Edukira joan

Ibai Urdina

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Koordenatuak: 33°26′39″N 90°56′10″E / 33.4442°N 90.9361°E / 33.4442; 90.9361
Wikipedia, Entziklopedia askea
Ibai Urdin» orritik birbideratua)

Ibai Urdina
Yangzi
长江 (zh), 長江 (zh), Cháng Jiāng (Pinyin)
Datu orokorrak
Motaibai
Luzera6.300 km
Geografia
Map
Koordenatuak33°26′39″N 90°56′10″E / 33.4442°N 90.9361°E / 33.4442; 90.9361
Estatu burujabe Txinako Herri Errepublika
Txinako probintziaQinghai
Hidrografia
Ibaiadarrak
Arroaren azalera1.808.500 km²
Arro hidrografikoaYangtze River basin (en) Itzuli
Ur-emaria31.900 m³/s
LakuakDongting lakua eta Poyang lakua
IturburuaTibeteko goi-ordokia eta Yangtze River source (en) Itzuli
Bokalea
()
Ekialdeko Txinako itsasoa (Shanghai)

Ibai Urdina edo Yangzi[1][2][3] Asiako ibairik luzeena da, eta munduko hirugarrena, Amazonas eta Nilo ibaien atzetik. Ia 6.300 kilometroko luzera du, eta Txinan dago. Ibaia HE eta E norabideetan doa zortzi probintziatan zehar: Anhui, Hubei, Hunan, Jiangsu, Jiangxi, Qinghai, Sichuan eta Yunnan, baita Chongqing eta Shanghai udalerrien eta Tibeteko eskualde autonomoaren zehar ere, Ekialdeko Txinako itsasoan, Shanghaitik gertu, itsasoratu arte.

Yangzi ibaiak 1.800.000 km²-ko arroa drainatzen du. Bokalean, 31.900 m³/s ur husten ditu, eta Txinako lurraldearen % 40 eta ibaiertzeko ekoizpenaren % 70 urez elikatzen du[4]. Zeharkatzen dituen hiri nagusiak Chongqing, Wuhan eta Nanjing dira. Ibaiko presetako bat, Hiru Arroiletako presa, munduko presarik handiena da[5] (ez urtegia), eta, era berean, zentral hidroelektriko handiena elikatzen du[6]. Ibaia nabigagarria da bere ibilbidearen zati handi batean, eta ontzi transatlantikoak Wuhaneraino irits daitezke; beste ontzi txikiago batzuk, berriz, Yichangeraino nabigatzen dute.

Yunnan probintzian, non ibaia arroila sakonetatik doan, Yunnaneko hiru ibai paraleloen eremu babestuen zatia da, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako lekua.

Askotan, Yangzi ibaia Txinako iparraldea eta hegoaldea banatzen dituen lerrotzat hartzen da, Hala ere, geografo txinatarrek, oro har, uste dute Qin mendiak-Huai ibaia dela banaketa geografikoaren lerro ofiziala[erreferentzia behar]. Eskualdeko ibairik handiena izanik, Yangzi ibaia oso garrantzitsua da Txinan, historikoki, kulturalki eta ekonomikoki.

Ibaiaren izena oso eztabaidatua da. Txineraz izen ofiziala Cháng Jiāng da (txinera sinplifikatuz 长江, txinera tradizionalez 長江) eta «ibai luzea» esan nahi du. Hala ere, lehendabiziko izena europarrentzat Yangzi izan zen txinera sinplifikatuz 扬子江, txinera tradizionalez 揚子江), behe partean zuen izena. Espainian, Frantzian, Italian eta Euskal Herrian, gainera, Ibai Urdina izenaz ere ezaguna da; segur aski Frantzian asmatutako izena, Txinako beste ibai nagusiaren, Ibai Horiaren, izenaren ereduari jarraituz.

Sakontzeko, irakurri: «Ibai Urdinaren delta»

Yangzi ibaiak mendebaldetik ekialdera zeharkatzen du Txinaren erdigunea. 6.300 km-ko luzera du, eta bere arroak 1.800.000 km2-ko azalera du, 35° 54′ eta 24° 17′ N latitudeen eta 112° 25′ eta 90° 33′ E luzeren artean. Bere ibaiadarrekin ureztatzen ditu: Sichuan, Hubei, Hunan, Jiangxi probintziak eta Chongqing eta Shanghai probintzietako zenbait udalerriren % 95 baino gehiago; Guizhou probintziaren % 50-75; Shaanxi, Anhui, Jiangsu eta Yunnan probintzien % 25-50, eta Qinghai, Zhejiang, Henan, Gansu, Guangxi, Guangdong, Fujian eta Tibeteko eskualde autonomoko % 10/25.

Yangzi ibaia zenbait goi-ibar bat egitean sortzen da, eta, hidrologikoki, ibai nagusia urrunen dagoena da, Yangzi ibaiaren izena hartu beharko lukeena. Hori mendebaldeko goi-ibarra da, Jinsha ibaiari dagokiona, eta, aldi berean, ibaian gora jarraitzen du Tongtian ibaia izenez eta, gero, Tuotu ibaia izenez. Yibin hiritik aurrera, non Jinsha ibaia eta Min ibaia elkartzen diren —Yangziren iparraldeko goi-ibarra—, ibaiak behin betiko hartzen du Yangzi izena. Tradizioz, Yangzi bera ere hiru zati edo sekziotan banatutzat hartu izan da​[7][8]

Iturburuaren identifikazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Yangziaren iturrien mapa, Tibeteko goi-ordokian

Yangzi ibaiaren iturburuaren kokapen zehatza ezezaguna izan zen denbora luzez; hasieran, neurketa-tresna zehatzik ez zegoelako; gero, iturrien eskualdearen urruneko egoeragatik, eta, azkenik, sare hidrografikoaren konplexutasunagatik Tibeteko goi-lautadan. Duela hiruzpalau mila urte, Yangzi ibaia, Hiru Arroiletako irteeran, aintzira eta zingira ugarik okupatzen zuten eskualde batean sartzen zen, geroago dreinatuko zituztenak. Biztanleria urria zen, eta bertakoek ez zuten lortu zehaztea Yangzi ibaia Hanen ibaiadarra zen ala alderantziz, nahiz eta Yangzi ibaiaren batez besteko emaria ibaiadarrarena baino hamar aldiz handiagoa izan. Izan ere, Han ibaiaren ibilgua oso zabala da leku batzuetan (1.000 eta 2.000 m bitartean), eta Yangzi ibaiaren ibilgua, Hiru Arroiletako sestran, 200 m-raino estutu daiteke, batez ere Yijiang aurreko bokalean (Nankingo pasabidea). Yu Handiari buruzko kapitulu batean, Dokumentuen Klasikoan agertzen dena, Txinako idatzirik zaharrena, ziurrenik K.a. 500. urtearen inguruan idatzia, akats hori zuzentzen du, baina adierazten du Yangzi ibaiaren jatorria Min mendietan legokeela eta Tuotuo ibaia (benetako iturria) ekialderago dagoen ibaiadar bat izango litzatekeela. Luzaroan, Min ibaia Yangzi ibaiaren iturburutzat hartuko da hainbat arrazoirengatik: Yibinen, elkartzen den gunean, Yangzi ibaiak (Jinsha), batez beste, Minek baino heren bat gehiagoko emaria du. Haren zabalera, normalean, txikiagoa da, ibaiak haran sakon batean doalako denbora gehienean (150 eta 200 metro artean, 400 eta 1000 metro arteko aldean), eta Yangziren ibilgua ez da nabigagarria, Min ibaiarena ez bezala. Xu Xiake bidaiari eta geografoak (1587-1641) ezarri zuen lehen aldiz Jinsha ibaia zela ibai nagusia. Kangxi enperadorearen agindupean antolatutako espedizio batek, Tibeteko goi-lautadako iturrien eskualdearen lehen azterketa egin zuen, Yangzi ibaiaren jatorria zehaztasunez identifikatzea lortu gabe. 1718an argitaratutako atlas geografiko batek erregistratzen ditu aurkikuntza horiek. 1761ean, Chi Zhaonanek xehetasunez deskribatu zituen Yangzi ibaiaren iturrien eskualdean dauden ibaiak[9].

Yangzi ibaiaren benetako iturburuaren bilaketa 1970eko hamarkadatik aurrera berrabiarazi zen, Txinako hainbat espedizio zientifiko antolatu zirenean. Tibeteko goi-lautadaren zati horretan Yangzi ibaia sortzen laguntzen duten hiru ibai nagusiak dira: Chumar, Tuotuo eta Dangqu. Chumar ibaia berehala baztertu zen iturburu gisa, hiruretan emaririk baxuena duelako eta, sarri lehortzen delako neguan. Dangqu ibaiak Tuotuo ibaiak baino bospasei aldiz emari handiagoa du, eta ur-hartze eremua handiagoa da. Baina Txinako batzorde ofizialak Tuotuo ibaia gorde zuen Yangzi ibaiaren iturburu ofizial gisa hainbat arrazoirengatik: bere jatorria hobeto finkatua dago; estuariotik lerro zuzenean dagoen distantzia askoz handiagoa da; haren luzera hogei bat kilometro luzeagoa zela kalkulatu zen (hala ere, geroago egindako neurketek erakutsi zuten Dangqu ibaia 12 km luzeagoa dela[10]). Ikuspuntu hidrologikotik, Dangqu ibaiaren ibilguak, Tuotuo ibaiarena baino luzeagoa, bihurtzen du Yangzi ibaiaren benetako iturburu.

Tibeteko urertzeko ibilgua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Glaziarra Tuotuo ibaiaren iturburuan (Yangzi ibaiaren iturririk urrunena).
Tuotuo ibaia.

Yangzitik urrunen dagoen iturria bost ur-korronte garrantzitsuk bat egitean sortzen da: Qumar, Tuotuo, Garqu, Danqu eta Buqu ibaiak, eta Tibeteko goi-lautadaren ekialdetik igarotzen dira. Qinghai probintziaren mendebaldean, Kunlun mendien hegoaldean, eta Tanggula mendien iparraldeko isurialdean, Tibeteko Eskualde Autonomoaren mugan daudenak. Ibai horiek (goi-mendikoak, jatorrian) Tibeteko goi-lautadan elkartzen dira, eta Tongtian ibaia sortzen dute.

Yangziak Geladaindong mendiaren oinean du iturria, 6.621 m altu dena, eta Tanggula mendietako tontorrik altuena da. Iturria bera 5.395 m-ko altueran dago, mendi horren mendebaldeko isurialdetik jaisten den hegoaldeko glaziarraren oinean. Lehenengo, iparralderantz doa, eta, erdialdera, 90° biratzen du ekialderantz. Arroila estu batetik azaleratu ondoren, erreka txikiek zeharkatzen duten eta tontor biribilez inguratuta dagoen lur lau samar baten gainean agertzen da ibaia. Neguan elurrez estalita dagoen lurra, hala, belardi bihurtzen da udan. Permafrost geruza lodi batek (urteko, batez besteko tenperatura 0 °C baino txikiagoa da) ez zion ohantze bat zulatzen utzi, eta sakonera txikiko ibaia, izan ere, zabal hedatzen da paisaia soildu eta biztanlerik gabean, haize indartsuek ekortuta eta zuhaixkarik gabe. Ibaiaren lehen zatiak 346 kilometroko luzera du, eta Tuotuo izena du (txinera sinplifikatuan, 沱沱河; pinyinez, Tuótuó hé). Zati honetan, ibaia 5.400 m-tik 4.470 m-ra jaisten da (‰ 2,69-ko malda). Lotutako arroak 17.600 km2-ko azalera du[11].

Tibeteko goi-lautadaren zati hori guztia, gutxi ureztatua (250 mm baino gutxiagoko urteko prezipitazioa), estepa ia basamortu batek betetzen du. Iturrien eskualdea Tanggulashan udalerriaren (Haixi Mongoliar eta Tibetar Prefektura autonomoa) banaketa administratiboaren parte da. 47.540 km2-ko eremua hartzen du, baina 1.300 biztanle baino ez ditu (dentsitatea: 0,03 bizt/km2). Horiek hamar bat baserritan biltzen dira, Golmud eta Lhasa lotzen dituzten bi garraio-ardatzetan zehar kokatuak eta bata bestearen ondoan eraikiak: 109 errepide nazionala eta Qinghai-Tibet trenbidea. Trenbideak ibaia zeharkatzen du 400 m inguruko zabaleradun zubi handi baten bidez, Tanggula igarobidea, 5.231 m-ra, zeharkatu ondoren, munduko trenbide-pasagunerik altuena. Inguruko biztanleak artaldeak haztetik bizi dira. Iturburuen eskualdearen zati handi bat Hiru Ibaien Erreserba Naturalaren (Sanjiangyuan) parte da, bereziki Geladaindong mendiaren ingurua eta Dangqu ibaiaren ibilguaren zati handi bat babesten duena[12].

Tongtian ibaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Qumar ibaia Tibeteko goi-lautadan (Qinghai), Qinghai-Tibet trenbidetik ikusita, lehen zubia deituriko gunean.

Tuotuok lehen ibaiadar nagusiarekin, hegoaldetik datorren Dangqu ibaiarekin, bat egiten duen tokian, zati horren amaiera markatzen du, eta ibaiak Tongtian izena hartzen du (txinera sinplifikatuan, 通天河; pinyinez, Tongtian He, edo Moron Us, tibeteraz, literalki: «zerutik igarotzen den ibaia»).

Dangqu edo Dan Qu (txinera tradizionalean, 当 曲; txinera sinplifikatuan, 当曲; pinyinez, Dāngqū, tibeterako «Zingiretako ibaia»tik hartua), 352 km-ko luzera du, eta bere arroak 30.786 km2-ko azalera drainatzen du. Ikuspuntu hidrologikotik, bere ibilbideak, Tuotuokoa baino luzeagoa, Yangziaren benetako jaiotza bihurtzen du, baina, ofizialki eta arrazoi historikoengatik (Dangqu iturria ez zen aurkitu XX. mendearen amaierara arte), Txinako gobernuak eutsi egin dio Tuotuok osatzen zuela Yangziaren lehen zatia iritziari. Dangqu ibaia 4.500 m-ko altueran jaiotzen da, Tuotuo ibaia baino altuera txikiagoan, eta bere ibilbidea, aldapa askoz ere txikiagoa, zingiren artean doa. Elkargune horren ondoren, Tongtianek goi-lautada izoztuan jarraitzen du aurrera egiten, 278 km-tan zehar (‰ 0,9ko malda), bigarren ibaiadar nagusia eta handiena jaso baino lehen iparraldetik: Chumar ibaia edo Qu Mar (txinera tradizionalez, 玛尔; txinera sinplifikatuz, 玛尔; pinyinez, Chŭmǎĕr hé),tibeteraz «Ibai Gorria» esan nahi duena, 515 km-ko luzera du, Hoh Xil eskualde bakartuko mendietan jaiotzen da, eta ekialderantz doa, Kunlun mendietako izotzez elikatuta. Qinghai-Tibet trenbideak (2.565 m-ko zubi luze baten bidez) eta Qinghai-Tibet errepideak ere zeharkatzen dute. Arroak 20.800 km2-ko azalera du, ezaugarritzat landaretza urria izanik, eta hareazko dunaz estalita dago. Ibilguan zehar, higadurak kolore gorria ematen die urei.

Elkargune horren ondoren, Tongtian ekialderantz doa Qinghai probintzian zehar, paisaia menditsu batean zehar hego-mendebalderantz poliki-poliki biratuz eta haran edo zintzur sakon batetik igaroz (bere ibilgua 50 eta 200 m artean estutzen den unea) eta bere adar nagusietako baten paraleloan kanoi bat zulatuz, Yalong ibaia, baina ez da ehunka kilometro aurrerago baizik elkartuko. Tongtian ibaia bere lehen hiri handitik gertu igarotzen da, Yushu, eskuinaldeko ibaiadar baten ertzean dagoena. Gero, ibaiak ibaiadar bat hartzen du eskuinaldetik, Batang ibaia (140 km luze eta 3.100 km2-ko arroa), eta hegoalderago itzultzen da Daingkokera iritsiz haranaren zabalgune txiki batean; hortik aurrera, ibaia Jinsha izenez ezagutzen da, eta, puntu horretatik, probintzien arteko muga natural luzea izango da. Tongtian ibaiak Danqqu ibaiarekin bat eginez geroztik, 828 km egin ditu Qinghai probintzian[11].

Jinsha ibaiaren sekzioa Yunnanen.
«Tigrearen Jauzia» arroilaren ikuspegia, Yulong Xue Shan mendiak ezkerrean eta Haba Xue Shan mendiak eskuinean dituelarik.
Landaketak terrazetan, «Tigrearen Jauzia» zintzurrean.
Jinsharen lehen itzulia Shigu-n (石鼓), Yunnan probintzia, non ibaiak 180° biratzen duen, eta, hegoalderantz ehunka kilometro joan ondoren, iparralderantz abiatzen da.
Jinsha ibaia Panzhihua hiritik igarotzean, bidean aurkitzen duen lehen hiri garrantzitsua.
Yangzi Yibinen sortzen da, Jinsha ibaia eta Min ibaia elkartzen diren tokian.

Jinsha ibaia (txinera sinplifikatuz, 金沙江; pinyinez, Jīnshā Jiāng; literalki, «urre-koloreko hareen ibaia», lehen Shengshui edo Lishui izenez ere ezaguna) Yangzi ibaiaren goi-ibarreko mendebaldekoenari deitzen zaio, berez, Jinsha-Tongtian; 2.308 km-ko luzera du guztira, eta 340.000 km²-ko arroa drainatzen du, eta 3.300 m erortzen da (‰ 1,45-ko malda). Hortik aurrera Jinsha izenez, ibaiak hegoalderantz jarraitzen du, Hengduan mendiak haitzarte sakon batetik gurutzatuz, 400 km inguruko tarte luze batean, non muga naturala osatzen duen lehenik Sichuan probintziaren (mendebaldean) eta Tibeteko Eskualde Autonomoaren (ekialdean) artean eta gero Sichuan eta Yunnan probintzien artean. Shigu hiriraino, ibaia hegoaldetik hego-ekialdera doa, haran ia zuzen paraleloki (ekialdean eta ezkerraldetik) bere ibaiadar nagusienarekin, Yalong ibaiarekin —Shaluli mendiek banatzen dute— eta Mekong ibaiekin (mendebaldean) —Ningjing mendiek banatzen dute— eta mendebalderago Saluen haranetik. UNESCOk, lekua, Gizateriaren Ondare izendatu du Yunnaneko Hiru ibai paraleloak izenarekin. Hemen ibaia, ur-lasterreko gune askorekin, estutu egiten da, 80 m inguruko zabalera duen ubidea hartu arte; ubidea, tarterik zabalenetan, 200 m-ra iristen da, hareazko bankuez eta uhartetxoz zipriztindua, eta terraza sedimentarioz inguratua dago.

Jinsha ibaiak hainbat ibaiadar hartzen ditu mugako tarte luze horretan, bat bera ere ez garrantziduna, adibidez, Baiqu, Yuebaxiang eta Zhenqu ibaiak ezkerretik; gero Zangqu eta Requ ibaiak eskuinetik, eta berriz ere ezkerretik Gaiyu Xiang, Dingqu (Dongwang ibaiadarrarekin) eta Gangqu ibaiak, azken horren elkarguneak mugaren amaiera markatzen duelarik; ondoren, Jinsha ibaia iparraldetik Yunnan probintzian sartzen da. Behin Yunnan probintzian, Diqing Tibetar Prefektura autonomoan, ibaia Shigura iristen da, non 180º-ko bira eginez berriro iparralderantz doan. Tigrearen Jauziaren Zintzurra zeharkatzen du, 16 km inguruko arroila ikusgarria, bi mendi garairen artean kokatua —5.596 metroko Yulong Xue Shan eta 5.396 metroko Haba Xue Shan—, non ibaia ur-laster batzuetatik doan 2.000 m baino gehiagoko malda malkartsuz inguraturik. Munduko ibai-arroilarik sakonena da, eta txango turistiko ugari egiten dira bertara[13]. Izenak kondaira bati egiten dio erreferentzia, zeinean tigre batek, ehiztari batengandik ihes egiteko, bere punturik estuenean (25−30 m) arroila nola saltatu zuen kontatzen duen. Gero, Jinsha, beste bira batean, hegoalderantz itzultzen da 320 km inguruko kiribil bat deskribatu ondoren. Kiribilaren zati handi batean, Jinsha da Tibeteko Dêqên prefektura autonomoaren (N) eta Lijiang prefekturaren (S) arteko muga naturala. Gizateriaren Ondare izendatutako Lijiang hiri zaharra Jinsha ibaiaren bi adarren artean dago, bakoitzetik 15 bat kilometrora.

Hemen ibaiadar txiki batzuk jasotzen ditu: eskuinetik Zhubalong eta gero Xiashu ibaiak, justu lehenengo biraketaren aurretik; ezkerretik, iparralderako zatian, Yangila eta Geji ibaiak; bigarren biraketan, Shwiluo ibaia (Niru ibaiadarrarekin); jada berriro hegoalderako zatian, ezkerraldetik, Quingshui ibaia, eta, azkenik, eskuinetik, Zhongjiang, Hechuan eta Houshan ibaiak. Gero, Jinsha ibaia mendebaldera itzultzen da, tarte horretan Luolou eta Naxi ibaiak eskuinetik hartzen dituelarik; Sandao, ezkerretik, eta Yupao, eskuinetik. Berriro, ipar-mendebaldera jotzen du, eta eskuinetik Bala eta Wanna hartzen ditu, hegoaldetik datozenak, eta, gero, Renjira, ezkerretik. Jinsha ibaia Yunnan probintziatik atera, eta Sichuan probintzian barneratzen da, non eskuinetik Tongda eta Baguan ibaiak hartzen dituen, eta, gero, ezkerretik, Dongqu ibaia, Panzhihua hirian (787.177 bizt. 2010ean), prefekturaren egoitza dena, zeina ibaiak aurkitzen duen lehen hiri garrantzitsua den.

Panzhihua pasatu eta berehala, Jinshak ezkerraldetik hartzen du bere ibaiadar garrantzitsuena, Yalong ibai luzea, 1.637 km-ko luzera eta 128.444 km²-ko drainatze-arro zabala. Gero, Jinshak hegoaldera jotzen du berriro, eta zati labur bat egiten du beste zati luze bati hasiera emateko, gehien bat, ipar-ekialderantz, non ibaia probintziaren muga izango den berriro, oraingoan, Sichuan, ipar-ekialdean, eta Yunnan, hego-mendebaldean duelarik. Berehala, eskuinetik eta ipar-mendebaldera biratu baino lehentxeago, Longchuan ibaia hartzen du —Chuxiong hiritik datorren ibaiadarra, 2003an, 480.000 biztanle zituen hiri garrantzitsua da, Chuxiong-eko Prefektura Autonomoaren egoitza eta ibaiadar sare garrantzitsua duena (Dahe-Yangtjiang, Banguo eta Menggang-Shizhe ibaiak)—, eta, handik gutxira, baita eskuinetik ere, Xialu ibaia (Shala ibaiadarrarekin). Gero, Jinsha ipar-ekialdera itzultzen da; lehenengo, ezkerretik, Chenghe ibaia jasotzen du, eta, gero, ezkerretik, Taipingxiao, Baishui eta Pudu ibaiak (Jinsharen ibaiadar nagusietako bat, 294 km-ko luzerarekin eta hegoaldetik datorrena) eta XiaoJiang.

Jinshak iparralderantz biratzen du, eta, eskuinetik, Yili ibaia jasotzen du (Mashu ibaiadarrarekin), ekialdetik datorrena, eta, bat egin eta berehala, Qiaojia hirira iristen da, izen bereko xianaren (konderria) egoitza. Ibaiak ibaiadar gehiago jasotzen jarraitzen du: Heishui eta Xixi, iparraldetik eta ezkerretik datozenak; gero, Jinsharen ibaiadar nagusia, Niulan edo Kraal ibaia, eskuinetik datorrena eta 461 km-ko luzera eta 13.787 km²-ko arroa drainatzen duena; aurrerago, Liutong, Xisujiao, Xining eta Zhongdu ibaiak, ezkerretik; eta eskuinetik, Chestnut ibaia (Suijiang hiria dago haren bokalean). Gero, Guan ibaia (Guan He edo Yokoe) jasotzen du, Jinsha ibaiaren beste ibaiadar nagusietako bat, 305 km-ko luzera eta 14.870 km²-ko arro zabala drainatzen duena. Guanekin bat egiten duen tokian amaitzen da ibaiak probintziaren muga egiten duen zatia, eta Jinsha ibaia Sichuan probintzian sartzen da. Tarte horretan, 2006an, Xiangjiabako presa eraikitzen hasi ziren. 2015ean, amaitutakoan, Txinako zentral hidroelektriko 3. handiena eta munduko 4.a izango da.

Handik gutxira, Jinsha Yibin hiri garrantzitsura iristen da (281.019 bizt. 1999an), non Min ibaiarekin bat egiten duen. Iparraldetik datorren Yangzi ibaiaren iparraldeko sorburua da, eta ezkerraldetik heltzen dio (735 km-ko luzera eta 140.000 km²-ko arroa ditu). Bi ibaiak elkartzen direnean sortzen da, nominalki, Yangzi ibaia. Min ibaiaren ondoren, jada ur-ibilgu erraldoi, lohitsu, hondartsu, sedimentuz eta 120 milioi biztanle eta Sichuan arroko laborariren hondakinez betea da.

Jinsharen goi-ibilgua 2,7 m/km inguru erortzen da. Batang (Sichuan) ondoren, gradientea, gradualki, 1,5 m/km-ra jaisten da, baina Jinsha nabigaezina da, eta bere goiko ibilbidean, arroilan zehar, gehiago da oztopo garraiorako laguntza baino. Jinshan Txinako gobernuaren ekintza garrantzitsua dago, garapen-fase ezberdinetan dauden hamasei presa-proiektu baino gehiagorekin: handienak Xiluodu (azterketa fasean, eraikiz gero munduko 3. handiena izango dena) eta lehen aipatutako Xiangjiaba dira. Haran luze horren ibilbidean, ibaia 5.000 m baino zertxobait gutxiagoko altueratik (ibaiaren goi-ibarra 4.900 m ingurura dago) 1.000 m baino gutxiagora jausten da.

Yangzi ibaia, goi-ibilgua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dagoeneko Yangzi izenez, eta Sichuan arrotik igarotzean, ibaiak hainbat eta hainbat ibaiadar hartzen ditu, horietako asko emaritsuak, eta haien fluxuak nabarmen handitzen du: Yibinen bertan hasten da; ezkerretik, Nanguang ibaia jasotzen du, eta, handik gutxira, kontrako aldean, Jiaju ibaia. Aurrerago, Changning ibaia hartzen du eskuinetik, eta, gero, ibaiadar nabarmen bat ezkerretik: Tuo ibaia (655 km eta 27.500 km²-ko arroa duena); horren elkargunean, Jiangyang hiri garrantzitsua dago (Luzhou hiri bikainaren gune historikoa) (625.000 biztanle inguru 2008an), Luzhou prefekturako hiriburua.

Jiangyang-eko panoramikoa (Luzhou hiriaren erdialde historikoa) (ezkerrean, Yangzia; eskuinean, Tuo ibaia.
Jiangyang-eko panoramikoa (Luzhou hiriaren erdialde historikoa) (ezkerrean, Yangzia; eskuinean, Tuo ibaia.

Gero, eskuinetik, Chishui-Gaodong ibaia jasotzen du Sichuan utzi eta Chongqing probintzian sartu aurretik. Ezkerretik, Shenshui-Shangpo ibaia hartzen du; gero, eskuinetik, Shangxi, eta, berriro, ezkerretik, Meijiang-Binan. Qiljiang eta Jiantan ibaiek jarraitzen dute, biak eskuinetik, eta Yangzi ibaia Chongqing hiri garrantzitsura iristen da, non ezkerretik Jialing ibaia jasotzen duen (1.119 km eta 160.000 km²-ko arroa). Yangzik aurrera jarraitzen du ibaian behera, gero eta ubide zabalagoarekin, non uharteak dauden, batzuk handiak, 5 km luze eta ia 2 km zabal. Tarte horretan, Wubu ibaia (eskuinean), Yulin eta Longxi ibaiak (ezkerrean) hartzen ditu, baita Lontan ibaia (eskuinean, Youjiang ibaiadarrarekin) eta beste ibaiadar nabarmen bat (Wujiang ibaia) ere, eskuinetik eta hegoaldetik datorrena.

Jaisten jarraitzen du bihurgune eta meandro handiak deskribatuz, eta ibaiadar gehiago jasotzen ditu: Nanbin ibaia eskuinetik, ibai luze bat haitzarte garrantzitsuen eta etengabeko norabide aldaketen artean doana; Gold, Zhuxi, Pengxi eta Tangxi ibaiak ezkerretik; Sibu eta Huohe eskuinetik, eta Meixi eta Daning.

Hiru Arroiletako urtegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Hiru Arroiletako urtegia»
Hiru Arroiletako urtegia Yangzi ibaian dago
Hiru Arroiletako eremua.
Hiru Arroiletako mapa.

Baidi hiritik aurrera, Yangzi ibaiak bidea egin behar du Daba mendien eta Wuling mendien artean. 310 km-tan, hiru aldiz igarotzen da arroka gogorretan induskatutako haitzarte estu eta sakonetatik. Hiru Arroila horien artean, ibaiaren ibilgua, bere ohea harkaitz bigunagoetan sartuz, zabaldu egiten da. Haitzarte horietako lehena eta ikusgarriena Qutang arroila da, Fengjie igaro ondoren hasten dena eta 8 km-ko luzera duena. Ibaiaren zabalera, 100 m-ra estutzen da, eta, haren gainetik, 1.200 m-ra igotzen diren mendiek menderatzen dute. Arroiletik irten ondoren, Wushan hirira iristen da, non Wuren arroilari hasiera ematen dion, 45 km-ko arroila-segida bat Guandukouraino (Badong) hedatzen dena. Tarte horretan, Yangzi ibaiak Sichuan probintzia utzi, eta Hubei probintzian barneratzen da mendebaldetik. Xiling arroila, 66 km-ko luzera duena, Zigui eta Nankingo haitzartearen artean dago, Yichang hiritik gora, zeinak goiko ibilguaren beheko muga eta lautadetako paisaia batera iristea markatzen dituen. Zazpi arroileko serie batek osatzen du Xiling. Haitzarte multzo horrek, ur-lasterren ondorioz, ibaiaren nabigagarritasuna mugatzen zuen Hiru Arroiletako presa eraiki aurretik, Nankingo haitzartea baino 20 km gorago eraikia. 2003an inauguratu zuten urtegi erraldoi hori, inoiz eraiki den urtegirik handiena, eta, uretan behera, ibaia baino 110 m altuago dagoen ur gorputz bat atxikitzen du bete-betean. Horrela sortutako presa 660 km-tan hedatzen da, Chongqing hiriraino, eta nabigazioari oztopoak kentzea ahalbidetu du. Esklusa serie bati esker, 10.000 tona arteko itsasontziak igaro daitezke. Hiru Arroilak ere nabigazio turistikorako gune ezaguna da.

Arroilen arteko tarte horretan, Yangzi ibaiak ibaiadar gehiago jasotzen ditu: Wanfu, eskuinetik; Yandu, Shennongxi eta Banquiao, ezkerretik; Quinggan ibaia (Luogudong ibaiadarrarekin) eta Tongzhuang ibaia eskuinaldetik; Xiangxi, ezkerretik.

Xiling zubi berriaren ikuspegia, Hiru Arroilak baino beheraxeago.
Gezhoubako urtegia, ibaian behera, Hiru Arroiletatik hurbil.
Yangzi ibaia Yichang.

1994an, txinatar gobernuak Hiru Arroiletako eskualdean munduko urtegirik handiena egitea erabaki zuen. Eskualdea ekologikoki estimatutako eremuan kokatuta, ia 630 kilometro karratuko eremua du. Lanak 2007. urtean bukatu zituzten.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia: 52. araua: Munduko geografiako zenbait izen (mendiak, ibaiak, itsasoak).
  2. Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-11).
  3. Lurdes ANSA, Alfontso MUJIKA eta beste: Munduko eta Euskal Herriko atlasa, geografikoa eta politikoa, Elhuyar, 2010.
  4. (Frantsesez) Gaëlle Dupont, «Environnement: menaces sur les grands fleuves», en Le Monde del 06/04/2007
  5. (Ingelesez) «Three Gorges Dam, China» earthobservatory.nasa.gov 2009-06-08 (Noiz kontsultatua: 2024-07-22).
  6. International Rivers, Three Gorges Dam profile Archivado el 20 de abril de 2009 en Wayback Machine., Consultado el 3 de agosto de 2009.
  7. Chen 2020, parag: 2.6.
  8. Chen 2020, parag: 3.1.3.
  9. Chen 2020, parag: 1.2.1.
  10. Chen 2020, parag: 1.2.2.
  11. a b Chen 2020, parag: 2.6.1.
  12. «Mountain Protected Areas – Plateau Perspectives» plateauperspectives.org (Noiz kontsultatua: 2024-07-24).
  13. Chen 2020, parag: 2.6.2.
  • (Ingelesez) Van Slyke, Lyman P. 1988. Yangtze: nature, history, and the river. Stanford Book. ISBN 0-201-08894-0
  • (Ingelesez) Winchester, Simon. 1996. The River at the Center of the World: A Journey up the Yangtze & Back in Chinese Time, Holt, Henry & Company, 1996, hardcover, ISBN 0-8050-3888-4; trade paperback, Owl Publishing, 1997, ISBN 0-8050-5508-8; trade paperback, St. Martins, 2004, 432 pages, ISBN 0-312-42337-3
  • (Ingelesez) Chen, Jin. (2020). Springer et Changjiang Press  doi:10.1007/978-981-13-7872-0. ISBN 978-981-13-7871-3..
  • (Ingelesez) Fengling, Chenb; Xianyou, Ren; Guifang, Yang. (2009). Analysis of historical floods on the Yangtze River, China: Characteristicsand explanations, Geomorphology, vol. 113, p. 210-216 (irakurri sarean [archive]) — Historique et origines des crues du Yangtsé en particulier sur son cours moyen et inférieur.. .
  • (Ingelesez)  Zhang, Jiayan. (2013). Coping with Calamity: Environmental Change and Peasant Response in Central China, 1736-1949. UBC Press, 265 or. ISBN 978-0-7748-2597-9.. sarean irakurri
  • (Ingelesez) Rowan K, Chen. (2013). Ancient Central China: Centers and Peripheries along the Yangzi River. Cambridge University Press.
  • Xiaofan, Tao. (2012). Le Yangzi, du fleuve à la région ? Les recompositions spatiales de l’urbain et les politiques d’aménagementd’un grand bassin hydrographique. thèse géographie Université Panthéon-Sorbonne - Paris I, 620 or..sarean irakurri

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]