Edukira joan

Piramide (arkitektura)

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Gizako piramideak: ezker-eskuin dauden handienak dira Mizerinoren piramidea, Kefrenen piramidea eta Gizako piramide handia. Aurrean dauden piramide txikiak Mizerinorenarekin daude lotuak.

Piramidea (grezieratik, πυραμίς, pyramís[1][2]) gainazal ikusgaiak triangeluarrak diren eta goiko puntu batean elkartzen diren egitura bat da, gutxi gora-behera piramide geometrikoen antzekoak. Piramide baten oinarria edozein poligono formakoa izan daiteke, hala nola triangeluarra edo laukizuzena, eta bere gainazal lerroak beteak edo mailakatuak izan daitezke..

Piramide-itxurak, non masa handiena lurretik hurbil[3] eta gailurra elementu txikiz osatua dagoen, ahalbidetzen du material gutxiago egotea goialdean beherantz indarra egiten, egonkortasuna hobetuz. Pisuaren antolamendu honi esker, zibilizazio zaharrek egitura monumental egonkorrak egitea lortu zuten.

Elkarrengandik urrun diren eta historian zehar loturarik izan ez duten munduko hainbat zibilizaziok eraiki zituzten piramideak. Ehunka urtez, munduko eraikuntza handienak piramideak izan dira: lehena Piramide Gorria (Dahshur) eta gero Keopsen piramidea (Gizako Nekropolia), biak Egipton, eta bigarrena munduko zazpi mirarien artean zutik dirauen bakarra da. Egun, munduko piramide handiena, bolumena kontutan hartuta, Cholulako piramide handia da, Mexikoko Puebla estatuan kokatua.

Silla erregeen hil-muinoa Korean
Mastaba baten eskema

Askotan eztabaidatu izan da piramide formak giza eraikuntzan duen jatorriaz. Piramideak elkarren artean harremanik ez zuten zibilizazio ezberdinetan sortu ziren, eta horrek mota guztietako espekulazioak ekarri ditu. Egituraren edo eraikuntzaren ikuspuntutik begiratuta, piramide-forma, oinarrizko material gisa harria erabiliz, altuera irabazteko desira hutsaren ondorio ia ekidinezina da. Antzinako herrixketako lehen eraikuntzak oinplano zirkularrekoak ziren, normalean harriz egindako oinarri bat eta buztinezko hormak eta nola edo hala hesituak eta, azkenean, esferaerdi baten itxura hartzen zituztenak; hala ikus daiteke Zipreko Khirokitia arkeologia aztarnategian berreraikitako herrixkan, K.a. IV. mendearen erdialdekoa dena[4].

Kultura askotan, hilobi-tumulua forma arkitektoniko sinple bat zen. Monumentu mota hori hildako pertsona baten gorpua hobiratu ondoren egiten zen. Erliebe txiki bat egiten zen, eta, lurrarekin, harrizko egituradun hil-muino oso primitiboak eraikitzen ziren, seguru aski hilobia errazago aurkitzeko eta tradizio erlijioso jakin batzuei jarraiki; hilobi-monumentu gehienak desagertu egin dira lurraren higaduraren ondorioz. Hala, harrizko lehen eraikuntzak hileta- edo erlijio-asmoekin egin ziren, eta, bai antzinako Egiptokmastabekin—, bai Amerikak piramide-enborraren forma hartu zuten ezaugarritzat[5]. Harri piloak egonkortu beharrak ere bazuen forma hori hartzeko arrazoia; izan ere, materiala pilatzeak eragindako presioaren ondorioz, lurrak amore eman ohi zuen, eta, alboetatik, hondoratu egiten zen, eta pitzadurak eta eraisteak eragiten zituen.

Denborarekin, hilobiak eta plataforma erlijiosoak eraikitzen hasi ziren eraikuntza horien gainean, beharbada, aurreko gobernariek baino botere handiagoa erakusteko asmoz[6].​ Mota horretako praktikak piramide mailakatuetara (Mesopotamiako zigurat-en oso antzeko eraikuntza mota) eraman zuen. K.a. IV. mendean agertu ziren, eta, K.a. IV. mendetik aurrera, tenplu erlijioso bihurtu. Hogeita hamabost bat zigurat dorre ezagutzen dira, garai hartako hogeita zazpi hiritan eraikiak, eta Neobabiloniar Inperioa (K.a. 626-K.a. 539) iritsi arte iraun zuten. Babilonian, Marduk-i eskainitako Etemenanki dorrea (batzuetan Babelgo dorre biblikoarekin lotuta), Eraikina hainbat aldiz berreraiki zen, K.a. 323. urte inguruan erabat suntsitu zen arte, Alexandro Handiak kontserbatzeko azken saiakera egin eta gutxira[7].

Ez dago konstantziarik zergatik aldatu zen ohiko piramide prismatikora; hala ere, ezin da baztertu jauziak izaera estetikoa besterik ez izatea[6]. Bi teoria nagusi daude gai honen inguruan: bata positibistena da —hala nola Ludwig Borchardt eta Flinders Petrie—, zeinaren ustez piramidearen formaren emaitza, garai bakoitzeko aukera teknikoekin batera, forma arkitektoniko perfektua lortu zuten arkitektoen hainbat belaunaldiren lana den; bigarrena, sinbolistena da —esaterako, Ernesto Schiaparelli—, zeinak esanahi sinbolikoetan oinarritzen diren eta piramidea eguzki-diskoarekin lotzen duten. Eguzkia bi mendien artean ateratzen denean hartzen den irudia da, eta, beraz, hileta-erabileraz gain, Ra jainkoaren eta Hathor jainkosaren gurtzaren zati gisa ere balio zuen[8]. Plinio Zaharrak zioen obeliskoak harri bihurtutako eguzki izpiak zirela eta haren forma geometrikoa ez zela kasualitatea, baizik eta argi izpiak irudikatzen zituela, piramide txikiaren goiko muturrean hasi eta lurra berotzeko asmoz bere oineraino iristen zirenak. Hala, piramideen mailek zeruko eremura igotzeko aukera ematen zieten faraoiei, eta, gainera, sinbolikoki, biziaren existentziarako ezinbesteko energia irudikatzen zuen[9].

Antzinako piramideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Chogha Zanbil multzo elamdar zaharra da, Iranko Khuzestan probintzian.

Mesopotamiako herriek egitura piramidal goiztiarrak eraiki zituzten, zigurat izenekoak. Antzina, urre eta brontze kolorez margotuak zeuden. Eguzkitan lehortutako adobez eraikiak zeudenez, hondar gutxi geratzen dira. Tokiko erlijioetarako eraiki zituzten sumertarrek, babiloniarrek, elamdarrek, akadtarrek eta asiriarrek. Zigurat bakoitza tenplu-multzo handiago baten parte zen. Ziguraten aitzindariak, Obeid aldiko plataforma goratu batzuk izan ziren[10], K.a. IV. milurtekoak. Zigurat zaharrenak aldi dinastiko goiztiarreko amaierakoak ziren (K.a. 2900–2350)[11], eta azkenak K.a. VI. mendekoak.

Ziguraten oinarria laukizuzena, obala edo laukia izan zitekeen, eta, piramide itxura hartuz, goialdea zapala zuten. Barneko egitura eguzkitan lehortutako pezoak izanik ere, gainazalekoak labean gogortutakoak ziren, hainbat kolorez beiraztatuak eta esanahi astrologikoa izan ahal zutenak. Plataforma edo solairu kopurua aldakorra zen: bitik zazpira izan ahal zuten. Gailurrean, santutegi bat zutela uste da, baina ez dago froga arkeologikorik hori baieztatzeko, eta froga idatzi bakarra Herodotorena da[12]. Santutegiko sarrera alboetan eraikitako aldapetatik egin zitekeen, edo oinarritik gailurrera zihoan aldapa kiribil batetik. Historiako zigurat ezagunena Babelgo dorrea da, ziur aski Babiloniako Etemenanki zigurata zenean oinarritua.

Sakontzeko, irakurri: «Egiptoko piramideak»
Gizako piramideak ilunabarrean

Piramideen artean, Egiptokoak dira ezagunenetakoak, adreiluz edo harlanduz egindako eraikuntza erraldoiak (munduko egitura handienetakoak eta zaharrenetakoak). Askok, piramide itxura perfektua dute, edo izan zuten. 2008an, iturrien arabera, 118 edo 138 piramide identifikatu daude Egipton[13][14]. Gehienak, faraoia eta ezkontideak lurperatzeko eraiki ziren, Egiptoko Inperio Zaharraren eta Ertainaren garaietan[15][16].

Egiptoko piramide zaharrenak Saqqara herrian daude, Menfis antzinako hiriburuaren ipar-mendebaldean. Horien artean, zaharrena Zoserren piramidea da, K.a. 2630–2610 inguru eraikia, III. dinastian[17]. Piramide hori eta inguruetako multzoa Imhotep arkitektoak diseinatu zuen, eta munduko harlanduzko eraikuntza monumental zaharrentzat jotzen da[18]..

Ezagunenak Gizan daude, Kairoko aldirietan. Gizako piramideak munduan eraiki diren egitura handienen artean daude[19]. Keopsen piramidea da Egiptoko piramide handiena, eta, munduko zazpi mirarien artean, zutik dirauen bakarra.

Piramidea bertan ehortzitako faraoiari eskainitako kapera eta bestelako eraikuntza multzoaren gunea zen; barruti hori guztia kareharriz egindako harresi handi batez inguratua izan ohi zen. Eraikuntza solidoa zen; sarrera albo batean zegoen, eta, handik, beheranzko eta goranzko plano makurren bidez, lurpeko ganberara, faraoiaren ganberara eta beste batzuetara iristen zen; gela haietan, eguneroko tresnak, harri bitxiak eta janariz beteriko ontziak uzten zituzten. Faraoiaren momia bere ganberan utzi ondoren, sarrera ixten zen. Gaur egun ia erabat desagertu den kanpoko estaldura kareharrizko eta granitozko lauzek moldatzen zuten.

Nubiar piramideak Meroe antzinako hirian, pilono-itxurako sarrerekin.

Nahiz eta piramideak Egiptorekin lotu ohi diren, Nilo ibaian gora eginez, Sudanen, antzinako Nubian, 220 piramide daude, munduko kopuru handiena[20]. Nubiako piramideak hiru tokitan eraiki ziren Napata eta Meroe hirietako errege-erreginak hilobiratzeko. Kuxeko Erresumako piramideak Egiptokoak baino malda pikoagoa dute, eta, III. mendera arte, eraikitzen jarraitu zuten.

Askiaren hilobia, Gaon (Mali), Askia Mohammad I.aren (Songhai Inperioko enperadore oparoenetako bat) lurperatze lekua dela uste da. XV. mendearen amaieran eraiki zen, eta UNESCOren Gizateriaren ondare izendatua da.

UNESCOk mendebaldeko Afrikako Saheleko lokatzez egindako eraikuntza tradizio monumentalen adibidetzat deskribatzen du hilobia. Guneak hilobi piramidala, bi meskita, hilerri bat eta batzar-leku bat ditu. 17 metroko altuerarekin, Gaoko kolonia-aurreko arkitektura-monumenturik handiena da. Sudan-Saheleko arkitektura estiloaren adibide nabarmena da, geroago eskualde osora zabaldu zena.

Igbo kulturaren egitura berezienetako bat Nsude piramideak izan ziren, Nigeriako Nsude herrian, Igbolanden iparraldean. Hamar egitura piramidal eraiki ziren buztin/lokatzez. Lehenengo oinarriaren atalak 18 m-ko zirkunferentzia eta 0,9 m-ko altuera zuen. Haren gaineko mailak 14 m-ko zirkunferentzia zuen. Maila zirkularrek gailurreraino jarraitzen zuten. Egiturak Ala Jainkoaren tenpluak ziren, bertan bizi zela uste baitzen. Makil bat jartzen zen goialdean Jainkoaren bizilekua irudikatzeko. Egiturak bosteko taldetan jarri ziren, elkarren paraleloan. Buztin/lokatzez eraiki zirenez, Nubiako Deffufa bezala, denborarekin, aldizkako berreraikuntzak beharrezkoak izan dira[21].

Hellinikon-eko piramidea

Pausaniasek (K.o. II. mendea) piramide antza duten bi eraikin aipatzen ditu: bata, Hellenikonetik 19 kilometro hego-mendebaldera oraindik zutik dagoen egitura bat[22] (Argosko tronuaren aldeko borroka mitiko batean hil ziren soldaduentzako hilobi amankomuna), eta, bestea, esan ziotenez, K.a. 669/668 inguruan gudu batean hil ziren argostarren hilobia zena. Batek berak ere ez du zutik iraun, eta ez dago frogarik Egiptoko piramideen antza zutela adierazten duenik.

Gutxienez piramide itxura duten bi egitura daude aztertzeko; bata, Hellenikonen, eta, bestea, Lygourio-n, antzinako Epidauro antzokitik gertu dagoen herri batean. Eraikin horiek barrurantz okertutako hormak dituzte, baina ez dute Egiptoko piramideen antzekotasunik. Erdian gela handiak zituzten (Egiptoko piramideek ez bezala) eta Hellenikoneko egitura angeluzuzena da, ez karratua, 12,5 x 14 metro (41 x 46 oin); beraz, aldeak ezin ziren puntu batean elkartu[23]. Egitura horiek eraikitzeko erabilitako harria bertan ateratako kareharria zen, eta neurrira moztu zen, ez Gizako piramide handian bezala, bloke independenteetan[24].

Egitura horiek zorutik eta lurretik induskatutako ontzi zatietatik datatu ziren. Azken kalkuluek diote K.a. V. eta IV. mende ingurukoak direla. Normalean, teknika hori buztingintza datatzeko erabiltzen da, baina ikertzaileek egitura hormetako harri-malutak datatzeko erabili zuten. Horrek egitura horiek Egiptokoak baino zaharragoak diren ala ez eztabaida piztu zuen, Atenea Beltza liburuaren parte bat[25].

Lefkowitzek ikerketa kritikatu zuen, iradokiz ikerketa batzuk ez zirela datazio-metodoaren fidagarritasuna zehazteko egin, iradoki zen bezala, baizik eta baieztapen bat babesteko eta piramideei eta greziar zibilizazioari buruzko puntuak emateko. Argudiatu zuen, emaitzak zehaztugabeak izateaz gain, ikerketan aipatutako beste egitura batzuk ez zirela benetan piramideak, adibidez, ustez Anfion eta Zetorena den hilobi bat Tebasetik gertu; Stylidha-ko (Tesalia) egitura bat, harresi luze bat dena, etab. Datatutako harriak aurreko eraikuntza batzuetatik birziklatuak izan zitezkeen aukera adierazi zuen. Fracchiak 1930eko hamarkadan egindako aurreko ikerketak, 1980ko hamarkadan baieztatuak, alde batera utzi zirela esan zuen[26].

Liritzisek erantzun zuen Lefkowitzek ez zuela metodologia ulertu eta gaizki interpretatu zuela[27].

Güímarreko piramideak, Tenerife

Güímarreko piramideak sei egitura angeluzuzen piramidal eta terrazadunei egiten die erreferentzia, morterorik gabeko labaz eraikiak. Güímar herriko Chacona barrutian daude, Tenerife uhartean (Kanariak. Egiturak XIX. mendekoak dira, eta haien funtzioa azaltzen da garaikideko nekazaritza tekniken azpiproduktu gisa.

Bertako guantxe tradizioek eta kontserbatutako irudiek adierazten dute antzeko egiturak (Morras, Majanos, Molleros edo Paredones izenez ere ezagunak) uharteko toki askotan eraiki zirela[erreferentzia behar]. Hala ere, denborarekin desmuntatu eta eraikuntza-material gisa erabili ziren. Güímarrek bederatzi piramide zituen, eta horietatik sei bakarrik diraute.

Erromatar Inperioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Cestioren piramidea Erroman, Italia

Zestioren Piramidea, 27 metroko altuerakoa, K.a. I. mendearen amaieran eraiki zen, eta Porta San Paolotik gertu kontserbatzen da. Beste bat, Meta Romuli izenduna, Ager Vaticanusen zegoen (gaur egungo Borgo), baina XV. mendearen amaieran suntsitu zuten[28].

Erdi Aroko Europa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai feudalean, piramideak noizean behin erabili ziren kristau arkitekturan, adibidez, Oviedoko San Salvador katedral gotikoaren dorrean.

Ilargiaren piramidea, Teotihuacan, K.o 100 eta 450 artean eraikia
Kukulkanen tenplua Chichen Itza

Mesoamerikako zibilizazio batzuek piramide itxurako egiturak eraiki zituzten. Piramide horiek mailakatuak izaten ziren, eta, gailurrean, tenplua izaten zuten. Horregatik, ziguraten antza handiagoa zuten Egiptoko piramideena baino.

Piramide handiena, bolumenaren ikuspegitik, Cholulako piramide handia da, Mexikoko Puebla estatuan. Garai luze batez eraikia (K.a. III. mendetik K.o. IX. mendera bitartean), mundu osoan altxatu den monumenturik handientzat jotzen da, eta, oraindik, indusketek jarraitzen dute. Munduko hirugarren piramiderik handiena ere, Eguzkiaren piramidea, Teotihuacanen (Mexiko) dago. Badira beste piramide batzuk oinarri biribila dutenak, hala nola Cuicuilco (Mexiko Hiria) eta Teuchitlán (Jalisco).

Mexikoko piramideak giza sakrifizioak egiteko tokiak ziren. 1487an, Tenochtitlango Tenplu Nagusia ber-sagaratzeko, hainbat giza sakrifizio egin ziren; iturri batek dio 20.000 izan zirela; beste batek, berriz, 72.344, eta zenbait iturrik 80.400 izan zirela diote[29].

Maia kulturak ere eraiki zituen piramideak, hala nola Kukulkanen tenplua.

Andeetako zibilizazioek piramideak eraiki zituzten haien arkitekturan, oso aro jakinetan. Aipatzekoak dira Caralgo kulturakoak (K.a. 3000, Ameriketako zaharrena), Moche kulturakoak (K.a. 330- K.o. 500), Sican kulturako Túcume gunea (XI. mendekoa) eta Chavín de Huántar (IX. mendekoa) eta inkak. Aipatzekoak dira ere inken aurreko piramide-enborrrak, txikiagoak eta plataforma goratu itxurakoak, eta, egun, ia erabat galduak daudenak pezoz eginak zeudelako.

Amerikako Estatu Batuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ekialdeko Ipar Amerikako plataforma-tumuluen osagai desberdinak erakusten dituen diagrama
Monks Mound, Cahokia

Antzinako Ipar Amerikako kolonaurreko amerindiar gizarte askok plataforma-tumulu izeneko lurrezko piramide-egitura handiak eraiki zituzten. Egitura horien arteko handien eta ezagunenen artean dago Monks Mound, Cahokia aztarnategian, geroago Illinois sortu zen tokian, K.o. 1100. urtearen inguruan amaitua. Haren oinarria Egiptoko Piramide Handiaren oinarria baino handiagoa da. Tumuluak eraikitzen zituzten herrien erlijio-bizitzan, funtsezko zeregina izan zutela uste da. Dokumentatutako erabilerak hauek dira: buruzagien etxe erdi publikoen plataformak, tenplu publikoen plataformak, hileta-plataformak, hezurtegien plataformak, lurrezko etxola/hiriko etxeen plataformak, bizileku-plataformak, plataforma karratu eta biribilak eta dantza-plataformak[30][31][32]. Subestruktura tumuluak eraiki zituzten kulturen artean daude: Troyville kultura, Coles Creek kultura, Plaquemine kultura eta Mississippiko kulturak.

Txinan, muinoa laua duten hainbat hilobi karratu daude. Qin Shi Huang lehen enperadorea (K.a. 221 inguruan, inperioaurreko zazpi erreinuak batu zituena) gaur egungo Xi'an-en kanpoaldeko tumulu handi baten azpian lurperatu zuten. Hurrengo mendeetan, Han dinastiako erregetzako beste dozena bat pertsona ere lurperatu zituzten piramide-formako lur-muinoen azpian[erreferentzia behar].

Borobudur, Java

Java uhartean, badago piramide mailakatu itxura duen VIII. mendeko monumentu budista bat: Borobudur[33]. Baina Javan eraikitako tenplu berriagoak Indiako tenplu hinduen eragina izan zuten, Prambanan tenpluko dorreetan ikus daitekeenez.

Piramide-itxurako granitozko tenplu erraldoi ugari eriki ziren India hegoaldean Txola Inperioaren garaian, horietako asko oraindik ere erlijiorako erabiltzen direnak. Piramide-tenplu hauen adibide nagusiak dira: Brihadisvara tenplua Thanjavurren; Brihadisvara tenplua Gangaikondan (Cholapuram), eta Airavatesvara tenplua Darasuramen. Hala ere, piramide-tenplua luze-zabalena Ranganathaswamy tenplua da, Srirangamen (Tamil Nadu). Thanjavur tenplua Raja Raja Txolak eraiki zuen XI. mendean. Brihadisvara tenplua Gizateriaren ondare izendatu zuen UNESCOk 1987an, Gangaikondan, Cholapuramen tenplua eta Airavatesvara tenplua izendapenaren hedapen gisa gehitu ziren 2004an[34].

Ekialdeko Asia, hegoekialdeko Asia eta erdialdeko Asia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdeko Asian, estupa budistak pagoda altu gisa irudikatzen ziren normalean. Hala ere, piramide formadun hainbat estupa kontserbatzen dira. Teoria bat da piramide horiek Borobudurreko monumentuan inspiratu zirela Sumatrako eta Javako monjeen bidez[35]. Antzeko monumentu budista bat kontserbatzen da Vrang-en, Tajikistanen[36][37]. Gutxienez bederatzi piramide budista mailakatu kontserbatzen dira: 4 Koreako Gyeongsang probintzia zaharrean; 3 Japonian, 1 Indonesian (Borobudur) eta 1 Tajikistanen[35][37].

Pazifikoko uharteetan, hainbat piramide eraiki ziren, hala nola Puʻukoholā Heiau, Hawaiin; Pulemelei Mound, Samoan, eta Nan Madol, Pohnpein[erreferentzia behar].

Pu'ukohola Heiau gune historiko nazionala, Hawaii, Estatu Batuak

Piramide modernoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Louvreko piramidea

Piramidea harrizko, adreiluzko edo adobezko eraikuntzari estuki lotua dago. Piramide modernoa, ordea, jada ez da trinkoa, baizik eta bere sinbolismo edo plastikotasunagatik piramide-forma hartzen duen metalezko egitura batek eutsitako gainazala.

  • Transamerica Pyramid (San Francisco, 1972) 48 solairuko etxe-orratza, William Pereira amerikar arkitektuak diseinatua eta hiriko ikur bat dena.
  • Louvreko piramidea (Paris, 1989), Louvre museoaren patioan, 20,6 m garaiko beirazko egitura da, museoko sarrera dena. I. M. Pei amerikar arkitektoak proiektatu zuen. Piramide alderantzikatua (la Pyramide Inversée) lurrazpiko Louvren dagoen azpikoz gorako beste beirazko piramide bat da.
  • Luxor hotela (Las Vegas, 1993) 30 solairuko piramide-itxurako hotela da, gailurrean argi-izpi bertikala duena.
  • Bakearen eta Adiskidetzearen jauregia (Nursultan, 2009) 77 m garaiko ekipamendu publikoa da.
Ganga izuna Gizako nekropolian.

Piramide sinpleenak harri-pilaketa soilak ziren arren, piramide monumentalak eraikitzeko ahalegin, trebetasun, asmamen eta antolaketa-gaitasun handia behar izan zuten. Monumentu horiek eraiki zituzten zibilizazio batzuek deskarga arkua ezagutzen zuten arren (egiptoarrek kasu), nagusiki, egitura ateburudunak erabili zituzten. Hala ere, harrizko ateburu handiak ez ziren gai haien gainean egindako presio izugarriak jasateko hautsi gabe, eta, horregatik, gelak eta barruko korridoreak irekitzeko, ganga izunaren teknika erabili zuten, hau da, hormen ilarak apurka-apurka hurbilduz joatea arku zorrotz baten antzeko efektua lortu arte, baina ziriharri horizontalekin.

Eraikin horien kanpoaldeko estaldurak kultura eta garai batetik bestera asko aldatu ziren, hala nola kareharrizkoa eta iztukuzkoa.

Harriak zizelkatzeko prozesua oso motela zen, harriak gogorrak izaten baitziren (adibidez, granitoa). Horiek lantzeko, brontzezko edo silexeko tresnak erabiltzen ziren, eta leunketa harri-hautsarekin igurtziz edo kuartzita-hautsa gisako urratzaile gogorragoekin lortzen zen.

Dokumenturik ez izateak, antzinako piramideetan erabilitako eraikuntza metodoak ezagutzea eragotzi du, baina gurpila erabili izanaren frogarik ez dago, eta, beraz, gehien onartzen diren teoriek, kanpoko arrapala edo kiribilekin espekulatzen dute, horien gainean blokeak palanken bidez lerratuz joango zirelarik.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. πυραμίς, Henry George Liddell, Robert Scott, A Greek-English Lexicon, Perseus liburutegi digitalean
  2. Hitzaren esanahia honakoa zen: "gari-alez eginiko pastel mota bat eztiarekin kontserbatua". Egiptoko piramideak antzekoak ziren eta hala bataiatu zituzten greziarrek. (R. S. P. Beekes, Etymological Dictionary of Greek, Brill, 2009, 1261 or.).
  3. Barizentroa bolumenaren beheko lehen laurdenean dago.
  4. Sureda 1988, 80 orr. .
  5. Ambrós 2000, 16 orr. .
  6. a b de la Torre Suárez, Juan. «Las pirámides» Egiptomanía (kontsulta data: 2021-05-13).
  7. Sureda 1988, 303 orr. .
  8. Sureda 1988, 164 orr. .
  9. Sureda 1988, 165 orr. .
  10. Crawford, page 73
  11. Crawford, page 73-74
  12. Crawford, 85 or.
  13. Slackman, Michael. (2008-11-17). In the Shadow of a Long Past, Patiently Awaiting the Future. (kontsulta data: 2010-05-01).
  14. Mark Lehner (2008). The Complete Pyramids: Solving the Ancient Mysteries. p. 34.. Thames & Hudson 2008-03-25 ISBN 978-0-500-28547-3..
  15. Slackman, Michael. (2007). «In the Shadow of a Long Past, Patiently Awaiting the Future» New York Times (kontsulta data: 2008-11-17)
    Aipua: «Egiptoko basamortuaren azpian, arkeologoek beste piramide baten frogak aurkitu dituzte. Piramide hori duela 4.300 urte eraiki zen faraoi baten amaren gorpuzkiak gordetzeko. Horrek esan nahi du orain arte 138 piramide aurkitu direla hemen, eta agintariek diote gehiago aurkitzea espero dutela.»
    .
  16. Michael Ritter (2003) Archived copy. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2008-05-11) (kontsulta data: 2008-05-15). Dating the Pyramids.
  17. Gardner, Helen. (1980). Art through the Ages. (7th. argitaraldia) New York: Harcourt Brave Jovanovitch (argitaratze data: 1926), 68 or. ISBN 0-15-503758-7..
  18. Lehner, Mark. (1997). The Complete Pyramids. New York: Thames and Hudson, 84 or. ISBN 978-0-500-05084-2..
  19. Watkin, David. (2005). A History of Western Architecture. (4. ed.. argitaraldia) Laurence King Publishing, 14 or. ISBN 978-1-85669-459-9.
    Aipua: «Piramide Handia... gizakiak inoiz eraikitako egiturarik handienetako bat da oraindik ere; bere oinarriak Erromako San Pedroren tamaina bikoitza zuen»
    .
  20. Pollard, Lawrence. (2004-09-09). «Sudan's past uncovered» BBC News (kontsulta data: 2010-04-12).
  21. Basden, G. S(1966). Among the Ibos of Nigeria, 1912. Psychology Press: p. 109, ISBN 0-7146-1633-8
  22. Mary Lefkowitz. (2006). «Archaeology and the politics of origins» in Garrett G. Fagan Archaeological Fantasies: How Pseudoarchaeology Misrepresents the Past and Misleads the Public. Routledge, 188 or. ISBN 978-0-415-30593-8..
  23. Mary Lefkowitz. (2006). «Archaeology and the politics of origins» in Garrett G. Fagan Archaeological Fantasies: How Pseudoarchaeology Misrepresents the Past and Misleads the Public. Routledge, 189–190 or. ISBN 978-0-415-30593-8..
  24. (Ingelesez) Bartos, Nick. (2016-12-16). Travel: Pyramids of the Peloponnese, Greece. (kontsulta data: 2025-02-16).
  25. Mary Lefkowitz. (2006). «Archaeology and the politics of origins» in Garrett G. Fagan Archaeological Fantasies: How Pseudoarchaeology Misrepresents the Past and Misleads the Public. Routledge, 185–186 or. ISBN 978-0-415-30593-8..
  26. Mary Lefkowitz. (2006). «Archaeology and the politics of origins» in Garrett G. Fagan Archaeological Fantasies: How Pseudoarchaeology Misrepresents the Past and Misleads the Public. Routledge, 195 or. ISBN 978-0-415-30593-8..
  27. Liritzis, Ioannis. (2011-09-01). «Surface dating by luminescence: An overview» Geochronometria 38 (3): 292–302.  doi:10.2478/s13386-011-0032-7. ISSN 1733-8387. Bibcode2011Gchrm..38..292L..
  28. Lacovara, Peter. (2018). «Pyramids and Obelisks Beyond Egypt» Aegyptiaca (2): 124–129.  doi:10.11588/aegyp.2018.2.48018. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2019-06-17) (kontsulta data: 2019-06-17).
  29. "The Enigma of Aztec Sacrifice". Natural History, 1977ko apirila. Vol. 86, 4 zkia., 46–51 or.
  30. Lindauer, Owen; Blitz, John H.. (1997). «Higher Ground: The Archaeology of North American Platform Mounds» Journal of Archaeological Research 5 (2): 169–207.  doi:10.1007/BF02229110. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2012-04-15) (kontsulta data: 2011-11-02).
  31. Raymond Fogelson. (2004-09-20). Handbook of North American Indians : Southeast. Smithsonian Institution, 741 or. ISBN 978-0-16-072300-1. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2022-05-20) (kontsulta data: 2020-11-19).
  32. Henry van der Schalie; Paul W. Parmalee. (1960-09). «The Etowah Site, Mound C :Barlow County, Georgia» Florida Anthropologist 8: 37–39. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-04-18) (kontsulta data: 2011-11-02).
  33. (Indonesieraz) R. Soekmono. (2002). Pengantar Sejarah Kebudayaan Indonesia 2. Kanisius, 87 or. ISBN 9789794132906..[Betiko hautsitako esteka]
  34. Unesco fitxa
  35. a b 古代における塔型建築物の伝播 ボロブドゥールと奈良頭塔の関係について. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-09-19) (kontsulta data: 2021-03-07).
  36. Salopek, Paul. (2017-10-02). «The Ruby Sellers of Vrang» National Geographic Magazine jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-03-08) (kontsulta data: 2021-03-07).
  37. a b Salopek, Paul. (2015-07-14). «ブァン仏教遺跡と熊山遺跡の比較検討» National Geographic Magazine jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-06-15) (kontsulta data: 2021-03-07).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]