Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata
Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata[1] (alemanez: Sozialdemokratische Partei Deutschlands edo SPD) Alemaniako alderdi politikoa da. 1863an sortu zen. Alemaniako alderdi politikorik zaharrena da (gaur egun ordezkaritza dutenen artean) eta baita maila nazionalean afiliatu gehien dituena ere (nahiz eta azken urteetan kide asko galdu dituen). Politikaren zentru-ezkerrean kokatua dago, eta Europako Alderdi Sozialistaren kide da. Gaur egun globalizazioaren erronkei aurre egin nahi die, ekonomia modernizatuz, baina aldi berean gizarteko talderik txiroenak ahaztu gabe.
Saskia Esken eta Lars Klingbeil alderdiko buruak dira.[2]
Gotha-ko Programa (1875)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]« | Lana aberastasun eta zibilizazio ororen iturri da eta gizartearen bidez bakarrik denez posible lan produktiboa, lanaren produktu guztia, non lanerako obligazio orokorra dagoen, gizartearena da, hau da, bere kide guztiena eskubide berberarekin eta bakoitzarena ere bai dituen arrazoizko beharren arabera. | » |
—[3]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri |
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1863ko maiatzaren 23an ADAV (Allgemeiner Deutscher Arbeiterverein, Alemaniako Langileen elkarte orokorra) sortu zen Ferdinand Lassalleren gidaritzapean.
- 1869an August Bebel eta Wilhelm Liebknechtek SDAP (Sozialdemokratische Arbeiterpartei, Alemaniako Langileen Alderdi Sozialdemokrata) sortu zuten.
- 1875an Gothan egindako kongresuan ADAV eta SDAP elkartu egin ziren, SAPD (Sozialistischen Arbeiterpartei Deutschlands, Alemaniako Langileen Alderdi Sozialista) alderdia sortuz. Gotha-ko Programa Karl Marxek gaitzetsi egin zuen.
- 1878an legez kanpo gelditu zen Bismarckek indarrean jarritako lege antisozialisten eraginez.
- 1890ean legeztatu egin zen berriz, eta SDP (Sozialdemokratische Partei Deutschlands, Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata) izena hartu zuen.
- 1891n Erfurten egindako kongresuan enpresa handiak sozializatzeko proposamena egin zuen.
- 1912rako Alemaniako parlamentuan zegoen alderdirik garrantzitsuena bihurtu zen. Lehenengo Mundu Gerran Alemaniako aginteari leial egon zen. Gerraren kontrakoak alderditik kanporatu zituzten (Rosa Luxemburg, Karl Liebknecht, Hugo Haase, etab.).
- Weimarko Errepublikaren garaian KPD alderdi komunistaren aurkari sutsua izan zen. Komunistek ez zuten errepublika onartzen eta iraultza bultzatu nahi zuten; SPDk, aldiz, eguneroko politikan parte hartzen zuen eta zenbait gobernutan buru izatea lortu zuen.
- 1933ko urtarrilaren 20an egindako hauteskundeetan lortutako emaitzak ez ziren Adolf Hitleren igoera geldiarazteko nahikoa izan. SPD izan zen 1933ko martxoaren 23ko legearen aurka bozkatu zuen alderdi bakarra (komunistak ordurako legez kanpo zeuden); lege honen bidez, Hitlerrek legeak parlamentuaren beharrik gabe egin zitzakeen. Uztailaren 14an alderdi nazia ez beste guztiak legez kanpo utzi zituen.
- Nazismoan zehar alderdiko kide gehienak atxilotuta edo kontzentrazio esparrutan sartuta eduki zituzten. Zenbait kide Espainiako Gerra Zibilean aritu ziren Errepublikaren alde eta Francoren aurka.
- II. Mundu Gerra amaitu ondoren okupaturiko Alemaniako lau zatietan legeztatu zuten. Alemaniako Errepublika Federalean 1949-1966 bitartean oposizioko alderdi garrantzitsuena izan zen.
- 1959ko Godesbergeko kongresuan marxismoa eta klase borroka kontzeptuak ezabatu egin zituen bere ideologiatik eta ongizatea eta aurrerakuntzan oinarritu zen.
- 1966an lehen aldiz sartu zen Gerra osteko gobernu federalean, CDU eta CSUrekin batera.
- 1968an alderdi bozkatuena izan zen eta FDPko liberalekin batera gobernatu zuen, Willy Brandt eta Helmut Schmidten gidaritzapean.
- Sobietarrek okupatutako Alemanian, SPD eta KPD elkarrarazi egin zituzten Alemaniako Batasun Sozialistako Alderdia (SED). Alderdi hau erregimen komunista osoan zehar agintean egon zen.
- 1982an SPDk agintea galdu zuen Alemaniako Errepublika Federalean.
- 1989an SPD berriz antolatu zen Alemaniako Errepublika Demokratikoan, eta Alemania biek bat egin zutenean alderdiaren bi adarrak berriz elkartu ziren.
- 1998an Gerhard Schröderren gidaritzapean hauteskundeetan garaipena lortu zuen. Berdeekin osatu zuen gobernua. Programa moderatua eta liberala eraman zuen aurrera. Bere helburu garrantzitsuena langabezia murriztu eta ongizate estatua erreformatzea izan zen.
- 2002an garaipen estuz Berdeekin egindako gobernua berrestea lortu zuen. Hortik aurrera SPD hautesleen babesa galtzen joan zen hauteskundez hauteskunde. Alderdiko sektore ezkertiarrenek alderditik alde egin eta Alemaniako Ezkerreko Alderdia osatu zuten.
- 2005eko hauteskundeetan Angela Merkelek gidatutako CDU-CSU koalizioak alde txikiz garaipena lortu zuen. SPDk ez zuen Ezkerreko Alderdiaren babesik jaso gobernuan jarraitzeko. CDU-CSUrekin batera gobernuan sartu zen orduan. Gobernu horretan Angela Merkel kristau-demokrata da kantzillerra eta Franz Müntefering sozialdemokrata kantziller ordea.
Hauteskundeen emaitzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtea | botoen %a | legebiltzarkideak |
---|---|---|
1990eko Alemaniako hauteskundeak | %33,5 | 239 (662tik) |
1994ko Alemaniako hauteskundeak | %36,4 | 252 (672tik) |
1998ko Alemaniako hauteskundeak | %40,9 | 298 (669tik) |
2002ko Alemaniako hauteskundeak | %38,5 | 251 (603tik) |
2005eko Alemaniako hauteskundeak | %34,2 | 222 (614tik) |
2009ko Alemaniako hauteskundeak | %23,0 | 146 (622tik) |
2013ko Alemaniako hauteskundeak | %25,7 | 193 (631tik) |
2017ko Alemaniako hauteskundeak | %20,5 | 153 (709tik) |
2021eko Alemaniako hauteskundeak | %25,7 | 206 (736tik) |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
- ↑ SPD wählt Esken und Klingbeil zu Parteichefs, spiegel.de, 2021eko abenduaren 11a (Alemanez).
- ↑ Kondaira. .
- ↑ https://web.archive.org/web/20181022165113/http://www.parties-and-elections.eu/germany2.html
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bundestageko alderdi politikoak | ||
---|---|---|
CDU/CSU (226) · SPD (146) · FDP (93) · Die Linke (76) · 90 Aliantza/Berdeak (68) |