Victor Hugo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Victor Hugo
Victor Hugo.jpg
Frantziako Nazio Biltzarreko kidea


Frantziako Hirugarren Errepublikako senataria


Frantziako par

Bizitza
Izen osoa Victor Marie Hugo
Jaiotza Besançon1802ko otsailaren 26a
Herrialdea  Frantzia
Lehen hizkuntza frantsesa
Heriotza Paris1885eko maiatzaren 22a (83 urte)
Hobiratze lekua Parisko Panteoia
Familia
Aita Joseph Léopold Sigisbert Hugo
Ama Sophie Trébuchet
Ezkontidea(k) Adèle Foucher
Bikotea(k) Juliette Drouet
Léonie d'Aunet
Seme-alabak
Anai-arrebak
Leinua Q24929958
Hezkuntza
Heziketa Parisko Unibertsitatea
Lycée Louis-le-Grand
Hizkuntzak frantsesa
Lanbidea
Lanbidea politikaria, antzerkigilea, eleberrigilea, marrazkilaria, libretista, saiakeragilea, oroitzapen-idazlea, idazlea, ilustratzailea, bidaia idazlea eta poeta
Lantokia(k) Paris
Lan nabarmenak Miserableak
Notre-Dame de Paris
Jasotako sariak
Kidetza Frantses Akademia
Serbian Learned Society
Q2822385
Genero artistikoa fikzio gotikoa
Zerbitzu militarra
Gatazka Frantzia-Prusia Gerra
IMDb nm0401076
Victor Hugo Signature.svg

Victor-Marie Hugo (Besançon, Franche-Comté, Frantzia, 1802ko otsailaren 26a - Paris, Frantzia, 1885eko maiatzaren 22a) frantsesezko idazlea izan zen, Erromantizismo garaian lan egin zuena. Antzerkia, olerkiak, saioak eta drama-eleberriak landu zituen, eta liburu asko idatzi zituen. Frantsesezko egilerik garrantzitsuenetarikoa da: Les Misérables eta Notre-Dame de Paris ("Parisko konkorduna") haren lanik ospetsuenen artean daude. Hainbat bidaia egin zituen, batez ere Pikardian eta Normandian.

Politikaria ere izan zen, eta eraso egin zien bonapartismoari eta autoritarismoari. 1852an erbesteratu behar izan zuen Belgikara, Napoleonen aurkako jarrera zuela eta. Zahartuta hil zen (laurogeita hiru urte zituela), eta obra ikaragarri zabala osatu zuen. Lanerako ahalmen izugarria zeukan: haren lagunek ziotenez, prosazko hogei orri edo ehun bertso-lerro ontzen zituen goizero-goizero. Prosaz eta bertsoz idatzi zuen beraz, eta, adituek diotenez, hitz lauzko lanek, oro har, bertsozkoa esplikatzeko helburua dute. Hugo-ren obra erraldoian genero guztiak sartzen dira, hizkuntza maisuaren trebeziaz darabil eta poesiarako etorria irudimen handiz janzten du. Erretorika konplexuaz baliatuta, Hugoren irudiek jite fantastikoa ematen diote errealitateari. Bestalde, jeinuari dagokion eginbehar moralaz sinetsirik dago, eta Ederrera zein Egiara iristeko gidaritzat hartzen du bere burua, urrikia eta onginahia erakusten du jende xumearenganako eta begirunea naturarekiko.

Bizitza eta obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantses erromantiko handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Victor Hugo 1853an.

Victor(-Marie) Hugo Besançonen jaio zen, 1802. urtean. Aita Napoleonen armadako jenerala zuen, eta bidaian eman zuen Hugok haurtzaroa, Korsikara eta Espainiara aitarekin, Parisa amarekin. Amak bultzatuta, txikitan hasi zen idazten, eta orobat sariak jasotzen: errege-familiako poeta izendatu zuten, eta soldata moduko bat ere eman zioten. Erromantiko askoren antzera, Napoleonen balentrien eraginpean eman zuen heziketa-aroa. Ikasketak alde batera utzirik, literatura bideari ekin zion: Chateaubriand izan nahi dut zioen 15 urtean. 1819an aldizkari bat sortu zuen, Le Conservateur Litteraire, eta 1822an argitaratu zuen lehen liburua, Odes et poesies diverses (Zenbait oda eta poesia). Urte horretan bertan, ama hil zitzaion, eta Adele Foucherekin ezkondu zen. Orduan hasi zen eleberriak ere idazten -Hans d Islande (1823, Hans Islandiakoa)-, odak -Nouvelles odes (1824, Oda berriak), eta artikuluak. Aitarekin zenbait urtez haserre egon ondoren, garai hartan adiskidetu ziren, eta orduantxe hasi zen Hugo erromantizismoaren buruzagi gisa agertzen. Joera berri hori Bur Hargal eleberrian ageri da -Santo Domingoko beltzen matxinada bati buruzkoa da-, eta Odes et Ballades liburuan (1826, Odak eta baladak); bertan, aurreneko aldiz, Napoleonen irudia gogoratzen du egileak. Alabaina, antzezlan batean agertu zen argien Hugoren joera erromantikoa, Cronwell-en (1827). Aurreneko drama historiko erromantikoa izateaz gainera, egileak hitzaurrean agertzen du literaturaren historiaren filosofia, eta drama -eta gizon modernoaren dramarako zaletasuna- definitzeko saio bat; kontrasteetan oinarritua egonik, bizitzaren irudia da drama Hugorentzat. Neurri batean esperimentalak dira garai horretako lanak; era berean, nabarmena dute Sortaldearen erakarmena —garai hartan arkeologoek, margolariek (Delacroix) zabaldua—, Les Orientales-ekin (1828) gorena jotzen duena.

Historiaren poesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Borboien monarkiaren azken urtean argitaratu zuen Hugok, heriotza-zigorraren kontra, Les Derniers jours d'un condemne (1829, Kondenatu baten azkeneko egunak), sozialismo utopikora jotzen duen doktrina morala harturik abiapuntutzat. Antzerkian ere bide horrixe heldu zion, hausnarketa politiko-historikoari alegia, zentsurak debekatuko zuen Marion de Lorme-rekin (1829). Antzerki instituzionalaren kontra, klasikoen errepikatzea baitzuen helburua, Hernani drama ondu zuen Hugok (1830); lehen emanaldian, Hugok irabazi zuen erromantiko gazteen eta klasikozale tradizionalisten arteko gudu literarioa. Alabaina, lanaren arrakasta gehiago etorri zen, argumentutik baino, bertsoaren soinu eta indarretik. Dena den, Hernani-z geroztik, erromantiko gazteen belaunaldi batek beretu zuen Comedie Francaise-ko talde kontserbadorearen feudoa.

1830. urtea oso inportantea izan zen Hugorentzat, gauza asko gertatu baitziren: Luis Feliperen estatu kolpea -haren aldekoa zen idazlea-; emaztearengandik urrundu zen; Notre-Dame de Paris hasi zen idazten (hurrengo urtean argitaratuko zen). Eleberri hori konkordun batek eta apaiz batek maite duten Esmeralde izeneko neska eder baten istorioa da; baina, aldi berean, Parisko erdiguneko katedralaren istorio bizia da.

Obraren asmoa, hain zuzen ere, paper eta harri azpian ezkututarik dauden mitoak irakurlearen irudimenean piztea da, hiriko monumentuen arima agerian ipintzea. Poesia idazten jarraitu zuen: Feuilles dautomne (1831, Udazkeneko orriak), Les Chants du crepuscule (1835, Ilunabarreko kantuak), bere barneko bizikizunak eta politikoak aldizkatzen dituena, eta orobat antzerkia, historikoa gehienbat: Le Roi samuse (1832, Erregea jostatzen ari) -lan horren operako bertsioa da Verdiren Rigoletto-, Lucrece Borgia (1883), Angelo, tyran de Padoue (1835, Angelo, Paduako tiranoa) eta Ruy Blas (1838).

Poeta morala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Victor Hugo Jerseyn (Normandia), 1853-55ean.

Bitartean, etengabe lantzen zuen Hugok poesia morala. Claude Gueux obran (1834), gizon batek miseriatik gillotinara egindako ibilbidea agertzen da, babesgabeei laguntzen dien eta biktima errugabeak irensten dituen gizarte bati buruzko hausnarrean.

Bere ezkontza erdi desegina zuela, Juliette Drouet antzezle gazteari lotu zitzaion (hil arte izango zuen lagun leiala). Maitasun horren ondorio da Les Voix interieures bilduma lirikoa (1837, Barne-ahotsak). Les Ravons et les ombres (1840, Errainuak eta itzalak) liburuak erakusten du nola hizkuntza poetaren bizitzaren berridazketa den, moral sozial baten oinarriak agertzen dituena aldi berean. Edozein gertaerak aurkitzen zuen Hugorengan oihartzuna: Napoleonen errautsak itzuli zirenean Le Retour de l Empereur (1840, Enperadorean itzulera) idatzi zuen; Le Rhin (1842) lanean agertu zuen Julietterekin Rhin ibaian barna egin zuen bidaia.

Alaba maiteena, Leopoldine, istripu batean itota hil izana (1843), eta Les Burgraves obraren porrota (1842), aipatzen dira, oro har, Hugoren bizitzaren beheraldi baten eta poesia utzi izanaren arrazoitzat. Hala ere, politikagintzan jarraitu zuen bete-betean, eta baita Akademiako lanetan ere. Izan ere, Hugoren literaturaren arrakastak 184lean lortu zuen ezagutza ofiziala, hiru saioren ondoren Académie Francaise-n onartu baitzuten, eta 1845ean, berriz, Pareen Ganberako kide egin zuten. Alabaina, berehala sortuko zizkion arazoak bere pentsamolde politiko eta sozialak, 1848ko iraultzaren ondoren.

Erbestealdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

II. Errepublika sortu ondoren (1948) -errepublikarren alde egin zuen Hugok-, Luis Napoleonek (Napoleon III.a) estatu-kolpea jo zuenean, 1851n, alde egin behar izan zuen idazleak Frantziatik; izan ere, berriro heldu zion miseriaren gaineko eta sufragio unibertsalaren eta prentsa-askatasunaren aldeko bere diskurtso zaharrari; lehengo erregimenaren ukoa matxinada bihurtu zen estatu-kolpearen aurrean. Frantziatik alde eginda, Belgikan erbesteratu zen aurrena, eta Ingalaterran gero. Frantziatik urrun, Hugok barregarri jarri zuen enperadorea Napoleon le Petit obran (1852, Napoleon txikia), eta babesa eta dieta eskaini zien errepublikar abertzale eta erbesteratuei.

Les Chatiments (1853, Zigorrak) obra gogorra da, diktadorearen bortizkeriari bortizkeriaz erantzuten diona. Obra horren ondorengoan, Les Contemplations (1856), aurrekoaren bide beretik, giza patu oro beretzen duen morala bihurtzen da idazkera, barne-bizitzaren adierazpen eta memoriaren dimentsio mitikoaren kosmologia.

Les misèrables eta Komuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Victor Hugo 1876an.

La Legende des siècles idazten ari zela (Mendeetako elezaharra), Hugok berriz hartu zituen Misères (Miseriak) titulupean bilduak zeuzkan zirriborroak, Les Miserables izango zen eleberria osatzeko (Miserableak).

Argitaratu zenean, 1862an, izugarrizko arrakasta izan zuen, era guztietako irakurleen artean gainera; sekulako ospea eman zion, Frantzian ez ezik, baita atzerrian ere, segituan itzuli baitzen kanpoko hizkuntzetara.

Miserableak Parisko mundu ezkutuan gertatzen da, eta detektibe-istorio baten suspensea du; Frantziako historiaren zati bat ere bada, Errestauraziotik Luis Filipe arte.

Liburu horren arrakastak irakurle-kopuru zabal baten mundu-ikuskera adierazten du, Hugoren espiritualtasunean jokabide moral baten oinarria aurkitu baitzuten, eta haren fantasian beren irudimeneko mamuak. Les Travailleurs de la mer eleberrian bere mezua osatu zuen (1866, Itsasoko langileak): horixe da, dudarik gabe, Hugoren lanik poetikoena eta osatuena, irudi fantastiko eta irrealetan oparoa. Proletarioen egoera gero eta gehiago da Hugoren eleberrigintzaren ardatza, eta idazlea gero eta gehiago aurkitzen da halabeharraren mende (itsasoaren, izadiaren halabeharraren mende), eta orobat gizakiaren bihotzean beti nagusitzen den halabeharraren mende.

Erbestea, Hugok betiko zela uste zuena, bat-batean amaitu zen 1870ean. Napoleon III.aren abdikazioarekin, Parisa itzuli zen idazlea. Sekulako harrera egin zioten, eta sinbolo baten balioa hartu zuen. Parisko Komuna eta ondorengo zapalkuntza gai historiko eta mitiko bihurtu ziren L Anee terrible obran (1872, Urte izugarria), hain zuzen ere Frantzia atzerakoiak gutxiesten zuen artean. Komuneroen matxinada izan zen halaber, zeharka bada ere, Quatrevingt-Treize eleberriaren inspirazio iturri (1894, Laurogeita hamairu): gaia Frantziako Iraultza eta Vendée-ko zapalkuntza da, Hugoren aitak parte hartu zuena.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hil arte (1885) jarraitu zuen Hugok poesia idazten. 1883an amaitu zuen Mendeetako elezaharra. Bertan epopeia mitologiko handi baten moduan lantzen da historia, Genesitik hasi eta XX. mendearen hasiera arte, sinbolo ugarirekin, aipamen metafisiko, erlijioso eta kulturazkoekin; hizkera- eta erritmo-baliabide oparoz dago idatzia, ikuspuntu fantastiko guztiz indartsu batez.

Ezaugarri horiek ematen diote Hugori modernotasuna. Azken egunak arte joan zen Senatuko biltzarretara (han komuneroei amnistia ematearen alde borrokatu zen, besteak beste) eta Akademiara. 83 urte zituela hil zen, Parisen. Frantziako poeta nazionala bihurtuta, ohorezko hileta nazionala egin zioten, Garaipen Arkuan ipini zuten zerraldoa, eta Pantheon-en hilobiratu zuten.

Hil ondoren, Hugo-ren obra anitz agertu dira; haien artean, egunkariak eta oroitzapen-liburuak.

Victor Hugo eta Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Victor Hugo SESBeko 1952ko zigilu batean.

1811n Napoleonek Hugoren aita Madrila bidali zuen gobernadore. Euskal Herria orduan bisitatu zuen lehen aldiz. 1843an errepikatu zuen bisitaldia, bereziki Pasai Donibanen ibiliz (berari dedikatutako museoa dago bertan). Euskaraz poliki moldatzera iritsi omen zen. Euskal Herriaz gauza interesgarri asko kontatu zituen Pirinioak lanean.

2002an Koldo Izagirre idazle pasaitarrak "Idi orgaren karranka. Euskal Herrian gaindi, 1843" liburua argitaratu zuen (Elkar) , idazle frantziarraren idazkietan oinarrituta. 1997an, bestela, "Non dago Basque harbour?" liburuan "Victor Hugoren pleinua" poema dedikatu zion. Olerkiaren pasarte bat da hau:


"San Pedrotik San Juanera itsasoa da labur

Igerian pasatzeko ni ez naiz haren beldur

Batelari beltzaranak

Mesié esan dit maltzur


San Pedrotik San Juanera itsasoa da hotza

Bertara jaurtita ahal zait epelduko bihotza

Batelari beltzaranak

Askatu du mototsa".

Lanen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzerkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Cromwell (1827)
  • Hernani (1830)
  • Marion Delorme (1831)
  • Le Roi s'amuse (1832)
  • Lucrèce Borgia (1833)
  • Marie Tudor (1833)
  • Angelo, tyran de Padoue (1835)
  • Ruy Blas (1838)
  • Les Burgraves (1843)
  • Torquemada (1882)
  • Théâtre en liberté (1886)

Eleberriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olerkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Odes et poésies diverses (1822)
  • Nouvelles Odes (1824)
  • Odes et Ballades (1826)
  • Les Orientales (1829)
  • Les Feuilles d’automne (1831)
  • Les Chants du crépuscule (1835)
  • Les Voix intérieures (1837)
  • Les Rayons et les ombres (1840)
  • Les Châtiments (1853)
  • Les Contemplations (1856)
  • La Légende des Siècles Hiru sorta, (1859, 1877 eta 1883)
  • Les Chansons des rues et des bois (1865)
  • L'Année terrible (1872)
  • L'Art d'être grand-père (1877)
  • Religions et religion (1880)
  • Les Quatre Vents de l'esprit (1881)
  • La Fin de Satan (1886)
  • Toute la Lyre (1888 eta 1893)
  • Dieu (1891)
  • Les Années funestes (1898)
  • Dernière Gerbe (1902)
  • Océan. Tas de pierres (1942)

Beste batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Étude sur Mirabeau (1834)
  • Littérature et philosophie mêlées (1834)
  • Le Rhin (1842)
  • Napoléon le Petit (1852)
  • Lettres à Louis Bonaparte 1855)
  • William Shakespeare (1864)
  • Paris-Guide (1867)
  • Mes Fils (1874)
  • Actes et paroles - Avant l'exil (1875)
  • Actes et paroles - Pendant l'exil (1875)
  • Actes et paroles - Depuis l'exil (1876)
  • Histoire d'un crime - 1re partie (1877)
  • Histoire d'un crime - 2e partie (1878)
  • Le Pape (1878)
  • L'Âne (1880)
  • L'Archipel de la Manche (1883)
  • Œuvres posthumes
  • Choses vues - 1re série (1887)
  • Alpes et Pyrénées (1890)
  • France et Belgique (1892)
  • Correspondances - Tome I (1896)
  • Correspondances - Tome II (1898)
  • Choses vue] - 2e série (1900)
  • Post-scriptum de ma vie (1901)
  • Mille Francs de récompense (1934)
  • Pierres(1951)
  • Mélancholia

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Victor Hugo Aldatu lotura Wikidatan