Fernando Maria Ybarra eta de la Revilla

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fernando Ibarra» orritik birbideratua)
Fernando Maria Ybarra eta de la Revilla
1. Arriluce de Ybarrako markesgoa

1918 - 1936

Gorteetako diputatua

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFernando María de Ybarra y de la Revilla
JaiotzaSantander1875eko ekainaren 30a
Herrialdea Espainia
HeriotzaErandio1936ko irailaren 25a (61 urte)
Familia
AitaFernando Luis Ybarra
AmaMaría Nicolasa de la Revilla Ingunza
Ezkontidea(k)María de los Angeles Dominga Oriol Urigüen
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta industrialaria
Lantokia(k)Madril
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaAlderdi Liberal-Kontserbadorea
Liga de Acción Monárquica
Espainiar Berrikuntza

Fernando Maria Jose Pablo Ybarra eta de la Revilla, Arambarri eta Ingunza (Santander, 1875eko ekainaren 30a - Erandio, 1936ko irailaren 25a) euskal noble, politikari, legelari eta enpresaburua izan zen[1], Arriluce de Ybarrako lehendabiziko markesa.[2] 1936an hil zuten, Espainiako Gerra Zibilean.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaitar nobleziako ahaide, Fernando Luis Ybarra Aranbarri eta Maria Nicolasa de la Revilla eta Inguntzaren semea zen, Santanderren jaioa III Gerra Karlista zela eta, bereziki bortitza Hego Euskal Herrian.

13 urterekin Bilbon estudiante zebilela hil zitzaion aita, 1888an. Horren ondorioz, bere osaba Jose Vilallonga-k hartu zuen bere ardura, bere izeko Rafaela Ybarra ongilearen senarrak, hain zuzen.

Zuzenbidea eta Filosofia ikasketak burutu zituen, Deustun lehenengo eta Erresuma Batuan gero[3]. Deustuko Unibertsitateari oso lotua egon zen, izan ere, bertan ikasteaz bezte, Fundación Vizcaína Aguirre [Agirre Fundazio Bizkaitarra] antolakundeko kide izan zen, Unibertsitate Komertzialaren bultzatzaile 1916an.[4]

1901eko maiatzaren 6an ezkondu zen Maria de los Ángeles Oriol Uriguenekin, hiru seme-alaba edukiz: Fernando Jose, Luis Maria eta Maria José.

Enpresan eta politikagintzan eragin handiko gizona, 1918an Alfontso XIII.a Espainiakoak Arriluze Ybarrako lehendabiziko markes izendatu zuen. Gerra Zibila piztu zenean, Fernando M. Ybarra Bizkaian zegoen, eta errepublika-milizianoek atxilotua izan zen. Itsasadarrean zegoen Cabo Quilates [Kilateak Lurmuturra] itsasontzian bere seme Fernando J. eta bi ilobekin sartu eta, bertan zeudela, 1936ko irailaren 25ean Gregorio Balpardarekin batera erail zituzten. Bonbardaketa baten ondoren, milizianoek jipoitu eta fusilatu zituzten[5].

Politika-bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monariko-liberala tradizioz, Fernando M. Ybarra 1907ko apirilaren 21eko hauteskundeetan diputatu atera zen, Bilboko barrutian zerrenda katoliko-monarkikoan idependente joanda. Ia 3.000 boto atera zizkion bere aurkari Pablo Iglesiasi, barruti beretik aurkeztu zena[3]. Pedro Anitua jeltzaleak ere Bilbotik aurkeztu zuen zerrenda, baina emaitzen ondoren, bere alderdiak Ybarraren hautagaitza deuseztu zedila eskatu zuen. Izan ere, jeltzale epelen botoa eskuratu zuten monarkikoek, baita karlista edota katolikoena ere.[6]

Bizkaiko Alderdi Kontserbadorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1909an udal hauteskundeetara aurkeztu zen Fernando M. Ybarra, Jose Horn jeltzalearen kontra galduz. Horn Bilboko alkate izendatzeak mugimenduak butzatu zituen monarkikoen artean, eta Ybarra, Antonio Maura-ren lagun izandako Erramun Bergé eta Endrike Arestirekin batera, Bizkaiko Alderdi Kontserbadorea sortu zuen, 1909an. Alderdiko presidente izan zen, bere sorreratik 1916ra arte.

1910eko maiatzaren 8ko Gorteetako Hauteskundeetara ere aurkeztu zen Ybarra, oraingoan Barakaldoko barrutitik. Erramun Madariaga errepublikanoaren kontra irabazi zuen eserlekua, polemikak berriz bustitako prozesuan[3]. Urte hartan bertan, Gabriel eta Emilio Ybarra bere anaiekin El Pueblo Vasco [Euskal Herria] egunkari dinastikoa sortu zuen, Bizkaiko kontserbadoreen bozeramaile. Adar politiko honen gaztediak ere antolatu zituen 1910ean, gerora Gaztedi Mauristak deituko zirenak.

1914ko hauteskundeetan eserlekua mantendu zuen Fernando M. Ybarrak Indalezio Prieto sozialistaren kontra, baina 1918-koetan Alexandro Zaballa jeltzaleak menderatua izan zen, EAJk Bizkaiko barruti guztiak irabazi zituelarik (Bilbokoa izan ezik, Prietoren esku[3]). Hurrengo urtean, nahiz eta Domingo Epaltza jeltzaleak menderatua izan, Villarcayoko diputatu bihurtu zen Ybarra, Burgosko barruti hartan aurkeztuz. Horri esker Gorteetan segitu zuen, orain lehendakariorde lanetan.

Dinastikoak bildu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1918an, dinastikoen batura sendotuko zuen indar politiko baten bila, Fernando M. Ybarrak Liga de Acción Monárquica (LAM, Monarkia Ekintzarako Liga) butzatu zuen, Bizkaian aski zabaldutako eusko abertzaleen aurka egiteko. 1918ko martxoan, Artxandan egindako biltzarraren ondotik telegrama igorri zioten LAMeko sortzaileek (horien artean Aresti eta Bergé ere bazeudela[7]) Alfontso XIII.ari. Urte hartan bertan izendatu zuen Erregeak Fernando M. Arriluze Ybarrako lehen markes, erregeari zion leialtasuna zela-eta, telegraman antzemangarri:[7]

« Mugimendu separatistari aurre egiteko, Bizkaiko alderdi liberal, kontserbadore eta mauristaren ordezkariak, eta baita monarkiko independenteak bilduta, Monarkia Ekintzarako Liga sortzea erabaki dute, eta bere lehen ekimena Berorren Gorentasunari zuzentzea da, erregimenaren ordezkaritza nagusia, errespetuz agurtuz eta, aldi berean, jakinaraziz autonomia-arazoen eta horien artean Bizkaikoaren irizpena emateko parlamentuz kanpoko Komisioan, gure probintzia guztiz kanpo dagoela. »

Miguel Primo de Rivera-ren diktadura ailegatu zenean, Fernando M. Ybarra politika aktibotik aldendu zen. II Errepublika garaian, LAM disolbatu egin zen (izan ere, LAMeko kide nabarmen asko Primo de Riveraren Union Patriótica [Batasun Aberkoia] alderdian sartu ziren), eta Ybarra posizio autoritarioetara gerturatu, Renovación Española (RE, Espainiar Berrikuntza) alderdi monarkikoaren Batzar Nazionalean parte hartu arte. RE-tik konspirazioetan ibili zen Errepublikaren aurka, 1936an jakin izan zena Frente Popular [Fronte Popularra] koalizioak hauteskundeak irabazi eta gero. Konspiraziook Ybarraren bizitzarekin amaitu zuten, Gerra hasi orduko Bilbon harrapatu eta milizianoek akabatu baitzuten, Cabo Quilates barkuan, 1936ko irailaren 25ean.

Enpresa-bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ybarratarren leinuko, Fernando M. laster sartu zen familia-negozioetan. Bere aita, Fernando L. Ybarra Aranbarri, Bilboko Labe Garaien (AHB, Altos Hornos de Bilbao) kontseiluan egin zuen lan, eta semea bertan sartu zuen kontseiluko bozeramaile (1898ko uztaila), Jose Vilallonga osaba zendu ostean. Urtebete geroago, 24 urte besterik ez zituela, Liga Vizcaína de Productores (LVP, Ekoizleen Liga Bizkaitarra) interes taldean sartu zen, eta 1902-1905 artean berorren kontable. Pablo Altzola eta Rafael Pikabearekin batera LVPen gestioak gidatu egin zituen, Espainiako Gobernuak arantzelen legeetan errebisioak egin zitzan.

1901ean, Fernando M. Ybarra AHBko komisio arduraduneko kide izendatu zuten, komite exekutibo modukoa, Pablo Altzola ordeztuz, Langintza Publikoetako zuzendari orokor bihurtu zena. Urtebete ondoren, Sociedad Anónima de Metalurgia y Construcciones "La Vizcaya" ["Bizkaia" Metalurgia eta Eraikuntza Sozietate Anonimoa] zelakoarekin elkartu zen AHB, Bizkaiko Labe Garaiak sortuz. Ybarra enpresa berriko kontseilari bihurtu zen orduan.

1907an, Fernando M. Ybarra Hidroeléctrica Ibérica [Hidroelektrika Iberiarra] enpresako lehendakari izendatu zuten[8], geroago Hidroléctrica Española [Hidroelektrika Espainola] deituko zena, eta egun Iberdrola. Bera hil ostean, bere seme Luis M. Ybarrak hartuko zion txanda Hidroelektrikan, kontseilari.

Industria-munduari ez beste, esan bezala interes handia izan zuen Fernando M. Ybarrak prentsan. Bere alderdikideen sostengu izango zen El Pueblo Vasco egunkariaz beste, Luz y Taquígrafos [Argi eta Takigrafoak] astekariaren sorkuntzan parte hartu zuen[9].

Halaber, Banco de Vizcaya [Bizkaiko Bankua] delakoan egin zuen lan, eta bere dirutza Espainiako Bankuaren sostengu gisa jarri zituen I Mundu Gerra hasi zenean (1914), beste zenbait bizkaitar aberatsek bezala. Halaber, 1914 eta 1916 artean LVPko kide izaten segitu zuen, eta baita Getxoko Real Sporting Club itsas-taldeko presidente.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Auñamendi Eusko Entziklopedia. Fernando María Ybarra de La Revilla. .
  2. «Marqués de Arriluce de Ibarra - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-19).
  3. a b c d (Gaztelaniaz) Luis Mª de Ybarra y Oriol (1912-2001). La Discreta Grandeza de un Gran Empresario. Servicio de Publicaciones de la Universidad de Navarra.
  4. Ezagutu ezazu Deusto Business Schoolen historia. .
  5. «Balparda, rescatado» El Correo 2006-10-8.
  6. (Gaztelaniaz) Louzao, Joseba. (2011). Soldados de la fe o amantes del progreso: Catolicismo y modernidad en Vizcaya (1890-1923). Genueve Ediciones, 126 or. ISBN 978-84-938557-9-6..
  7. a b (Gaztelaniaz) Estornés Zubizarreta, Idoia. (2021). Liga de Acción Monárquica. Auñamendi Entziklopedia.
  8. www.biografiasyvidas.com
  9. (Gaztelaniaz) Díaz Morlán, Pablo. (2002). Los Ybarra: una dinastía de empresarios, 1801-2001. Marcial Pons, 174 or. ISBN 84-95379-43-0..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Fernando M. Ybarra diputatu izandako hauteskundeen zerrenda, Espainiako Diputatuen Kongresuko webgunean.