Edukira joan

Euskaldunak erromatar armadan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskaldunak erromatar armadan aritu ziren, hau da, erromatarren garaian euskal lurraldetako biztanle batzuk erromatar armada konkistatzailean aritu ziren. Euskal lurraldetako biztanle hauek, mendebaldetik ekialdera, autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak, beroiak, baskoiak eta akitaniarrak ziren, besteak beste. Armadan parte hartzea "probintzietakoak" sozialki igotzeko bideetako bat zen eta euskal lurraldeetakoak ez ziren salbuespen izan[1].

Lehen harremanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. II. mendearen zehar izango ziren erromatar tropen eta Ebro-haraneko inguru honetako biztanleen arteko lehen hartu-emanak[2]; Tito Liviok suessetaniak aipatzen ditu, baskoien ekialdeko herria[3][4].

Tito Liviok, Sertorioren gerren testuinguruan, K.a. 76ko Sertorioren ibilbidea deskribatzen du: Ebrotik gora bursaoniarren, kaskantiniarren eta grakurritarren mugetatik pasatu, Calagurrisera heldu, Vasconum agrum zeharkatu, eta beroien artean kanpatu zuen, hurrengo egunean Vareiara joateko, beroien arteko urbs edo hiririk garrantzitsuenera[5].

Salustiok idazten du K.a. 75ean Ponpeio baskoien lurraldera hurbildu zela bere armadarentzako elikagaien bila[6].

Silio Italikok guda punikoetan parte hartzen duten baskoiak aipatzen ditu. Pirinioak gurutzatzen dituen Hanibalen armadaren barruan daude[7] eta kantabriarrekin batera Trasimenoko[8] eta Kanaseko gudan[9] borrokatzen dute.

Turma Salluitana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ezkerraldean Turma Salluitana jasotzen duen Ascoliko brontzea (CIL, I, 709)

Ascoliko brontzea deituriko diploma militarrak[10] erakusten du, lehenbizikoz, baskoien parte hartzea Erromako armadan, legioaren tropa laguntzaile gisa (turma), erromatarren barne gatazka batean eta Iberiar penintsulatik urrun.

K.a. 89. urtean, Gerra Sozialaren (Bellum sociale) testuinguruan, Turma Salluitana izeneko zaldun-talde bati Kneo Ponpeio Estrabon erromatar jeneralak (Ponpeio Handiaren aitak) hiritartasuna aitortu zion Ausculum (Ascoli, Italia) hiria hartzean erakutsitako adoreagatik.Turma zaldizko konpainia militar bat zen, 30 zaldizko eta hiru dekurioi zituena, eta, beranduago, hogeita hamabi zaldizko, dekurioi izeneko kapitain batekin[11]; Salluitana adjektiboak "gerlari indigenok erreklutatuak izan ziren hiriari erreferentzia egiten dio: Ebro haraneko Salduie (Zaragoza)"[12].Turma Salluitanako partaideak, beraz, -antroponimia iberiarra, indoeuroparra eta baskoia zutenak- Ebro-haraneko erdialdeko hirietakoak ziren[13]. Turmako bederatzi zaldizko baskoiak ziren, Segiakoak, eta hiru kokapen ezezaguneko beste hiri batekoak, hau ere baskoia izan behar duena, Enege[11].

Cohortes Vasconum

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.o. I. mendearen bigarren erditik aurrera Erromako legioen oinarrizko unitateetan, kohorteetan (cohortes), aurkitzen ditugu baskoiak. Indigenen artean erreklutatzen zirenean, izendapen etnikoa izaten zuten, kohortearen jatorria adierazteko[12].

Tazito historialariak, bataviar matxinadako gertakariez ari denean (K.o. 69), Galbak Neronen aurkako bere matxinadarako Tarraconensisen errekrutatutako baskoien kohorteak aipatzen ditu, Vasconum lectae a Galba cohortes. Kaio Iulius Civilis erromatarren kontrako bataviarren eta germaniarren matxinadaren buru jarri zen. Asciburgium erromatar kanpamendua (gaur egun Asberg), Rhin Behereako Düsseldorf inguruan, eraso egin zuten. Zivilis eta bere soldadurik onenak kanpamendura sartu eta suntsitu zuten. "Borrokaren zortea -dio Tazitok[14]-, tanpez aldatu zen uste gabeko laguntza batekin: baskoien kohorteek, Galbak erreklutatu eta orduan deituek, kanpamendurantz hurreratzean, gudularien harrabotsa entzunik, arreta finkoan ziharduten etsaiei bizkarretik erasotzen diete eta kopuruari zegokion baino izu handiagoa sortzen (...). Oinezkoetan ziren batavorik suharrenak desegiten dituzte. Zaldizkoak ihes egin zuen banderekin eta gudu hasieran atzitutako gatibuekin. Hilen kopurua egun hartan handiagoa eta gerrarako ezgaiagoena izan zen gure alderdian; germaniarrenean, onenak jausi ziren."[15] Tazitok ez du kohorte hauen zenbaki ordinala ematen, baina plurala darabil; hemendik ondoriozta daiteke bi edo gehiago zirela baskoien kohorteak[16].

Zivilisen matxinada menderatu ondoren Germania Beherea baketuta, Rhineko indar armatu gehienak Britanniara eraman zituzten. 105eko diploma militar[17] batean, hau da, Trajanoren garaian, Cohors II Vasconum equitata civium Romanorum idatzita aurkitzen da. II ordinalak adierazten du beste baskoi kohorte bat bazela, I zenbakiduna, beharbada Asciburgiumekoa; Vasconum jatorri etnikoa; equitata, zaldunez osatua, hau da, infanteriako 500 gizonez gain zalditeria-laguntzailea ere bazuena; civium Romanorum, erromatar hiritarrez osatua[16]. 122an ere beste bi agerpen ditu kohorte honek Britannian[18].

Urte batzuk beranduago Afrika iparraldeko Mauretania Tingitana erromatar probintzian agertzen da kohorte hau, Banasan[19] eta Volubilisen[20].

Ziurrenik kohorte hauetako soldadu guztiak ez ziren baskoiak izango. Jatorrian izan ziren, baina, ondoren, errekrutatzeak, ziur aski, behar zen tokian egingo ziren.[1]

Cohors Carietum et Veniaesum

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brescian aurkitutako inskripzio[21] batean, Cohors Carietum et Veniaesum izenekoak Gaius Meffius izeneko bati egiten dio omenaldia. Kohorte honetakoak ez dira, beraz, erromatar hiritarrak, peregriniak baizik, hiritar eskubiderik gabekoak.

Pliniok bi herriok aipatzen ditu conventus cluniensis deskribatzen duenean, in eundem conventum Carietes et Vennenses V civitatibus vadunt[22]. Karieteak (carietes) eta karistioak (karistoí) populus bera aipatzeko bi modu direla pentsatzen da[16] [23]. Vennenses izenekoek, berriz, bost hiri zituzten, Plinioren arabera, eta horietako bat Veleia zen, gaurko Iruña-Veleia[16].

Cohors I fida Vardulorum civium Romanorum equitata milliaria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bremenium kanpamenduko sarrera. Orain arte ez da induskatu.

Zazpi diploma militarretan[24] eta hamazazpi harri gaineko inskripziotan agertu da kohorte hau, gaur egunera arte. Aipatu dokumentuek K.o. 98 urtetik aurrera datatzen dute barduliarrek osatutako Cohors I Fida Vardullorum civium Romanorum. Britannian kokatzen dute; hasieran, Longoviciumen (Lanchester), Hadrianoren harresiaren hegoaldean, K.o. II. mendearen lehen zatian; beranduago, Bremeniumen (High Rochester, Northumberland) denbora gehienean, III. mendearen erdira arte[16].Kohorte honen portaera bikaina izango zen hasieratik: 98an civium Romanorum izenenarekin agertzen da, hau da, erromatar hiritarrez osatua, eta Fida, une txarretan agintean jarritako enperadoreren batekiko atxikimendua adierazten duena (Oton, Vitelio edo Vespasiano); milliaria bezala, hau da, 1000 soldadu dituena, 122ko diploman agertzen da estreinakoz; equitata, berriz, turmae edo zalditeria duena, 215etik da, iturri epigrafikoen arabera.

Cohors praetoriae

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. I. mendearen bukaeran, guda zibileko ezegonkortasun politikoaren testuinguruan, Erromako magistratu eta politikari batzuek beren babes pertsonalerako gizonak Euskal Herrian bilatu zituzten [12]. Baskoien auzokideak, oso baskonizatuak, Errepublika amaieran, pretoriar guardietan (cohors praetoriae) zeuden[25]. Mariok Erroman Hispaniatik eramandako bardiaioi izeneko esklabo guardia bat zuen[26]. K.a. 48an Kinto Kasio Longino beroien tribuko guardia pertsonalak salbatu zuen Kordoban. Augustok ere Calahorrako baskoi peregriniz osatutako pretoriar guardia izan zuen[27] eta Marko Antonio garaitu zuenean lizentziatu egin zituen.

Banakako soldaduen aipamenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ramírez Sádabak[1] K.o. I eta II. mendeko sei izen aipatzen ditu, gehienak Calahorrakoak.

Soldadu soilek jatorri peregrini duten cognomina daramate; ondoriozta daiteke soldadutza promozio sozialerako funtzionatzen zuen. Legio X Geminako bi Aureli Flavus eta Festus ziren[28], Flavus ohiko ezizena, izen indigena itzultzen duen cognomena. Legio II Augustako beteranoak, Andelosko Aemiliusek, Ordunets[29] cognomena du, euskaratik ahoskatua edo egokitua dirudiena[30]. Valeriusek, berriz, cognomen bezala ezizen iberikoa du.

Badira ere erantzukizuneko karguak zituztenak. Hala nola, C. Marius Aemilianus[31], pretoriar guardiako (cohors proaetoriae) ofizialordea, eta, bereziki, C. Sempronius Fidus[32], lau legiotako tribunus militum eta Tarracoko flamen probintziala, cursus equester baten kargua.

Behe inperioko limitanei tropak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Comitatenses tropen eta limitanei tropen kokalekuaren berri ematen duen Notitia Dignitatum Occidentis, honako leku hauek aipatzen ditu Euskal Herrian IV. mende amaierarako: Iruña-Veleia, Cohors I Gallica equitata quingenariaren etxea, eta Baiona (Lapurdum), Cohors Novempopulanarena[33]. Hiri horiek guztiak, limitanei tropak zituzten gotortutako kokapgune militar batzuen lerro oso bateko parte ziren, Galizako Lugon hasi eta Baionara iristen zena: Leon, Legio VII Geminaren egoitza; Zamorako Rosino de Vidriales (Petavonium) hiria, Cohors II Flavia Pacatianaren kanpamentua; Lugo (Lucus Augusti), Cohors II Lucensisen egoitza eta Kantabriako Campoo de Enmedio udalerriko Retortillo herria (Iuliobriga), Cohors I Celtiberorum Equitata civium romanorum kohortearen egoitza[34][35].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c Ramírez Sádaba, José Luis. (2015). «Vascones por las tierras del Imperio romano» Príncipe de Viana (277): 373-384.  doi:10.35462/pv.277. ISSN 2530-5824. (Noiz kontsultatua: 2021-01-30).
  2. (Gaztelaniaz) Agorreta, María Jesús Peréx. (1989-01-01). «Los vascones según las fuentes escritas» Gerión. Revista de Historia Antigua: 317–317. ISSN 1988-3080. (Noiz kontsultatua: 2021-01-30).
  3. (Gaztelaniaz) ImagoPyrenaei |, por. «02. La localización geográfica de los Suesetanos – Imago Pyrenaei» www.imagopyrenaei.eu (Noiz kontsultatua: 2021-01-30).
  4. Tito Livio XXXIV, 19-20: Katonek, Emporiaera iritsi zenetik, hainbat etniaren aurkako gudu eta setioak kateatu zituen, horien artean Suessetaniak, baskoien auzoak./ Tito Livio XXXIX, 42: Aulo Terentzio Varron pretoreak Suessetanien Korbion setiatu zuenekoa K.a. 184an.
  5. Tito Livio. Historiarum Libri XCI. Fragmentum:. 'Haec secum agitans Sertortius praeter Hiberum amnem per pacatos agros quietum exercitum sine ullius noxa duxit. Profectus inde in Bursaonum et Cascantinorun, et Graccuritanorun fines, evastatis omnibus proculcatisque segetibus, ad Calagurim Nasicam, sociorurn urbem, venit; transgressusque amnem, propinquum urbi ponte fado castra posuit. Postero die M. Marium, quaestorem in Arevacos et Cerindones misit ad conscribendos ex iis gentibus milites, frumentumque inde Contrebiam, quae Leucada appellatur. comportandum, praeter quam urbem opportunissimus ex Beronibus transitus erat, in quamcumque regionem ducere exercitum, statuisset: et C. Insteium, praefectum equitum, Segoviam et in Vaccaeorum gentem ad equitum conquisitionem misit, iussum cum equitibus Contrebiae sese opperiri. Dimisis iis ipse profectus, per Vasconum agrum ducro exercitu, in confinio Beronum posuit castra. Postero die cum equitibus praegressus ad itinera exploranda, iusso pedite quadrato agmine sequi, ad Vareiam, validissimam regionis eius urbem, venit...'.
  6. «Historiarum fragmenta II, 76» www.thelatinlibrary.com ('Tum Romanus exercitus frumenti gratia remotus in Vascones [est]') (Noiz kontsultatua: 2021-01-29).
  7. «Silius Italicus, Punica Liber IIII, 357-358» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-29).
  8. «Silius Italicus, Punica Liber V, 195-197» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-29).
  9. «Silius Italicus, Punica Liber IX, 227-234» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-29).
  10. CIL, I, 709
  11. a b «TURMA SALUITANA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
  12. a b c Torregarai, Elena. (2010). Euskaldunak erromatar armadan. NORA, 26-29 or..
  13. Pina Polo, Francisco. (2003). «¿Por qué fue reclutada la "turma salluitana" en "Salduie"?» Gerión. Revista de Historia Antigua 0: 197-204.  doi:10.5209/geri. ISSN 1988-3080. (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).[1]
  14. «Tacitus: Histories IV, 33, 6» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-29).
  15. Tazito. (2005). Analak eta Historiak II. Klasikoak ISBN 84-88303-00-9. PMC 851287136. (Noiz kontsultatua: 2021-01-30).
  16. a b c d e GARCÍA Y BELLIDO, A. (1969). Los “vascos” en el ejército romano. FLV, 1, 97-107. or..[2]
  17. CIL, XVI, 61: Sydenhamen (Ingalaterra) aurkitua.
  18. CIL, XVI, 69 eta AE, 2008, 800: Cohors II vasconum civium romanorum.
  19. CIL, XVI, 181: Cohors II Hispanorum vasconum
  20. CIL, XVI, 182: Cohors II Hispanorum vasconum civium Romanorum eta AE, 1985, 992: Cohors II Hispania vasconum.
  21. CIL, V, 4373
  22. «Pliny the Elder: Natural History, Book III, 26» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).: In Cluniensem conventum Varduli ducunt populos XIIII, ex quibus Alabanenses tantum nominare libeat, Turmogidi IIII, ex quibus Segisamonenses et Segisamaiulienses. in eundem conventum Carietes et Vennenses V civitatibus vadunt, quarum sunt Velienses. eodem Pelendones Celtiberum IIII populis, quorum Numantini fuere clari, sicut in Vaccaeorum XVII civitatibus Intercatienses, Palantini, Lacobrigenses, Caucenses.
  23. «Euskal Herriko herriak eta hiriak Antzin Aroan» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-31).
  24. CIL, XVI, 43, 51, 69, 70, 82, 93 eta 130.
  25. Blázquez, José Mª. (1994). Aculturación romana entre los vascones. Tercer congreso general de historia de Navarra.
  26. «Plutarch, Caius Marius, chapter 43, section 3» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2021-02-04).
  27. «Divus Augustus» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-04).
  28. CIL, XIII, 8732
  29. HEp, 3, 267
  30. Gorrochategui, Joaquín. (2006). Onomástica vascona y aquitana: Elementos para el conocimiento de la historia antigua de Navarra. Navarra en la Antigüedad. Propuesta de actualización, 111-136 or..
  31. AE, 1921, 83
  32. CIL, II, 4245
  33. «LIMES - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-05-06).
  34. Estenban Delgado, Milagros. (2003). [https://itsasmuseoa.eus/wp-content/uploads/pdf/ITSASMEMORIA_4.pdf «La vía marítima en época antigua, agente de transformación en las tierras costeras entre Oiasso y el Divae»] Itsas memoria. Revsita de estudios marítimos del País Vasco (Donostia: Itsas Museoa) 4, Itsas garraioa eta merkataritza: 13-40. ISSN 1136-4963..
  35. «LIMES - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-05-06).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]