Andima Ibiñagabeitia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Andima Ibiñagabeitia
Andima Ibiñagabeitia.jpg
Bizitza
Izen osoa Andima Ibiñagabeitia Idoiaga
Jaiotza Elantxobe1906ko urtarrilaren 26a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Caracas1967ko azaroaren 2a (61 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak euskara
Lanbidea
Lanbidea saiakeragilea eta itzultzailea
Mugimendua Euskal Pizkundea

Andima Ibiñagabeitia Idoiaga (Elantxobe, Bizkaia, 1906ko urtarrilaren 26a - Caracas, Venezuela, 1967ko azaroaren 2a) euskal idazlea eta itzultzailea izan zen. Bere artikuluak sinatzeko Elentxun, Norbait, Ibiñaga eta Idoyaga ezizenak erabili zituen, besteak beste. 1961ean euskaltzain oso egin zuten.

Jokin Zaitegirekin elkarlanean Euzko Gogoa literatura aldizkaria sortu zuen Guatemalan. 1967an Caracasen Eman aldizkari elebidunaren sortzaile eta zuzendari izan zen eta hiri beretik egiten zen Irrintzi agerkaria zuzendu zuen denbora batez. Besteak beste, Euzko-Deya, Gernika, Olerti, Alderdi, Egan, Irrintzi aldizkarietan kolaboratu zuen. Euskararen noranahikoa bultzatzeko asmo sendoarekin, klasiko latindarren itzulpengintza izan zen bere arduretako bat. Artikuluetan euskal literaturaren historia eta literatura-kritika landu zituen. Aldizkarietan han-hemen hainbat itzulpen ere argitaratu zituen.


Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita, Galo Ibiñagabeitia, Elantxobeko eskolako irakaslea, kartzelan egon zen Ramon Goikoetxearen Ami Vasco liburua banatzeagatik.

Tuterako jesuiten ikastetxean batxillerra egiten ari zela Orixe eduki zuen irakasle 1918 eta 1919 artean. Andimak apaiz sartzea erabaki eta 1921ean Loiolako jesuiten ikastetxera joan zen Humanitate eta Historia ikasketak egitera. 1923an egin zituen apaiz izateko boto txikiak. Loiolan irakurri zuen Ami Vasco, urte batzuk lehenago aita kartzelara eraman zuen liburua, eta Loiolan ere piztu zitzaion euskararekiko maitasuna. Jokin Zaitegi bezalako lagunekin batera talde euskaltzale txikia osatu zuen. Ikastetxean euskal literaturaren gaineko eskola apurrak jaso zituen, Aita Jose Maria Estefania irakasleak emanik. 1923koa da ezagutzen zaion lehen euskarazko lana, Lore ederrenak izeneko poema.

Filosofia, Matematika eta Metafisika ikasketak Oñan (Burgos) egin zituen, eta Teologia eta Zuzenbide Kanonikokoak Belgikan. 1935-1936 ikasturtean, lehen meza emateko denbora gutxi falta zitzaiola, Jesusen Konpainia uztea erabaki zuen, instituzio zurrun haren barnean obedientzia botoa betetzea ezinezkoa egiten zitzaiola-eta, bereziki euskararen inguruko gaietan.

Belgikatik itzuli eta Galdakaoko lehergai enpresa batean hasi zen bulegari-lanetan. Enpresa berarentzat lanean aritu zen gerraondora arte, gerra garaian Portugalen eta gerraostean Madrilen tarte labur batez biziz. 1946an Parisa erbesteratu zen, eta han hasi zen gogotsu idazten, aldizkari eta irratsaioetarako. Parisen ezagutu zituen Txomin Peillen eta Jon Mirande, bizitza guztirako adiskide min eta lankide izanen zituenak. Gernika aldizkarian (1945-53) idatzi zuen, besteak beste.

Guatemala eta Venezuelatik Jon Miranderi idatzitako gutunetan, erbesteratu abertzaleen artean euskararekiko ardura urria dagoela salatzen du Ibiñagabeitiak. Gutun horietan nabari zaionez, bakarrik eta gutxi babestua sentititzen zen euskal erbesteratuen giroan.

1954an Guatemalara joan eta han Euzko-gogoa literatura-aldizkaria sortu zuen, Jokin Zaitegirekin elkarlanean. 1956an Caracasen hartu zuen bizilekua, hango Euskal Etxean euskara irakasle lana hartzeko. Han hil zen, 1967.ko azaroaren 2an.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzulpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Unai kantak eta Alor Kantak (1966). Virgilioren Bucolicon Liber eta Georgicon Libri. 1966an Bilbon Bergiliren idazlan osorik izeneko liburukian argitaratu zen. Santi Onaindiak Eneida euskaratu zuen, eta Ibiñagabeitiak beste bi lanak.
  • Maita-Bidea (1966). Ovidioren Ars Amandi. Bizi zela argitara eman gabea, garai hartako mundu euskaltzalean zebilen pentsaera moralistagatik. Lazkaoko Beneditarren liburutegian egon da gordea, Ibiñagabeitiaren beste lan argitaragabeekin batera. Aintzane Arrietak prestatutiko edizioa argitaratu zen 1994an.

Saiakera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Euskal elertiaren edestia. Argitaragabea. Parisko egonaldian idatzia.

Euskara ikasteko eskuliburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Euskera irudi bidez, Nuevo método de euskera básico, 1953. Parisen zegoela landua. Norbait ezizenarekin sinatua.
  • Aprenda vasco en 60 horas, 1961.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]