Klementzia Richard
Klementzia Richard | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Larraine, 1830eko azaroaren 28a |
Herrialdea | Zuberoa, Euskal Herria |
Heriotza | Londres, 1915eko azaroaren 14a (84 urte) |
Familia | |
Aita | Jean Baptiste Richard |
Ezkontidea(k) | Louis-Lucien Bonaparte (1891ko ekainaren 15a - |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak |
Maria Klementzia Richard Grandmontagne —frantsesez: Clémence Richard— , Klementzia Bonaparte edo Bonaparte printzesa (Larraine, 1830eko azaroaren 28a – Londres, 1915eko azaroaren 14a) zuberotar euskalaria izan zen. Luis Luziano Bonaparteren laguntzaile eta bikotekidea zen[1]. Richard izan omen zen Euskal Herriko euskalkien lehen mapa –Bonaparteren euskalkien mapa gisa ezagutzen dena– koordinatu zuena, nahiz bere izena ezkutuan geratu zen.[2]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aita Jean-Baptiste Richard (Nancy, 1801eko maiatzaren 31a – Lasarte, 1857ko urtarrilaren 8a) eta ama Joséphine Grandmontagne, hau ere Lorrenakoa, zituen. Aita Euskal Herrira joan zen Bankako burdinolan lan egiteko. Bertan 1829ko azaroaren 12an Joséphinerekin ezkondu zen. Gero Larrainen, Orotz-Betelun eta Lasarten lan egin zuen.
Klementzia familiarekin batera bizi izan zen Euskal Herriko hainbat tokitan. 1857an bere ahizpa Luziak Zegaman Klaudio Otaegi ezkondu zuen eta handik aurrera biak Hondarribian bizi ziren. Bertan Klementziak Luis Luziano Bonaparte printzea ezagutu zuen, ziur asko 1857an, Luis Luzianok Euskal Herria bisitatu zuenean.
Ordurako eta 1850etik aurrera, Luis Luziano eta haren lehen emazte Maria Anna Cecchi aparte bizi ziren, bat etortzen ez zirelako[3], Luis Luziano Ingalaterran eta emaztea Korsikan. Hala ere, Maria Annak ez zion inoiz Luis Luzianori legezko banaketarik onartu. Klementzia Londresera joan zen bizitzera Luis Luzianorekin batera; han Louis-Clovis (1859-1894) semea izan zuten.
1891ko martxoaren 17an lehendabiziko emaztea hil eta hiru hilabete geroago, ekainaren 15ean ezkondu ziren. Ezkontzak ez zuen luzaro iraunː izan ere, Luis Luziano urte bereko azaroaren 3an hil zen Fanon, Italian.
Alargun bilakatuta, Klementzia Londresen bizi zen, printzesa tituluarekin. Luis Luziano eta biek bilduriko eskuizkribuak 1904ean saldu zizkien Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroako diputazioei: bitartekariak Azkue eta Fermín Lasala izan ziren, nahiz eta Chicagoko Newberry Liburutegi ospetsuak lehenago eskatu[4].
Euskaltzaletasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gurasoak kanpokoak izanda ere, Klementzia txikitatik mintzatzen zen euskaraz. Horri esker, senarra lagun zezakeen euskalkiak eta Euskal Herria ezagutzeko.[5] Zubereraz gain, behe-nafarrera, goi-nafarrera eta gipuzkera menperatzen zituela esan izan da, baina ez dago horren guztiaren froga garbirik, gipuzkeraz izan ezikː "La parte bascongada que pone S. A. al fin de la carta en guipuzcoano está inmejorable tanto en los términos, como en régimen y ortografía. Supongo que Doña Clemencia habrá acompañado a S. A. en redactarla" idatzi zion Uriartek Bonaparteri (1861)[6] (Berorren Maiestateak gipuzkerazko eskutitzaren bukaeran jarri duen euskal zatia hobeezina da, nola hiztegian, hola joskeran eta ortografian. Ene ustez, Klementzia Andreak Berorren Maiestatea idaztean lagundu du).
Haren lehengusuaren semeak, Francisco Grandmontagne idazleak, honela deskribatu zituen bere familiaren hizkuntza ohiturak:
« | En mi casa se hablaba una jerga del diablo, pues mi padre, mi abuela y mis tíos llegaron a fraguar un lenguaje en que se confundían el francés, el bearnés y el vascuence en unas tres o cuatro clases, el labortano, o sea el vasco-francés, y por último el castellano. (Etxean deabruaren mordoiloaz mintzo ginen, aita, amona eta ene bi osabak hizkera bat sortzera iritsi baitziren, frantsesa, bearnesa eta euskara hiruzpalau motatan, lapurtera, frantses-euskara alegia, eta azkenik, gaztelania nahasten zituena). | » |
Francisco Grandmontagne[7] |
Ez dakigu zehazki zein izan zen Klementziaren lana euskal dialektologiaren alorrean. Baina badakigu, adibidez, Jose Antonio Uriartek 1859an Klementzia eta Luis Luzianori bidaltzen zizkiela bere eskuizkribuak, Klementziak aldatu, zuzendu eta onar zitzan[8]. Geroago, 1863tik aurrera, lan hori Koldo Otaegi koinatuak bete zuen, eta denborarekin Bonaparteren laguntzaile hurbilenetarikoa izan zen. Luis Luziano bera euskalduna ez zenez, Klementziak gutunak euskaraz idazten laguntzen zion, eta Zazpi Probintzietako Dialektoen Maparen egiazko koordinatzailea izan zela uste da, nahiz eta bere izenik inon agertu ez[9]. Ziur dakigu, baina, Luis Luzianok beste hizkuntzetako dialektoak ikertuta ere, hala nola ingelesa, italiera, sardiniera edo albaniera, inoiz ez zuela euskararen dialektoekin egindako lanaren parera heldu.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Machot, Pierre. (2004). «Une Souletine méconnue, Clémence Richard, seconde épouse de Louis-Lucien Bonaparte» Ekaina (Donibane Lohizune) (90).
- ↑ https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/klementzia-richard-ikerlaria-jaio-zen-larrainen-zuberoan
- ↑ Enrike Zabala. Euskal literaturaren historia laburra. .
- ↑ (Gaztelaniaz) P. Garmendia. La colección de manuscritos del Príncipe Luis Luciano Bonaparte en la Diputación de Guipúzcoa. .[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Luis Luziano Bonaparte Cartes des Sept Provinces basques montrant la délimitation actuelle de l'Euskara et sa division en dialectes, sous-dialectes et variétés
- ↑ Ruiz de Larrinaga, Juan, 1957, Cartas del P. Uriarte al Príncipe Luis Luciano Bonaparte. BAP 13(3). 330-348.
- ↑ (Gaztelaniaz) Juan Aguirre Sorondo. Francisco Grandmontagne Otaegui o el desarraigo de ida y vuelta. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Juan Ruiz de Larrínaga. Cartas del P. Uriarte al Príncipe Luis Luciano Bonaparte con noticias bio-bibliográficas. .
- ↑ Amatiño. «Klementzia Richard, emakume ezkutua» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2019-02-27).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Joseba Aurkenerena: Marie-Clémence Richard printzesa larraintarra. [1]