Gérard Murillo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gérard Murillo

Bizitza
JaiotzaParisko 10. barrutia1932ko otsailaren 9a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaZiburu2023ko urriaren 11 (91 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakhamabosteko errugbilaria
Ibilbidea
Taldeak Urteak J P
Frantziako errugbi selekzioa1954ko apirilaren 24a-1954ko abuztuaren 29a
2
0
Sport Athlétique Mauléonais1949-
Q109020333 Itzuli-
Stade Dijonnais Côte D'Or (en) Itzuli-
FC Lourdes1955-1956
Aviron Bayonnais1956-1961
Saint-Jean-de-Luz Olympique1961-1962
 
Posizio edo espezialitateahegalekoa

Gérard Murillo (Paris, 1932ko otsailaren 9a - Ziburu, 2023ko urriaren 11) euskal herritar errugbi jokalari, teknikari eta sustatzailea izan zen. SA Mauleon, Saint-Jean-de-Luz Olympique, Aviron Bayonnais eta Stade Dijonnaisen jokatu zuen, erdiko eta hegaleko postuetan, eta bi aldiz Frantziako selekzioan.[1][2]

Erretiratu ondoren, Saint-Jean-de-Luz Olympiqueko teknikaria (1962-1981), Espainiako selekzioko hautatzailea (1986-1992) eta Euskal Kostaldea-Landak batzordeko buru eta hautatzailea izan zen.[3][4] Haren lana funtsezkoa izan zen euskal errugbiaren garapenean eta, besteak beste, Euskariansen sorrera sustatu zuen.[2] Frantziako eta Irlandako errugbi federazioen urrezko dominak jaso zituen, eta Espainiakoak ohorezko kide izendatu zuen.[5]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisen jaio arren, Maulen hazi eta bertan bilakatu zen errugbilari, aitaren eskutik.[oh 1][6] 17 urterekin, SA Mauleonekin hasi zen gazte mailako txapelketetan parte hartzen. 1951n, taldea utzi eta Dijon aldera jo zuen, Stade Dijonnaisen jokatzeko. 1956an Euskal Herrira itzuli zen, eta lau urte egin zituen Aviron Bayonnaisen. Jokalari ibilbidea Saint-Jean-de-Luz Olympiquen amaitu zuen, 1962an.[7][6]

1954ko apirilaren 18an egin zuen debuta Frantziako selekzioarekin, Mendebaldeko Alemaniaren aurka.[8] Sei egun geroago, Europako Txapelketaren finala jokatu zuen, Erromako Stadio Olimpicon, Italiaren aurka; frantziarrak nagusitu ziren, 12 eta 39, eta berak bi entsegu egin zituen. Beste partida bat jokatu zuen talde nazionalarekin, Buenos Airesen, Argentinaren kontra.[1][6]

Zelaietatik erretiratu orduko, entrenatzaile hasi zen, eta 1962tik 1981era Saint-Jean-de-Luz Olympique prestatu zuen. Horretaz gain, Frantziako Errugbi Federazioko talde teknikoan egon zen, eta munduko bazter gehienak korritu zituen, esperientzia berriak ezagutuz eta ikastaroak emanez: Samoa, Fiji, Kaledonia Berria, Australia, Zeelanda Berria...[7]

Irlandarekin harreman berezia eduki zuen. Izan ere, bertako entrenatzaileentzako ikastaroak eman zituen lehenbiziko teknikari atzerritarra izan zen. 1974an, IRFU Irlandako Errugbi Federazioaren mendeurrena ospatzeko antolatu zen partidan, berak zuzendu zuen Irlandaren kontra jokatu zuen Munduko selekzioa. Hori zela eta, IRFU-ren urrezko domina jaso zuen.[9]

1950eko eta 1960ko hamarkadetan, Michel Zelaia lagunarekin batera, lan handia egin zuen errugbia Hego Euskal Herrian sustatzeko. Bien ahalegin eskuzabala funtsezkoa izan zen Atletico San Sebastian eta Hernani CRE kluben hastapenetan.[9]

Euskal Kostaldea-Landak batzordeko burua eta hautatzailea ere izan zen. Bera zen entrenatzailea 1990eko urriaren 30ean, Baionan, Zeelanda Berriko selekzioari 18 eta 12 irabazi ziotenean.[2] 1985ean, berriz, Euskarians sortu zuen, Ipar eta Hego Euskal Herriko errugbilariak biltzen zituen selekzioa.[9]

1986-1992 bitartean, Espainiako errugbi selekzioko hautatzailea izan zen. Urte horietan Espainiak partida bikainak jokatu zituen Italia, Errumania, Argentina edota Zeelanda Berriko maorien aurka, eta mauletarrak aztarna sakona utzi zuen ezagutu zutenengan. Zazpiko errugbiko selekzioaren sorrera ere bultzatu zuen. Esker onaren aitormen gisa, 2023ko abuztuaren 26an, Espainiako Errugbi Federazioko ohorezko kide izendatua izan zen.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Gérard Murillo. en.espn.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-10-13).
  2. a b c Gerard Murillo zendu da, euskal errugbiaren sustapenaren ikurretako bat. Naiz, 2023ko urriak 12, naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-13).
  3. Rugby: disparition de Gérard Murillo. Mediabask, 2023ko urriak 12, mediabask.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-13).
  4. L’Hostis, Julie. Rugby : l’emblématique entraîneur basque Gérard Murillo est décédé. Sudouest, 2023ko urriak 12, sudouest.fr (Noiz kontsultatua: 2023-10-13).
  5. a b Muere Gerard Murillo, histórico seleccionador del XV del León. Marca, 2023ko urriak 12, marca.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-14).
  6. a b c Gerard Murillo. finalesrugby.fr (Noiz kontsultatua: 2023-10-13).
  7. a b Alduntzin, Koldo. Gerard Murillo: «Ongi iruditzen zait jokalariek dirulaguntzarik izatea». Euskaldunon Egunkaria, 1993ko azaroak 6, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-13).
  8. Gerard Murillo: Allemagne de l'Ouest 3 - 28 Équipe de France. equipe-france.fr (Noiz kontsultatua: 2023-10-14).
  9. a b c de la Calle, Fermín. Cuando la España de rugby se fue de 'caza' por Zimbabue con un hippie al mando. elconfidencial.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-13).

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Gérarden aita, Léon "Siki" Murillo, Maulen jaio zen 1907ko abuztuaren 8an. Besteak beste, herri horretako Café du Commerce-ko gerentea izan zen. Sport Athlétique Mauléonaisen jokatu zuen errugbian, eta 15 urtez klubeko presidentea izan zen.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]