Inauteriak Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Unanuko inauterietako mamuxarroak.

Euskal Herriko inauterietan antzinako tradizioari atxiki, bereziki herri txikietan, nahiz hiri eta herrietan ospatzen diren inauteriak daude. Toki batetik bestera egun desberdinetan ospatzen dira: Zubieta eta Iturenen urtarrileko azkeneko igandearen osteko lehen astelehen eta asteartean izaten dira; Tolosako inauteriak inauterien ohiko egunetan ospatzen dira, Ostegun Gizen egunetik Asteartita egunera arte, hausterre-egunaren bezperan; azkenik, Algorta, Plentzian, Santutxun eta Errenterian, besteak beste, Piñatako inauteriak ospatzen dira, ohiko inauterien ondorengo hurrengo asteburuan.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturengo joaldunak, tunturroa buruan, joareak bizkarrean, ardi larrua soinean.

Inauteriak ihauteak, ihoteak eta aratusteak izenekin ere ezagunak dira, tokia zein den. Inauteri izena "inausi" aditzari loturik bide dago, arbolak inausteko garaiarekin, alegia. Aratuste izenak, berriz, haragia jateari utzi behar zaion garaia du aipagai. Zaratarekin hartza bere kobazulotik aterarazi, udaberriaren seinale moduan, eta zomorroak uxatzearekin lotu izan da, baratze eta soroen emankortasunaren alde. Esatetako, Sakanako inauterietan (Olaztin simaurra botatzen da gurdi batetik; Altsasuko momotxorroek goldea erabiltzen dute lurra esnatzeko; eta Ituren eta Zubietako joaldunek erritmozko zarata egiten dute bizkarrean daramatzaten joareekin, tunturroa (kapela konikoa) buruan dutela, ardi larrua soinean.

Jaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tolosako inauteriak zezen plazan.

Hego Euskal Herrian Francoren diktaduran zehar jai hauek debekatu eta asko galzorian egon ziren. Toki batzuetan, Tolosako inauteriak esaterako, jarraipena izan zuten garai hartan Udaberri jai moduan.

Araban Zalduondoko inauteriak dira ezagunak. Haietan, Markitos pertsonaia erretzen da. Salcedon, Porretero izeneko pertsonaia epaitu eta teilatu batera botatzen da azkenean.

Gipuzkoan, Tolosa eta Donostiako hiri inauteriak dira jende gehien biltzen dutenak. Lezon molde tradizionaleko inauteria sortu zuten XX. mendearen bukaeran, Trapujale pertsonaiarekin.

Nafarroan bereziki atxiki da antzinako inauteri tradizionala, maiz inauterietako denbora arruntatik kanpo: Ituren eta Zubietako inauteriak, Lantzeko inauteria eta Unanuko inauteriak dira bereziki lehengo inauteri tradizioari eusten diotenak. Berako inauterietan, berriz, tradiziozko inauteriari elementu berriak erantsi dizkiote, hala nola artzain eta inudeen desfilea eta dantza.

Bizkaian, Enkarterrin hain zuzen, Carrascoliendas dute izena eta parte-hartzaileek oilar beltz bat eskuan, koplak abesten zituzten oilar beltzaren historia eta orduko kontuei buruz.[1]

Zuberoan Maskaradak izaten dira garai honetan. Maskarada bi ataletan banatuta dago, beltza eta gorria. Gorriak garbi eta dotore jantzita doaz eta haien kolore nagusia gorria da. Horietan daude txerrero, artzaina, gatuzain, kantiniersa eta zamaltzaina, besteak beste. Beltzak, itxura zarpailtsu eta zikinarekin, musikarien atzetik doaz desfilea itxiz: ijitoak edo buhameak, berzkinak edo kauterak, zorrotzaileak eta eskaleak.

Nafarroa Behereko inauterietan desfile bat egin ohi da, Kabalkada izenekoa. Honetan parte hartzen duten pertsonaiarik ezagunenak Bolantak dira. Dantzariak dira eta lepotik zetazko koloretako zintak daramatzate. Desfilearen amaieran joaten dira. Hauetaz aparte Zaldikoak, Zapurrak, Makilaria, Erraldoitxoak eta abar joaten dira.

Lapurdin Kaskarotek eta azkenean erre egiten den Zanpantzar izeneko pertsonaiak dute protagonismo berezia.

Inauteri-eguna Izen herrikoiak
Inauteri-osteguna Ostegun Gizen, Orokunde, Orakunde, Sasi-koipatsu, Eguen Zuri, Eguen Lardero, Lerdo-egün, Otsabilko Eguna
Inauteri-ostirala Ostiral Melar
Inauteri-larunbata Larunbat Erdiko, Larunbat Erdipurdi
Inauteri-igandea Aratiste eguna, Domekei Karnabala, Zaldunita, Zalduniota
Inauteri-astelehena Astelenita, Asteleniota
Inauteri-asteartea Asteartita, Martisen Aratiste

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Joseba Aurkenerena: Hartza, inauteria eta euskara Azkainen. [1]
  • Joseba Aurkenerena: Inauteria eta euskal ikuskera zaharra. [2]
  • Joseba Aurkenerena: Euskal inauteria eta udaberriko ekinozioa. [3]