Julen Madariaga
Julen Madariaga | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bilbo, 1932ko urriaren 11 |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Senpere, 2021eko apirilaren 5a (88 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | West Buckland School (en) |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria eta abokatua |
Kidetza | Euskadi Ta Askatasuna Herri Batasuna Aralar Elkarri |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Aralar Herri Batasuna |
Julen Kerman Madariaga Agirre, Madariaga-ko Iulen,[1] (Bilbo, 1932ko urriaren 11 – Senpere, 2021ko apirilaren 6a[2][3]) Euskal Herriko politikaria eta abokatua zen. ETAren sortzaileetakoa, Herri Batasunan ere paper garrantzitsua jokatu zuen. Hala ere, borroka armatua zela-eta alderdi hori utzi zuen, eta geroago Elkarri elkarte bakezalean eta Aralar alderdi politikoan sartu zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euzko Alderdi Jeltzalearen kide baten semea, Espainiako Gerra Zibila amaitutakoan aitarekin Txilera joan zen herbesteraturik. Bilbora 1942an itzuli zen. Bigarren hezkuntza amaiturik, zuzenbidea Erresuma Batuan ikasi zuen, eta Cambridgeko unibertsitatean lortu zuen doktoretza. Euskal Herrira itzuli ondoren, jardun politikoari ekin zion euskal abertzaletasunaren barruan.[4]
EAJren gazteriatik bereizi zen Ekin taldearen sortzaileetakoa izan zen, ETAren hazia izanen zena. Hau 1959ko uztailaren 31n sortu zuten, honako hauek zuzendaritza batzordean zeudela: Eneko Irigarai, Lopez Dorronsoro, Álvarez Enparantza "Txillardegi", Benito del Valle, J. Manuel Agirre, Julen Madariaga eta Patxi Iturriotz. Hiru urte geroago, Madariagak taldearen I. Asanbladan hartu zuen parte, Baionan.
Atxilotuta izan eta gero, polizia espainiarrak Melitón Manzanas buru zuela era basatian torturatu zuen.[5] Burgosko prozesuan epaitu zuten.
Ipar Euskal Herrian finkaturik, Frantziako nazionalitatea 1986an eskuratu zuen. ETAri laguntzeagatik 4 urteko espetxealdi zigorra jaso zuen 1989an Frantzian, baita Iparraldean 10 urtez bizi ezin izateko debekua ere. 1991n kartzelatik aterata, Bilbora joan zen Txema Monterorekin abokatua izatera. Hurrengo urteetan adierazi zuen Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko borroka galduta zeukala ETAk. Hortaz, 1995ean Herri Batasuna utzi zuen Gregorio Ordóñez Gipuzkoako Alderdi Popularreko politikaria ETAk hil ondoren.
2001ean Euskal Herritarrok mugimenduaren Aralar ildoarekin bat egin zuen, bortizkeria amaitzearen alde baitzegoen. 2002an, Aralar alderdi politiko bereizi gisa antolatu zenean, Madariaga Berme Batzordeko kide izendatu zuten. Geroago, Aralar izenean Bizkaiko Aldundirako hauteskundeetarako (2003ko maiatzean), Espainiako Senaturako eta Europako Parlamenturako (2004an) zerrendetan aurkeztu zen Madariaga. Garai horretan mezu argi bat aldarrikatzen zuen Madariagak: «ETA arrazoi politikoengatik sortu zen, eta arrazoi politikoengatik eten behar du».[6]
Azpimarratzekoa da Elkarri mugimendu bakezalearen kide ere izan zela.
2006ko uztailean Espainiako Auzitegi Nazionaleko Grande-Marlaska epaileak Madariaga atxilotzeko agindu zuen, baina fidantzapean atera zen.
Madariagak Egiari zor liburua publikatu zuen 2014 non bere ibilbide politikoari errepasoa ematen dion.
Hamar seme-alabaren aita izan da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ http://www.erein.eus/liburua/egiari-zor
- ↑ Berria. «Julen Madariaga hil da» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-04-06).
- ↑ «Julen Madariaga zendu da» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-04-07).
- ↑ http://www.hamaikabide.eus/eu/2015/02/09/iulen-madariaga-gerrako-haurra/
- ↑ https://elpais.com/diario/2001/01/28/domingo/980653598_850215.html
- ↑ Zabaleta, Patxi. «Julen Madariagaren mezua» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-04-11).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Julen Madarigak haren memoria politikoak argitaratu ditu:
- Egiari zor. Donostia: Erein, 2014, 336 or. ISBN: 978-84-9746-893-0
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Argia aldizkarian Xabier Letonak egindako elkarrizketa 2417. alean, 2014-06-01.
- (Gaztelaniaz): Elkarrizketa EITBn, 2014ko maiatzaren 30.