Gernika (aldizkaria)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Aldizkariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gernika (argipena)».
Gernika
Mota hiruhilabetekari abertzale eta humanista
Lehen zenbakia 1945
Azken zenbakia 1953
Banatze lurraldea  Euskal Herria
Argitaratze hiria Donibane Lohitzune (1945-1951)

Buenos Aires (1951-1953)

Ideologia politikoa abertzalea eta humanista
Hizkuntza euskara, frantsesa eta gaztelania
Maiztasuna hiruhilabetekaria
Ale kopurua 25
Kolorea zuri-beltza
Argitaletxea Euskal Kulturaren Hedapen Institutua
Sortzailea Rafael Pikabea
Zuzendaria Rafael Pikabea (1945-1951)

Isidoro Fagoaga (1951-1953)

Erredaktore nabarmenak Orixe, Xabier Iratzeder, Federiko Krutwig, Jon Mirande, Andima Ibinagabeitia, Pierre Lafitte, Jokin Zaitegi, Julene Azpeitia, Ixaka Lopez Mendizabal, Errose Bustintza, Luis Villasante, Joxe Migel Barandiaran, Isidoro Fagoaga, Dominique Dufau, Etienne Salaberri, Txomin Peillen, Oxobi, Marc Legasse, Mixel Etxeberri, Miguel Astiz, René Lafon, Sebero Altube, Justo Garate, Juan Thalamas, Norbert Tauer, Antonio Maria Labaien, Jon Bilbao, Jon Etxaide[1]
ISSN 0995-9866

Gernika 1945etik 1953ra Donibane Lohizunen eta Buenos Airesen argitaratu zen hiruhilabetekari abertzale eta humanista izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gernika aldizkariaren lehen zenbakia Gernikako bonbardaketaren zortzi urte ondoren atera zen erbesteratu errepublikarren Donibane Lohizuneko bileren fruitu. Bere sortzaile eta lehen zuzendariaren, Rafael Pikabea hitzetan:

« Eup, jaunak! Emen gera gu ere (…) Zeiñ geran? (…) Azkeneko gerratian itxetik kanpora bialiak. Zer nai degun? Irakurri gure esanak, eta laister jakingo dizute nora guazen (…) Atozte bada Alkartuta, danak batian, bultza dezagun gora gure aberri maitia  »
Rafael Pikabea, Gernika, 1[2]

Gernika izeneko aldizkari kulturalak zortzi urtez iraun zuen gorabeherak gorabehera. Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz sortu zen giro latzaren ume da. Bertan idazten zuten: erbesteratuek nagusiki, Iparraldeko zenbait herritarrek, zenbait euskalarik eta Francoren diktaduraren menpe bizi ziren beste batzuek. Bere lerro editoriala eta asmo politikokulturalak ez ziren kabitzen diktadura ezarri berriaren koordenaden barnean.

Espainiako Gerra Zibila (1936-39) Hegoaldean, eta II. Mundu Gerra (1939-45) Iparraldean elkarren segidakoak izan ziren kronologikoki. Horrek esplika lezake zelanbait desertu kulturalaren modukoa zabaltzea, eta XXI. mendeko gizakiak garai zail haietako ezer gutxi izatea oroimenean sarri, letren esparruan behinik behin. Amnesia hori eten ohi dutenak komunzki Egan (1948an sortua) eta Euzko-gogoa (1950an sortua) aldizkariak izaten dira. Argitaratze kontuez ari garela, plazaratutako liburuak benetan urriak izan ziren, eta geroago azalduko dira.

Izan ere, aldizkariko artikulugintzak idazleari ahalegin txikiagoa eskatzen dio. Kontuan izan euretako asko militarrek “etxetik bidalitakoak” zirela, Gernikako fundatzailea eta lehen zuzendaria izan zen Rafael Pikabeak ironikoki zioen moduan lehen zenbakian. Publikazioaren eskribatzaileak erromes zebiltzan maiz, legezkotasun irauliaren intelektual ugari bezala: A. Ibinagabeitia errepresiotik ihes eginda; Orixe kazetaria, Errepublikarekin euskal idazleentzat posiblea izan zen patxada galduta; I. López Mendizabal, A. M. Labaien, Basarri eta F. Krutwig politika-arrazoiengatik atzerriratuta. Guztiarekin ere, diasporako euskaldunek jakin zuten entzunarazten euren ahotsa nola edo hala. Agerkariak ugaldu zituzten Parisen eta Londresen, Mexikon, Caracasen eta Buenos Airesen. Xede politikoak zituzten batez ere sarri askotan; ez beti. J. M. Barandiaranek Baionan sortu Eusko Jakintzak (1947-57), eta Gernikak berak, euskalaritzaren alorrean gogoangarriak diren ekarpenak argitaratu zituzten adituek diotenez (J. Haristchelharrek, P. Iztuetak...).

Dudarik gabe, darabilgun publikazio honetako artikulu eta poema batzuek historia egin dute, eta han-hemenka daude jasota garai-giro honetaz azken urteotan egin diren lanetan; hau da, antologikoak bihurtu dira. Gaurkotasuna badute, beraz.

Aldizkaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldizkariaren testuingurua zehaztu dugu. Agerkariak erbestean bizi ziren euskal intelektual ugari batu zituen, eta tartean baziren euskal idazle esanguratsuak (A. Ibinagabeitia, J. Mirande, F. Krutwig, Orixe, D. Dufau...).

Gerra Zibilaren ostean errealitatearen irakurketa humanista eta modernoa egin nahi izan zuten. Giza- eta gizarte- zientzietako gaiak argitaratu zituzten Euskal Herriko hiru hizkuntzetan. Alderdikeriarik gabe edozein lumari egin zioten harrera.

Espainiako gerra bukatu (1939) eta sei urtera (1945) jaio zen aldizkaria. Garai bertsuan II. Mundu Gerra (1939-45) gertatuko zen, eta ondoren Gerra Hotza (1948-53). Gerra Hotzaren sasoian argitaratu zen Gernika Donibane Lohitzunen eta Buenos Airesen.

Gernikak euskal tradizio humanista berreskuratu nahi zuen, talde eragilearen editorialetan eta hainbat artikulutan ikusten denez. Tradizio hori mamitzen funtsean XVI.eko humanistak (Donibaneko J. Uharte, Azpilkuetako Martin, Vitoriako Frantzisko...), XVIII.eko Azkoitiko Zalduntxoak eta XIX.eko J. M. Iparragirre aritu dira. A. Ibinagabeitiak polito azaltzen du zer ulertu behar den humanismo hitzarekin. Bere ustez edozein iritzi arrazoiaren arabera galbahetu daiteke, ez dago dogma ukiezinik. Bestetik, kontenplazio huts “zakarra” ez du onesten, eta bai, aldiz, irekita dagoena. Horrela jokatzen du berak idazle gazteagoekin (F. Krutwigekin, J. Miranderekin...). Gernika Lagunarteko partaideek iritzi horien parekoak azaldu zituzten argitaratu zituzten artikuluetan eta editorialetan.

Oraintsu onartu dute Espainiako Gorteek Memoria Historikoaren Legea (abenduaren 26ko 52/2007 Legea). Diktaduragatik eta 1975tik aurrera trantsizioan gerra hartako gairik aipatzerik ez zegoenez, ezin izan da oroitze-ariketa egin estatuan Espainiako ejertzitoa gaizkituko zen beldurrez, gatazka amaitu eta 68 urtera baino. Gernikakoek, aldiz, ariketa hori aspaldi egina zuten, erbestean zeudenez gero. Haiek bertatik bertara bizi izan zuten hondamendia; ezagutu egiten zuten garaile berriek ezarri zuten askatasunik gabeko egoera. Esaterako, F. Krutwigek Mendebaldeko zibilizazioaren ikuspegi etsitua eman zuen, eta bakea eta tolerantzia iruditzen zitzaizkion gizakiak premiazkoak dituen balioak. Mundua engainagarria da –pentsatzen zuen- ustekabe galantak eta izugarriak ematen dizkigu, beraz onar dezagun lagun hurkoaren ikuspegia. J. Etxaidek ere ahalegin berezia egin behar izan zuen Espainiako Elizaren jokabide gaitzesgarria onartzeko, bera ere fededuna zen aldetik.

Gernika aldizkariak aukeratu zuen lerro editorialaren ondorioz itxi zuen. Inongo alderdik inposa ziezaiokeen diziplinatik aparte egon nahi izan zuen. Aldizkaria sortzeko ekitaldian “Euzkadi ofiziala” bidaide bazuen, gero askatasunez jokatu zuen, eta tirabirak izan zituen beste erbesteratu batzuekin. Azkenean EAJko abertzaletasunaren sektore ofizialek laguntza ukatu, eta ekonomikoki ito egin zen. J. Miranderi publikatu zizkioten artikuluek non abertzale demo-kristauen zintzotasuna kritikatzen baitzuen, ez zuten noski lagunduko alderdiaren erabakia aldatzen.

Gernika aldizkariak euskal idazleak batzeko balio izan zuen. Gerraoste minean ez zegoen azpiegitura editorialik, ezta merkaturik ere. Aldizkariak eskaintzen zuen topagune zabala arnasbidea izan zen hainbat idazlerentzat, eta komeni izan zitzaien aprobetxatzea. Orixek zioen: “revista... donde cabíamos peces de todos los colores”. Aldizkari eklektikoa, beraz.

Lapurtera klasikoaren proposamena Gernikako orrialdeetan egin zuen F. Krutwigek. Aldizkaria bultzatu zutenen esanetan, hainbat luma erdaldun zein euskaldunek parte hartu zuten proiektu honetan, eta pozik zeuden jasotako oihartzunarekin.

Itxura guztien arabera, I. Fagoaga zuzendariak poltsikotik ateratako sosei esker bizi izan zen publikazioa azken urteetan. Independentzia ideologikoak sostengu ekonomikoa behar zuen. Azken garai batean, bai zuzendariak eta bai aldizkariak Buenos Airesen kokatu behar izan zuten.

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru taldetan sailkatu ditugu euskarazko idazleak: Lore Jokoen ondorengoak, Gerra Zibilaren aurreko giroaren jarraitzaileak eta, azkenik, berritzaileak.

A. Lehen taldekoak arrakalatuta dagoen mundu baten azken erakusgarriak dira. Batzuk kontzienteak ziren horretaz (D. Dufau), beste biak ez (I. Larramendi eta J. Aldabe). Mundu tradizionala eta euskara elkarrekin ezinbestean lotuta ulertzen zituzten. D. Dufau konturatzen zen lauso artean bazen ere, euskarak goi mailako irakaskuntzan sartu behar zuela, salbatuko bazen. Hala ere, D. Dufauk gehienetan euskararen aurrerabidea jartzen zuen A. Xahoren mito burgoien abaroan, lamien balizko laguntzaren pentzura, edo Gernikako Arbolak zituen sustrai sendo eta sinbolikoen baitan. Ekintza eraginkorrean premiaz jabetzen zen, baina urrun dago Iparraldeko gizarteari programa egingarria proposatzetik.Lehen talde honetan daude baita I. Larramendi eta J. Aldabe ere. Gizarte estatikoa islatzen zuten beren bertsoetan, eta laster orokorrak izango ziren aldaketak ez zuten idazlanetan lekurik. Bi azken idazle horiek errealitatearen irakurketa estatikoa eta kostunbrista egin zuten.

B. Gerra aurreko giroaren jarraitzaileek ere ikuspegi nostalgikoa zeukaten. Basarri bertsolaria baserriei lotu zitzaien euskarari eusteko, nahiz eta kolokan ikusten zituen. Orixek ortodoxian babesten zuen bere burua kosta ahala kosta, eta hirian katolikotasun praktikantea minoritarioa zela jakinda ere.

C. Berritzaileen taldea dugu azkena. E. Erkiagak berrikuntza saioak egin zituen, eta F. Krutwigek proposatutako lapurtera klasikoz idatzi zituen poema batzuk, ukitu existentzialista gaineratuta. Aldaketa berritzaile horiek behin-behinekoak izango zituen. Soziolinguistikaren alorrean ikuspegi errealista zuen, eta hizkuntza biziberritzeko datu positiboei zentzuz eta taxuz antzeman zien: euskalduntze- saioak, ekitaldi publikoak (bertso-guduak...), liburu-argitalpenak, jakitunen bermea duten adierazpenak (A. Tovarrenak)...

F. Krutwig eta J. Mirande dira berritzaileen taldean idazle gailenak. Lehenak eragin budista islatu zuen, bai hitz neurtuetan eta baihitz-lauzko lanetan. Gogoeta egin zuen gudu-zaletasunak dakartzan ondoren txarrez. Iturri bila zebilen F. Krutwig eta, bereziki, biren atzean: batetik, Ekialdera doa munduari uko egiteko filosofia bila; bestetik, Greziako mitologiak ere balio dio historia interpretatzeko. Gernikaren suntsiketa Olinpoko Jainkoen liskarrak direla eta interpretatzen du. Bolada hau pasatuta idazle honek Greziako kultura hobetsiko zuen Europako kulturari urrunagokoa zaion budismoaren aldean. F. Krutwig tradizio modernoarekin kritikoa zen, eta ironiaz jabetu zen Mendebaldeak urte haietan zuen bide suntsitzaileaz. Hori izan zezakeen arrazoia bestelako pentsaeren bila Asiara jotzeko.

J. Miranderen poemek, narrazioak eta entseguek zeharo aldatzen dute literaturaren panorama. Analogia erabiltzen du mundua islatzeko poemotan, izan ere lerroetako erritmo fonetiko berriak esanahiaren oihartzunak dira. Erlijio tradizionala ukatu zuen. Hala ere, ironian azpimarra egin zuten F. Krutwigek eta J. Mirandek Utopiaren zantzu guztiei ez zieten uko egin. Lehenak gizarte baketsua bilatzen zuen; bigarrenak Gazteen Lurraldearen ideia laztantzen zuen, eta proiektu politiko zaharberritzaile bat zuen Euskal Herriarentzat. Bestalde, J. Mirande aztertu da ikusteko ea literatur lanetan pentsaera faxistaren egitasmoa islatzen duen. Ideologia politikoaren aztarnak aurki daitezke bai olerkietan bai hitz-lauzko lanetan. Beraz, emaitza positiboa da; faxismoak zuen gizartearen ikuspegia J. Miranderen lanetan ere topa daiteke. Azterketa hau burutzeko aldizkariko lanez gain, kanpoko beste zenbait ere analizatu dira.

Iratzederri buruz esan daiteke aurrerakuntzaren kritika moralista egin zuela turismoak euskaldunetan ausaz sortzen zuen diru-gosearen kontra, eta euskarak zituen oztopo berrien ezagule dela. Eskola frantsesa eta turismoa ez zitzaizkion hizkuntzari onuragarriak, baina ez zuen kritikatzen duen egoera artezteko proiekturik, mistikak eskain dezakeen arnasaz eta etikak eskain dezakeen onbideaz landa. Turismoa nahi zuen fedearekin eta euskararekin adostu. Mundua ulertzen dakien Iratzeder berritzaileen taldean kokatu dugu.

A. Ibinagabeitia idazle landuaren idaztiak garrantzitsuak dira euskal tradizio literarioari neurria hartzeko. Tradiziozko hizkuntza hobetsi zuen, eta etorkizuneko literaturaren ezaugarriak zehaztu zituen. B. Etxepare eta J. B. Hiribarren bezalakoen tradizio aurrerazalea ezagutarazten saiatu zen; lehenak askatasunez hitz egin zuen gai profanoei buruz, eta bigarrenak Argien Mendearen goraipamena egin zuen. J. Miranderenak bezalako ekarpenei harrera egin, eta sostengua eman zien, euskal literatura gaur eguneko gizakiari baliagarria izan dakion.

Ikusten denez, hainbat joeratako idazlek argitaratzen dute aldizkari berean.

Literaturaren historiatik begiratuta konstatatzen da Gernika aldizkarian jalgi zirela F. Krutwig eta J. Mirande euskal letren plazara. D. Dufau ere ezagutzea merezi duen idazlea da Eskualtzaleen Biltzarreko ingurumen soziala erakusten duelako, eta Iparraldean gizarte euskalduna frantsesten hasi zenean, hango buru argituek zituzten irizpideak ilustratzen dituelako. Adierazgarria da Pariseko eta Bilboko hirietatik zetozen gazteak (F. Krutwig eta J. Mirande) izatea berrikuntza saio nagusiak egingo zituztenak. 1956ko edo 1964ko etena aipatzen denean euskal literaturaren historian kontuan hartu beharko litzateke aurretik ere eten horren aztarrenak izan direla, adibidez, Gernika aldizkarian.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herria Artikulu hau Euskal Herriko kulturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.