Euskal Herriko Erlijio Gerrak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Erlijio Gerrak
Frantziako Erlijio Gerrak
Château Mauléon.jpg
Data 1562-1572
Lekua Ipar Euskal Herrian eta Biarno
Emaitza Status quo ante bellum
Gudulariak
Protestanteak Katolikoak
Buruzagiak
Antonio I.a Agaramontarra Karlos Lüküzekoa

Euskal Herriko Erlijio Gerrak Ipar Euskal Herrian eta Biarnon 1562-1572 bitarteko urteetan izan ziren gerra zibilak izan ziren, Frantziako Erlijio Gerren barnean zeudenak.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kalbinoren erreformak arrakasta handia lortu zuen XVI. mende erdialdetik aurrera eta Europako bazter askotara zabaldu zen indar handiz, Frantziako eta Nafarroako erresumak barne. Joana III.a Albretekoa Nafarroa eta Biarnoko erreginak (1555-1572) erreformaren aldeko hautua egin zuen bete-betean; ministro protestanteak ezarri zituen Donapaleun, Oztibarren eta Bastidan, eta kalbindarren kristau dotrina nahiz Itun Berria euskarara (Leizarraga, Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria, 1571n argitara emana) eta biarnesera bihurtzeko agindua eman zuen. Nafarroa Behereko eta Zuberoako jende gehienak katoliko zirauen (Zuberoa Frantziako koroaren mendean zegoen 1510. urtetik, baina administrazio mailan Nafarroako erresumarekiko loturak zituen). Erlijioen arteko gorabeherak nahasi ziren Euskal Herria askoz ere lehenagotik hedatuak ziren ahaide nagusien arteko liskarrekin; katolikoak Lüküzeko etxearen ingurura bildu ziren, eta protestanteek Agaramonteko etxea hartu zuten gidari, Joana erreginarekin batera. Oinarrian zegoen gainera, Nafarroako konkistaren aurrean, agaramontarrek eta beaumontarrek izan zuten jarrera desberdina (Bernart Etxepare idazle garaztar katolikoa [Linguae vasconum primitiae, 1545] gaztelarren alde jokatu zuelako salaketapean sartu zuten kartzelan). Giro honetan, katolikoak Karlos Lüküzekoa Mauleko gobernariaren alde jarri ziren eta protestanteak Antonio Agaramont edo agaramonterenaren alde.

Gatazka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1560an Joana III.ak fede katolikoa ukatu eta protestante bihurtu zen. Hurrengo urtean fede askatasuna eman zuen, baina 1566an bidea eragotzi zion fede katolikoari. 1568an, Lüküzeko jaunak gidaturiko osteek Garrüzeko gotorlekua inguratu eta preso hartu zuten Marc Larrea kapitain protestantea. Antonio Agaramontarrak Donibane-Garazi hartu zuen erantzun gisa eta Zuberoako katolikoek, bestalde, Montoriko herri agaramondarra erre zuten.

Henrike printzeak, Nafarroako Henrike III.a eta Frantziako Henrike IV.a izango zenak, bi alderdietako buruzagi nagusiak bildu eta fede askatasuna onartu eta bakea agindu zuen. Alabaina, Joana III.ak eman zuen barkamenetik kanpo geratu ziren buruzagi katoliko nagusiak (Lüküze, Domintxine eta Etxauzko jaunak, beste hogeita zortzi lagunekin batera). Axularrek Bertrand Etxauz Baionako apezpikuari XVII. mendean zuzendutako hitzaurrean ere gatzaka horien testigantza dago:

«

Nafarroa behereko parte hetan, bertze anhitz lekhutan bezala, lege katolika saindua, iduriz flakatzera, kordokatzera eta erortzera zihoanean, badaki munduak nola zure aita Iauna, bere etxeaz, onez eta biziaz ere kontu guti eginik, ioan zen Donapalaiora, non baitzen orduan Nafarroako Parlamenta. Eta han ausartzia handi batekin, bere bihotz giristino noblearekin, hasi zen, ezpata biluzia eskuan harturik, oihuz, Matatias bat bere denboran bezala, erraiten zuela: Omnis qui habet zelum legis, statuens testamentum exeat post me (2 Mach 2). «Ea giristinoak, giristino izenarekin, izana duzuenak, bertze egiteko guztiak utzirik hurbil zakizkidate, iarraiki zakizkidate eta egiazko legearen eta fedearen mantenatzen eta sostengatzen, lagun zakizkidate». Eta hanbat egin zuen, non bere herria eta ingurunekoak ere, hetan sartzera zihoan eritasunetik begiratu baitzituen. Eta gero handik hartako herraz eta mendekuz bere iauregi ederra erre zioten. Hunelakoak ziren zure aita Iauna eta bai bertze aitzinekoak ere

Axular (1643)

»

[1]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri

Zuberoan, ordea, lanpostu publikoetan zeuden higanoteen aurkako karguak jaso zituzten. 1568an berean, Pauera jo zuten buruzagi katoliko nafarrek eta erreginaren barkamena lortu zuten. 1569. urtean, Henrike III.a Frantziakoak Nafarroa Behereaz, Biarnoz eta Albretekoen lurralde guztiez jabetzea erabaki zuen, higanoteen mendean zeudelako aitzakian. Karlos Lüküzekoaren esku utzi zuen lurralde hauetako gobernua. Katolikoek Zuberoako eta Biarnoko hiri ugari hartu zuten, baina Montgomeryko kondeak gidaturiko armadari ezin aurre eginik, Zuberoara jo zuten atzera eta Donibane-Garazi hartzen saiatu ziren ondoren. Montgomeryko kondearen osteek triskantza handiak eragin zituzten Zuberoan. Lüküzeko jaunak ez zuen etsi eta Mauleko gaztelua berreskuratu zuen. 1570. urtean Nafarroa Beherea protestanteen esku zegoen eta erabat galtzera utzi zuen fede katolikoa. 1571ean Saint-Germaingo bakea sinatu zuen Katalina Medicik, Frantziako erregeordeak, higanotekin eta, horren eraginez, fede katolikoari bidea zabaldu zion Joana Albretekoak bere erreinuan.

1572an hil zen erregina, eta gatazkak bukatu ez ziren arren, Henrike III.a Nafarroako errege eta Frantziako higanoteen buruzagi nagusiak (Frantziako Henrike IV.a izena hartuko zuenak) fede askatasuna aldarrikatu zuen, berriro ere, gehienean katolikoa zen Nafarroa Beherean.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bastida, Oztibarre, Donapaleu, Maule eta Montori izan ziren Ipar Euskal Herriko protestantegune nagusiak. Lapurdi gatazka handi haietatik kanpo samar geratu zen, eta Baionako erakundeak eramankor samarrak izan ziren higanotekin. Protestantismoa zabalduko zelako aitzakian, Filipe II.a Espainiako erregeak bere mendean zeuden Baionako apezpikutegiko herriak banatu eta Iruñekoan sartzea lortu zuen Pio V.a Aita Santuarengandik 1566. urtean. Lurralde hauek ziren: Hondarribia, Irun, Lezo, Pasaia, Oiartzun eta Errenteria, Gipuzkoan; Bortziriak, Leringo harana, Bertitzarana eta Baztan, Nafarroan. Kexuak ugari izan ziren baina ez zen aurrerantzean erabaki hura indarrik gabe uzteko neurririk hartu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Kondaira .