Edukira joan

Hogeita Hamar Urteko Gerra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hogeita hamar Urteko Gerra» orritik birbideratua)
Hogeita Hamar Urteko Gerra
Europa 1648an. Gris koloreko gunea Germaniako Erromatar Inperio Santuaren barnean zeuden estatu eta printzerri alemaniar txikiak dira.
Data1618 - 1648
LekuaEuropa (batez ere egungo Alemania)
EmaitzaWestfaliako bakea
Gudulariak
 Suedia
Bohemia
Danimarka Danimarka eta Norvegiako Erresuma
Zazpi Herbehere Batuen Errepublika
 Frantzia
 Eskozia
 Ingalaterra

Saxonia
Palatinatua

Transilvaniako printzerria

 Germaniako Erromatar Inperio Santua

 Espainia
Buruzagiak
Federiko V.a Palatinatuakoa

George Villiers
Alexander Leslie
Gustavo II.a Adolfo Suediakoa
Johan Banér
Lennart Torstenson
Maurizio Nassaukoa
Piet Hein
Luis XIII.a Frantziakoa
Richelieu kardinala
Luis II.a Borboi-Condé
Henrike de la Tour de Auvergne-Bouillon
Kristian IV.a Danimarkakoa
Juan Jurgi I.a Saxoniakoa
Bernardo Saxonia-Weimarrekoa

Gabriel Bethlen

Filipe IV.a Espainiakoa
Gaspar de Guzmán y Pimentel
Fernando Austriakoa
Johann Tserclaes
Albrecht von Wallenstein
Fernando II.a Habsburgokoa
Fernando III.a Habsburgokoa
Franz von Mercy
Johann von Werth

Maximiliano I.a Handia
Indarra
72.000 alemaniar[1]
140.000 suediar eta finlandiar[1]
160.000 frantziar[1]
128.000 herbeheretar[1]
38.000 daniar[1]
25.000 eskoziar[1]
50.000 ingeles[1]
200.000 espainiar[1]
250.000-300.000 alemaniar[1]
Guztira 3.500.000-4.500.000 hildako, horietatik 700.000-800.000 militar (eta 300.000-350.000 guduan).[1]

Hogeita Hamar Urteko Gerra 1618-48 bitartean Europako nazio gehienek zio erlijiosoak, leinukoak, lurraldekoak eta komertzialak zirela medio egindako guda izan zen. Bataila eta kanpainia suntsigarriek Europako eremu andana birrindu zuten, eta, 1648ko Westfaliako Itunarekin bukatu zenean, Europako mapa guztiz eta atzera bueltarik gabe aldatuta zegoen. Izatez, gerra hau Europak aro modernoan izan duen gatazka luze eta suntsigarrienetakotzat hartzen da.

Gerra sortu zuten gatazkak aurrekoak baziren ere, eskuarki gerraren hasierako data 1618koa da. Izan ere, Inperio Santuko burua izatekoa zen Ferdinand II.a, orduan Bohemiako erregea zelarik, bere menpeko lurraldeetan Erromako Katolizismo gisako absolutismoa ezartzen saiatu zenean, Bohemiako zein Austriako noblezia protestantea matxinatu zen. Matxinadaren aurkako errepresioak eta Habsburgotarrek euren boterea handiagotzeko zuten nahia izan ziren gerraren sua piztu zuten txinparta.

Horren atzetik, gatazka zenbait herrialderen handinahiek elikatu zuten. Alemania, Europako bihotza, armada guztien helmuga bilakatu zen. Hor, hiru erlijiok (katolizismoak, luteranismoak eta kalbinismoak) nagusitasuna bilatzen zuten. Horren ondorioz, kanpoko botereei laguntza eskatu zuten printze eta apezpikuen aliantzen nahasmena sortu zen. Orokorrean, Espainiar eta Inperio Santuko Habsburgo leinuko katolikoak Erromako Eliza Katolikoaren babesaz, alde batetik, eta Suedia eta Herbehereetako Batasuna buru zituen alemaniar protestanteak ziren hiri eta printzerriren sarea eta Frantzia, bestetik, borrokan jardun ziren. Frantziaren kasua bitxia zen, nazio katolikoa izanda ere, protestanteen alde egin zuelako; hala ere, hau erraz uler daiteke kontuan hartuta gerra honetan Frantziaren helburua Habsburgotarrek Europan zuten botere txikitzea izan zela.

Izan ere, hasieran erlijio gerra bezala hasi bazen ere, gero Inperio Santuaren barneko botere orekak aldatzea ere gerraren helburu izan zen. Tokian tokiko gerra izatetik, Europa mailako gerra bihurtu zen azkar batean, azkenera Borboi eta Habsburgotarren arteko lehia bilakatuz, Europako botere hegemoniko nor izango zen erabakitze aldera.

Esan daiteke gerra honetan Europako nazio guztiek amaitu zutela parte hartzen bai Habsburgotarren alde, edota haien aurka. Ingalaterrak eta Errusiak ez zuten espreski gerran parte hartu, baina hala ere, Habsburgotarren aurkakoak lagundu zituzten ekonomikoki. Borrokak Inperio Santuaren lurraldeetan izan ziren gehienbat, Flandriako zelaietan, Italiako iparraldean eta Iberiar Penintsulan ere borrokak egon baziren ere. Borrokek, izurriteek, goseak eta sarraskiek oro har, milioika hildako eragin zituzten eta Estatu Alemaniarretako eta Espainiako demografia eta ekonomiaren beherakada eragin zuten, Frantziaren hegemonia hasteaz gain.

Hogeita Hamar urteko Gerraren ondorio nagusi bat eskualde osoen suntsipena izan zen, harpilaketaz bizi ziren armadek (bellum se ipsum alet) eragina. Goseak eta gaixotasunek Alemaniar Estatuetako, Bohemiako, Herbehereetako eta Italiako populazioa nabarmen jaitsiarazi zuten, eta borrokatu ziren nazio gehienek porrot egin zuten ekonomikoki. Armada bakoitzeko erregimentuak mertzenariak ez baziren ere, soldadu asko baziren mertzenariak, eta horrek diru kostu handia ekarri zien estatuei. Horrez gain, armaden garai hartako finantzaketa sistemak ( ibiltzen ziren lurretik harpilaketa egin edota bertokoei tributua eskatzen zieten) disziplina arazoak ekarri zituen soldaduen artean, eta honek gerra gertatu zen lurraldeen kalterako izan zen.

Gerraren ondoren Inperio Santuko populazioa %30 gutxitua zegoen, Brandenburgon %50 eko jaitsiera, eta beste eskualde batzuetan %70eko jaitsiera egon zelarik. Alemaniako gizonezkoen erdia zendu zen eta Bohemian txekiarren kopurua %40 batean jaitsi zen gerra eta protestanteen deportazioaren ondorioz. Suediar armadak bakarrik 2.000 gaztelu eta 1.500 herri suntsitu zituen.

Gerra osatu zuten borroka sorta 4 etapa desberdinetan bana daiteke:

  • Bohemiar Altxamendua
  • Daniar Esku-Hartzea
  • Suediar Esku-Hartzea
  • Frantziar Esku-Hartzea

Gerra Osnabrück eta Münstereko itunekin amaitu zen, Westfaliako itunaren parte izan zirenak. Hala ere, gerra eragin zuten hainbat arrazoi konpondu gabe geratu ziren.

Gerra eremu erlijiosotik begira, katoliko eta protestanteen artekoa izan zen, baina esparru politikoari begira esan daiteke feudalismoaren eta absolutismoaren aldekoen arteko gatazka izan zela. Westfaliako Itunaren ondorioz, eredu absolutistak irabazi zuen. Horrela, Bodin eta Hobbes-ek teorizatutako absolutismoa bihurtu zen garaile, estatu modernoa sortuz horrela, haren mugen barruan indarkeria legitimoaren monopolioa duena, eta mugetatik kanpo armada nazional baten bidez defendatzen dena.

Beraz, Westfaliako Itunak  jus publicum europaeum-aren oinarriak jarri zituen : Nazioarteko hartu-emanetarako sistema berri eta egonkorra, estatuen arteko orekan oinarritua. Estatu bakoitzak bere subiranotasuna mantentzen du, eta gerrak estatu subiranoen artean baino ez dira ematen.

Gerraren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijio gerra zela eta, Alemanian Augsburgeko Bakea zen aurrekari (1555). Karlos V.a Enperadore Santuak sinatuta, luteranoen eta katolikoen arteko gerrari amaiera eman zion. Horrela, bakearen bitartez honako hau hitzartu zen:

  • Alemaniako 225 estatuetako agintariek bere lurraldearen erlijioa (luteranismoa ala katolizismoa) aukera zezaketen, kontzientziari men eginda, eta biztanleei erlijio hori sinestarazi ziezaieketen (cuius regio, eius religio printzipioa).
  • Apezpiku batek gobernatutako printzerri katolikoan bizi ziren luteranoek beren fedean bizi izaten segi zezaketen.
  • Luteranoek 1552z geroztik Eliza Katolikoari atzemandako lurrak manten zitzaketen.
  • Luteranismora bihurtutako apezpiku-printzeek lurraldeak itzuli behar izan zituzten (reservatum ecclesiasticum printzipioa).

Augsburgeko Bake horrek gatazka armatua bukarazi bazuen ere, horren azpian zetzan gatazka erlijiosoa ez zuen konpondu. Gainera, kalbinismoa bizkor hedatu zen Alemanian zehar hurrengo urteetan: horrek hirugarren erlijio nagusi bat erantsi zuen, baina haren egoera ez zegoen onetsita Augsburgeko oinarrietan.

Germaniako Erromatar Inperio Santuaren inguruko estatuetako agintariek ere ahalbidetu zuten gerra piztea:

  • Espainiak interesak zituen Alemanian, Espainiar Herbehereak bertan zeudelako, Inperioko mendebaldean. Horra lurrez iristeko, Italiatik joan behar izaten zen, eta, beraz, Italian ere zituen interesak Espainiak.
  • Frantzia ia inguratuta zuten bi habsburgotar estatuek, hots, Espainiak eta Germaniako Erromatar Inperio Santuak. Horrenbestez, mehatxu hori uxatxeko irrikitan, Frantzia katolikoak protestanteen alde jo zuen, politika kontuak erlijio kontuen gainetik hobetsiz.
  • Suediak eta Danimarkak interesak zeuzkaten Alemaniako iparraldeko estatuetan, Itsaso Baltikoko merkataritzaren gaineko kontrola bereganatzearren.
  • Germaniako Erromatar Inperio Santua estatu independenteen multzoa besterik ez zen. Enperadore Santuaren titulua ohorea zen, baina enperadoreak habsburgotar etxekoak izanda, benetako agintea habsburgotar leinuaren lurraldeen gainean (Austriako artxidukerria, Bohemia eta Hungaria) baino ez zeukaten. Nahikotxoa zen, dena den, 8 milioi bat lagun bizi baitziren bertan. Enperadoreak bere boterea handitu eta katolizismoa hedatu nahi zuen.
  • Beste estatu boteretsu batzuk zeuden Inperioaren barnean: Bavaria, Saxonia, Brandenburgo, Palatinatua, Hesse, Trier eta Württembergeko artzapezpikuerria (500.000 lagunetik gorakoak). Gainera, anitz lurralde txiki ere bazeuden: dukerriak, hiri askeak... Horiek ez zuten boterea galdu nahi enperadorearen mesedetan, nahiz eta batzuetan erlijio berekoak izan.

Gerrako kanpainiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ferdinad II.ak, bost urtez borrokan aritu ostean, matxinatuak garaitu zituen. Alabaina, 1625ean, Danimarkako Kristian IV.ak, Suediaren aurrean Baltikoko hainbat lurralde galdu ondoren, Alemanian lur gehiago bereganatzeko abagunea aurkitu zuen. 1629ko Lübeckeko Bakearekin Danimarkako gutizia amaitu zen, baina Suediako Gustav Adolf II.ari bidea zabaldu zitzaion. Poloniaren aurka lau urtez aritu ondoren, Alemania inbaditu zuen, eta Inperio zein Erromako Eliza Katolikoaren kontra eginda, Alemaniako printze frankok haren alde egin zuten.

Poloniak, Suediaren aurrean Baltikotik alde eginda, Errusiari eraso zion. Władysław, Poloniako erregea izatekoa zena, Errusiako diktatore bihurtu zen. Bi herrialde horiek bakea 1634an sinatu zuten. Horrela, Poloniak Errusiako tronuaren gaineko aldarrikapenari muzin egin zion, baina Suedia Baltikoko arerio zaharraren aurkako kanpainiari ekitea ahalbidetu zion.

Herbehereek Espainiako agintea kanporatu zuten 80 urteko borrokaren ondoren. Habsburg leinuko Espainiak, aldiz, etxe bereko Inperio katolikoarekin bat egiteaz gain, Frantziaren kontrako aliantza eraiki nahian, Frantziak protestanteen alde egitea eragin zuen.

Behin-behineko gatazka horien borrokaleku nagusia Alemaniako hiriak eta printzerriak izan ziren. Garai horietan, armadak mertzenarioek osatzen zituzten eta, soldata jaso ezean, zelaietara jotzen zuten beren kabuz hornitzera. “Otsoaren estrategia” horrek —armada guztien ezaugarria zen— Alemaniako hiri, herri zein baserri zeharo suntsiturik utzi zituen.

Odol-isurketa eteteko, Westfaliako lurraldean bildu zirenean, Europako botereen oreka erabat desberdina zen. Espainiak Herbehereak ez ezik, Europako mendebaldean zeukan nagusitasuna ere galdu zuen, Frantziaren mesedetan. Itsaso Baltikoa Suediaren menpe zegoen. Herbehereen Batasuna errepublika independientetzat jo zuten. Inperio Santuko estatukideek subiranotasun handia eskuratu zuten. Europako ideia zaharra, Aita Santua alde espiritualean eta Enperadorea alde politkoan buru zituen Inperio Katoliko gisakoa, betiko alboratu zen; eta estatu burujabeen erkidegoko Europa modernoaren ideia nagusitu zen orduan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]