Gailurretako uhandre

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gailurretako uhandrea
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Amphibia
Ordena: Caudata
Familia: Salamandridae
Generoa: Ichthyosaura
Espeziea: Ichthyosaura alpestris
Laurenti, 1768
Hedapen mapa

Gailurretako uhandrea edo alpetar uhandrea (Ichthyosaura alpestris, lehen Triturus alpestris eta Mesotriton alpestris) salamandridae familiako arrabioa da.

Uhandre alpetarra, goi mendietan topa daitekeen anfibio ederra da. Kolore biziko uhandrea dugu eta bereziki deigarriak euren sabelalde laranjak eta arren bizkarralde urdin distiratsuak, araldian zehar. Tamalez, Euskal Herriko populazioen artean ez dago harreman handirik eta Nafarroako eta EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan zerrendaturik dago.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uhandre alpetarraren larbak txikiak dira, 8-9 mm-koak eklosio ostean. Bizkarraldean ondo garatutako gandorra dute, isatseraino zabaltzen dena, isatsak ere gandor txikiago bat duelarik. Ezpain-lobulu oso garatuak dituzte. Orokorrean arre-horixkak izaten dira eta kolore ilunagoko orbanak izaten dituzte, bereziki sabelaldetik gora. Hiru brankia dituzte, gorputzeko alde banatara eta hasieran dendunkari bi dituzte, oreka mantentzen laguntzen dieten apendize txikiak. Aurreko hankak agertzen lehenak dira, eta beranduxeago atzekoak.

Uhandre alpetarraren larben garapena luzatu egin daiteke eta batzuetan, metamorfosirako beharrezkoa baino gorputz-luzera handiagoa lor dezakete larba-egoeran, baita heldutasun sexuala ere. Honela, larba neotenikoak (lehen Lacusnigri, Montenigrus, Serdarus eta Peperanus azpiespezie modura ezagutzen zirenak) edo heldu pedomorfikoak (Reiseri azpiespeziea) sortzen dira. Hala ere, duten kloaka ez da erabat garatuta egoten. Orokorrean, larben antzeko gandor dortso-kaudala izaten dute, araldian arrek garatzen duten gandorrarekin nahas daitekeena. Bizkarraldea marroi, gris, hori edo urre kolorekoa izan dezakete eta arrek urdina. Ale hauek, baldintza faboragarrietan metamorfosia burutzeko gai dira.

Uhandre alpetar helduak 10 cm inguruko urodeloak dira. Haien sabelalde laranja biziak, nahiko ezaguterreza bilakatzen ditu. Gainera, gorputzean zehar eta batzuetan eztarri aldean orban beltzak dituzte. Dortso-lateralki konprimitutako isatsa dute eta behatzen artean ez dute mintzik.

Ar helduek forma liraina dute eta 7-10 cm-ko luzera. Araldian zehar gandor dortsal txiki bat aurkezten dute, zuzena, hori kolorekoa eta orban ilunez betea. Bizkarraldea urdin ilun kolorekoa da eta isatsa orban urdin distiratsuz beterik izaten dute. Buruaren albo bietara zilar koloreko lerroa dute, eta honen gainetik kolore beltzeko eta tamaina desberdinetako orbanak. Kloaka leuna dute.

Eme heldua, aldiz, arra baino handiagoa izaten da, 8-12 cm-koa. Ez du gandorrik bizkarraldean eta hau, ez da urdin kolorekoa izaten. Orbanak, ez dira hain biziak eta kolore apalagoak dituzte (grisak, marroixkak edo berdexkak). Bizkarralde arrea dute eta erdialdean, lerro argiago bat izan dezakete. Kloaka mehea eta zimurtua dute.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europan, espezieak bakandutako populazioak mantentzen ditu Erdialdeko Europa eta Hegoaldeko Europako mendikate handietako goi eremuetan eta Iberiar penintsularen iparraldean, holartiko motako banaketa zabalago baten glaziar-osteko hondakinak izaki. Europako zati handi batean aurki daiteke, Iberiar penintsulako iparraldetik hasita, ipar Atlantikotik Danimarka, Ukraina, Errumania eta Bulgariaraino. Balkanetan oso zabalduta dago. Gainera, hegoaldeko Ingalaterran ere sartu dute.

Euskal Herritik gertu Ordunteko mendilerroan eta Gorobel mendikatean aurki daiteke, eta Euskal Herrian bertan, berriz, Gorbeiara, Durangaldera eta Urkiola, Aralar eta Izkizeko mendilerroetara mugatzen da, penintsulako subespeziearen mendebaldeko nukleo murritzaren zati izanaz. Mendi-eremuetan bizi da batik bat, eta mendigune desberdinetako populazioen artean ez dago jarraitasunik. Eremu horietan, aldeko enklabeetan aurki daiteke eta espazioa irregularki eta modu ez homogeneoan betetzen du.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arra ur fasean

Hamar azpiespezie ezagun ditu:

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uhandre alpetarra ur geldoetan ugaltzen da eta larbak bertan hazten dira. Ur-masa desberdinetan haz daitezke, esaterako, sakonera gutxiko urmaeletan, aintzira tenporaletan, laku eta ubideetan, urasketan, eta ur korronte geldoko ibai-ertzetan.

Euskal Herrian uhandre alpetar helduak izaera menditarra duenez, pagadi eta larre menditarretan aurkitzen da, korronte gutxiko ibilguetako putzu txikietan edo ur geldoetan, landaredidunak edo landaredi gabeak, sakonera gutxikoak edo sakonak, eta eutrofikoak edo oligotrofikoak direnetan. Nahiago du substratu arrokatsu zehatz bat egotea; lehorreko aldian larrean zehar mugitzen da. Ur-masek osatzen dute ugalketarako habitata. Penintsulako beste eremu geografiko batzuetan mendiko aintziretan aurki daiteke batik bat. Europan, aldiz, habitat ugaritan aurki daiteke, beheko eremuetan ugariagoa delarik.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uhandre alpetarraren larbek hasieran detritusa jaten badute ere, garapena pixka bat aurreratu ahala aktiboki elikatzen hasten dira. Hasieran, bereziki beste anfibioen arrautzez elikatzen da baina gerora, moluskuak, mikrokrustazeoen larbak (Daphniidae) eta intsektu urtarrak jaten dituzte. Beste uhandreen larbekin alderatuta, uhandre alpetarraren larben harrapakinak bentikoagoak dira.

Helduak sasoi epelean zehar etengabe jaten egoten dira, hibernaziorako gantz kopuru nahikoa pilatzeko. Uhandre alpetarraren zenbait azpiespezie soilik urtarrak dira eta beste zenbait bereziki lehortarrak. Haien dieta, beraz, duten bizimoduarekin erabat erlazionatuta egoten da. Honela, heldu urtarren dieta krustazeo txikietan, arretan, intsektu larbetan, ur-barraskiloetan eta uretara eroritako intsektuetan oinarritzen da. Aldiz, bereziki lehortarrak direnak, ahoan kabitzen zaien eta mugitzen den ia edozer jaten dute, esaterako, bareak, kilker txikiak, kotxinilak, arrak eta bestelako ornogabe txikiak. Euskal Herriko uhandre alpetarrek bizimodu urtarra eta lehortarra txandakatzen dute, bi dietak konbinatuz, beraz.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uhandre alpetarrek heldutasun sexuala 3-5 urteekin hasten dute, baina altituderik altuenetan 20 urtera arte luza daiteke, bereziki indibiduo pedomorfikoen artean. Martxoaren erdialdera sakonera gutxiko ur-masetara migratzen hasten dira eta arrek orduan garatzen dute gandorra, eta euren azalak kolore deigarriagoak hartzen ditu. Arrek emeak gorteiatzen dituzte, isatsarekin dardar-mugimenduak eginez, era berean kloakatik feromonak askatzen dituztelarik. Emeek feromonen bidez arra aukeratu egiten dute eta honi jarraika hasten dira.

Ernalketa espermatoforoen bidezkoa da: arrek emea jarraika dutenean, lurrera espermatoforoa askatuko dute (espermaz beteriko paketea) eta emea honengana gidatuko dute. Emeak, orduan, kloaka ireki eta espermatoforoa barneratuko du.

Eme bakoitzak 70-390 arrautza jartzen ditu, batik bat ur-landareen hostoetan itsasten direnak, baina harri, adar eta eroritako hostoetan ere aurki daitezkeenak. Arrautzak banaka egon daitezke baina normalean 3-5 arrautzetako kate motzak eratzen dituzte. Larbek 2-4 astera eklosionatzen dute eta jaiotzen direnetik izaten dituzte aurreko hankak garatuta. 4-5 cm-ko luzera lortzean, metamorfosia burutu dezakete baina zenbait larba forma pedomorfiko eta neotenikoetan mantentzen dira.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uhandre alpetarra goizean-goiz eta ilunabarrean da bereziki aktiboa, baina normalean, gauez elikatzen dira. Azpiespeziearen arabera erabat urtarrak edo bereziki lehortarrak izan daitezke baina Euskal Herrikoak, bi faseak konbinatzen dituzte. Neguan hibernazioa burutzen dute, iraila-urrian hasita, otsaila ingurura arte.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nematodo eta helminto espezie desberdinak dira uhandre alpetarraren parasito arruntak. Gainera, mundu osoko anfibioetan modu kezkagarrian populazioen beherakada sortzen ari den onddoak ere, Batrachochytrium dendrobatidisek alegia, eragiten dio, Chytridiomycosi gaixotasuna sortuz.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian, bi katalogok zerrendatzen dute uhandre hau. Batetik EAEko Espezie Mehatxatuen katalogoan, 'Bakanak' kategorian sailkatuta dago, eta bestetik, Nafarroakoan, 'Sentikor' bezala. Euskal Herriko populazioen tamaina ez da oso handia oro har, eta hainbat ur-masatan, Aralarren esaterako, urria da. Hala ere, itxura guztien arabera populazioen tamaina egonkorra da, mendietako ur-hartzeak areagotzeak ugalketarako egokiak diren habitatak murriztu eta populazioak kaltetu baditzake ere. Azken 45 urteotan %40ko murrizketa adierazi dute Danimarkan, eta Herbehereetan ere egun erregresioan dagoela onartzen dute.

Mehatxu berezirik gabeko beste hainbat anfibio espeziekin gertatzen den bezala, putzuak eta urtegiak baliabide mekanikoen bidez desagerrarazi eta garbitzeak ugaltze-eremua murriztu eta populazioen hedatzea mugatzen du. Euskal Herrian intzidentzia baxua den arren, ur-masetan egindako arrain-sartzeek eragin kaltegarriak edukitzen dituzte, aldi desberdinetan harrapatzen baitituzte: arrautza, larba eta ale heldu direnean, alegia. Bizkaian, kostatik hurbil dauden guneetan, kontrolik gabe egindako sartzeak aipatu behar dira; izan ere, beste anfibio-populazio batzuen egonkortasuna arriskuan jarri eta aldaketak eragiten dituzte horiek espeziaren patroi genetikoetan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Arntzen, J.W. et al.. Triturus alpestris
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gailurretako uhandre Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Mesotriton alpestris