Antoni Bassas

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Antoni Bassas
Antoni Bassas.jpg
zuzendari

2015eko azaroaren 28a - 2016ko urtarrilaren 4a
Carles Capdevila i Plandiura - Esther Vera i Garcia
correspondent of Televisió de Catalunya in Washington (en) Itzuli

2009 - 2014
Albert Elfa (en) Itzuli - Raquel Sans i Duran (en) Itzuli
Bizitza
Jaiotza Bartzelona1961eko azaroaren 9a (58 urte)
Herrialdea  Katalunia
Hezkuntza
Heziketa Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa
Hizkuntzak katalana
gaztelania
Jarduerak
Jarduerak kazetaria eta telebista aurkezlea
Enplegatzailea(k) Diari Ara
Catalunya Ràdio
Televisió de Catalunya
Jasotako sariak
IMDb nm1772491

Antoni Bassas i Onieva (Bartzelona, 1961eko azaroaren 9a) kazetari katalana da, irrati eta telebistako gidoilaria, eta gaur egun Ara egunkariko zuzendaritza taldekoa.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gracia auzoan jaio zen, Bartzelonan,[1] eta 16 urte baino ez zituela, Ràdio Joventut irratian hasi zen lanean.[2] Geroago, Informazio Zientzietan lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Ia karrera osoa Katalunian egin du. Bassas-ek audientzia arrakasta handiak lortu ditu, eta baita sariak ere, Ondas saria barne. 2009an TV3 telebista publikoan hasi zen, AEBetako korrespontsal moduan. 2013a ezkero Ara egunkariko zuzendaritza taldekoa da.

Bikalaera profesionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irratian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antoni Bassas El matí de Catalunya Ràdio irratsaioa zuzentzen

1978an, hamasei urte zituela, kolaboratzen hasi zen Ràdio Joventut irratian. Geroago, 1981ean, Ràdio Barcelonan hasi zen lanean. Bertan bi saio zituen Ârea de gol eta El contestador. Urte hartan bertan sartu zen futbola katalanez emititzeko talde batean, Joaquim Maria Puyal kazetariak zuzenduta. Bertan hamalau urte egin zituen, eta tarte hartan Bartzelona Futbol Taldearen 800 partida baino gehiago kontatu zituen. 1985a arte kirol saio hura Ràdio Bartzelonan eman zen; handik aurrera, Catalunya Ràdio sortu berrian.

Kirol emanaldiek aukera eman zioten ezagutzeko Barça taldeko kirolari handiak, bidaiatzeko herrialde askotara eta bizitzeko esperientzia asko, kontatzen dituena A un pam de la glòria (Loria ukitzeko zorian) liburuan, non gogoratzen baititu hamalau urte haietako errekorrak, garai bat non Barçak Europako Kopa irabazi baitzuen Wembley estadioan, Londresen, eta lau liga.

Catalunya Ràdio utzi barik, 1995ean erabat irauli zuen bere karrera; kirol emanaldiak utzi eta zentratu zen informazio orokor, sozial eta politikoan, irratiaren saio-izarraren zuzendaritza hartuta: El matí de Catalunya Ràdio. Urte haietan elkarrizketatu zituen Felipe González, José María Aznar eta José Luis Rodríguez Zapatero Espainiako presidenteak, eta munduko beste pertsona ospetsu asko, hala nola, Dalai Lama, Mikhaïl Gorbatxov eta Woody Allen. Hamalau urte haietan Bassas-ek emititu zuen bere saioa Madril, Valentzia, Bilbo, Donostia, Paris, Londres, Erroma, Frankfurt, Berlin, New York, Guadalajara (Mexiko), Quito, Maputo, eta Marrakex hirietatik, besteak beste.

Bassas izango da, gainera, Alguna pregunta més? irratsaioaren sortzailetako bat, eta horrengatik 1997an Ondas saria irabazi zuen.

2008ko ekainaren 27an, nahiz eta hamalau urtez audientzia-liderra izan El matí de Catalunya Ràdio saioarekin, Antoni Bassas-ek iragarri zuen denboraldi haren amaieran utzi egingo zituela irratsaioaren zuzendaritza eta esataritza (uztailaren 18an), ez zegoen-eta ados irratiko zuzendaritzarekin eraberritzea planteatzerakoan.[3]

Saioaren azken minutuetan Bassasek Lluis Llach-en abesti batekin agurtu zen, Un núvol blanc (Hodei zuri bat). Lehenago, esan zuen: “Kataluniako klase politikoak ez badu aguantatzen hau bezalako saio bat, horrek esan nahi du kultura demokratiko oso justua dugula”.[4] Harrezkero, kolaboratu izan du zenbait irratsaiotan, hala nola El club de la mitjanit eta El suplement de Catalunya Ràdio.

Telebistan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1988 eta 1991 artean Tres pics i repicó lehiaketa aurkeztu zuen TV3 katean, eta bera zen saio hartako gidoigiletako bat. 1992 eta 1993 artean, berriz, Polèmic debatea aurkeztu zuen. Gidoigile izan zen, halaber, El joc del segle, La Lloll eta El show de la Diana saioetan. 1995ean, ospe handiko kazetaria zen, Puyal-en ondoan egindako kirol emanaldiengatik ez ezik, baita telebistan egin zuen lanagatik ere. 1999an zuzendari-kide eta aurkezlea izan zen Aquest any, cent! (Aurten, ehun!) telesailarena, non errepasatu zuen Bartzelona Futbol taldearen historia, urte hartan ospatzekoa zen-eta lehen mendeurrena. 2003an A contracorrent zuzendu eta aurkeztu zuen, elkarrizketa sakonez egindako seriea. 2006tik 2009ra astero kolaboratu zuen El club saioan, berau Albert Om-ek zuzendua. Azken horrekin El Convidat saioan aritu zen berriro 2010ean.[5]

2009an, kateak birplanteatu zituenean atzerriko korrespontsaliak, Bassas pasatu zen TV3ek AEBetan zeukan bulegora, non ordezkatu zuen Albert Elfa justu presidentziarako hauteskundeen ostean. Washingtonen izan zen 2013ko ekainaren 30a arte, nahiz eta luzatu zuen hango jarduera 2014ko urtarrila arte, Esteve Soler-ek hartu arte lanaren ardura. 2013-2014 denboraldian, Divendres (Ostirala) magazinean egin zuen lan TV3en, eta bertan astean behin Kataluniaren egoera aztertzen zuen.

Prentsan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antoni Bassas Ada Colau elkarrizketatzen 2015eko udal hauteskundeen garaian, Bartzelonako Merkataritza Ganberak eta Ara egunkariak antolatutako gosari-elkarrizketan.

Bassas hasiera-hasieratik inplikatu zen Ara egunkariaren sorreran, artikulugile eta akziodun bezala. Washingtonetik bueltan, egunkariaren zuzendaritza-taldean sartu zen. Egunkariaren ikus-entzunezkoen zuzendaria da, eta 2014ko martxoa ezkero, AraBassas online telebista saioa zuzendu eta aurkeztu zuen. Gaur egun, ostera, L’analisi atala egiten du, ikus-entzunezko formatuan, eta bertan eguneko aktualitatea aztertzen du.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • A un pam de la glòria (La Magrana, 1992).
  • Bon dia, són les vuit! (2018) - Josep Pla Nobela saria (2018).
  • Víctor Font, construïm junts el Barça del futur (Columna CAT, 2019)

Sariak eta aitortzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ondas saria (1997) "Alguna pregunta més?" umore saioagatik.
  • Òmnium Cultural saria (1998) "El Matí de Catalunya Ràdio" saioari.
  • Kazetaritza saria (2001), Kataluniako Generalitat-ek emana.
  • Lluís Carulla Fundazioa saria (2004) irratian egindako lan sendo eta irekiagatik.
  • Irrati saria (2005), Kataluniako Generalitat-ek emana.
  • Kirol-kazetari onenari saria (1999) TV3 en egindako "Aquest any, cent!" saioagatik.
  • Profesional onenari saria (2001), bere ibilbideagatik, Ràdio Associació de Catalunya-k emana.
  • Protagonistas saria (2008)
  • Josep Pla de Nobela saria (2018), Catalunya Ràdion egindako bidearen memoriengatik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Antoni Bassas i Onieva | enciclopèdia.cat» www.enciclopedia.cat . Noiz kontsultatua: 2020-01-18.
  2. (Katalanez) «Antoni Bassas, la nova veu de l'ARA» Ara.cat 2013-07-13 . Noiz kontsultatua: 2020-01-18.
  3. (Katalanez) «Antoni Bassas deixa El Matí de Catalunya Ràdio per discrepàncies amb la direcció» VilaWeb.cat . Noiz kontsultatua: 2020-01-18.
  4. (Katalanez) «Bassas s'acomiada del 'Matí de Catalunya Ràdio'» VilaWeb.cat . Noiz kontsultatua: 2020-01-18.
  5. TV3. «El Convidat - Blogs - Televisió de Catalunya» blogs.ccma.cat . Noiz kontsultatua: 2020-01-18.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]