Charles Bukowski
Charles Bukowski (Andernach, Alemania, 1920ko abuztuaren 16a – Los Angeles, Estatu Batuak, 1994ko martxoaren 9a) estatubatuar idazlea izan zen.
Ez zen Beat Generation belaunaldikoa, nahiz eta haien artekotzat jo izan duten, haien antzeko estiloa eta jarrera zituelako. Bukowskiren idatzietan nabarmen agertzen da haren jaioterria, Los Angeles. Berrogeita hamar liburu baino gehiago eta hainbat kontakizun idatzi zituen. Hainbat idazleri eragin die, eta haren estiloa askotan imitatu dute.
Txikitan, aitak gaizkitua izan zen eta eskolan ez zuten kideek onartzen (hau, gaztetan pairatutako eritasunaren ondoriotzat zituen aurpegiko markek oraindik eta gehiago zailduz), horrela, irakurketan babestu zen bere bizitzako lehen zatian. Lanbide ezberdin askotatik pasa zen ez oso denbora luzea emanez bakoitzean, postariarena izan ezik. Azken lan hau utzi zuenean hasi zen idazle gisa 1969. urtean.
Biografía[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hasierako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1920an jaio zen Alemaniako Andemarnach hirian, ama alemaniarra eta aita estatubatuar jatorriko poloniarra zituelarik.
Lehen Mundu Gerrak ekarri zuen alemaniar ekonomiaren gainbeheraren onodrioz, familia Baltimorera -AEB- joan zen 1923an. Estatubatuarrago emateko, gurasoak “Henry” deitzen hasi ziren (bere benetako izena Heinrich Karl Bukowski zen). Beranduago, Los Angeles hirira aldatuko zuten bizitokia.
Los Angeleseko Bigarren Hezkuntzako Institutan graduatu ostean, arte, kazetaritza eta literatura ikasketak burutu zituen bi urtez hiri bereko unibertsitatean.
Lehen argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
24 urte zituelarik, Aftermath of a Lengthy Rejection Slip izeneko ipuina Story Magazine aldizkarian argitaratu zioten. Bi urte beranduago, 1946an, 20 Tanks From Kasseldown ipuina argitaratu zuen beste aldizkari batean. Honen ostean, argitaratze sistemarekin gogaitu eta idazteari utzi zion hamarkada batez. Denbora horretan, Los Angelesen bizi zen arren, Estatu Batuetan zehar bidaiatzen ibili zen, han-hemen aldi baterako lanak burutzen eta pentsio merkeetan ostatu hartuz.
50eko hamarraldiaren hasieran, postari ibili zen lanean Los Angelesen hiru urtez. 1955ean ospitaleratu zuten oso larri, odola zerion ultzera bat zela medio. Ospitaletik irtendakoan, poesia idazten hasi zen eta 1957an idazle eta poeta Barbara Fryerekin ezkondu zen, urtebete beranduago dibortziatuko zirelarik.
60ko hamarraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
50eko hamarraldiaren amaiera aldean, Los Angeleseko posta bulegora itzuli zen lanera eta poesia idazten jarraitu zuen. 1964an, garai hartako bikotekide zuen Frances Smithekin alaba bat izan zuen, Marina Louise Bukowski. Denbora labur batean Tucsonen bizi izan zen eta bertan Jon Webb eta Louise "Gypsy Lou" Webb ezagutu zituen. Lagun bilakaturik, bere literatur lanak argitaratzera eta literaturatik bizi izatera animatu zuten.
Jon Webbi esker, The Outsider literatur aldizkarian poema batzuk argitaratu zituen. Jonek eta bere emazte Louisek sorturiko Loujon Press argitaletxean bere lehen bi liburuak argitaratu zuen Charles Bukowskik: It Catches my Heart In Its Hand, 1963an, eta A Crucifix in a Deathhand, 1965ean. Garai hartan Franz Douskey ezagutu zuen, Jon Webben laguna eta idazlea. Hirurek New Orleansen denboraldi bat eman zuten elkarrekin.
1967an, Bukowski Notes of A Dirty Old Man izeneko atal bat hasi zen idazten Los Angeleseko Open City argitalpen undergroundean. Aldizkaria itxi zutenean, 1969an, hiri bereko Free Press agerkarira eraman zuen atal bera. Urte hartan, ordura arte argitaratutako zutabe onenak bildu zituen izen bereko liburuan.
Black Sparrow Presseko urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1969an, Black Sparrow Press argitaletxeko John Martin editoreak hileroko 100 dolarreko lansaria eskaini ondoren, postetxeko lana utzi zuen Bukowskik, buru belarri idazten aritzeko. Zegoeneko, 49 urte zituen eta, berak garai hartako eskutitz batean azaldu zuen bezala, “bi aukera ditut, postetxean jarraitu eta erotu... edo kanpoan geratu eta idazle naizelakoa egin eta goseak hil. Bigarrena hautatu dut”. Lana utzi eta hilabete batera lehen nobela amaituta zuen: Post Office(1971).
Artean idazle ezezaguna zela, John Martinek berarengan jarritako konfiantza eta laguntza ekonomikoa eskertu nahian-edo, Bukowskik Black Sparrow Pressekin argiratu zituen ia lan guztiak. Lan hauetako gehienetan protagonista nagusia Henry Chinaski (Henry Charles "Hank" Chinaski) da, idazlearen alteregoa. Bizitzaren aldi gehiena Hollywoodeko ekialdeko barrutian eman zuen. 1978an, alta, Linda Lee Beighle ezagutu ostean, Los Angeles hiriko hegoaldeko San Pedro barrutira egin zuen. Lindarekin 1985ean ezkondu zen eta hari buruz hitz egin zuen Women (1978) eta Hollywood (1989) eleberrietan, Sararen pertsonaiaren bitartez. Nobela hauek, gainerako lan gehienak bezala, autobiografia kutsu nabarmena zuten.
Bukowskiren lanak hainbat hizkuntzatara itzuliak izan dira, tartean haietariko batzuk euskaraz. Estatubatuar gainbeheraren ikonotzat hatua izan da, Bigarren Mundu Gerraren osteko joera nihilistaren ikur. Bere buruarekin zein ingurukoekin zuen handinahi eta konpromiso ezak gaur egungo hainbat idazleren eragin gisa aitortua izatea ekarri du. Euskal Herrian, besteak beste, Paddy Rekalde, Harkaitz Cano edo Xabier Montoia.
Charles Bukowski leuzemiaren ondorioz hil zen 1994ko martxoaren 9an, San Pedron, Kalifornian, 73 urte zituelarik, Pulp bere azken eleberria amaitu berritan. Bere hilarrian “Don't try" irakur daiteke.
Helduaroan idazle oparoa izanik, hildakoan Black Sparrow eta, 2002. urtetik aurrera, Ecco Press argitaletxeek bere lan argitaragabeak ezagutzera eman dituzte: aipatutako Pulp eleberriaz gain, hainbat ipuin, saiakera, egunkari, eskutitz eta olerki.
Lan nagusien zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Letrakera lodiaz euskaraz argitraratutakoak
Eleberriak
Olerki bildumak
|
Ipuin bildumak
Ez-fikziozkoak
|
![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Charles Bukowski ![]() |