Javier Ybarra Bergé
- Artikulu hau enpresaburuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Javier Ybarra».
Javier Ybarra Bergé[1] (Bilbo, 1913ko uztailaren 2a - Barazar, 1977ko ekainaren 22a) enpresaburua, idazlea eta politikaria izan zen, ETA politiko-militarrak eraila.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Neguriko goi burgesia osatzen zuten familietako batean jaioa, Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen. Espainiako Bigarren Errepublikaren denboran, Partido Nacionalista Español alderdi erregezale ultraeskuindarreko kide izan zen lehenik, eta Renovación Española alderdi erregezale eskuindarrekoa gero. Espainiako Gerra Zibilean borrokatu zen, nazionalen alde; zauritua izan zen, eta hainbat domina jaso zuen. 1963tik 1969 arte, Bilboko alkate izan zen. Bizkaiko Diputazioko buru eta Francoren Mugimendu Nazionaleko kontseilari ere izan zen.[2]
Haurren lapurreta, salmenta eta legez kanpoko adopzioei lotuta egon zen, besteak beste, María Madre izeneko elkarte bateko kidea eta lehendakaria izan zenean.[3][4][5]
Gerra Zibilean izandako bizipenei buruz, historiari buruz eta politikari buruz idatzi zuen. Hainbat enpresatako zuzendaritzan aritu zen: besteak beste, Babcock Wilcox enpresan, hainbat bankutan, eta El Correo egunkarian.
Bahiketa eta hilketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Banco de Vizcaya banketxeko ordezkari gisa Babcock Wilcoxeko lehendakari zela, 1977ko maiatzaren 20an, ETA politiko-militarrak bahitu zuen. Familiari mila miloi pezetaren erreskatea eskatu zion; gero 500 milioira jaitsi zuen dirutza, baina familiakoek ezin izan zuten dirua bildu. 1977ko ekainaren 22an, ETA politiko-militarrak Bilboko Radio Popular irratira deitu zuen: Javier Ybarra «exekutatua izan da», jakinarazi zuten.[6] Gorpua Barazarren agertu zen, garondoan tiro bat zuela, eta eskuetan arrosarioa eta meza liburua zituela.[7]
Hilketaren ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1977ko ekainaren 15eko hauteskundeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hautaturiko parlamentariek eta haien alderdiek hilketa gaitzetsi zuten. Ideologiaren aldetik ETA politiko-militarrari lotuta zegoen Euskadiko Ezkerra hauteskunde koalizioko hainbat buruk ere gaitzetsi zuten. Jose Luis Elkoro buru zuen Bergarako alkate taldeak ere gogor gaitzetsi zuen erailketa.[6]
Hilketa horrek ETA politiko-militarraren banaketa eragin zuen. Gehienek Juan Maria Bandresek proposatutako gobernuarekiko negoziazioa onartu zuten. Gainerakoek, Miguel Angel Apalategi eta Pakito Mujika Garmendia buru zituztela, ETA VIII. Biltzarra sortu zuten.[erreferentzia behar]
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mi diario de la Guerra de España 1936-1939. (1941)
- De California a Alaska. Historia de Descubrimiento. (1945)
- Política Nacional en Vizcaya. De la Restauración a la República. (1947)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Ibarra da abizenaren euskara batuko idazkera (ikus Euskal Onomastikaren Datutegia), baina pertsona ospetsu horren abizenaren grafia oso finkatuta dago Ybarra formarekin.
- ↑ «El asesinato de don Javier de Ybarra», La Vanguardia, 1977-06-23.
- ↑ «El franquismo financió la adopción encubierta de niños "abandonados"» www.publico.es 2017-08-11 (Noiz kontsultatua: 2024-02-18).
- ↑ «Adoptados Bilbao» adoptadosbilbao.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-18).
- ↑ Lizarraga Rada, Mikel. (2018). Los niños robados en España: Del exterminio del "gen rojo" al negocio (1940-1990). Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
- ↑ a b Joseba AGIRREAZKUENAGA eta Mikel URQUIJO (2008): Bilbao desde sus alcaldes: diccionario biográfico de los alcaldes de Bilbao y gestión municipal en la Dictadura, 3. liburukia (1937-1979), Bilboko Udala.
- ↑ «Atroz asesinato de Javier de Ybarra», ABC, 1977-06-23.