Ez dago zerurik edo beste bizitzarik ordenagailu apurtuentzat; hori ipuin bat da, ilunaren beldur den jendearentzat»[3].
Brandon Carter, Werner Israel eta D. Robinsonekin egin zuen lana laguntza handikoa izan zen John Archibald Wheeler-en ile gabeko teoremarako. Ile gabeko teorema zulo beltzak masa, momentu angeluarra eta karga elektrikoarekin guztiz deskribatu daitezkela aldarrikatzen du. Gama izpiak ikertu ondoren, Hawking-ek iradoki zuen big bang-en ondoren zulo beltz txiki primitiboak sortu zirela. Bardeen eta Carter-ekin zulo beltzen termodinamikaren lau legeak proposatu zituzten, termodinamikarekin lotuta. 1974an zulo beltzek partikula subatomikoak igortzen ditutztela kalkulatu zuen, Hawking-en erradiazioa bezala ezagutzen da.
Hawking-ek James Hartle-kin unibertsoaren modelo topologiko bat garatu zuen, non unibertsoa ez zituen fronterarik espazio-denboran, Ipar Poloan bezala: ezin da bidaiatu ipar poloaren iparraldera, ez dagoelako limiterik.
2006an Tomas Hertog-ekin (CERNkoa), Hawking-ek top-down cosmology-n oinarrituta dagoen teoria bat proposatu zuen. Horren arabera, unibertsoak ez zuen hasierako egoera bakar bat, beraz, ezinezkoa da fisikoentzat unibertsoaren konfigurazioa zehaztea, hasierako egoeran oinarritzen badira.
Cambrige Unibertsitatearen irakasle lucasiarra izan zen hogeita amar urtez, 1979tik 2009ra. Ondoren, Kosmologia Teorikoaren Zentroaren (Cambridge-ko unibertsitatean) ikerketaren buru izan zen. Gonville eta Caius College-ren kidea ere izan zen baita Ontarioko Waterlooko Fisika teorikoko Perimeter Institutuan ikerketa-katedran agertu zen.
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2018ko martxoaren 14an (76 urterekin) bere Cambridge-ko etxean hil zen.[4] Haren familia ez zuen heriotzaren kausa argitu, bakarrik «lasaitasunean hil zela» esan zuten.
Lana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hawking-ek unibertsoa zuzentzen duten lege basikoekin lan egin zuen. Roger Penrosekin batera, Einstein-en erlatibitate orokorraren teoriaren ondorioz, espazioa eta denbora hasiera eta amaiera dituztela frogatu zuen. Emaitza hauek Erlatibitate generala eta teoria kuantikoa batzen ditu. Batuketa hau zulo beltzak ez direla guztiz beltzak ondorioztatu zuen, erradiazioa igorritzen dute eta. Konklusio hauek berekin ekartzen dute unibertsoaren hasiera guztiz determinatuta dagoela zientziaren legeengatik.
Argitarapenen artean, Espazio denboraren egitura eskala handian (G. F. R. Ellis-ekin); Erlatibitate orokorra: Berrikusketa Einstein-en mendeurrenean eta Grabitatezko 300 urte (biak W. Israel-ekin) aurkitu daitezke. Hiru dibulgaziozko liburu argitaratu ditu: Denboraren historia laburra: Big bang-etik zulo beltzetara (1988an), Zulo beltzak eta unibertso txikiak eta beste entseguak (1993an) eta Unibertsoa intxaur oskol batean (2001an).
Unibertsoaren ikerketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Unibertsoaren jatorriaren ikerketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1993an argitaratutako Zulo beltzak eta unibertso txikia eta beste entseguak liburuan honako hau adierazi zuen:
Zientziak esan lezake unibertsoak hasiera bat izan behar zuela (...) Zientzialari askori ez zitzaien gustatu unibertsoak hasiera bat hau da, sortze une bat) izan zuelaren ideia.
~Stephen Hawking
Unibertso primitiboan, gaur egun ikusten dugun guztiaren jatorriari buruzko funtsezko galderaren erantzuna dago, bizitzarena ere. ~Stephen Hawking
2004an zulo beltzei buruzko teoria berri bat proposatu zuen, non unibertsoa «zulo beltz txikiz» beteta dagoela baieztatzen du, eta hauek unibertsoaren jatorrizko materialetik sortu zirela zioen.
Kronologia babesteko ustea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hawking-ek denboran zehar bidaiak deuseztatzeko lege bat egon behar zela baieztatu zuen. Denboran zeharreko bidaiak fisikaren legetik kanpo uzten zituen hipotesi bat proposatu zuen (kronologia babesteko ustea), «historia historialarientzat seguru egiteko». Ezin zuenez denboran bidaiatzea eragozten duen lege fisiko bat aurkitu, haren iritzia aldatu zuen:
Agian denboran zehar bidaiatu daiteke, baina ez da praktikoa.
Erlijio-sinesmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Denboraren historia laburra liburuan, «teoria oso bat aurkituko bagenu, giza arrazoiaren behin betiko arrakasta izango litzateke, Jainkoaren gogoa ezagutuko genuke eta» zihurtatu zuen Hawking-ek. Hala ere, ideia hauek denboraren poderioz aldatu ziren, eta Jainkoaren irudia publizitate gisa erabiltzeagatik salatu zuten.
Izan ere, Stephen Hawkingek behin eta berriz erabili zuen «Jainkoa» hitza bere zientzia dibulgazioko hitzaldi publikoan, baina zentzu metaforiko batean erabiltzen zuela zioen. «Ez naiz sinestuna, hitzaren zentzu normalean. Unibertsoa zientziaren legeez zuzenduta dagoela uste dut. Lege horiek Jainkoaksortuak izan zitezkeen, baina Jainkoak ezin ditu lege horiek hausteko esku hartzen».
Ondoren, 2010an bere Diseinu handia liburuan, zihurtatu zuen gaur egungo fisikak Jainkoa baztertzen du unibertsoaren sortzaile gisa.
Grabitatearen legea dagoenez, unibertsoa ezerezetik sortu zen. Sortze espontaneoa, ezeren ordez zerbait egotearen arrazoia da, Unibertsoa existitzeak, guk existitzearen arrazoia da. Ez da beharrezkoa Jainkoa metxa piztu eta unibertsoa sortu zela esatea.
~Stephen Hawking
Liburu honen argitarapena eztabaida handi bat sortu zuen hainbat erlijioen ordezkarien artean.
2014an El Mundo albisterako egin zuen elkarrizketa batean ateoa zela argitu zuen, eta zientzia eta erlijioa bateraezinak zirela baieztatu zuen.
Borroka pertsonala alboko esklerosi amiotrofikoaren aurka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1963an, 21 urterekin, neurona motorraren gaixotasun bat diagnostikatu zioten, alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA). Oxford-en zegoela agertu ziren lehenengo sintomak, bere lehen ezkontza baino lehen. Hawking desgaitasun egoera batean zegoen, eta denboraren poderioz larriagotu egin zen, ia guztiz paralizatuta gelditu arte. Baina ez zion eragotzi jarduera zientifiko eta publikoari eustea. 55 urtez bizirik iraun zuen, nahiz eta medikuek bakarrik 2 urte biziko zela zihurtatu.
1985an trakeotomia bat praktikatu zioten, eta hortik aurrera ahots-sintetizatzaile bat erabiltzen zuen komunikatzeko. Apurka-apurka gorputz-adarrak erabiltzeko gaitasuna galdu zuen, azkenean ia mugikortasunik gabe geratu arte. Hawking-en bere begi eta buruaren mugimenduen bidez kontrolatutako ordenagailu batek mugitzen zuen erabildako gurpil-aulkia. Masail bat mugituz esan nahi zituen hitz eta esaldiak sortzen zituen ahots sintetizatzailearen bidez.
Hawking-ek bere ELA gaixotasuna bitaminen xurgapen eskasak eragindakoa zela uste zuen. Iresteko zailtasunak izan bezain laster, dieta aldatu zioten. Esneki, gluten, olio begetal, azukre edo prozesatutako elikagai gabeko dieta zen, aldiz, bitaminak eta mineralak hartu behar zituen.
2009ko apirilaren 20 an Cambridgen ospitaleratu zuten, oso gaixorik zegoela esanez. Berria zabaldu zen bezain laster bere web orrian, hainbeste bisitari izan zituenez, orrialdea publikatzeari utzi zion denboraldi batez serbidorea ez erortzeko. Hurrengo egunean, apirilak 21, hobekuntza handia izan zuen eta guztiz sendatzeko probabilitateak handitu ziren.
Hawking-ena salbuespenezko kasu bat izan zen. Gaixotasunarekin gehien bizirik iraun zuen pertsona izateaz gain, bere gaixotasuna "erre" egin zela zirudien, aurrerapena geldiarazi egin zen eta naiko egonkorra izatera iritsi zen. Horregatik, "kasu liluragarri" eta nahasgarria izan zen neurologoentzat.
Kultura ikono
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zientziari egindako ekarpenaz gain, pop kulturaren ikono modukoa ere izan zen, besteak beste The Big Bang Theory eta Stark Trek telesailetan agerraldiak egin baitzituen, eta The Simpsons telesailean ere azaldu izan baita Hawkingen marrazkia. Ziurrenik, herritarren artean fisikaririk ezagun eta mediatikoena izan da.[5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Stephen Hawking hil da» Berria 2018-03-14 (Noiz kontsultatua: 2018-03-14).
- ↑ «The Theory of Everything (2014) - Azpitituluak euskaraz» Azpitituluak.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-14).
- ↑ Lartzanguren, Edu. «Hawkingen bizkarrera igota» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-03-15).
- ↑ «Stephen Hawking hil da» Berria 2018ko martxoaren 14a (Noiz kontsultatua: 2018ko martxoaren 14a).
- ↑ «Stephen Hawking fisikaria hil da bart 76 urterekin» Sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2018-03-14).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Pages using the Phonos extension
- 1942ko jaiotzak
- 2018ko heriotzak
- Stephen Hawking
- Oxfordarrak
- Erresuma Batuko fisikariak
- Erresuma Batuko astronomoak
- Copley Domina
- Cambridgeko Unibertsitateko irakasleak
- Agnostikoak
- Fisikako Wolf Saridunak
- Royal Societyko kideak
- Fisika teorialariak
- Elkartasunaren Asturiasko Printzesa saridunak
- Zientzia dibulgatzaileak
- Alboko esklerosi amiotrofikoaren ondorioz hildakoak