Erreiti

Koordenatuak: 43°24′55″N 1°03′42″W / 43.4153°N 1.0617°W / 43.4153; -1.0617
Wikipedia, Entziklopedia askea
Erreiti
 Euskal Herria
Map
Kokapena
Herrialdea Nafarroa Beherea
UdalerriaBurgue-Erreiti
Administrazioa
Posta kodea64270
Herritarraerreitiar
Geografia
Koordenatuak43°24′55″N 1°03′42″W / 43.4153°N 1.0617°W / 43.4153; -1.0617
Demografia
Biztanleria33 (2018ko urtarrilaren 1a 2)

Erreiti (okzitaniera beste tokiko hizkuntzan Vièlanava edo Vièlanava sus Bidoza, "hiri berria" alegia) Burgue-Erreiti udalerriko bi herrietako bat da, Nafarroa Behereko Agaramont eskualdean. 1973 arte aparteko udalerria osatu zuen.

Herritarrei "erreitiar" deitzen zaie. Donibane Garazi herrialdeburura 47 km daude.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroa Behereko iparraldean dago. Biduze ibaiak berarekin udalerria osatzen duen Erreititik bereizten du. Hegoaldean zein mendebaldean, aldiz, Amikuzeko herri batzuk ditu auzokide: Bizkai, Martxueta, Arrueta eta Sarrikota. Zati handi batean hegoaldeko muga Biduzeren ibaiadarra den Minhurrieta eta bere urak azken honetara isurtzen duen Mulari (la Moulary) errekek markatzen dute.

Denbora luzez hauxe izan da hizkuntza-muga, Agaramont eskualde gehienbat gaskoieradun eta Amikuze euskaldunaren artekoa.

Orografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altuera apaleko lurrak dira: tontorrik garaiena 166 mkoa da, mendebaldeko muturrean, ia Arrueta-Sarrikotarekiko mugan. Baxuena Biduzeren ertzean, udalerri izan zenaren iparraldean, 18 bat mtan.

Demografia eta biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerri gisa ageri den errolden artean[1] lehenean (1820koa)) 199 biztanle zituen. 1921ekoan 97 zituen.

1968an 17 etxe zituen.

Errepideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparralderantz doan errepide lokala berehala Biduze zeharkatuta Burguen sartzen da; bien arteko zubiari "Erreitikoa" deitzen zaio; hauxe da Bidaxune eskualde eta kantonamendu bururako bideetako bat, Akamarretik pasatzen dena. Hegoalderantz beste errepide lokal batek eramaten gaitu Amikuzera, Labetzera hain zuzen. Mendebalderantz D 310 jarraiki Sarrikotara hel daiteke eta hortik ere, besteak beste, Bidaxunerantz jo, Amikuzeko oihana zeharkatuz.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agaramonteko leinuaren jatorriaren lekua, Erdi Aroan Biduzez bestaldera eraikitako Burgueren "hiri berria" (vièla nava).

XVI. mendean "aitonen semeen" etxe hauek aipatzen dira dokumentazioan: Salanoa, Etxeberria, Ipuztegia, Zabaltza, Iriondoa, Elgea eta Iriartea. Ikusten denez, geroago okzitanieraren eremu linguistikoan egongo zen honetan toponimia euskalduna arrunta zen.

Eraikin historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Agramondarren lehen gazteluaren[2] (XI. edo XII. mendean eraikitakoa) aztarnak daude; beren izena darama: "Agaramonteko gaztelua". Herritik mendebaldera dago, Mulari/la Moulary izeneko 111 mko muinoan.
  • Barnetxe etxaldea XVII. mendekoa da.
  • Laborde (oc Labòrda)-Ospital etxea: Donejakue Bidearen mugarria zen.
  • "Erreitiko zubi erromatarra" Euskal Herriko beste zubi askoren moduan, nahiz eta izenean erromatarra dela izan, askoz berandukoagoa da. Lehen aipamenak XII. mendekoak dira eta aztarnarik zaharrenak XVII. mendekoak. Lau arkuz osaturikoa da eta Biduze gurutzatzen du, Burguerako bidean.
  • Zubiaren ondoan dagoen errota, XII. mendekoa hau ere, nahiz eta XVII. mendean berreraikia izan.
  • Donejakue eliza (frantsesez Saint-Jacques-le-Majeur, okzitanieraz glèisa de Sent Jacme), XIII. mendekoa eta XIX. mendean berriztatua izan zen. Donejakue Bidearen ondoan dago kokaturik (bideetako bat herritik pasatzen da) eta monumentu historiko dago izendatua, portiko erromanikoa dela eta. XV. mendeko sakristia, bi beirate (bakoitzean Donejakue eta Jeanne d'Arc daude irudikaturik).
  • Hilerrian zenbait hilarri diskoidal ikus daitezke, zaharrena 1672koa.

Udalerri-aldaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1973 arte udalerri propioa izan zuen. Urte horretan beste bi auzo-herrirekin Burgue-Erango-Erreiti izenekoa osatu zuen. Honek, ordea, ez zuen luze iraun eta 1977an Erango bereizi eta gainontzeko biek egungo Burgue-Erreiti eratu zuten.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriko jaia uztailean izaten da, Donejakuerekin.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Geografia
Nafarroa Beherea
Artikulu hau Nafarroa Behereko geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa