Jose María Eça de Queirós

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jose María Eça de Queirós
Eça de Queirós c. 1882.jpg
enbaxadore

Bizitza
Jaiotza Povoa de Varzim1845eko azaroaren 25a
Herrialdea  Portugal
Heriotza Paris1900eko abuztuaren 16a (54 urte)
Heriotza modua berezko heriotza: tuberkulosia
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Heziketa Law School of the University of Coimbra (en) Itzuli : zuzenbide
Hizkuntzak portugesa
Jarduerak
Jarduerak kazetaria, diplomazialaria, idazlea eta eleberrigilea
Lan nabarmenak O Crime do Padre Amaro (en) Itzuli
Influentziak Almeida Garrett
Mugimendua erromantizismoa
errealismoa

feq.pt
IMDB: nm0211055 Allocine: 242523 Allmovie: p310679
Find a Grave: 10907785 Edit the value on Wikidata
Assinatura Eça de Queirós.png

José Maria Eça de Queirós (Povoa de Varzim, 1845ko azaroaren 25a - Paris, 1900eko abuztuaren 16a) portugaldar eleberrigilea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugalgo iparraldean jaio zen, ezkon aurretiko harreman batzuen ondorioz, berak lau urte zituela ezkondu baitzitzaizkion gurasoak. Queirósen sendia Portugalgo burgesia eskolatuko kide zen. Zuzenbide-ikasketak egin zituen Coimbran, eta han ezagutu zituen, beste batzuen artean, Antero de Quental eta Teofilo Braga, hiriko literatura-zirkuluetan eta ikasle-bizitzan kide izango zituenak, nahiz eta artean, haien aldean, Eça gaztea oso bigarren mailan geratzen zen.

1866an argitaratu zituen lehen idazlanak Gazeta de Portugalen -askoz geroago, 1905ean, idazlea hil eta gero, Prosas Bárbaras izenburupean argitaratu zirenak-. Urte batzuk geroago, Lisboan, berriro Anterorekin topo egin zuenean, azken horrek Proudhonen pentsamendu iraultzailea aztertzeko gonbita egin zion Eçari. Hala, 1870 ingururako, Eça de Queirós XIX. mendeko errealismoaren idealekin guztiz bat eginda azaltzen zaigu, Lisboan, "70eko Belaunaldiak" antolatutako hitzaldi-sorta batean. Belaunaldi horretako kide eta aitzindari zen Eça, "Errealismoa, Artearen adierazpen berria" izeneko hitzaldia irakurri zuenean erakutsi zuen bezala.

Administrazioko langune baten kariaz Leiriara bizitzera joanda, inguruan zuen nekazari-giroak horretara bultzaturik, bere lehen eleberri handia idatzi zuen: O crime do padre Amaro (1875, Aita Amaroren krimena). Nolanahi ere, eleberri hori liburu gisa argitaratzerako Diplomazian sartua zen eta, kontsul titulua bereturik, Habanara bidali zuten bi urterako. Ondoren, Ingalaterran egon zen kontsul urte mordoxka batean: Newcastle upon Tynen, lehenik, 1874tik 1879ra, eta Bristolen gero, 1879tik 1888ra arte. 1886an, Bristolen zegoela, Portugalgo aristokraziako neska batekin ezkondu zen.

Ingalaterran antolatu eta idatzi zituen Eçak bere idazlanetako atalik mardulenak: 1875etik 1878ra bitartean O primo Basilio (1878, Basilio lehengusua) idatzi zuen, segur aski, Eçaren eleberri biribilena; O mandarim (1880, Mandarin zaharra) eta A reliquia (1887, Erlikia) argitaratu zituen gero; eta 1888an argitaratu zen, azkenean, bederatzi urtez lanean aritu ondoren, Os Maias (Maiak) bere eleberri luzeena eta goranahiena, Portugalgo burgesiaren eta gizartearen erretratua egin nahi zuena.

1889an Portugalgo kontsul izendatu zuten Parisen, eta hiri hartan bizi izan zen, harik eta 1900ean tuberkulosiaren mende hil zen arte. Eçaren bizitzako azken aldi honetako lanen artean aipatzekoak dira A ilustre casa de Ramires (1900, Ramiresen etxe ospetsua) -aurreko eleberrien ezaugarri bertsuak dituena, nahiz eta estiloarekiko kezka berezia nabaritzen zaion-, O epistolario de Fradique Mendes (1891, Fradique Mendesen gutunak); eta idazlea hil ondoren argitaratu ziren beste batzuk: A cidade e as serras (1901, Hiria eta mendiak), non haurtzaroko bazterrak gogoratzen dituen malenkonia lirikoz; Contos (1902, Ipuinak), eta Ultimas paginas (1912, Azken orrialdeak).

Eça de Queirósen lanegina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eça de Queirósen estatua Povoa de Varzimen

Ez dago zalantzarik Eça de Queirós izan zela Portugalgo literatura erromantizismotik errealismora eramaten ahalegin handienetakoa egin zuenetako bat. Hala ere, Prosas barbaras liburuan bildutako lehen idazlanetan antzematen da "ertia ertiagatik" formularen argitan hasi zela idazten. Ez da ahaztu behar miresmen handia izan ziola beti Frantziako kulturari, eta literaturako bere lehen ereduak Baudelaire, Victor Hugo eta Heinrich Heine, alemaniar olerkaria, izan zirela.

Gorago aipatu den bezala, 1871n, Lisboan, bere hitzaldi ospetsu eta eragin handikoa eman zuenerako Eçak oso ongi zekien erti-adierazpide berriaren premiak zeintzuk ziren eta zer-nolako eraginak izatea bilatzen zuen. Era horretan, Eçaren idazlan errealistak portugaldar gizartea deskribatzeko eta aztertzeko modu bat ziren, gizartearen akatsak salatu eta, ikuspegi moderno batetik, konponbideak bilatzen ahalegintzeko.

Queirósen eleberri errealistetan gizarteko arazo zehatzak kritikatzen dira. Esate baterako, ezkontzaren ideia burgesaren eta, batez ere, XIX. mendearen azkenetako gizarte hark emakumeari ezartzen zion eginkizunaren aurkako kritika egin zuen O primo Basilio eleberrian. Lan horretan nabarmen geratzen da, Eçaren iritziz, ezkontza burgesa harreman konbentziozko eta hipokrita batean oinarritzen zela, eta harreman horretan paper "sentimentala" baizik -hezkuntza erromantikotik jarauntsia- ez zitzaiola eskaintzen emakumezkoari, ideal aurrerakoiei begira zetorren gizarte berrian inolako tokirik eta baliorik ez zuen papera, hain zuzen.

Elizgizonak izan ziren haren kritiken beste jomuga ohiko bat. Izan ere, hiri txikietan edo nekazari-girokoetan, batik bat, elizak eragin ikaragarria zuen artean, bai herritar xeheengan, bai probintzietako kultura eskaseko burgesiarengan. Gai honi eskaini zion Queirósek bere lehen nobela: O crime do padre Amaro. Eleberri horretan, apaizen azaluskeria kritikatu zuen, jendeari predikatzen zieten bertutea praktikatzeko gauza ez izateagatik. Baina, batez ere, dirudunen balio eta interesetara makurtzea egozten zien, Ebanjelioko idealak guztiz alde batera utzirik.

Kritikarik gogorrenak, hala ere, klase politikoari zuzendu zizkion. Kontuan izan behar da Eça de Queirós, diplomatikoa zenez, goi mailako funtzionarioa zela, eta ongi ezagutzen zituela Portugalgo bizitza publikoko zirrikituak. Os Maias eleberrian -Eçaren eleberri luzeena eta konplexuena- gai hori tratatu zuen, eta lan horretako orrialde mingotsenetan garai hartako portugaldar politikarien azpijokoak, ezjakintasuna eta ergelkeriak salatu zituen. Labur esanda, klase politikoaren kaskarkeria azaleratu nahi izan zuen eta, horrekin batera, ezkor eta fede gabe agertu zen etorkizunaren aurrean, ez baitzituen esandako politikariak gai ikusten Portugalen premiazkoak ziren berrikuntzak aurrera eramateko.

Esan liteke, beraz, Eçaren hasierako aurrerakoitasun borrokalaria apalduz eta bigarren mailan geratuz joan zela, denbora joan ahala, gizarte-kritikak sorkuntza literario bilakatu ziren heinean, eta Eçak berak gizartean bere esparrua diplomazian, hain zuzen, hartu ahala. Esan behar da oso ongi integratu zela, emaztearekin batera, Parisko gizarte-bizitzan, baina, horrekin batera, ez da ahaztu behar urrun zegoela idatzitako orrialdeetan islatu zituela ongien eta argien bere herrialdeko gertaerak. Egia izan arren, denboraren gurpilean, eszeptizismora hurbildu zela, inoiz ere ez zituen galdu kritikarako asmoa eta ahalmena.

Portugalek eman duen eleberrigile onenentzat eduki da duela gutxira arte eta, askoren iritzian, XIX. mendeko Europako idazle hoberenen artean dago.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • O Mistério da Estrada de Sintra (Sintra bidearen misterioa), Ramalho Ortigãorekin batera idatzia, 1870
  • O Crime do Padre Amaro (Aita Amaroren krimena), 1875
  • A Tragédia da Rua das Flores (Flores kaleko tragedia), 1877
  • O Primo Basílio (Basilio lehengusua), 1878
  • O Mandarim (Mandarin zaharra), 1880
  • A Relíquia (Erlikia), 1887
  • Os Maias (Maiak), 1888
  • Uma Campanha Alegre (Kanpaina alaia), 1890-91
  • Correspondência de Fradique Mendes (Fradique Mendesen gutunak), 1900
  • Dicionário de milagres (Mirarien hiztegia), 1900
  • A Ilustre Casa de Ramires (Ramiresen etxe ospetsua), 1900
  • A Cidade e as Serras (Hiria eta mendiak), 1901, hil ondoren argitaratua
  • Contos (Ipuinak), 1902, hil ondoren argitaratua
  • Prosas Bárbaras (Prosa barbaroa), 1903, hil ondoren argitaratua
  • Cartas de Inglaterra (Ingalaterratik etorritako gutunak), 1905, hil ondoren argitaratua
  • Ecos de Paris (Pariseko oihartzunak), 1905, hil ondoren argitaratua
  • Cartas familiares e bilhetes de Paris (Familiako gutunak eta Pariseko txartelak), 1907, hil ondoren argitaratua
  • Notas contemporâneas (Ohar garaikideak), 1909, hil ondoren argitaratua
  • Últimas páginas (Azken orrialdeak), 1912, hil ondoren argitaratua
  • A Capital (Hiriburua), 1925, hil ondoren argitaratua
  • O Conde de Abranhos (Abranhoseko kondea), 1925, hil ondoren argitaratua
  • Alves & Companhia (Alves eta konpainia), 1925, hil ondoren argitaratua
  • O Egito (Egipto), 1926, hil ondoren argitaratua
  • Cartas inéditas de Fradique Mendes (Fradique Mendesen gutun argitaragabeak), 1929, hil ondoren argitaratua

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]