Gilbert du Motier de La Fayette

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Gilbert du Motier de La Fayette
Gilbert du Motier Marquis de Lafayette.PNG
Frantziako Nazio Biltzarreko kidea

Bizitza
Jaiotza Chavaniac-Lafayette1757ko irailaren  6a
Herrialdea  Frantzia
 Ameriketako Estatu Batuak
Lehen hizkuntza frantsesa
Heriotza former 1st arrondissement of Paris Itzuli1834ko maiatzaren  20a (76 urte)
Hobiratze lekua Picpus Cemetery Itzuli
Heriotza modua : pneumonia
Familia
Aita Michel du Motier, Marquis de La Fayette
Ama Marie Louise Jolie de La Rivière
Ezkontidea(k) Adrienne de La Fayette Itzuli
Seme-alabak
Leinua House of La Fayette Itzuli
Hezkuntza
Heziketa Parisko Unibertsitatea
Lycée Louis-le-Grand Itzuli
College Duplessis Itzuli
Hizkuntzak frantsesa
ingelesa
Jarduerak
Jarduerak ofiziala eta politikaria
Lantokia(k) Paris
Jasotako sariak
Kidetza Amerikako Sozietate Filosofikoa
Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
Emkendorfer Kreis Itzuli
Zerbitzu militarra
Adar militarra Armada Kontinentala
Frantziako Lurreko Armada
Gradua major general Itzuli
Parte hartutako gatazkak Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerra
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Feuillanten taldea
IMDb ch0043827
Marquis de La Fayette Signature.svg

Gilbert du Motier, La Fayetteko markesa, «La Fayette» izengoitiz deitua Frantzian eta izen bakarrarekin, "Lafayette", ezagunagoa oro har (Saint-Georges-d'Aurac, 1757ko irailaren 6a - Paris, 1834ko maiatzaren 20a) militar eta politikari frantsesa izan zen. Frantsesez ez baina gainerako hizkuntza gehienetan Lafayette izena, hitz bakarrekoa, ematen zaio pertsonaiari. Euskaraz ere, Euskal Herritik pasa zeneko oroigarrian, Lafayette Markesa esaten zaio.

Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerran parte hartu zuen independentisten alde. Frantziako Iraultzan, nahiz eta noble izan, Hirugarren Estatuaren alde egin zuen.

Estatu Batuetako Independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lafayette lehen mailako pertsonaia politikoa eta militarra izan zen Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerran.

1776. urtean, Ameriketako kolonia ingelesen burujabetzaren aldeko ordezkaritza bat Parisen zen jada Frantziaren aldekotasuna bilatuz Ingalaterraren aurka. Lafayetteri negoziazio horietatik gertu egotea egokitu zitzaion, eta Silas Deane ordezkari amerikarra ezagutu zuen. 19 urte besterik ez zituen Lafayettek orduan, baina dagoeneko militar graduatua zen, ezkondua eta aita zen, eta aitaren partetik umezurtz zelarik, dagoeneko familiaren ondasun eta aberastasun handien kontrola zeukan. Agente amerikarrak dagoeneko frantses militarrak ari ziren erreklutatzen Ameriketarako, eta Lafayettek haiekin joan nahi zuela esan zion Deaneri. Deanek, kargu militar bat eskaini zion 1776ko abenduan[1].

Lafayetteren interesa idealista zen, Amerikako independentisten kausan sinesten zuen, eta gainera ekintza armatua zuzenean ezagutzeko grina zuen. Ez zuen interes mertzenariorik, eta dirua irabazi beharrean, bere aberastasunetatik dirutza handiak inbertitu zituen bere abentura amerikarrean.

Lehen bidaia, Euskal Herritik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lafayetteren oroigarria, Pasaian.

1777ko udaberrian, itsasontzi bat erosi zuen Lafayettek Bordelen, eta eskifaia militarrarekin hornitu zuen Ameriketara joateko. Hala ere, lehen geldialdia Euskal Herrian egin zuen, Pasaian. Untzia Pasaian utzira, Frantziara itzuli zen Lafayette bere bidaiaren egoera legala lotu asmoz, ez baitzegoen argi Frantziako Erresumari interesatzen ote zitzaion une horretan Ingalaterraren kontrako ekimen militar batean sartzea. Frantziako agintariek ez zioten baimen hori eman, eta Espainiako agintarien bidez untzia Pasaian geldiarazteko ahaleginak egin zioten. Lafayettek, amore ematen zuelako imintzio eginez, ihes egin zuen mozorrotuta Bordeletik, eta klandestinoki igaro zuen Frantzia eta Espainiaren arteko muga[2]. Pasaian atseden labur bat hartu ondoren, apirilaren 26an itsasoratu zen Ameriketara Lafayette.

Pedro Manuel Soraluce historialariaren arabera, Pasaian bertan aldatu zion untziari izena Lafayettek. La Victorie jarri zion (garaipena), Juan Sebastian Elkanoren Nao Victoria untziaren omenez[2].

Pasaiako Villaviciosa Jauregian plaka batek gogoratzen du Lafayette bertatik abiatu zela Ameriketara Estatu Batuen independentziaren alde borrokatzeko[3].

Independentzia Gerrako lehen fasea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Victoire untzia 1777ko ekainean lurreratu zen Hego Carolinan, eta handik gutxira Filadelfiara zuzendu zen, non Kongresu Kontinentalak jeneral izendatu zuen. Benjamin Franklin eta George Washington ezagutu zituen udan, eta Washingtonek berehala ekintza militarretarako ofizial laguntzailetzat hartu zuen.

Ondorengo hilabeteetan, zenbait gudutan parte hartu zuen Lafayettek: Brandywine, Gloucester, Quebec-eko inbasio saio bat (ez zen burutu, Lafayettek erabaki baitzuen tropa txikiegia zuela), Barren Hill, Monmouth...

1778an Frantziako ofizialki ezagutu zuen Ameriketako Estatu Batuen independentzia, eta Lafayettek planak egin zituen britainiarren kontrako gerra beste eskenategi batzuetara eroateko, baita Europara ere. Baina plan horiek ez zizkioten onartu, eta baimena eskaturik, Frantziara itzuli zen 1779an[4].

Bigarren bidaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziara itzultzean zigortu egin zuten lehen bidaia baimenik gabe egiteagatik, baina zortzi eguneko atxiloaldi sinboliko bat baizik ez zen izan[5]. Izatez, heroi famatu bat zen Lafayette garai hartan Frantzian[4]. 1780ko martxoan, beste untzi batean (Hermione) Rochefortetik abiaturik Ameriketara itzuli zen[1].

1781ean, Virginia estatuan zehar zenbait kanpainatan ibili ondoren, amerikarrek britainiarren indar nagusia eta Cornwallis jenerala setiatu zituzten Yorktown-en, eta bertako batailan parte-hartze zuzena izan zuen Lafayettek, George Washington eta Alexander Hamiltonekin batera. Cornwallis errenditu zenean, britainiarrek azken bataila garrantzitsua galdu zuten, eta AEBen independentzia ia ziurtatua geratu zen. Hala ere, Frantziaren babesa oraindik funtsezkoa izango zelakoan, bereziki itsasoan, Washingtonek eskatuta Frantziara itzuli zen Lafayette, egiteko diplomatikoekin batik bat[1].

1782ko hasieran iritsi zen Frantziara, eta hurrengo urtean AEBen independentzia eta gerraren amaiera ziurtatu zituen Parisko Itunaren negoziazioetan parte hartu zuen[1].

Frantziako Iraultza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1787an, krisi fiskalari aurre egiteko, Frantziako Erregeak Estatu Orokorrak deitu zituen. Hiru estatutan antolatuta zeuden: elizgizonak, nobleak, eta gainerakoak; eta Lafayette, eskubide aristokratikoz, nobleen estatukoa zen. Organu honen bozketa modua estatuka zen eta, hortaz, elizgizon eta nobleak gailendu ohi ziren bi botorekin politika tradizionalenak aurrera ateratzeko.

Estatuak 1789an elkartu aurretik, “Hogeita hamar laguneko komitea” osatu zen, Parisko liberalen talde bat, eta haietako bat izan zen Lafayette[6]. Komiteak boto pertsonala eskatu zuen, zeinak emaitza "herrikoiagoak" edo demokratikoagoak eman zitzakeen. Noble gehienek ez zuten bat egin ideiarekin, baina azkenean, nukleo honetatik bultzatutakoa gailendu zen eta Estatu Orokorrak bilakatu ziren Frantziako Nazio Biltzarra.

Nazio Biltzarraren lehen emaitzetako bat Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena izan zen, zeinaren lehen zirriborroetako bat Lafayettek idatzi zuen[7]. Era berean, gorputz armatu bat ere sortu zuten iraultzaileek, Goardia Nazionala, eta haren komandante izendatu zuten Lafayette[8]. Programa iraultzaile eta demokratikoekin bat egin arren, monarkiaren jarraipenaren auzian ez zen argi geratu Lafayetteren papera, eta 1791ko urrian utzi egin zuen Goardia Nazionala[1].

1792an, errege-erreginak atxiloatzearekin batera, Lafayette ere atxilotzeko arriskuan egon zen, baina ihes egin zuen Austriar Herbeheretara (gaurko Belgikara)[4]. Austriar agintariek atxilotu egin zuten, eta era bateko edo besteko espetxealdian igaro zituen zenbait urte 1797an AEBen eraginez askatu zuten arte[5].

Bonapartismoa eta ondorengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Napoleon Bonapartek eta Lafayettek harreman deseroso bat izan zuten. Napoleonek Lafayetteren izena bere alde erabili nahi izan zuen, Frantzian zein atzerrian: senatuan posizioa eskainiz, Ohorezko Legiorako izendatuz, edo AEBetara enbaxadore izendatuz. Baina Lafayettek uko egin zien eskaintza horiei, ez baitzuen gogoko Napoleonen absolutismoaz[1]. Bonapartismoak iraun zuen bitartean, La Grange etxaldean bizi izan zen, Paristik gertu (Courpalayn), protagonismo publiko gutxirekin.

Borboien berrezarkuntzaren garaian, zenbait ekimen askatzaile edo anti-absolutistatan parte hartu zuen, baina ez lehen mailako protagonismoz.

1824. eta 1825. urteetan Estatu Batuetara bidaia egin zuen, herrialdearen independentziaren 50. urteurrena ospatzeko. Heroi mitiko baten gisara hartu zuten, eta jendetza izugarriak pilatu izan ziren bisitatu zuen hiri bakoitzean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f   1931-, Unger, Harlow G., (2002) Lafayette John Wiley & Sons ISBN 0471394327 PMC 49775469 https://www.worldcat.org/oclc/49775469 .
  2. a b   Soraluce, Pedro Manuel (1901), «El Embarque de La Fayette en Pasajes», Euskal-Erria (Donostia) XLIV, http://donostiando.blogspot.com.es/2017/04/el-embarque-de-la-fayette-en-pasajes.html. Noiz kontsultatua: 2018-05-02 .
  3.   «Villaviciosa Jauregia, XVI. mendeko etxe errenazentista - Oarsoaldea Turismo» www.oarsoaldeaturismoa.eus http://www.oarsoaldeaturismoa.eus/eu/ezagutu-oarsoaldea/gure-herriak/pasaia/pasai-donibane/villaviciosa-jauregia.html. Noiz kontsultatua: 2018-05-03 .
  4. a b c   1945-, Leepson, Marc, (2011) Lafayette : lessons in leadership from the idealist general (1st ed. argitaraldia) Palgrave Macmillan ISBN 9780230105041 PMC 651011968 https://www.worldcat.org/oclc/651011968 .
  5. a b   Sabra., Holbrook, (1977) Lafayette, man in the middle (1st ed. argitaraldia) Atheneum ISBN 0689305850 PMC 2818709 https://www.worldcat.org/oclc/2818709 .
  6.   1942-, Doyle, William, ((1992 printing)) The Oxford history of the French Revolution Oxford University Press ISBN 0192852213 PMC 20994562 https://www.worldcat.org/oclc/20994562 .
  7.   1914-1988., Gerson, Noel B. (Noel Bertram), (1976) Statue in search of a pedestal : a biography of the Marquis de Lafayette Dodd, Mead ISBN 0396073417 PMC 2284076 https://www.worldcat.org/oclc/2284076 .
  8.   Terry., Crowdy, (2004) French revolutionary infantry, 1789-1802 Osprey ISBN 9781780969763 PMC 803583683 https://www.worldcat.org/oclc/803583683 .