Irulegiko herrixka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Irulegiko herrixka
Irulegiko eskua - Nafarroako Gobernuaren irudi galeria 14.jpg
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaAranguren
Koordenatuak42°46′44″N 1°30′52″W / 42.77879°N 1.51439°W / 42.77879; -1.5143942°46′44″N 1°30′52″W / 42.77879°N 1.51439°W / 42.77879; -1.51439
Map

Irulegiko herrixka Burdin Aroko aztarnategi arkeologiko bat da[1]. Aranguren bailarako Irulegi mendiaren gainean dago, Irulegiko gaztelua baino pixka bat beherago. Baskoien herria izan zen, Sertorioren gerran erre eta abandonatua. Bertan aurkitu zen 2021ean Irulegiko eskua deritzon aztarna, baskoieraz idatzitako hitzak dituena.

Aurkikuntzaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005ean Javier Armendariz Martijak bertako burdin aroko herria —haren iritziz, oppiduma— ikertu zuen: bere ustez, Iruñerria egituratzen zuten herrietako bat zen.[2] 2020an, Mattin Aiestaran arkeologoak zuzendutako taldeak erromatarren aurreko herri gotortua azalarazteko lurra zundatzen hasi zen, aurreko bi urteetan ikerketa geofisikoak egin ostean.

Azterketa geofisikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi urtez aritu ziren sonarrak eta radarrak erabiltzen, lurpean zegoena aztertzen. Horien bidez, lur azpian ezkutatuta dauden eraikinen egiturak irudika daitezke. Horrela jakin zuten han Burdin Aroko eraikin batzegoela, harrizko eta pezozko hormak zituena.

Indusketako aurkikuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irulegiko herrixka airetik ikusia, behean, ezkerrean.

Iraupen luzeko herria izan zen, Brontze Aroan eta Burdin Aroan okupatua, zehazki garai hauetan: Brontze Amaiera edo Burdin Aro hasiera, Burdin Aroa aurreratua eta Burdin Aro amaiera[3].

Indusketan ontziak topatu zituzten, aleak ehotzeko errotarriak, eta baita baskoi haiek hazten eta ehizatzen zituzten animalien zantzuak ere.

Umetxo bat ere aurkitu zuten; jaio aurretik baino apur bat lehenago edo ondoren hil zen, amaren haurdunaldiaren 34-36. aste inguruan.[4] Burdin Aroko herrixka askotan aurkitu izan dira haur jaioberriak etxe barruan edo etxearen horman, teilatupean lurperatuta. Euskal Herrian, gainera, ohitura hori mendeetan zehar mantendu da, aldaketa gutxirekin. Helduen gorpuzkiak, ordea, erre egiten zituzten.[5]

Herria babesteko, sei metroko harresiak zituen. Herriak denera hamar bat hektarea hartzen zituen, soroak eta belardiak barne. Harresietako gune bat nahita suntsituta dagoela ondorioztatu zuten eta bizilekuari su eman ziotela. Erromako Inperioa Euskal Herrian zabaltzeak «prozesu gatazkatsuak eta ezegonkortasuna» eragin zituela adierazi zuten, eta indusketak horiek hobeto ulertzen lagunduko duela. Hedabideei jakinarazitako ohar batean, Aranzadi Zientzia Elkarteak adierazi zuen «Horrek guztiak agerian uzten du Irulegi fase kronologiko zabalak barneratzen dituen aztarnategia dela, eta arrazoi hori dela eta, erreferentziala izango da Iruñeko arroko bilakaera historikoa ezagutzeko».[4]

«Irulegiko hedapena eta hiri garapena garrantzitsuak dira Pirinioaurreko arroetako Nafarroako kokaleku ereduak ulertu ahal izateko. Izan ere, itxuraz, gainera, Ebro ibarraren eta mendi ingurunearen arteko lotura ziren«, esan zuen Mattin Aiestaranek.[4]

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Aiestaran, Mattin; González, Daniel Ruiz; Sesma, Jesús Sesma; Gazólaz, Jesús García; Alustiza, José Antonio Mujika; Avilés, Eneko Iriarte; Mauleon, Juantxo Agirre. (2021). «Trabajos arqueológicos en el yacimiento de Irulegi (Valle de Aranguren) 2021» Trabajos de arqueología Navarra (33): 103–111. ISSN 0211-5174. (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  2. (Gaztelaniaz) Armendariz Martija, Javier. (2005). «Propuesta de identificación del campamento de invierno de Pompeyo en territorio vascón» Trabajos de arqueología Navarra 18: 41-64..
  3. (Gaztelaniaz) Aiestaran, Mattin; Ruiz-González, Daniel; Sesma, Jesús; García, Jesús; Alustiza, José Antonio Mujika; Iriarte, Eneko; Mauleon, Juantxo Agirre. (2021). «Trabajos arqueológicos en el yacimiento de Irulegi (Valle de Aranguren) 2021» Trabajos de Arqueología Navarra (33): 103–111. doi:10.35462/TAN33.4. ISSN 2530-5816. (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  4. a b c Lartzanguren, Edu. «Burdin Aroko umetxo baskoi baten gorpuzkiak aurkitu ditu Aranzadik Nafarroan» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
  5. Fernandez Crespo, Teresa. "Los enterramientos infantiles en contextos domésticos en la Cuenca Alta/Media del Ebro: a propósito de la inhumación del despoblado altomedieval de Aistra (Álava)". Munibe, 59, 199-217 or. Donostia. 2008. ISSN 1132-2217. Eskuragarri hemen: http://www.aranzadi.eus/fileadmin/docs/Munibe/2008199217AA.pdf (ikusia: 2020-07-09)

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]