Erfurt (alemanez ˈɛʁfʊʁt ahoskatua)[1]Alemaniako hiria da, Turingia estatuko hiriburua. 196.500 biztanle ditu. Garrantzi handiko industria eta merkataritza hiria. Aipatzekoak dira bertako katedraleko beirategiak (XIV. mendea). San Agustin komentuan Lutero bizi izan zen.
Erfurt antzinatik populatua izan da. Paleolito eta Neolito garaiko aztarnak aurkitu izan dira. 480 urtearen inguruan Turingiarrak (antzinako germaniar leinua) bizi ziren bertan. hauek eman zioten izena ingurune guztiari, gerora Turingiako estatua izango zenari.
742. urtean San Bonifaziok Zakarias aita santuari Erphesfurt-en apezpikutegi bat sortzeko eskatu zion. Hau da hiriaren lehenengo aipamena. Gera ibaiaren bihurgune batean kokaturik egotean berehala merkatal herri garrantzitsua bihurtu zen eta Hansa Ligan sartu zen XV. mendean. Unibertsitatea ere sortu zen 1392an. Unibertsitateko ikasle famatuena Martin Luther izan zen.
Bigarren Mundu Gerran bonbakatua izan zen baina kalte handirik ez zeukan 1945ean estatubatuarrek hiria berenganatu zutenean. Sobietar Batasunak kontrolaturiko Ekialdeko Alemanian sartuta gelditu zen, Turingia estatu osoarekin batera. 1970an Ekialdeko eta Mendebaldeko Alemaniako kantzilerrak ziren Willi Stoph eta Willy Brandt bertan elkartu ziren banaketaren ondoren lehenengo aldiz. 1990an Alemania bateratzean Turingiako hiriburu bihurtu zen.
2002an Erfurteko sarraskia gertatu zen. Ikasle ohi batek tiroz 17 pertsona hil zituen, 13 irakasle tartean.
Erfurteko katedrala (alemanez: Mariendom): Andre Mariaren ohorezko katedrala XIV mendean eraiki zen, VIII mendeko kapera zegoen tokian eraikia. Eliza gotikoa da.
Severikirche eliza: Katedralaren ondoan dagoen eliza hau 1280an eriki zen San Severoren hilobiaren inguruan.
Petersberg zitadela: Erfurteko gotorlekua da.
Krämerbrücke zubia: Gera ibaiaren gainean eraiki zen zubia 1325ean harriz berreraiki zuten. 8 metrotako zabalera eta 120 metrotako luzera dauka. Berezitasun nabarmenena gainean etxeak izatea da. Gaur egun Europako etxedun zubi luzeena da.
Agustindarren monasterioa (alemanez: Augustinerkloster): Martin Luther bertan bizi izan zen 1505 eta 1511 artean.
1Kolonia eta Dortmund westfaliar zirkuluaren hiriburuak izan ziren, garaiaren arabera. 2Anberes nagusi bilakatu zen, behin Brujas, Zwingo ubidea zela eta, helezin bilakatu zenean.