Bermudako Hirukia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bermudako triangelua Floridako muturrak, Puertorrikok eta Bermuda uharteak mugatzen dutela esaten da.

Bermudako Hirukia edo Deabruaren Hirukia triangelu forma duen gune geografiko bat da, 1,1 milioi km²-koa. Ozeano Atlantikoan dago, Bermuda uhartearen, Puerto Ricoren eta Fort Lauderdale-ren (Florida) artean.

Egiazko datu estatistikoek bertako desagerpen kopurua esanguratsutzat ez duten arren, XX. mendearen erdialdean zenbait idazlek gune horren arriskuaz idatzi zuten, eta arrakasta handia izan zuten. Hala ere, Amerikako Estatu Batuetako Kostazaintzak dio Bermudako Hirukian ez direla beste leku batzuetan baino itsasontzi eta hegazkin gehiago desagertzen.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ft28animation.gif

Belaontzien garaian, Bermudako Hirukia etengabeko pasabidea zen hango haizeei eta Golkoko itsas-korronteei probetxu atera nahian. Gero, lurrun makinek eta barne konbustioko motordun ontziek Ipar Atlantikoa zeharkatzen jarraitu zuten, Bermudako Hiruki ospetsuaren erditik nabigatuz. Golkoko korronteak oso eguraldi ezegonkorra du, urakan askorekin. Trafiko ugaria eta eguraldi txarraren konbinazioak posible egiten du itsasontziak ekaitzetan barneratzea eta aztarnarik utzi gabe galtzea[2]. XX. mendean, maiz gertatu zen hori.

Antzeko ezaugarriak dituzten beste leku batzuk ere aztertu izan dira:

  • Dragoiaren Hirukia, Deabruaren itsasoan, Japoniatik gertu. Irratirik gabeko arrantzaleen txalupa ugari galdu ohi da han.
  • AEB eta Kanadaren arteko Ontario aintziraren ekialdean dagoen Marysburgheko muturra. Han ondoratze kopuru ikaragarria eman da.

Bermuda hirukairi buruzko lehen aipuak 1951n egin ziren, Associated Presseko kazetari zen E. V. W. Jonesek Bahaman galdutako ontzi galduei buruz idatzi zuenean. Ontzi eta hegazkinen desagerpen misteriotsuak aipatu zituen eta guneari "Deabruaren hirukia" izena jarri zion.

1952an, George X. Sandek ere itsasoko desagertze misteriotsuak azaleratu zituen Destino aldizkarian[3].

1964an, Vincent Gaddisek (1913-1997) Bermuda hirukia terminoa erabili zuen Argosy aldizkarian[4]. Hurrengo urtean, Invisible Horizons: True Mysteries of the Sea liburua argitaratu zuen[5]. Liburu honen kapituluetariko bat Bermudako hirukiari buruz zen. Kontakizun honen sustatzaile nagusi bera kontsideratu ohi dute.

Hala ere, bultzada nagusia Charles Berlitzek (1914-2003) emango zion 10 urte geroago. 1974an idatzi zuen The Bermuda triangle bestsellerra, Gaddisen testuaren zati handi bat kopiatuz eta desagerpenak bilduz (eta kasu batzuetan, manipulatu eta faltsutuz). Hau da Berlitzek eskainitako gertaeren kronologia:

  • 1840: HMS Rosalie ontzia Kubatik Habanara zioan eta eskifairik gabe aurkitu zuten.
  • 1872: Mary Celeste ontzia Azoreak eta Iberiar penintsula artean galdu zen; Bermudatik 5.000 km-ra gertatu zen eta hirukia 1.500 km-takoa kalkulatu ohi da normalean.
  • 1902 (urriko 4 edo 21): Freya ontzi alemaniarra Kubako Manzanillotik atera zen Txilerantz eta noraezean aurkitu zuten "handik gutxira". Errealitatean, Hegoameriketatik bueltan ibilita zegoen eta Mexiko mendebaldean aurkitu zuten hilabete batzuen ondoren.
  • 1909: Joshua Slocumen kanadarraren The Spray ontzia.
  • 1917: SS Timandra Buenos Airestik Virginiako Norfolkera zioan. 21 pertsonaz osatutako eskifaia, ikatza eta bere irratiak ez zuen inongo arrastorik eman.
  • 1918: 308 gizon barruan zituela, urakan batek USS Cyclops (AC-4) hondoratu zuen.
  • 1921: Carroll A. Deering hondoratu zen Hatteras lurmuturrean, Bermuda uharteditik 1050 km-ra mendebalderantz eta 800 bat km ipar-mendebalderantz.
  • 1925: Raifuku Maru Bermuda uharteditik 1063 km-ra iparralderantz hondoratzen ikusi zuten.
  • 1925: SS Cotopaxi zamaontzi estatubatuarra hondoratu zen; itsasoa lasai zegoela adierazi omen zuen eta ez zuen laguntzarik eskatu. Egiazki, ontziaren kapitain Meyersek barkua eskoratzen ari zela abisatu zuen baina ura sartzen ari zitzaien, jada.
  • 1926: urakan batek SS Suduffco hondoratu zuen.
  • 1938: HMS Angloaustralian hondoratu zen Azoreetan. Hirukitik 4.000 km-ra zegoen.
  • 1942: Surcouf itsaspeko frantsesa eta Thompson Lykes zamaontzi estatubatuarrak talka egin zuten Panamako kanalean. Hirukitik 1800 km-ra.
  • 1945: Marina estatubatuarraren bost hegazkin desagertu ziren, TBM Avenger motakoak.
  • 1948: SS Samkey hondoratu zen. Berlitzen arabera, 1943an gertatu zen, baina hori inaugurazioaren data zen.
  • 1948: 31 pertsona berarekin zeramatzan Tudor IV Star Tiger aireontzia desagertu zen.
  • 1948: 28 bidaiari eta tripulazioa zeramatzan DC-3 NC16002 hegazkina desagertu zen.
  • 1949: bigarren Tudor IV, Star Ariel desagertu zen.
  • 1950: estatubatuar armadaren Globemaster abioia desagertu zen.
  • 1950: SS Sandra zamaontzi estatubatuarra hondoratu zen, St. Augustinetik (Florida) pasatu ondoren Venezuelarantz zihoanean.
  • 1952: 33 pertsona zeramatzan British York hegazkina desagertu zen.
  • 1954: 42 bidaiari zeramatzan Lockheed Constellation hegazkina desagertu zen
  • 1956: Martin P5M, estatubatuar itsas armadaren hegazkina desagertu zen bere 10 bidaiariekin.
  • 1962: estatubatuar armadaren KB-50 Tanker hegazkina desagertu zen.
  • 1963: Marine Sulphur Queen hondoratu zen.
  • 1967: YC-122 hegazkin militarra desagertu zen.
  • 1967: Witchcraft gurutzontzia hondoratu zen Miamitik milia batera; laguntza eskatu zuen, baina 19 minutura ur azpian zegoen, jada.
  • 1970: Milton Latrides zamaontzi frantsesa hondoratu zen Nueva Orleansetik Lurmutur Hirira zihoanean.
  • 1972 (Berlitzen hitzetan 1973an): bi zamaontzi alemaniar hondoratu ziren ekaitz baten erdian: 32ko eskifaia zeraman 20.000 tonako Anita eta Norse Variant, biak ikatzez beteak.
  • 1976: urakan batek SS Sylvia L. Ossa hondoratu zuen Bermuda mendebaldean. Egia esan, hirukitik kanpo geratzen zen.
  • 1978: SS Hawarden Bridge aurkitu zuten Mendebaldeko Indietan. Abandonatuta zegoen eta gaizkileen lana izan ote zen susmoa dago. Hilabete batzuk lehenago marihuana zeramala geratu zuen kostaldeko guardiak.
  • 1980: SS Poet hondoratu zen urakan batean, Egiptorantz zihoanean.
  • 1995: Jamanic K kargaontzia hondoratu zen (1943an eraikitakoa zen).
  • 1997: alemaniar kirol-ontzi bat, yate bat, hondoratu zen.
  • 1999: Genesis kargaontzia hondoratu zen San Vicente portutik atera eta gero; arazoak zituela abisatu zuen, baina ez zuten sekula aurkitu.

Askok sinetsi dute Bermudako hirukian gertatutako desagerpen hauek arrazoi misteriotsu bat zutela. Gaur arte, 50 bat ontzi eta 20 bat hegazkin desagertu dira arrastorik utzi gabe ozeano Atlantikoko paraje hartan. Egia esan, desagerpen gehienek azalpen samurra dute, baina gai eztabaidatsu izaten jarraitzen du.

Bermudako hirukian gertatu diren desagerpen kopurua ez da bereziki handia bertatik urtero igarotzen diren itsasontzi eta hegazkinak kontuan hartuz gero. Lloryd-ek, Londresko itsas aseguratzaileak, zehazten du hirukia ez dela Ozeanoko beste edozein toki baino arriskutsuagoa eta bere itsasontziak handik pasatzen direnean ez du tarifa berezirik kobratzen.

19. hegaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

TBM Avenger motako hegazkinak (TBF Avenger ere deituak). 1943ko irudia.

Gertakizun ezagunenetakoa eta ospetsuenetako da. 1945eko abenduaren 5ean, AEBetako itsas armadaren bost TBM Avenger hegazkin bonbaketariz osatutako eskuadroia galdu zen entrenatzen ari zen bitartean.

Charles Berlitzen narrazioari erreparatzen badiogu, zerbait arraroa ikusten ari zirela esan eta gero, hegazkinak desagertu egin ziren. Baina Berlitz ez dabil zuzen; bere esanetan, TBM Avengeren hondakinak ur gainean iraungo zuten luzez, itsasoa lasai eta zerua garbia baitzegoen. Baina ez zen zirkinik ere topatu eta bila joan zitzaien hegazkina ere galdu egin zen. Itsas armadaren informeak ez zuen gertakizuna argitu eta arrazoi ezezagunak izan zirela esan zuen.

Berlitzen istorioak zuzenak ez ziren datu batzuk zituen. Arratsalde eguzkitsu bat irudikatzen du, baina azken irrati transmisioan ekaitza hasita zegoela garbi dago. Bestalde, taldeburu zihoan Charles Carroll Taylor tenienteak bazituen hegaldi orduak, baina esperientzia gutxi zuen horretan, bere esanetara zeuden ikasleek baino gutxiago gainera. Taylorrek buruzagi patxadatsua zirudien, baina irrati transmisioek erakusten zutena asalduraz beteriko pertsona bat zen, erabaki sendorik gabekoa eta erabat galdua. Gainera, Avenger batentzat oso zaila izango zen ur gainean jaistea.

Hondakinak aurkitu ez izanak misterioa indartu zuen. History Channelen dokumental batean, Charles Taylor tenientearen buru-nahasketa hartzen du erruaren ardatz. Florida Keysen hegomendebaldean zeudelakoan, eskuinerantz egin zuen bat-batean lurra aurkitzeko asmoz. Agian, hori izan zen hegazkinen hondarrak ez aurkitzearen arrazoia.

1991ean bost Avengerren hondakinak aurkitu ziren Floridako kostetan, baina serie-zenbakiak ikusi zituztenean konturatu ziren ez zirela 19. hegaldiarenak[6].

Korronte gogorrek eta uren sakontasunak azaldu dezakete hondakin eta gorpuzkirik ez aurkitzea.

Star Tiger eta Star Ariel[aldatu | aldatu iturburu kodea]

British South American Airways Corporationen hegazkin batzuen desagerpenaren kasuak ere arrakasta handia izan zuen zenbait prentsa eta argitalpenetan.

1948ko urtarrilaren 31ko egunsentian gertatu omen zen. 29 bidaiari eta B. W. McMillan kapitainaren agindupean zegoen tripulazioa Star Tigerren irten zen Santa Maríatik (Azoreak); erregaiz hornitzera geratu zen han, Londrestik (Ingalaterra) Habanarako (Kuba) bidean. Bermuda inguruan, McMillanek ohiko kontaktua izan zuen eta nabigazioa kalibratu eta dena ondo zihoala baieztatu nahi izan zuen.

Komunikazioa eten zenean, erreskaterako prestatu ziren, baina hegazkina ezin aurkitu ibili ziren. Star Tigerrek azken bi orduetan egin zuena ezezaguna zen. Hipotesi bat baino gehiago bota zuten, baina bat bestearen atzetik atzera bota zituzten.

1949ko urtarrilaren 17an, Star Ariel ere galdu egin zen Bermuda inguruan; 17 bidaiari eta tripulazioaren arrastorik ez zen aurkitu. Gaur egun, misterioa izaten jarraitzen du.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Bermuda Triangle: Scientist’s simple explanation for disappearances» NewsComAu 2017-07-20 . Noiz kontsultatua: 2020-02-17.
  2. (Gaztelaniaz) «Condiciones climáticas provocan desapariciones en el llamado Triángulo de las Bermudas | Crhoy.com» CRHoy.com | Periodico Digital | Costa Rica Noticias 24/7 . Noiz kontsultatua: 2020-02-17.
  3. (Gaztelaniaz) Fate (revista). 2017-08-24 . Noiz kontsultatua: 2020-02-17.
  4. Gibson, Bob, 1908-2001.. ([1945-1965]). Air progress ; Argosy ; Courier ; Saga ; The scout ; Screen stories ; True. [W.R. Gibson] PMC 910195421 . Noiz kontsultatua: 2020-02-17.
  5. Gaddis, Vincent H.. (1965). Invisible horizons. Ace Books PMC 2049527 . Noiz kontsultatua: 2020-02-17.
  6. de Sousa, Ronald. (2009-12-03). «The Mind's Bermuda Triangle: Philosophy of Emotions and Empirical Science» Oxford Handbooks Online doi:10.1093/oxfordhb/9780199235018.003.0005 . Noiz kontsultatua: 2020-02-17.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]