Edukira joan

Elisabet Palatinatukoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elisabet Palatinatukoa

abade

Bizitza
JaiotzaHeidelberg1618ko abenduaren 26a
Herrialdea Palatinatua
HeriotzaHerford Abbey (en) Itzuli1680ko otsailaren 11 (61 urte)
Hobiratze lekuaHerforder Münster (en) Itzuli
Familia
AitaFrederiko V.a Palatinatukoa
AmaElisabet Stuart
Haurrideak
LeinuaWittelsbach-eko etxea
Hezkuntza
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa eta idazlea
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaKalbinismoa

Elisabet Palatinatukoa (1618ko abenduaren 26-1680ko otsailaren 11), Bohemiako Elisabet eta Herford Abbey-ko printzesa-abadesa izenez ere ezaguna, Frederiko V-ren (Palatinatuko hautesle eta Bohemiako erregea) eta Elisabet Stuart-en (Bohemiako erregina) alaba nagusia izan zen. Filosofo bezala ezaguna da René Descartes-ekin gutun bidez mantendu zuen harremana dela eta, batez ere[1]. Gutun horietan jasotako kritika eta ideiek osatzen dute bere produkzio filosofikoa. Besteak beste, Descartesen dualismo metafisikoa zalantza jarri zuen, gerora pentsalari askok bide beretik plazaratuko zituzten zalantza asko aurreratuz[2][3]. Horretaz gain, ardura politikoak ere izan zituen: Westphalia-ko Itunaren negoziazioan parte hartu zuen eta Ingalaterrako gerra zibilaren ostean Ingalaterrako monarkia berrezartzearen alde egin zuen[1].

Elisabet 12 urte zituela.

Elisabet Simmern van Pallandt 1618ko abenduaren 26an jaio zen, Heidelberg-en. 1620. urtean, Bohemiako agintaldiak porrot egin ostean, errege-erreginak erbestera behartu zituzten Holandara[2][4], baina Elisabetek Heidelbergen bizitzen jarraitu zuen. Heidelbergen bizi izan zen beste zazpi urtez, azkenik bera ere Holandara joan arte[5][2].

Elisabetek hezkuntza oparoa jaso zuen: filosofia, astronomia, matematika, zuzenbidea, historia eta hizkuntzak ikasi zituen[2], eta baita arte ederrak ere (margolaritza, musika eta dantza, besteak beste).

1633an ezkontza proposamena egin zion Władysław IV Vasa Poloniako erregeak[6][5]. Ezkontza honek Palatinatuari onura ekonomikoa ekarriko ziokeen arren, Poloniako erregea katolikoa zen eta Elisabetek ez zuen onartu protestantismoari uko egin eta katolizismora bihurtzea[5][6] ezkontza ahalbidetzeko.

1640an Edward Reynolds-ek “Treatise on the passions and the faculties of the soule of man” liburua idatzi eta Elisabeti eskaini zion[1]. Eskaintza horren eduki zehatza ezaguna ez bada ere, Elisabeti eskaini izanak honek liburuaren zirriborroa irakurri zuela pentsarazten du[1]. Bi urte beranduago Descartesen “Meditazio Metafisikoak” liburua irakurri zuen[7]. 1646an Alemaniara joan behar izan zuen, eta han izan zituen irakasleei Descartesen lanarekiko interesa pizten saiatu zen[7].

1660an Elisabet Herford-eko komentu luteranoan sartu eta 1667an abadesa izendatu zuten[1]. Elisabet bera kalbinista zen (ez luteranoa) eta horrek arazoak ekarri zizkion hasieran (nahiz eta aurreko abadesa ere kalbinista izan zen[8]). Abadesa bezala, konbentuaz gain, 7000 biztanleko inguruko komunitatea ere gobernatu zuen[9]. Horretaz gain, konbentua erlijio jazarpenaren aurkako babesleku izan zen Elisabeten agindupean: erlijio talde marjinalak hatu zituen, labadistak kasu[9][1].


Elisabet Palatinatukoa 1680. urtean hil zen, otsailaren 12an[8].

Gutun-trukaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elisabetek garaiko hainbat intelektualekin mantendu zuen gutun bidezko harremana bere bizitza osoan zehar[10].

1639an jada Anna Maria van Schurman-ekin korrespondentzia bidezko tratua zuen Elisabetek. Van Schurman Herbehereetako emakume ikasia zen, emakumeen hezkuntzaren apologeta eta hainbat disziplinatan trebatua (artea, hizkuntzak, eta abar)[11][10]. Lehen gutunetako batean van Schurmanek ikasketerako disziplina ezberdinen artean aukeratzeko aholkuak eman zizkion Elisabeti, eta historiaren garrantzia azpimarratu nahi izan zion[10].

Anna Maria van Schurmanek bezala, Elisabetek René Descartes filosofo frantsesarekin korrespondentzia bidezko harremana izan zuen. 1643an hasi ziren elkarri gutunak idazten eta harremana mantendu zuten 17 urtez, Descartesen heriotzara arte[1]. Elisabetek berak hala eskatuta, Descartesek filosofia eta morala irakatsi zizkion. 1644an “Principia” tratatua Elisabeti eskaini zion.[10]

Descartesek Elisabeti idatzitako gutun asko liburu batean publikatu ziren, baina Elisabetek uko egin zion berak idatzitakoak editatzeari[1]. Elisabetek Descartesi idatzitako gutunak ez ziren publiko egin 1879. urtera arte[12][1].

Hainbat kuakero ezagunekin ere mantendu zuen korrespondentzia bidezko harremana Elisabetek. Besteak beste, Robert Barclay eta William Penn-ekin[1].

Horretaz gain, English Calendar of State Papers-ean berak idatzitako eta berari zuzendutako gutunak jaso ziren, gai politiko eta finantzieroei buruz idatziak[1].

Filosofiari ekarpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Printzesaren irudia

Filosofia cartesiarrari ekarpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Descartesek Herbehereetako garaiko intelektualak ezagutzeko Haga-ra egindako bisita batean ezagutu zuen Elisabetek hau[13]. Bisita horrekin Descartesen asmoa bere filosofia babestuko zuten intelektualak ezagutzea zen, izan ere, Haga itzal handiko pertsonen bilgune izan ohi zen.

Descartesek bere ideiak aurkeztu zituenean Elisabetek tentu handiz entzun zuen eta interes handia piztu zitzaion; bereziki, Descartesek gogoa eta gorputzaren artean egiten zuen irakurketak deitu zion arreta. Haga utzi ostean, Elisabetek bere pentsamenduan interes handia erakutsi zuela jakinarazi zitzaion Descartesi. Honek atsegin handiz hartu zuen berria eta printzesa hobeto ezagutzeko nahia adierazi zuen. Hagara egindako hurrengo bisitan Elisabetekin hitz egiteko asmoa zuen arren, elkarrizketa hori ez zen gertatu, ezagutzen ez den arrazoiren bat tarteko.

Elisabetek Descartesen asmoaren berri izan zuenean gutun bat idatzi zion, 1643ko maiatzaren 16an. Gutun horretan gogoaren eta gorputzaren arteko harremanaz galde egin zion Elisabetek: “azaldu, mesedez, pertsona baten arimak (materia izan gabe) nola determina dezakeen gorputzaren izpiritua eta ekintza boluntarioak ekarri[14]”.

Elisabetek zalantzan jarri zuen Descartesen dualismoa eta honek arima eta gorputzaren arteko interakzioa azaltzeko zuen teoria. Galdera egokia planteatu zion Elisabetek: nola, zehazki, ematen da gogoa eta gorputzaren arteko interakzioa? Hau da, nola mugiarazi dezake sustantzia inmaterialak (Descartesen gogoaren ideia) sustantzia materiala (gorputza)? Descartesek erantzun zion gogoaren eta gorputzaren arteko harremana ezin dela pentsatu bi gorputzen arteko interakzioa balitz bezala, kualitate ezberdinetako bi sustantziaren arteko batasuna baita[14].

Elisabetek, baina, ez zuen guztiz ontzat eman Descartesen erantzuna eta berriro idatzi zion. 1643ko ekainaren 20an bidalitako gutun horretan, Elisabetek idatzi zuen “ezinezkoa zitzaiola ulertzea arimak gorputza nola mugitzen duen azaltzen zuen ideia, eta errazago onartuko lukeela gogoari izaera materiala eta estentsioa aitortzea, sustantzia inmaterial batek gorputz materiala mugitu dezakeela onartzea baino[14]”. Jaegwon Kim-en arabera, fisikalismoaren doktrinan kokatu daitekeen lehen argumentu kausala litzateke Elisabetek emandako hori[15].

Elisabetek Descartesi idatzitako beste gutun batean, 1643ko uztailaren 1ean, Descartesen gogoa eta gorputzaren arteko harremanari buruzko ideietako batekin bat egiten duela azaltzen du. Zehazki, azaltzen du onartzen duela arimak gorputza eta gorputzak arima mugitzen dutela frogatzen duela zentzumenen izaerak. Hala ere, interakzio hori emateak, Elisabeten ustez, ez du azaltzen nola ematen den[14].

Elisabetek Descartesi idatzitako gutun hauetan arima eta gorputzaren arteko harremana nola gauzatzen den zehazki azaltzeko eskatzen zion, eta badirudi, beraz, aldez aurretik onartzen zuela Descartesek bazuela gai horren inguruko planteamendu sakona[1]. Hala ere, Descartesek ez zuen hori era zehatz eta sakonean inoiz garatu; besterik gabe, arimak gorputzean eragiteko gaitasuna duela onartu zuen bere teorian, era lausoan.

Gogoa eta gorputzaren arteko harremanaz jardun zuten korrespondentzia bidez, Elisabeten azken gutun horrekin harremana eten zen arte, ez baitzuen erantzunik jaso.

Bi urteren buruan berriro ekin zioten elkarri gutunak idazteari, Elisabetek 1645eko udan jasandako gaixotasun baten harira[1]. Descartesen ustez, tristurak eragin zion Elisabeti gaixotasuna.

Aipatu beharra dago, pentsamendu cartesiarraz gain, filosofia politikora hurbiltzen diren hainbat gairi buruz ere jardun zuela Elisabetek Descartesekin. Izan ere, printzesa bezala exilioan bizi behar izanak pertsonen ekintzak eta horien ondorioak era zuzenean ebaluatu behar zirela pentsatzera eraman zuen Elisabet, eta gai horrekiko interes filosofikoa agertu zuen. Descartesi "bizitza zibilaren maximez" eta Nikolas Makiavelo-re "Printzea"-ri buruz zuen iritzia galdetu zion gutun batean.[1]

Elisabeten asmoa ez zen inoiz izan gutunak publiko egitea eta ez zuen lan filosofiko zabalik idatzi. Hori dela eta, Elisabeten papera filosofiaren historian konplexua da eta eztabaida piztu dezake[5]. Historialari gehienek ez dute kontuan hartu Elisabet eta Descartesen arteko korrespondentzia, ez baitute aintzakotzat hartu. Hala ere, bada gutun horien garrantzia aldarrikatu duen historialaririk ere, “arimaren pasioez” jarduten baitute. Ez hori bakarrik, historialari batzuek Elisabet bera ere filosofoa izango zatekeela ere plazaratu dute, bere posizio filosofikoa sistematikoki alboratu izan ez balitz[1].


Kuakeroekin elkarrizketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Descartes ez zen izan Elisabetek ezagutu zuen filosofo ezagun bakarra. Beste hainbat pentsalarirekin ere mantendu zuen korrespondentzia, besteak beste, garaiko hainbat kuakero garrantzitsurekin. Horien artean ezagunenak: Edward Reynolds, Nicholas Malebranche, Gottfried Wilhelm Leibniz, Robert Barclay, eta William Penn izan ziren. Gutun horietan antzeman zitekeen Elisabeten interlokutoreen asmoa hau haien federa bihurtzea zela. Hala ere, Elisabeten interesa, haien idea eta sinismenei zegokienean, intelektuala zen guztiz[1].

Anna Maria van Schurmanen eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anna Maria van Schurmanekin ere gutun bidezko harremana izan zuen Elisabetek. Honek ikasten jarraitzera bultzatu zuen Elisabet eta bereziki historia, fisika eta astronomian sakontzeko aholkatu zion. Nahiz eta korrespondentzia oso zabala izan ez, Elisabetek asko miresten zuen van Schurman eta hau mentorea eta bultzatzailea izan zen Elisabetentzako: garaiko aurkikuntzen berri emateaz gain haren iritzia ere ematen zion.

Hala ere, Descartesen pentsamenduaren inguruko iritzi ezberdina zuten Elisabet eta van Schurmanek.  Elisabetek jakinmin eta interes handia erakutsi zion van Schurmani filosofia cartesiarrari zegokionean. Van Schurman hori ikasten jarraitzearen aurka agertu zen, ikuspegi Aristoteliko-kristau tradizionalaren aldekoa baitzen. Elisabetek, ordea, ez zion Descartesekin korrespondentzia mantentzeari eta honen teoria jarraitzeari utzi[1].

Filosofiaren historia feministari ekarpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elisabet Palatinatukoaek berebiziko garrantzia du filosofiaren historia feministan[16][17]. Historialarien arreta piztu zuen emakume pentsalari bezala eta XVII. mendeko beste emakume batzuen garapen akademikoan izandako paper aktiboagatik.

Hainbat akademiko feministak aztertu dituzte Elisabeten bizitza eta honek idatzitako gutunak, besteak beste, emakume pentsalariei XVII. mendean ezartzen zitzaizkien mugak ulertzen saiatzeko. Emakume filosofoen ideiak filosofiaren kanonetik kanporatuak izan direla frogatzen duen adibideetako bat bezala hartu dute askok Elisabet eta honen pentsamendua[18].

Akademiko hauentzako, Elisabetek Descartesi idatzitako gutunek erakusten dute emakume pentsalariak filosofiaren kanonean aintzakotzat hartzeak duen balioa. Ez hori bakarrik, Elisabeten gutunek emakumeen pentsamendua filosofiaren kanonean barnebiltzeko modua ber-kontzeptualizatzen lagundu lezakeela aldarrikatu dute beste autore batzuek[19].

Elisabeten pentsamendua generoak zein era edo zentzutan baldintzatu zuen ere izan dute aztergai pentsalari feministek. Askoren ustez, Elisabet bere "sexuaren" mugen jakitun zen. Adituetako baten arabera, Elisabeten interes nagusia arima inmaterialak gorputz materialean duen eragina izan zen, eta interes hori piztu izanaren arrazoia ulertzeko haren emakume izaerari eta bizi izandako gaixotasunari erreparatu behar zaio ezinbestean[20].

Baina Elisabetek filosofiaren historia feministan duen garrantzia ez da mugatzen Descartesi idatzi zizkion gutunetara. Aitzitik, XVII. mendeko emakume pentsalarien garapenaren bultzatzaile handia izan zen; izan ere, Hagan egon zen bitartean, emakumeak elkarrengandik ikastera eta filosofian murgiltzera bultzatuko zituen korrespondentzia bidezko sare bat sortu zuen. Sare horretan parte hartu zuten, besteak beste, Anna Maria van Schurman, Marie de Gournay, eta Lady Ranelagh-ek[21].

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h i j k l m n o p q (Ingelesez) Shapiro, Lisa. (2013-08-20). Elisabeth, Princess of Bohemia. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  2. a b c d 1966-, Carroll, Sean M.,. The big picture : on the origins of life, meaning, and the universe itself. ISBN 9780525954828. PMC 919236977. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  3. (Ingelesez) Routledge Encyclopedia of Philosophy. Taylor & Francis 1998 (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  4. 9780511894695
  5. a b c d 1618-1680., Elisabeth, Countess Palatine,. (2007). The correspondence between Princess Elisabeth of Bohemia and René Descartes. University of Chicago Press ISBN 9780226204444. PMC 184842234. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  6. a b The Cambridge Descartes Lexicon. ISBN 9780511894695. PMC 934382692. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  7. a b The Cambridge history of seventeenth-century philosophy. (1st pbk. ed. argitaraldia) Cambridge University Press 2003 ISBN 0521531802. PMC 56608329. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  8. a b Bazelon,, Goldstone, Nancy. Daughters of the winter queen : four remarkable sisters, the crown of Bohemia, and the enduring legacy of Mary, Queen of Scots. ISBN 9780316387880. PMC 1029872282. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  9. a b C.,, Grayling, A.. The age of genius : the seventeenth century and the birth of the modern mind. (First U.S. edition. argitaraldia) ISBN 9781620403440. PMC 907966069. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  10. a b c d I have heard about you : foreign women's writing crossing the Dutch border : from Sappho to Selma Lagerlöf. Verloren 2004 ISBN 9065507523. PMC 62118806. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  11. R.,, Larsen, Anne. Anna Maria van Schurman, 'the star of Utrecht' : the educational vision and reception of a savante. ISBN 9781472463357. PMC 946887335. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  12. Geneviève., Rodis-Lewis,. (1999). Descartes : his life and thought. Cornell University Press ISBN 0801486270. PMC 43340361. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  13. Nye, A. (1999). The Princess and the Philosopher: Letters of Elisabeth of the Palatine to Rene Descartes. Lanham, MD: Rowman and Littlefield Publishers
  14. a b c d Shapiro, L. (2008). Princess Elizabeth and Descartes: The union of soul and body and the practice of philosophy. British Journal for the History of Psychology, 7(3), 503-520.
  15. Beckermann, Ansgar, ed. (2009-01-15). The Oxford Handbook of Philosophy of Mind.  doi:10.1093/oxfordhb/9780199262618.001.0001. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  16. Shapiro, Lisa; Witt, Charlotte. (2000-11-03). Feminist History of Philosophy. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  17. Feminist reflections on the history of philosophy. Kluwer Academic Publishers 2004 ISBN 9781402024894. PMC 58480355. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  18. O’Neill, Eileen. (1997-01-31). Kourany, Janet A. ed. «HISTORY OF PHILOSOPHY Disappearing Ink: Early Modern Women Philosophers and Their Fate in History» Philosophy in a Feminist Voice (Princeton University Press)  doi:10.1515/9781400822324.17. ISBN 9781400822324. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  19. Jacqueline., Broad,. (2002). Women philosophers of the seventeenth century. Cambridge University Press ISBN 051104237X. PMC 56208440. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  20. Hypatia's daughters : fifteen hundred years of women philosophers. Indiana University Press 1996 ISBN 0253330572. PMC 33357980. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  21. Ganjam, V. K.; Kenney, R. M.. (1975-10). «Androgens and oestrogens in normal and cryptorchid stallions» Journal of Reproduction and Fertility. Supplement (23): 67–73. ISSN 0449-3087. PMID 1530. (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Elisabet Palatinatukoa Aldatu lotura Wikidatan