Arno Kontserbazio Bereziko Eremua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arno Kontserbazio Bereziko Eremua

Arnoko mendi-tontorrak, Arbiletik
KokalekuaMendaro eta Mutriku
Koordenatuak43.281454ºN, 2.401920ºW
Azalera1.112 hektarea
IzendapenaEusko Jaurlaritza
SorreraEHAA. 2013ko apirilaren 22an
ArduradunaGipuzkoako Foru Aldundia


2013. urteaz geroztik, eta Eusko Jaurlaritzak dekretuz[1] izendatuta, Arno mendikatea[2] Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) da, eta sare horren ES2120004 kodea du. Guneak 1.112 hektarea ditu eta Mendaro (252 ha) eta Mutriku (759 ha) artean banatuta dago. Lurzoruaren % 9 publikoa da (heren bat Mendaron eta bi heren Mutrikun).

Gunearen ezaugarri ekologiko nagusiak[2][3][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arnon artadi kantauriarra da nagusi. Baso mota hau urria da Gipuzkoan, eta arroka ama azaleratzen den eguterako kareharrizko lurzoruetan azaltzen da, malda handiko hegaletan. Hortaz, bere orientazioa, hegoaldera begira, eta lurzoruaren iragazkortasun handia direla eta, artadia oso baso lehorra da. 1960ko hamarkada arte, artadia egur-ikatza egiteko izan zen ustiatuta, eta gaur egun artadiak erakusten duen eitea horren ondorioa da. Bestalde, babestutako eremuaren %33 baino gehiago zuhaitz aloktonoen landaketak dira, batez ere pinuak.

Artearekin batera, basoan ugariak dira erramuak, gartxuak, karraskilak, gurbitzak edo arrosa basatiak. Zurezko floran, berriz, elorri beltzak, elorri zuriak, hurritzak, gorostiak edo zuhandorrak agertu ohi dira.

Map
Arno KBEaren erdipuntua

Babesgunearen iparraldeko aldean paisaia aldatzen da, malda handiak desagertzen dira eta, Olatz bailaran, adibidez, landazabalak, larreak eta laboreak dira habitat nabarmenenak.

Faunan, ur-igel arrunta, uhandre marmolairea, sugegorri kantauriarra, erbinudea, lepazuria, azkonarra, eta basurdea dira aipagarrienak. Kobazuloetan, saguzar-kolonia ugari dago. Harkaitzetan sai zuria habiagile da gunean.

Habitat nabarmenenak[2][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondoren, KBEn dauden interes komunitarioko habitat eta espezieak zerrendatzen dira. Parentesi arteko zenbakiek Habitatei buruzko 92/43 Zuzentarauaren I. eranskineko kodeekin bat datoz.

  • Artadiak eta karraskalak (9340)
  • Belardi erdi-natural lehorrak eta kare-substratuetako sastraka-faziesak (Festuco-Brometalia) (6210)
  • Haltzadi eta lizardiak (91E0)
  • Hartxingadiak (8130)
  • Kareharrizko harkaiztiak (8210)
  • Sega-larreak (6510)
  • Turistikoki ustiatu gabeko kobazuloak (8310)
  • Txilardi kaltzikola otabera (Genista sp.) (4090)
  • Txilardi lehor azidofiloak (4030)

Mehatxatutako flora[1][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoko[4] bi espezie aurkitu dira Arnon, biak interes berezikoak. Gorostia (Ilex aquifolium) oso ugaria da artadiaren oihanpeko hainbat eremutan, eta hagina (Taxus baccata), askoz urriagoa. Gainera, erratza (Ruscus aculeatus) oso arrunta da artadiaren zuhaixka-geruzan.

Interes bereziko fauna[1][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerrendan, Habitatei buruzko Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan ageri diren espezieak, eta Estatuan edo EAEko katalogoan mehatxatutako espezie gisa sailkatuta daudenak ageri dira.

Kudeaketarako lehentasunezko elementuak[2][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Habitat naturalak

  • Olatz auzoko landazabalak
    Artadi kantauriarra
  • Landazabal atlantikoa

Prozesu ekologikoak

  • Konektibitatea

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c «Arno (ES2120001) Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu eta hura babesteko neurriak ezartzeko dekretua.» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-20).
  2. a b c d «Sistema de Información de la Naturaleza de Euskadi» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-20).
  3. Hainbat, egile. (1996). Euskal Autonomi Elkarteko garrantzizko espazio naturalen katalogo irekia. Eusko Jaurlaritza, 175-179 or. ISBN 84-457-1109-1..
  4. «Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoa» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-20).