Edukira joan

1985eko Korrika

Wikipedia, Entziklopedia askea
1985eko Korrika
Irudia
LeloaHerri bat, hizkuntza bat!
Motaekitaldi
Honen parte daKorrika
Denbora-tarte1985eko maiatzaren 31 - 1985eko ekainaren 9a
HerrialdeaEuskal Herria
AbiapuntuAtharratze
HelmugaIruñea
Lanaren edo izenaren hizkuntzaeuskara

1985eko Korrika edo 4. Korrika Euskal Herrian zehar ospatzen den Korrika jaialdiaren laugarren edizioa izan zen[1]. AEK elkarteak antolatu zuen eta ekitaldi honetan Piarres Lafitte omendu zuen, Korrika hasi baino hilabete lehenago zendu zena. Herri bat, hizkuntza bat! leloa izan zuen.

Atharratzen 1985eko maiatzaren 31an hasi eta Iruñean ekainaren 9n bukatu zen. Zuberoako langabetuen batzordeen ordezkari batek hartu zuen lekukoa lehen kilometroa egiteko. Korrikak guztira 1.927 kilometrotako ibilbidea egin zuen.[2]

4. ekitaldirako kanta osatzeko Lontxo Aburuzak egin zituen bertsoak.[3] Korrika 4 izena zuen izan zuen abestiak.[4]

Maiatzaren azkena
oi Atharratzetik,
aterako da eta
gainera gogotik,
jarraituko du gero
ifar-hegoatik
Euskera izan dadin
sendo eta zutik

Nahiz ta pixkat kosta
korrikan hastea,
alai borrokatzeko
dugu bertutea,
praka motzez zaharra
luzetan gaztea
hizkuntza defendatzen
har zazu partea.

Ohar bat haseratik
behar dugu egin,
zahar eta gazteak
dezazuten jakin:
"ez omen da izango
kontrol anti-dopin"
beraz korri bezate
monjak ere berdin.

Apaizak ere dantza
gaineko sotanak
urrutira zabalduz
KORRIKA'ren sonak.
Bi mila kilometro
ez direla bromak,
horrela egin behar
ezinez dagonak.

Ateak jarri dira
ongi zabalduta,
zatoz langileria
elkarganatuta.
Aurkitzen ba zerate
zerbait nekatuta,
korri dezakezute
astoak hartuta.

Baldin ba zera morroi
edo nagusia
berdin Euskadin edo
kanpoan hazia,
hemen ondo hartzen da
datorren guzia;
KORRIKA hau bait dugu
kolorez nahasia.

Lanerako behar da
dirua ugari
premiazkoa dela
horixe nabari.
Deia zabaltzen goaz
mundu guziari
"Arnasa emateko
gure hizkuntzari"

Euskerari nolatan
emango bizitza?
Ondoren aipatzen da
lehenen baldintza:
"biziko bada gogor
behar dugu mintza"
baldintza honi eman
dezaiogun hitza!.

Jakin behar dugu hau
hemen denok aurrez;
zenbat kalte egin duten
etsaiek indarrez,
Ez dugu konponduko
dolar edo urrez,
baina etorkizuna
dator irrifarrez.

Lore berri askori
hartzen diet usai,
itxaropenez gaude
indar berrien zai.
4 garren KORRIKA hau
izan dadin alai,
KORRIKA da borroka
ta aldi berean jai.

Norbait erortzen bada
korrika lurrera,
lehen ere hamaika
ikusiak gara,
gogora ezazute
hemen esaera
"LEPOAN HARTU ETA
JARRAITU AURRERA"

Zuberotik hasita
aurtengo KORRIKA
bitxikeriak ditu
berekin hamaika,
euskera indartzeko
manera polita
eta guztiontzako
HORTXEN DUGUN ZITA.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «4 Korrika» Korrika (Noiz kontsultatua: 2023-03-24).
  2. Korrika - Auñamendi Eusko Entziklopedia. (Noiz kontsultatua: 2017-08-31).
  3. BERTSO / OLERKIen orrialdea. (Noiz kontsultatua: 2017-08-31).
  4. Korrika Karaokea. (2017-02-28). Korrika 4 (Lontxo Aburuzaren Bertsoak). (Noiz kontsultatua: 2017-08-31).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]