2019ko Korrika
2019ko Korrika | |
---|---|
Leloa | Klika |
Ereserkia | Klika Korrika 2019 |
Mota | ekitaldi |
Honen parte da | Korrika |
Denbora-tarte | 2019ko apirilaren 4a - 2019ko apirilaren 14a |
← 2017
2022 → | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Antolatzailea | Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea |
Abiapuntu | Gares |
Helmuga | Gasteiz |
2019ko Korrika edo 21. Korrika Euskal Herrian zehar ospatzen den Korrika jaialdiaren hogeita batgarren edizioa izan zen. AEK elkarteak antolatu zuen eta Txillardegi hizkuntzalari donostiarra omendu zuen.[1] Klika leloa izan zuen.[1]
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garesen abiatu zen apirilaren 4an eta Gasteizen bukatu apirilaren 14an. Azken kilometroa Maialen Lujanbio bertsolariak egin zuen eta ondoren berak idatzitako mezua irakurri zuen.[2][3][4]
Lekukoan eramandako mezua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2019ko Korrikak lekukoan eramandako mezua, Maialen Lujanbio bertsolariak idatzia, hau izan zen:[5]
« | Euskara gaur egun arte,
ta Gasteizaino KORRIKA ekarri dugunoi, biba gora, eutsi, goza, Klika. KLIKA! Hizkuntza ez da edukitzekoa. Lizuna egiten zaio barruan gordeta, lika Beraz, KLIKA! instalatu eta elika! Euskara, ez da euskararen gauzetarako aplikazioa. Euskarak behar du herri honen Sistema Eragitean. Memoriak handiko lur honen hizkuntza beti eguneratua, eta software librekoa. Euskara, bestelakoa baita… Hain zuzen, besteak bezain bestelakoa. Bestelakoa eta besteak bezalakoa. Baina besteekiko badu alde bat: euskarak dena du aurka; eta horrexegatik juxtu, dena du mauka! Dena du egiteko, euskarak, dena du egiteke. Hizkuntza bat dugu ahulguztiduna. Hala ere, Korrika egiten dugu. Izan ere, hainbeste maite gaituzte erakundeek, alderdi politikoek, komunikabideek… korrika gabiltzala. Zergaitik gutxietsiko ote gaituzte hainbestetan oinez gabiltzanean? Ikusiko da… ea euskara arreta osoan gaur den bihar herri, etzi laurden ta laster berriz al gauden, azkentasunetan aurre. Korrika egiten dugu, lehenetik eta gerorantz. Korrika egiten dugu, Euskal Herria eta elkar ezagutzeko. Korrika egin, munduari gure oinekin eragiteko. Egin, eragiteko. Eragin, eginarazteko. Norbanakoak egin. Herri mugimenduek eragin. Erakundeek eginarazi. Egin, eragin, eginarazi. Aukerak eskaini eta euskara eskatu. datozenei ere eman euskaran ostatu eta eskertu eta ospatu. Gu elkartzen gaitu zer ospatuak. Gu, eta Gu honek baitako Gu-ak. Umeak, gazteak, helduak, zahartuak… Ahoskera berri eta zarratuak. Zuek eta haiek, zakurrak katuak… Sardeak, mantalak, gigak eta datuak. Azalak, ahotsak… Sei kontinenteetan sakabanatuak, Sei kontinenteetatik guganatuak. Arnasgunekoak, oxigenatuak. Erribera idortu ta mahats zanpatuak… elebesteratuak. eta neskenegunak eta zapatuak. Euskaraz sortuak eta euskaratuak. Mundu bat euskarak, mende erdia Euskara batuak, eta ehunka milaka bizitza eta gogo EUSKARA BATUAK. |
» |
Lujanbiok berak irakurri zuen mezu hori 21. korrikaren bukaerako ekitaldian, 2019ko apirilaren 14an, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.[5]
Korrika Kulturala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat ekintza kultural egin ziren Korrikaren inguruan:
- Garaikideak: AIKO taldeak sortu zuen dantza eta musika ikuskizuna.[6]
- Jule: Hortzmuga Teatroaren kale antzerkia.[7]
- Enkarguz: Xabier Zabala eta Andoni Egañaren sormen proposamena.[8]
- Oholtza: Beñat Krolemen performancea.[9]
- Musua: Pirritx, Porrotx eta MariMototsen ikuskizuna.[10]
- Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren poesiekin egindako ikuskizuna. Hainbat eragile eta artistaren elkarlana izan da.[11]
- Gure oroitzapenak: Joseba Sarrionandiaren obran oinarrituriko film kolektiboa.[12]
Korrika munduan zehar
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Munduko hainbat tokitan antolatu ziren Korrikak, Euskal Etxeek edota Unibertsitateek antolatu zituzten.[13] Etxepare Institutuarekin elkarlanean.[14]
- Europan 15 hiritan izan ziren (Alemanian, Espainian, Katalunian, Erresuma Batuan, Polonian...)
- Amerikako 11 hiritan (Argentinan, Estatu Batuetan, Txilen, Mexikon...)
- Asian (Shanghai)
- Ozeanian (Australian)
Hauetaz gain beste talde batzuek ere antolatu zituzten Korrikak, hala nola, Amsterdamen, Lisboan, Banyolesen, Noumea-Kanakyn, Grazen, Alacanten, Munichen[13] eta Txinako Harresian. Bereziki birala egin zen Kaledonia Berrian egindako bideoa, kanakiarren hizkuntzaren alde lanean ari diren eragileekin batera egindakoa.[15]
Abestia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klika Korrika 2019 abestiaren hitzak Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furia abeslariek konposatu zituzten[16] eta musika aldiz Fermin Muguruzak eta Kataluniako Chalart58 taldeak sortu zuten elkarlanean.[17]
Muguruza izan zen Bilbon grabatu zuten bideokliparen zuzendari artistikoa. Bertan hainbat dantzari agertzen dira dantza estilo ezberdinak uztartuz: euskal dantzak, hip hopa, break dance edota dantza garaikidea, besteak beste.[18]
Bideoaren aurkezpena egin zutenean La Furiak bere gurasoak izan zituen gogoan, euskararen alde ez zegoen giroan egindako ahaleginei esker, bera belarriprest izatera iritsi delako.[19]
Argitaratu zen egun berean, bideoklipak 100.000 bisitatik gora izan zituen, ikusleen aldetik iritzi kontrajarriak bilduz.[20][21]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Berria.eus. «Garestik Gasteizera egingo dute 21. Korrika, apirilaren 4tik 14ra» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-11-29).
- ↑ Erredakzioa. (2019-04-14). «Maialen Lujanbioren azken mezua osorik» halabedi (Noiz kontsultatua: 2019-04-14).
- ↑ «Maialen Lujanbiok idatzi eta irakurri du 21. Korrikaren mezua» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-14).
- ↑ Berria.eus. «Maialen Lujanbio: "Egin, eragiteko; eragin, eginarazteko"» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-04-14).
- ↑ a b «Maialen Lujanbioren azken mezua osorik» Hala Bedi 2019-04-14 (Noiz kontsultatua: 2019-04-15).
- ↑ www.aikotaldea.eus. «AIKO» www.aikotaldea.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-10).
- ↑ «JULE» hortzmuga.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-10).
- ↑ r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01etpd158aa64558419b9ec5ed77644af02263cda. (2019-03-01). «'Enkarguz' bertso ekitaldi berezia: Andoni Egaña + Xabier Zabala» www.kulturklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-10).
- ↑ (Gaztelaniaz) «OHOLTZA. Beñat Krolem + Jone Uria eta Jon Martin bertsolariak» Loraldia (Noiz kontsultatua: 2019-04-10).
- ↑ «Korrika Kulturala. 'Musua'. PIRRITX, PORROTX ETA MARIMOTOTS» bizkaie.biz (Noiz kontsultatua: 2019-04-10).
- ↑ «‘Kalaportu’ ikuskaria eskainiko du Korrika Kulturalak» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-10).
- ↑ «Korrika kulturala. Gure oroitzapenak filmaren emanaldia» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-10).
- ↑ a b «Munduko 28 hiritan ere, korrika euskararen alde» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-10).
- ↑ (Ingelesez) «Etxeparek alea jarriko du 21. Korrikan» www.etxepare.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-10).
- ↑ «Kaledonia Berrian korrika eta dantzan, euskararen alde» www.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-10).
- ↑ Castro, Ana. «HITZAK/FITXA TEKNIKOA» www.korrika.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-29).
- ↑ Castro, Ana. «Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furia, 'Klika KORRIKA 2019' abestiaren erritmora» www.korrika.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-29).
- ↑ «Eskualdeko hainbat dantzarik parte harte du 21. Korrikako bideoklipean | Geuria» www.geuria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-01).
- ↑ Berria.eus. «Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furia, 21. Korrikaren bideoklipean» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-12-01).
- ↑ Berria.eus. «Egun bakarrean 100.000 ikustalditik gora lortu ditu 21. Korrikaren bideoklipak» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-12-01).
- ↑ «Klika: Tipi Trapa Korrika! • ZUZEU» ZUZEU 2018-11-30 (Noiz kontsultatua: 2018-12-01).