Burdin Aroa Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arrolako herri gotortuaren berregitea marrazkian

Burdin Aroa Euskal Herrian, eta Europan oro har, Brontze Aroa eta Erromanizazioaren arteko garaia izan zen. Ez dago data zehatzik ematerik, baina, gutxi gora behera 1.000. urtean hasi eta K.a. II edo I. mendean bukatu zen Euskal Herrian.

Sorrera eta hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brontze Aroaren amaieran eta Burdin aroaren hasieran, K.a. 1500. urte inguruan, Europa erdialdetik Mediterraneora iritsi zen kultura berri bat. Pirinioen ekialdetik zeharkatu eta Ebroko ibarrean gora zabaldu zen pixkaka, orain Nafarroa den eremuraino. Errauts ontzien kultura edo Errauts-kutxatilen zelaietako kultura esaten zaio, hildakoak erraustu, ontzietan sartu, eta ontzi horiek lurpean sartzeko erritua erabiltzen zutelako. Iberiako penintsularen erdialdetik (Cogotasko kultura) eta Ebrotik (zeltiberiarrak) barrena iritsitako beste kultura batzuen eragina ere jaso zuen, gainera. Aztarnategietan, baina, ez da ikusten kultura horiek aurrekoak ordeztu zituztenik; ematen du ezagutzak eta sinismenak sinkretizatu zituztela. Ipar Euskal herrirako sekuentzia ez dago zehazki definitua, aurkitutako objektuak eskasak izan baitira eta ikerketak oso urriak. J. P. Mohenek hiru talde berezitu zituren egungo Akitanian euren kulturala materialarengatik: Pirinioetakoa, Ipar Euskal Herria, Gerko goi-ordokia, Lannemezan, eta Garona Garaia barne hartzen dituena; Landetakoa eta Hegoaldeko Gironda. Pirinioetakoa, Antzinatean gutxi gora behera Novempopulania izan zena, eta geroago, Baskoniako dukerria izango zena, kultur homogeneoa du. Hasierako urteetan, nekazaritzaren garapena motela izan zen, baina denboraren poderioz, metalurgia, nekazaritza eta abeltzaintzarekin batera, demografian eragin positiboa izango dute. Bertako zeramika, merkataritzaren bidez kanpotik ekarritakoarekin nahastuko da. Langedoceko eragin kulturala nabari da, baina batez ere Europa Mendebaldekoa (Alemania hegoaldea eta Frantzia ekialdea. Dena den, eragin zelta apala da[1].

Gizarte berri horrek aldaketa ekonomiko, sozial eta erlijiosoak ekarri zituen, zeramika berriak, laborantzaren eta abeltzaintzaren garapena, metalurgia garatuagoa...

Baina kultura berri horrek ez zuen DNAn arrastorik utzi, eta badirudi ez zela inbasio bat izan. Hortaz, pentsatzekoa da Brontze Aroaren bukaeratik bertan bizi ziren taldeek kultura berri hori bereganatu zutela. Teoria horren aldekoa zen Mikel Unzueta, Bizkaiko Diputazioko arkeologoa zena: kultura kapa berriak erantsiz eta nahasiz joan ziren aurreko kapekin. Hala balitz, esan nahiko luke bertako biztanleak kultura berriaren ohiturak bere eginez eta moldatuz joan zirela[2].

Talde etnikoak erromatarren ikuspegian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mapa

Historialariek eta arkeologoek asko eztabaidatu dute autore klasikoek Burdin Aroko populazioei buruz idatzitakoen inguruan. Orain Euskal Herria den lur eremuan, erromatarrek talde hauek kokatu zituzten: akitaniarrak, Pirinioen iparraldera, Garonaraino; baskoiak, Nafarroa gehienean; barduliarrak, orain Gipuzkoa den zati batean, Urumea eta Deba ibaien artean, eta Arabako zati handi batean; karistiarrak, Deba ibaitik mendebaldera; autrigoiak, Bizkaian mendebalderago eta Burgos ipar-ekialdean; beroiak, orain Araba den lurraldearen hegoaldean eta Viana aldean. Segurutzat jotzen da beroiak zeltiberiarrak zirela, eta beste talde iberiar eta zeltiberiar batzuek baskoiekin harremana zutela, Ebroren ibarrean.

Kontuan hartu behar da, dena den, herri hauei buruz hitz egiten duten iturri gehienak, erromatarrak dagoeneko lurraldea konkistatua zutenean idatzi ziren, eta baliteke, kasu askotan, haiek egindako antolaketa administratiboei erantzutea. Beraz, ezin dezakegu ziur esan zein izan zen egoera erromatarrak iritsi aurretik, Burdin Aroan, alegia. Gainera, idazle klasiko ezberdinek ez dituzte herri hauek modu berean azaltzen; adibidez, Polibiok (K.a. 200- K.a. 118) airenosak (airenosii) y andosak (andosini) aipatzen ditu Hanibalek Pirinioak zeharkatzen dituenean, baina ondorengo iturrietan ez dira beste inon agertzen[3].

Herriak eta aitzin-hiriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europa mendebaldean, burdinaren erabilerari eta errauts ontzien kulturari lotuta hasi ziren herrixka harresituak zabaltzen. Herri gotortu batzuk Brontze Aroaren amaieran hasi baziren ere[4][5], Burdin Aroan izan zuten benetako hedapena. Salbuespenak badira, eta toki bakoitzean bere gisara eta bere ezaugarriekin garatu zen kultura hori, baina ezaugarri komun batzuk ere baziren: mendi kaskoetan edo inguruko lurrak eta bideak ongi ikusi eta kontrolatzeko moduko lekuetan eraikitzen zituzten, aise defenditzeko kokapenetan.

Denborarekin, defentsa sistemak izugarri konplexuak bihurtu ziren herri batzuetan: harresi handiak —batzuetan harresi bat baino gehiago ere bai—, dorreak, zangak, ezpondak, mailak eta era guztietako sistemak eraiki zituzten herriak babesteko. Herri bakoitzak bere ingurura egokitutako defentsa sistema berezia izan ohi zuen. Kastro ere esaten ohi zaie herri gotortu horiei.

Alto de La Cruzen aurkitu zen objektua, lanpara edo gai usaintsuak eretzeko ontzia. lehen Burdin Arokoa.

Halako herri harresituetan bizi ziren baskoiak, akitaniarrak, barduliarrak, karistiarrak, autrigoiak, beroiak, zeltiberiarrak, iberiarrak, kantabriarrak, asturiarrak, galiarrak... Gerora gaztelu eta muru toponimoak hartu dituzte kastro horietako batzuek. Javier Armendarizek Brontze Aroaren bukaerako eta Burdin Aroko 261 kokaleku dokumentatu zituen Nafarroan; Araban hamasei kastro ezagutzen dira; Gipuzkoan, badira hamaika behintzat; Bizkaian, bederatzi; eta Ipar Euskal Herrian, ongi datatu gabeko 76 kokaleku katalogatu dira, guztira 373 herri. Baina eremu batzuetan are gutxiago ikertu da; eta induskatu, gutxiago. Denek ez dituzte ezaugarri berdinak eta garapen argia nabari da Brontze Aroa amaieratik, Lehen Burdin Aroan eta Bigaren Burdin Arora arte. Herri handiak, barruko egituraketa eta antolaketa garrantzitsua dutenak, Bigarren Burdin aroan agertzen dira, batez ere Ebro aldean. Horrelakok dira La Hoya, Guardian, eta Alto de la Cruz, Costesen. La Hoyan kaleak eta espaloiak ere bazituen, merkataritza zentro inportantea zen, eta etxebizitza batzuek denda gisa funtzionatzen zuten.

Herrixka gotortu horietako asko labore lur egokienen inguruetan kokatu zituzten. Baina kokapen orografiko zailagoetan eta lur ustez pobreagoak zeuden lekuetan ere agertu dira; Nafarroan, esaterako, Urrobi, Irati eta Zaraitzu ibaien inguruetan. Mila metrotik gorako garaieran daude batzuk. Irulegiko herrixka harresitua ere 893 metroko garaieran dago, eta 800 edo 900 bat urtez bizi izan zen jendea bertan, Brontze Aroaren bukaeratik Kristo aurreko I. mendera, erromatarren gerra zibilean suntsitu zuten arte.

Dena den, beheko lurretan bizilekuak ere dokumentatu dira, nahiz eta askoz gutxiago izan. Uste da, aranetan edo lur lauetan egon zitekeela hainbat bizi-tokiak; baserri edo laborantza ustiategi gisakoetan ere bizi zirela jende batzuk, edo etxolak, beharbada nomada gisa ere bai beste batzuk, eta Pirinioetan egiaztatuta dago artzain komunitateak ere bazirela. Horietako asko ondorengo mendeetako urbanismoak ezkutatu zitzaketen. Oro har, herri harresituez aparte bizi zirenei buruz informazio gutxiago dago. Xabier Armendarizek hiru herri mota berezi zituen bere kokapen topografikoari erreparatuta: batetik, tontor esanguratsuetan daudenak, bestetik, altuera ertainetan duten mendi-lepotan daudenak, eta azkenik, lautadan eraikitzen diren herri batzuk[6].

Ipar Euskal Herrian bi gotorleku mota bereizten dira heien defentsa-lerroaren arabera. Parapetoak dituzten esparruak (gotorlekuak), gutxienez lubanarro batez inguratuak. Horietatik ateratako ebakinak altuera eta lodiera aldakorreko parapeto bat eraikitzeko aprobetxatu dira, batzuetan oso garrantzitsuak; materialen arabera, lurrezko edo harrizko parapetoak dituzten esparruak bereizten dira. Harrizko harresiak dituztenak leku garaienetan egon ohi dira. Bigarren motakoek, mailakatutako esparruek, maila bat edo gehiago dituzte mendian hondeatuta, eta hondeatutako materiala hegalean behera botatzen zen. Litekeena da egitura horiek, eta bereziki esparru mailakatuek, oholesiak edo antzeko oztopoak izatea[1]. Tipologia hauek Francis Gaudel arkeologoak ezarri zuen[7] eta Jacques Blotek eta ondorego ikerlariek ontzat eman dute.

Herri gotortu hauen artean elkar ikusten zuten kasu askotan, Gipuzkoan frogatu den bezala, eta baliteke, beste eskualde askotan gertatu dezala, herrien arteko hierarkizazio bat egotea[8], non herri handienek funtzio gehiago zentralizatuko lituzkete.

Defentsa lerro batzuk ikusgarriak ziren: Arrrolako Maruelezan (gaur egun Arrolako opiduma izen ematen zaiona) harrizko harresi garaia oraindik ikusgarri dago. Erromatarren deskribapenen arabera, karistiarren lurretan zegokeen. Zortzi hektarea zituen, eta, beste herri horiek bezala, defentsa sistema sendo bat. Harresiaren barruan, berriz, etxebizitzak aurkitu dituzte, denak lauki formakoan eta bata bestearekin pareta partekatuta. Juan Jose Cepeda eta Mikel Unzeta ikertzaileen esanetan, Arrolakoa zen, egungo Bizkaian identifikatu diren herri harresituen artean, oppidum bakarra[9]. Pentsatzen da hormaren gainean egurrezko hesi bat izango zutela, eta, hormaren gaineko plataforman jarrita, hesiaren atzetik defendituko zutela herria. Mendiaren beste aldean amildegi bat dago, eta han ez zuten harresirik eraiki: berezkoa zen defentsa. Eta defentsa modu hori erabiltzea ere oso ohikoa zen Burdin Aroko herri gotortuetan[10]. Antzeko defentsak ditu Munoaundi: zazpi hektarea zabal, harresiak ekialdean eta amildegia harresirik ez dagoen ertzetan[11].

Ipar isurialdea eta hego isurialdearen arteko ezberdintasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarrak heldu aurreko aroa zabalago ikertu da Nafarroaren eta Arabaren hegoaldean, baina gutxiago handik iparraldera. Arazoa da Euskal Herriko isurialde atlantikoan askoz nekezagoa dela aztarnak topatzea, orografia zailagoa delako eta landaretzak ez duelako laguntzen aztarnategiak identifikatzen. Lurra ere azidoagoa da, eta aztarna arkeologikoak aiseago desegiten dira. Horregatik, denbora luzean pentsatu izan da isurialde atlantikoan ez zela ia herrixka harresiturik sortu Burdin Aroan. Uste zen isurialde mediterraneoan sortu eta hedatu zirela halako herriak, lurrak lauago eta laborantzarako aberatsagoak zirelako.

Uste horren kontra jardun dira hainbat ikertzaile Gipuzkoan, Carlos Olaetxea, Xabier Peñalver, Sonia San José, eta beste.1980ko eta 90. hamarkadetatik prospekzioak areagotu ziren eta indusketak biderkatu. Iruntxur herrixka harresituan lehenik (Albiztur eta Tolosa artean), bederatzi urtez; Basagainen gero (Anoeta), beste 27 urtez, Murugain, Moru, buruntza eta beteak aurkitu ziren.

Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen hemengo herrixkek bizimodu oso antzekoa zutela isurialde mediterraneokoekin. Aberastasun gehiago edo gutxiagorekin, baina antzekoa zen eredua[10].

Nafarroa iparraldean egin izan dituzte aztarnategien prospekzio lanak; Bizkaian, gutxiago eta Ipar Euskal Herrian identifikatuta daude dozenaka herrixka, baina ez dira apenas ikertu. Araban aztarnategi batzuk induskatu dira, ez denak.

Eredua bera edo antzekoa zen kastro gehienetan. Baina ez dira herri denak garai berekoak eta berdinak; gainera, herri gotortuen eredu hori bera ere garatzen eta aldatzen joan zen, eta leku batzuetan konplexutasun eta garapen handia eduki zuen. Aldiz, herri txiki edo pobreagoak gutxiago garatu ziren. Kultura bera edo antzekoa partekatzen zuten, ipar isurialdekoak, isurialde mediterraneoko herrixka askorekin antzekotasunak zituztelako. Aipatzekoa da Bizkian eta Gipuzkoan, burdin zepa asko aurkitu direla eta horrek adierazten du herritan bertan metalurgia lanak egiten zirela. Uste da, gainera, meategiak gertu egonen zirela[10].

Ipar zein hegoaldean, merkataritza ezaugarri batzuk partekatzen zituzten (adibidez, markadun metalezko pisuak aurkitu dira Munoaundin eta La Hoyan[8]), tresneria eta kultura materiala, etxebizitzak eraiki eta antolatzeko teknikak, laborantzako eta abeltzaintzako produkzio sistema batzuk. Bigarren Burdin Aroan, zeramikak egiteko tornuak erabiltzen hasi ziren, burdina lantzen eta laboreen nekazaritza hobetzen.

Irudi galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garapena, bukaerako krisia eta konkista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brontze Arotik heldu ziren bizileku zaharren gainean eraiki edo garatu ziren Burdin Aroko herri gotortu batzuk, baina hutsetik ere sortu zituzten beste batzuk, lehendik bizilekurik ez zen tokietan. Ikusten da nolabaiteko eboluzio bat: herri zaharragoetan, etxeen oinak biribilak izan ohi ziren —Neolitoko txaboletan bezala—, baina, Burdin Aroan aurrera egin ahala, laukizuzenak bihurtu ziren etxeen oinak, eta eraikuntza teknikak berdinduz joan ziren.

Lehen hirigintza zantzuak agertu ziren: etxebizitzak harresiaren alde batean antolatuz eta bilduz joan ziren, kaleak sortuz. Herri sinpleenetan, kale bakarra; konplexuetan, gehiago. Abere batzuk ere harresien barruan gordetzen zituzten[12].

Kristo aurreko VII. edo VI. menderako, herri gotortuen kultura erabat zabaldua zegoen Nafarroan, baina erromatarrak iritsi baino 100-200 urte lehenago krisi bat izan zen, eta kastro txiki asko hustu egin ziren. Esaterako, Bardagorriakoa. Hura hustu, eta mendian gorago sortu zuten Altikogaña (733 metro). Eraulen egon ziren bi herri horiek, Deierrin. Beste leku batzuetan ere gertatu zen prozesu hori: kastroak gorago eraman eta defentsa sistemak gogortu zituzten hainbat lekutan, Kristo aurreko IV. mendearen bueltan[10]. Eboluzio horren antzekoa gertatu zen Europa Mendebalde eta Erdian: herri handiagoak, defentsa hobeagoekin eta barruko antolaketa konplexuagoekin agertu ziren, oppidum-en sorrera, bere eskualdeko polo bihurtuta.

Erromatarrak Euskal herrira iritsi zirenean, herri gotortuak aurkitu zituzten. Batzuek suntsipen aztarnak dituzte, hori da Irulegiren kasua eta beste batzuena, baina kontuan izan behar da erromatarrek beren gerrate zibilak Euskal Herrian borrokatu zituztela eta bertakoak parte hartu zutela.

Gatazka aztarnak dituen guneetako bat Ilunzar mendian dago. Arrolako oppidumaren parean, baina bailaren bestaldean, erromatarrek kanpalekua bertan ezarri zuten[9].

Ipar Euskal Herriko kasuan, Juio Zesarren komandantea (legatus) zen Publio Lizinio Krasokren aurkako konkista gerretan galerak jasoko zituztela uste da.

Modu traumatikoan bukatu zen Irulegi, baina Burdin Aroko herri gotortu asko indarkeria arrastorik gabe hustu ziren. Sertorioren gerrak bukatu eta erromatarrek eremuak konkistatu eta euren zibilizazioa ezarri ahala, hustuz joan ziren guztiak, Erromak, nahiago zuelako beheko lurretan eta harresirik gabeko herri eta hiriak. Zazpi mende iraun zuen herri gotortuen kultura horrek[2].

Antolaketa soziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxeez eta laborantza lanez aparte, harresien eta defentsa sistemen eraikuntzak eta kontserbazioa herrien kohesiorako bide izango zela uste da. Herrixka batzuetan sinpleagoak izan arren, beste batzuetan zazpi metroko zabalerako, bospasei metroko garaierako eta kilometro bat baino luzeagoko murruak altxatu zituzten. Eta eraiki eta mantendu egin behar ziren eraikuntza horiek; horretatik ondorioztatzen dute adituek antolaketa sozial sendo bat behar zutela.

Monte Bernorion izena duen sastakai mota baten . Tipologia horretako armak aurkitu ziren La Hoyan

Gerlariak ere baziren herri horietan; armak aurkitu dituzte aztertutako herrixka harresitu batzuetan, eta Araban eta Nafarroan induskatu dituzten nekropolietan sumatu dute hilobi aristokratiko batzuk ere bazirela. La Hoyan, adibidez, gerlarien elite baten hilobiak izan zitekeenetan, arma ugari eta objektu pertsonal aberatsak aurkitu zituen Armando Llanos Ortiz de Landaluze arabar arkeologoak[13].

Klase bereizketaren bat sortzen hasia zen, beraz: bazen aristokrazia bat, gerrari lotua segur aski, izango ziren laborariak, artisauak, arropa egileak, errementariak... Ez da gorde orduko historiarik, ordea, eta ezin jakin herri horiek nola antolatzen ziren, eta zer gerra edo zer aliantza zituzten.

Inguruko baliabideak ustiatzen zituen herri bakoitzak, ordea, eta nolabaiteko autonomia eta agintea antolatzen hasia zen herri haietako bakoitzaren inguruan. Eta baliabide horiengatik istiluak sortzea ez zen harritzekoa izango.

Eztabaidagai da beste hipotesi bat: Burdin Aroa amaitzerako, kastroak nolabait hierarkizatu ote ziren. Alegia, herri gotortu horietako batzuek beste batzuen zentro politiko eta ekonomiko rola ote zuten, eta beste kastro batzuk, txikiagoak, horien inguruan egituratzen ote ziren. Ez da erabat egiaztatu hipotesi hori.

Sinesmenak, errituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrola mendian dagoen Maruelezako herrixkatik gertu, eta garai berean erabiliak, Gaztiburuko egiturak daude.

Herria zenetik kilometro eskasera dago Gaztiburu izeneko leku bat, mendi kasko batean. Maruelezako kastroari nolabait lotua zegoen jende biltokia zela uste da. Plaza eta harmaila batzuk aurkitu dituzte han. Airetik begiratuta ferra forma duten lau harmaila eraiki zituzten han, erdiko plazari begira —petalodun lore bat osatuko balute bezala—, eta beste egitura txikiago bat, zirkulua —edo pentagonoa— itxiz. Luis Valdes arkeologoak ikertu zuen, 1985etik aurrera, bi hamarkadaz.

Ondorio garbirik ezin da atera, baina pentsatzen da leku horrek zeremonietarako, biltzarrak egiteko zein solstizioen egutegiei lotutako funtzioak izan zitzakeela; hau da, funtzio erlijiosoak, politikoak eta sozialak. Santutegitzat jo zuen Valdesek, baina ez dago argi biltoki horren funtzioa. Eta ez da antzeko egiturarik aurkitu, oraingoz, ez Euskal Herrian, ez eta Europan ere.

Gaztiburuko biltokia edota santutegia

Herrietako bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adar-bilbez eta buztinaz egindako pareta. Errumania, XIX. mendeko Razboishte monasterioa,.

Lehen etxeak sinpleak ziren. Hormak egiteko, hurritz makilak-eta erabiltzen zituzten: haiekin sare batzuk egin (adar-bilbea), eta gero buztinez estalita egiten zituzten paretak. Lastoz edo landarez egiten zituzten teilatuak. Baina etxegintza ere garatu zen denborarekin: hasi ziren zokaloak jartzen lurrean, harriz edo adobez, paretak hezetasunetik babesteko. Paretak osorik adobez edota harriz altxatzen ere hasi ziren. Lehen etxeen oina borobilduak laukizuzen bihurtu ziren. Batzuetan, figura geometrikoak pintatzen zituzten hormak dekoratzeko; La Hoyan (Guardia, Araba), Las Eretasen (Berbintzanan) aurkitu dituzte, adibidez.

Burdin Aroko berreraikitako etxea barrutik: lehen planoan, eskuko errota ikus daiteke, pareta pintatua dago eta harrizko zokalo baten gainean datza, hezetasunetik babesteko, gelak banatzeko sare bat jarri da. Atzeko paretetan obrazko-banku baten gainean, janaria eta edaria gordetzeko zeramikazko ontziak ipini dira. Etxe berreraikipen hau "Las Eretas" museoan dago, Berbinzanan, Nafarroan.

Etxebizitza haiek bizileku bakarra zuten batzuetan, baina normalean bi edo hiru zatitan banatzen ziren: ataria, gela nagusia eta biltegia. Gela nagusiak lurreko sua izan ohi zuen erdian —horma baten kontra jartzen hasiko ziren gero—, eta biltegia etxearen atzeko aldean egon ohi zen. Normalean, atzeko horma hori herriko harresiaren horma bera izaten zen; horrela aprobetxatzen zuten eraikuntza lana. Laboreak, ezkurrak eta era guztietako jakiak gordetzen zituzten biltegian, tamaina guztietako ontzietan sartuta. Uste da familia unitateak bizi zirela etxebizitza bakoitzean.

Las Eretasen ondo dokumentatu da bilakaera. Kristo aurreko VII. mendean sortu zuten herri gotortu hori. Bi isuriko teilatuak zituzten lehen etxeek, kale baten inguruan eta plazatxo batekin egituratuak. Herria erre egin zen Kristo aurreko VI. mendean, eta etxebizitza tipologia berri bat eraiki zuten ondoren, berregin zutenean: isuri bakarra zuten etxe berriek, horma partekatzen zuten, eta sendoagoak ziren. Ogia egiteko labeak jarri zituzten aurrerago. Kristo aurreko IV. edo III. mendean, harresiaren zati bat bota, eta herria zabaldu zuten; eta zorua harriztatu. Albizturren dagoen Intxurreko etxeak eta Arrolakoak ere halakoak ziren: oin laukizuzena zuten, isuri bakarra eta atzeko pareta harresia aprobetxatuz egin zen.

Eretak herriko ogia egozteko bi labe, komunena erabiltzeko izan zitekeenak.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burdinaren ustiaketa, lanketa eta kontrola garrantzi handikoak ziren garai honetako herrietan. «Inguruaren kontrol espaziala eta bisuala ezaugarri inportantea zen garai hartako herrixka gotortuentzat»[14]. Bizkaikoetan eta Gipuzkoakoetan burdin eskoria ugari aurkitu da, eta burdina gertuko lurretan.

Burdin Aroko eskuzko errota biribila.

Burdinaren sartzearekin, eta tenperaturaren igotzearekin batera, gainera, nekazaritza lanak hobetu ziren eta ekoizpena handitu. Soberakinak sortu ziren, trukea eta merkataritza zabaltzea ekarri zuena, eta, horrekin guztiarekin batera, hazkunde demografikoa gertatu zen. Aberastasunaren ugaritzearekin batera, ekoiztutakoa biltegiratzeko eta babesteko beharra areagotu zen, eta horrek harresien premia ekarri zuen.

Artatxikia, garagarra, oloa, ilarrak, zekalea, garia eta babak aurkitu dira induskatutako herrietan. Ipar isurialdean ohikoagoak dira artatxikia bezalakoak, eta Mediterraneoan, garai historikoetan bezala, garia. Orudrako errotazio sistema erabiltzen zela uste da. Laboreak birrintzeko Barkuko errotak erabiltzen jarraitu zuten baina gurpil errotak sartzen hasi ziren. Bolunburuko herri gotortuan (Zalla, Bizkaia) jakiak eskuz ehotzeko errota asko topatu dituzte, eta beharbada trukerako ekoiztu zitzaketela pentsatu izan da.

Abeltzaintza ere praktikatzen zuten. Ardiak, ahuntzak, zerriak eta behiak hazten eta jaten zituzten Basagainen (Anoeta, Gipuzkoa), esaterako. Isurialde mediterraneoko aztarnategietan, bestalde, zaldien, txakurren eta oiloen aztarnak ere topatu dituzte. Badirudi herri batzuk laborantzan aritzen zirela gehiago, eta beste batzuek abereei lotua zutela produkzio nagusia[12].

Abeltzaintzari lotuta gazta eta beste esnekiak ere ekoizten dira. Babioko herri harresituan gaztanontzi bat aurkitu zen.

Arropa eurek sortzen zuten. Europan artilez egindako jantzien zatiak aurkitu dituzte. Europa osoan ehunen ekoizpenaren zantzu ugari aurkitu dira. Alto de la Cruzen, artilea, espartzua eta lihoa ere ehuntzen zen[15]. Intxurren ere lihoa topatu da[8].

Zeramikak egiteko tornuak erabiltzen hasi ziren.

Barku-formako errota. Asturiasko Campa Torres arkeologia parkeko alea.

Ekoizpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Frantsesez) Blot, Jacques. (1990). «L‟Âge du Fer en Pays Basque de France» Munibe. Ciencias naturales 42: 181. (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  2. a b Ansa, Mikel P.. «Aro bat itzaletan. Seriea. Baskoien atzetik azterka (I).» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-05-11).
  3. «19. Etnias y fuentes literarias – Imago Pyrenaei» web.archive.org 2022-01-20 (Noiz kontsultatua: 2023-05-09).
  4. «Castros de Asturias | Los castros en la Edad del Bronce» www.castrosdeasturias.es (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  5. (Ingelesez) «Hillforts. Introductions to Heritage Assets» Historic England (Historic Buildings and Monuments Commission for England).
  6. (Gaztelaniaz) Armendáriz Martija, Javier. (2008). De aldeas a ciudades: el poblamiento durante el primer milenio a. C. en Navarra.. Fondo de Publicaciones del Gobierno de Navarra. Institución Príncipe de Viana. Pamplona., 377 or. ISBN 9788423531011..
  7. (Frantsesez) Gaudeul, Francis. (1982). «Les enceintes dites protohistoriques du Pays Basque Français» Zainak. Cuadernos de Antropología-Etnografía 1: 17-32. ISSN 1137-439X..
  8. a b c «Bertan 20 - Burdin aroko herri harresituak Gipuzkoan. Kapitulo 9: Eguneroko bizimodua» bertan.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2023-05-11).
  9. a b Cepeda-Ocampo, Juan José; Unzueta Portilla, Miguel. (2020). «Poblados fortificados de la Edad del Hierro en Bizkaia. Un balance de la investigación de campo» KOBIE. 100 años de investigaciones arqueológicas en Bizkaia (1918-2018). (Bizkaiko Foru Aldundia) 20: 143-174. ISBN 978-84-7752-470-X. ISSN - 7971 0214 - 7971..
  10. a b c d Ansa, Mikel P.. «Kultura bat, bertsio asko» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-05-11).
  11. Peñalver, Xabier; San José, Sonia. (2011). Burdin Aroa Gipuzkoan, arkeologia 0.3.. Gipuzkoako Foru Aldundia, 263 or. ISBN 978-84-7907-668-9..
  12. a b Ansa, Mikel P.. (2023-05-18). «Zer bizimodu Burdin Aroan. Seriea. Baskoien atzetik azterka (III).» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
  13. (Gaztelaniaz) Llanos Ortiz de Landaluze, Armando. (2000). «Guerreros del hierro: Un grupo armado organizado, en el poblado de la Hoya» www.euskonews.eus / Euskonews & Media 67 (2000/ 2 / 18-25) (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  14. Xabier Peñalverren hitzak, Beriarentzat. Ansa, Jon (2023-01-04). "Kultura bat, bertsio asko". Berria
  15. Peñalver Iribarren, Xabier. (2001). «El hábitat en la vertiente atlántica de Euskal Herria. El Bronce Final y la Edad del Hierro» Kobie 3, Eranskinak.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]