Kontsentsu zientifiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kontsentsu zientifikoa» orritik birbideratua)
Julian Huxleyk 1942an eman zion izena eboluzioaren teoria sintetikoari, gaur egun komunitate zientifikoan oso onartua dagoena.

Adostasun edo kontsentsu zientifikoa komunitate zientifikoaren azterketa-eremu jakin batean ematen da. Bertan ematen den iritzi kolektiboa, jarrera eta iritzia da. Adostasuna lortzeko, akordio orokorra lortu behar da, baina batasuna lortzea ez da beharrezkoa[1].

Adostasuna eztabaida zientifikoaren bidez lortu ohi da[2]. Etika zientifikoak ideia berriak argitaratzea eskatzen du, baita behatutako gertaerak, hipotesiak, esperimentuak eta aurkikuntzak ere. Horiek argitaratuta, hitzaldien, argitalpenen (liburuak, aldizkariak) eta pareen arteko berrikuspenaren komunikazioa bermatzen da. Komunikazioa bermatuta, iritzi desadostasunekiko eztabaida bermatzen da[3]. Praktika zientifiko egokirako ezinbestekoak dira esperimentuen erreproduzigarritasuna[4] eta teoria zientifikoen faltsabititatea.

Batzuetan, erakunde zientifikoek "barnetik" bizi duten egoeraren sintesi bat egiten dute, eta horrela, "kanpoaldeari" adierazten saiatzen dira barnean bizi den egoera. Eremu publikoan hainbat gai eztabaidagarriak dira, eta hauek eztabaida politiko edo mediatikoak bihurtzen dira. Komunitate zientifikoan gai horiek ez dira nahitaez eztabaidagarriak, eta kasu askotan kontsentsu zientifikoa ematen da, adibidez, eboluzio biologikoaren[5][6] edo aldaketa klimatikoaren[7] gaiekin.

Ezagutza zientifikoak objektibotasun izaera hartzen du komunitatearen eta bere erakundeen bidez, gizabanakoak alde batera utzita. D. Bloorrek, Popperren eta bere hiru mundu-teoriaren arabera, soziala denaren erresuma subjektu indibidualik gabeko erresuma bihurtzen du simetrikoki. Horrela, ezagutzaren eremua une jakin batean ezagutzen den horretara murrizten da: goi-komunitateak onartutako sinesmenetara, gainerako gizabanakoak kontuan hartu gabe. Ezagutza zientifikoa soilik "komunitate zientifikoari" atxikitzen zaio. Baina horrek ez du esan nahi ezagutza zientifikoa, zerbait autonomo gisa, norbanako batengandik independentea denik. Ezagutza zientifikoa "sozialki finkatuta" dago dokumentu eta argitalpenetan, eta hau lotuta dago komunitateko norbanako konkretuen ezagutzarekin[8].

Aspektu filosofikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adostasunaren gaia mintzagai garrantzitsua da zientziaren filosofian. Zientziaren helburua adostasuna lortzea dela dioen irizpideak berekin dakar zientzialaria eszeptiko bat izatea: zientzialariak bere pentsamendu kritikoa eta analitikoa erabiliko ditu eztabaidatzen hasi aurretik aurkeztutako ebidentzia guztiak ebaluatzeko. Beste ezagutza-modu batzuetan ez bezala, ezagutza zientifikoa adostasuna onartzen duten premisekin egituratzen da. Premisa horiek unibertsalki uler daitezke, eta, beraz, gaian aditua den edozein adituk ebaluatu ditzake, horiei buruzko iritzia emateko edo adostasunaren parte izateko. Horrela, adostasuna onartzen duten premisekin lan egitea adostasun zientifikorako baldintza bat da[9].

Taldeetan beti izaten dira kide nabarmenak: gaindituak izan diren aurreko ideien defendatzaileak, ikuspuntu bakarreko lobby edo presio taldeak, eta bestelako disidente batzuk. Talde horietako bakoitza oso kementsu ager daiteke bere ikuspuntua sustatzean. Zientzia gizartean sartzen delarik, gizarte-talde batzuk teoria nabarmenen abokatu bihurtzen dira. Gizarte-talde horiek arrazoi politikoengatik jokatzen dute teoria nabarmenen abokatu gisa, eta ez arrazoi zientifikoengatik[10]. Kasu horretan, zientziaren politizazioa eman dela esaten da.

Hainbatek argitara ateratzen dute kontsentsu bat noiz izan den ezeztatua, gehienetan kanpoko teoria batek iraulita. Askotan, teoriaren ezeztapen horien kopurua esajeratuta agertzen da, eta hau arazo bat bihurtzen da kontsentsuaren balioa ulertzerako orduan. Beren izaeragatik beragatik, ongi finkatzen diren ideiak baino, askoz gehiago dira porrot egiten duten ideiak. Garapena ia beti mailakatua da, eta erradikalki berriak diren ideiak onartuak izatea oso arraroa da. Batzuetan, ideia berri bat onartzeko urteak pasa behar dira, ideia horren azterketa zehatz eta zorrotz batez gain. Tendentzia natural bat dago horrelako ideia erradikalki berriak balioesteko. Gehienetan, horrelako ideia berriak herri komunikabideek nahiz masa komunikabideek balioesten dituzte, albiste interesgarriak bilatze aldera. Nature edo Science bezalako aldizkari zientifikoek ere, estimatzen dituzte horrelako ideia berriak.

Funtsezko zalantzen falta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zentzu hertsienean, adostasun zientifikoa erabiltzen da adierazteko gai jakin batean, eremu horretako espezialistek akordio irmo bat lortu dutela. Adostasun zientifikoa zalantzarik gabe behagarriak diren gertaerei buruzko akordioan ematen da (behaketa sistematikoan eta esperimentazioan). Hortaz gain, adostasun zientifikoa lan zientifikoaren funtsezko truke arrazionalean oinarrituta ematen da, eta hau sistema zientifikoak argitara ateratzen du emaitzen argitalpenekin, baita binakako berrikuspen eta publizitatearekin ere (ikus metodo zientifikoa).

Adibidez, fisikan adostasun zientifiko bat dago erlatibitatearen teoria orokorraren eta mekanika kuantikoaren inguruan. Erlatibitate bereziaren teoria eta mekanika kuantikoa bateratutzat hartzen dira eremuen teoria kuantikoaren esparruan (edo "QFT": Quantum Field Theory). Adostasun zientifikoa dago eremuen teoria kuantikoaren azalpenaren baitan, oso baliagarria delako, baina ez dute teoria amaitutzat hartzen. Adibidez, ez du grabitatea kontuan hartzen. Erlatibitatearen teoria orokorra eta mekanika kuantikoa bateratu egin ditzake superkorden teoriak[11], baina ez dago adostasunik erabakitzeko ea errealitatea guztiz deskribatzen duen teoria izango den superkordena, eta ea hau izango den guztiaren teoria hain bilatua. Zientzialari batzuen ustez, superkorden teoria sasizientziaren esparruan sartuko litzateke, ez baita faltsagarria[12][13][14][15][16].

Ziurgabetasuna eta adostasun zientifikoa politika estrategian: eztabaida faltsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima-aldaketaren eta giza jardueren adibidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eztabaida publikoetan, gai jakin batek zientzialarien kontsentsua duela baieztatzean, teoria horren balidaziorako argudio gisa hartzen da. Adostasun edo kontsentsu horrekin, ekintza-bide jakin bat sustatzen da. Era berean, "adostasun zientifikorik ez" motako argudioak maiz politika maltzurrak dituzten taldeek erabiltzen dituzte, adostasun zientifikoa duten gaiei garrantzia kendu eta iraintzeko asmoarekin.

Adibidez, duela gutxiko klima-aldaketari dagokionez, nahiz eta talde batzuek denbora luzez ukatu zuten, gaia aztertzean ikus daiteke adostasun zientifikoa egon zela klima-aldaketaren arrazoien inguruan. Naomi Oreskes zientziaren historialariak artikulu bat argitaratu zuen Science aldizkarian: IGIn erregistratutako argitalpen zientifikoen 928 laburpenen errepasoak, 1993 eta 2003 artekoak, global climate change (aldaketa klimatiko globala) terminoekin hautatuak, ez zuen erakusten esplizituki kontra egiten zionik berotze global antropogeniko bat dagoela dioen kontzeptuari[17]. Washington Posten ondorengo editorial batean, egileak argudiatzen zuen aurkikuntza zientifiko horien aurka dauden elementuek desadostasunaren dimentsioak handitzen dituztela, neurriz gain puztuz[18]. MITeko Richard Lindzenek, egileak aipatutako batek, Wall Street Journal egunkarian bere hasierako jarrerarekin erantzun zuen, komunitate zientifikoan zalantza asko daudela benetan giza jarduerak klimari nolabait ere eragiten ote dion[19]. Kasu honetan, adostasuna dagoela baieztatzea eta ukatzea politika alternatiboen aldeko argudio bihurtzen dira, esku hartu edo itxaron eta ikusi.

Bizitzaren jatorriaren adibidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzeko eran, talde kreazionistek beti argudiatzen dute eboluzio biologikoari buruzko eztabaida handia egongo litzatekeela, zientzialariek benetan oso eztabaidatutako gaia izango zenaren irudipen faltsua emateko. Oinarri horren gainean argudiatzen dute zientziaren irakaskuntzan jatorriaren narrazioak berak eboluzioaren antzeko lekua izan beharko lukeela. Hala ere, zientzialarien artean ez dago eztabaida esanguratsurik gertakariaren errealitateari buruz, ezta Darwinen teoriaren eta eboluzio-sintesi modernoaren ardatzei buruz ere, eta soilik puntu espezifikoei buruzko desadostasunak eta ideia berriak ikusten dira. Beraz, esan daiteke teoria bera ez dela desagertu biologiaren esparruan[20]. Halere, testuingurutik ateratako aipuekin nahasmena sustatzen da. Kontsentsua egoteak hemen ere ondorio politikoak ditu; izan ere, talde kreazionistak diseinu adimendunaren bidez beren ideologia sinesgarri egiten saiatzen dira, teoria zientifiko alternatibo bat balitz bezala, eta ez zientziaren kontrako dogma erlijioso bat.

Denborarekin emandako adostasun aldaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teoria filosofiko eta historiko asko daude adostasun zientifikoa denborarekin nola aldatzen den azaltzeko. Aldaketa zientifikoaren historia oso zaila denez, eta iraganean gure "egungo" adostasun zientifikoari dagokionez "irabazleak" eta "galtzaileak" bilatzeko joera dagoenez, oso zaila da aldaketa zientifikoaren eredu zehatzak eta zorrotzak aipatzea. Hau oso zaila da neurri batean, zientziaren adar ezberdinek era batera edo bestera frogapen eta esperimentazio forma ezberdinekin lan egiten dutelako.

Aldaketa zientifikoaren eredu gehienak behaketa eta esperimentu zientifikoek emandako datu berrietan oinarritzen dira. Karl Popper filosofoak proposatu zuen, ezein egitate ez zela inoiz nahikoa izango teoria zientifiko bat erabat "frogatzeko", baina egitate bakar bat nahikoa litzatekeela "ezeztatzeko". Horrekin batera, esan zuen aurrerabide zientifiko guztiak gezurtatze-prozesu batean oinarrituta egon beharko lukeela: esperimentuak diseinatuko dira, eta indarrean dagoen teoriak kontuan hartu ezin dituen datu enpirikoak aurkitzen saiatuko dira. Horrela, haien faltsutasuna agerian utziko da, argudiatuz teoria berri bat egiteko beharra dagoela, aurrekoa garatuz edo aurrekoa guztiz ordeztuz.

Batzuetan, gutxiengoaren aldeko hipotesi edo teoria baten alde egiten dutenek, eta, beraz, egungo adostasun zientifikoaren aurka daudenek, "Paradigma" terminoa mespretxuzko termino gisa erabili ohi dute. Horrela, beren teoria edo hipotesia pentsamolde aldaketa gisa nabarmentzen dute, indarrean dagoen "ortodoxia" kutsua duen adostasunaren aurka[erreferentzia behar].

Adostasun zientifikoa gutxiengo talde zientifikoen aurrean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berreste alderako isuri psikologikoaren aplikazio estandar batean, adostasun zientifikoa babesten duten ikerketa zientifikoak hobeto hartzen dira. Aitzitik, horren aurka egiten duten ikerketek denbora gehiago behar dute aztertu eta berresteko. Horregatik, baita denbora gehiago ere, komunitate zientifikoaren barruan onartuak edo baztertuak izateko. Hori dela eta, kasu batzuetan, indarrean dagoen paradigma zientifikoa zalantzan jartzen dutenei kritika gogorragoak egiten zaizkie erabiltzen dituzten baieztapen edo argudioengatik.

Ondo oinarritutako teoria zientifiko bat zalantzan jartzen duten ikerketak kontu handiagoz aztertzen dira, ondo landuta eta benetan akatsik ez duten jakiteko. Eszeptizismo zientifiko eta arreta hori (batzuetan gutxiengoen talde zientifikoek gaizki interpretatzen dutena) erabiltzen da zientzia babesteko, betiere ideia berrien arteko desadostasun goiztiarren aurrean. Hala ere, honek, sarri, gatazkak sortzen ditu ideia berrien aldekoen eta ideia nagusien aldekoen artean, bai ideia berria beranduago onartzen den kasuetan, bai azkenean baztertu edo baztertzen den kasuetan.

Thomas Kuhn-ek bere Iraultza zientifikoen egitura (1962) liburuan, arazo hau sakonki jorratzen du. Auzi honen adibide batzuk presente daude duela gutxiko zientziaren historian. Adibidez[21]:

Hala ere, aurreko adibideetako askok, hain nabariak ez diren iraulketak adierazten dituzte. Kuhnek berak ikusi zuen ideia berriak errefusatuak izaten zirela, gehienetan indarrean aurkitzen zen teoriaren egileen eskutik. Teoria egile horiek beren ekoizpen intelektualaren azken urteetan aurkitzen dira, botere akademikoaren gailurrean egoteaz batera. Hala ere, askotan, adostasunaren barruan, komunitate zientifikoan postu gorenagoan daudenek kontsideratu eta asimilatzen dituzte. Gainera, trantsizioaren izaera iraultzailea a posteriori puzteko joera dago, askotan protagonistengatik berengatik, eta are gehiago dibulgatzaileengatik, beti istorio zirraragarriak kontatzeko asmoa baitute[erreferentzia behar].

  • Wegenerren teoria, arrazoi osoz baztertua izan zen bere alderdi mekanizistagatik, batez ere kontinenteak lurrazal ozeanikoaren gainean lerratzeko zuten modu eta motiboengatik (argumentu paleontologiko solido eta ukaezinetan oinarritua zegoen). Baina mugitzen diren kontinenteen geografia aldakorren deskribapenak lekua aurkitu zuen geologia eskuliburu guztietan, Dietz eta Hessenen azalpenak baino lehenago. Dietz eta Hessenek hedapen ozenikoko ereduak eta horien proba paleomagnetikoekin (Vine eta Matthews), 1960ko hamarkadan azalpen mekanismo sinesgarri bat eman zuten. Azkenean, Wegener zientziaren heroien artean jarri zen bere ikerketari esker. Gainera, heroitasun horri gehitzen zaio froga berrien bila zegoela hil zela.
  • Lynn Margulisek organulu eukariotiko batzuen jatorri endosinbiotikoari buruz duen teoriak hainbat dimentsio ditu. Organulu batzuk jatorri sinbiotikokoak direnaren nozioa ez da berria, Schimperrek 1883an esan zuen kloroplastoari buruz, eta Altmanek 1890ean mitokondriari buruz. Mereschkovskik 1905etik, Famintzenek 1907tik, eta Wallinek 1927tik ere, argudioak eman zituzten, baita froga esperimentalak ere. Beste dimentsioa eukariogenesia sinbiogenesi bezala azaltzen dena da, sinbiosi mitokondrialarekin lotzen dena. Hau ez dago frogatua, baina, dirudienez, ezagutzen diren eukarioto guztiak, arbaso mitokondriadun batengandik datoz. Azkenean, litekeena da eukariogenesia sinbiosiaren menpe egon izana, baina ez Margulisek susmatu zuen moduan, bi genoma prokariotikoen fusio bidezko genoma kimeriko baten bidez baizik. Margulisen meritua ez da, beraz, aurkikuntza berriak egin izana, baizik eta, areago, espiritu ireki eta berritzaile bat garatu izana. Bere lankideak jakinaren gainean egon gabe, egile errusiar eta europarrak irakurri zituen.
  • Gould eta Eldredgeren teoriak zioen eboluzio-denbora ez dela uniformea, eta aldaketa handienak krisietan metatzen direla. Teoria honek, teoria sintetiko deritzonari aurre egin behar izan zion, bere garaian oso progresiboa zen elaborazio erredukzionista bati. Teoria sintetikoak 1940an Thomas Hunt Morganen garaiko irteera genetikoa Darwinen hautespen naturalaren teoriarekin konbinatu zuen. Baina, Dobzhansky eta Mayr bezalako elementuekin batera, edozein zalantza egiteko burugogorrak zirenak, eskola berean Simpson aurkitu genuen. Simpsonek perspektiba paleontologiko batekin, aurrerapen berriak inspiratu zituzten elementu batzuk eskaini zituen, tartean, fundatzailearen teoria.
  • Agente infektatzaile batzuen izaera ez-nukleikoaren hipotesia, Alpertek eta bere taldeak formulatu zuten Naturen 1967an, eta 1982an Prusiner-ek (Sciencen argitaratua) baieztatu zuen ardien entzefalopatia espongiformearen agentea proteina bat zela. Ordutik, mekanismorik gabe, tesia arretaz tratatu zen, eta adostasuna honako honetan kokatu zen: teoria probablea zen, erregistratutako behaketen arabera, baina egiaztatu egin behar zen. Horretarako, azalpen mekanistiko bat aurkitu behar zen (proteinak, azido nukleikoak ez bezala, ez dira erreplikatzen; halaber, ez zen ezagutzen, eta ez dirudi existitzen denik, proteina nukleikotik azidora alderantzizko itzulpena egiteko mekanismorik). 1993an mekanismo hori aurkitu baino lehen ere, Prusinerren teoria asko zabaldu eta irakatsi zen, beharrezko ebidentziak metatzen ziren bitartean. Agente infektatzailea proteina bat, prioi bat, izatearen nozioa mesfidantzaz jaso zen, Prusinerrek berak justifikatua onartu duena. Baina Kuhnek deskribaturikoaren ildotik, zientziaren ohiko mekanismoak izan ziren ideia hori gaur egungo kontsentsuaren erdigune bihurtu zutenak Bitxia bada ere, prioiei buruzko adostasun horren aurkako oposizioa, unibertsala ez dena, zientzia ofizialaren zurruntasunari aurre egiten dion ahalegin iraultzaile gisa aurkezten da maiz.
  • Helicobacter pylori eta ultzera gastrikoaren arteko harreman etiologikoari buruzko Marshall era Warrenen aurkikuntzak, 1982an eta 1984an argitaratu ziren, ikerketa medikoaren hiru aldizkari handienetako bat den The Lanceten. Mikrobiologo naturalistek ez zuten onartzen mediku mikrobiologoen objekzioa. Mediku mikrobiologoak giro arautuetan bizi diren organismoekin zeuden ohituta, baina mikrobiologo naturalistak bitartean, muturreko bakterio espezializatuekin, muturreko giro berriak aurkitzen ari ziren. 1994an, Ipar Amerikako NIH erakundeak, ikerketa medikoaren finantzaketan ekarpen handiena egiten duen erakundeak, teoria erabat onartzen zuen "adostasun-adierazpen" bat argitaratu zuen, eta horren araberako neurri diagnostikoak eta terapeutikoak proposatu zituen.

Hala ere, berrikuntza teoriko horien hasierako marjinaltasuna erlatiboa da, eta horietako asko hasieratik onartzen eta argitaratzen dituzte eragin handiena duten aldizkariek. Komunitate zientifikoak teoria oso eszentrikoen argitalpenari ematen dion erantzuna ez da uniformea; batzuk ez dira gai onargarritasun-maila minimoa eskaintzen ez duten ideiei aurre egiteko, eta beste batzuk mauka zabalago baten aldekoak dira. Adibide on bat 1986an Jacques Benvenistek orain "uraren memoria" bezala izendatzen denari buruz egindako lana da; Nature aldizkari zientifiko ospetsuenean. Zenbaki bereko iruzkin editorialean azaldu zutenez[22], polemika handia sortu zuen zuzendariaren erabakiak, eta gaur arte eztabaidatu dute[23]. Batzuen ustez akats bat izan zen, oraindik terapia magiko batzuen asmo zientifikoak elikatzeko balio duena, eta beste batzuen ustez, merezitako arriskua izan zen, ideien beharrezko publizitatearen izenean, hori gabe ezinezkoa baita benetako judizio-askatasuna eta benetako aurrerapen zientifikoa aurrera eramatea.

Uraren memoriaz gain, ideia berrien adibide kontaezinak daude, baina hauek ez ziren berretsiak izan. Bi adibide klasiko dira N izpiak eta ur polimerikoa. Batzuek uste dute fusio hotza kategorika honetakoa dela, baina beste batzuentzat, Fleischmann eta Ponsen porrotetik haratago, ideiarengan badago onargarritasun zantzu bat[erreferentzia behar].

Eztabaida zientifikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eztabaida zientifiko eztabaida mota bat da, non partikularren edo taldeen artean bi posizio edo gehiago dauden gertakari eta ondorio zientifikoak azaltzeko. Ordea, gertaerak oso nabarmenak dira, eta gertaera horien irismena eta ondorio logikoak ez daude hain argi. Horregatik, ondorio baztertzaileak ateratzeko aukera ematen du gertaeren handitasunak. Eztabaida zientifikoak egitateak nahikoa ez direnean edo anbiguoak direnean bakarrik ematen dira. Egoera horietan, egitateetatik abiatuta ondorio baztertzaileak ateratzen dira, baina, aldi berean, bateragarriak dira eztabaidan parte hartzen duten alderdiek frogatutako edo onartutako egitate zientifikoekin.

Eztabaida zientifikoa sasi-eztabaida polemikoetatik bereizi behar da. Sasi-eztabaida polemikoetan talde batek ezarritako adostasun zientifikoaren aurka argudiatzen dute, ustezko froga zientifikoak argudiatuz eta metodo zientifikoan oinarritzen dela baieztatuz, benetan hala ez denean. Adibidez, kreazionistek baieztatzen dute badagoela eztabaida zientifiko bat espezie biologikoen eboluzioaren teoriaren baliozkotasunari buruz. Ustez, froga eta argudio zientifikoetan oinarritutako argudioak erabiltzen dituzte, baina benetan ez dago eztabaida zientifikorik: ezagutzen diren gertaerak nahikoa dira eboluzioaren teoriaren baliozkotasun orokorra onartzeko[24][25].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Consensus (Communication). SAGE Publications, Inc. ISBN 978-1-4129-5143-2. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  2. Laudan, Larry. (1986). Science and Values : the Aims of Science and Their Role in Scientific Debate.. University of California Press ISBN 978-0-520-90811-6. PMC 609849958. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  3. Ford, Michael. (2008). «Disciplinary authority and accountability in scientific practice and learning» Science Education 92 (3): 404–423.  doi:10.1002/sce.20263. ISSN 0036-8326. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  4. Fidler, Fiona; Wilcox, John. (2018). Zalta, Edward N. ed. «Reproducibility of Scientific Results» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  5. http://www.aaas.org/news/releases/2006/pdf/0219boardstatement.pdf
  6. Jones, S.; Meyfroidt, S.. «Web services and java (position statement)» 2003 Symposium on Applications and the Internet, 2003. Proceedings. (IEEE Comput. Soc)  doi:10.1109/saint.2003.1183027. ISBN 0-7695-1872-9. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  7. Climate Change Science. 2001-06-28  doi:10.17226/10139. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  8. El conocimiento. (1. ed. argitaraldia) Editorial Trotta 1999 ISBN 978-84-9879-402-1. PMC 888279590. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  9. Malhotra, Yogesh. «Is Knowledge Management Really an Oxymoron? Unraveling the Role of Organizational Controls in Knowledge Management» Knowledge Mapping and Management (IGI Global): 1–13. ISBN 978-1-931777-17-9. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  10. Annas, George J.. (2006-05-25). «Intelligent Judging — Evolution in the Classroom and the Courtroom» New England Journal of Medicine 354 (21): 2277–2281.  doi:10.1056/NEJMlim055660. ISSN 0028-4793. PMID 16723620. (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  11. (Ingelesez) «One year on from the Higgs boson find, has physics hit the buffers?» the Guardian 2013-08-06 (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  12. (Ingelesez) Not Even Wrong: The Book | Not Even Wrong. (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  13. Woit, Peter. (2001-02-16). «String Theory: An Evaluation» arXiv:physics/0102051 (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  14. (Ingelesez) Easterbrook, Gregg. (2006-09-14). «String theory is claptrap.» Slate Magazine (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  15. (Ingelesez) Barbu, Brianna. «symmetry magazine» symmetry magazine (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  16. Smolin, Lee. (2006). The trouble with physics : the rise of string theory, the fall of a science, and what comes next. Houghton Mifflin ISBN 978-0-618-55105-7. PMC 64453453. (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  17. Oreskes, Naomi. (2004-12-02). «The Scientific Consensus on Climate Change» Science 306 (5702): 1686–1686.  doi:10.1126/science.1103618. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  18. Yearley, Steven; Mercer, David; Pitman, Andy; Oreskes, Naomi; Conway, Erik. (2012-01-12). «Perspectives on global warming» Metascience 21 (3): 531–559.  doi:10.1007/s11016-011-9639-9. ISSN 0815-0796. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  19. &NA;. (1991-12). «Don??t believe the amiodarone ???hype???» Reactions Weekly &NA; (382): 3.  doi:10.2165/00128415-199103820-00006. ISSN 0114-9954. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  20. Sacks, Michael H.. (1982-04). «THE MISMEASURE OF MAN—Stephen Jay Gould; Norton, New York, 1981, 352 pages, $14.95» Psychiatric Services 33 (4): 314–315.  doi:10.1176/ps.33.4.314. ISSN 1075-2730. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  21. Kuhn, Thomas S.. (2012). The structure of scientific revolutions. (Fourth edition. argitaraldia) ISBN 978-0-226-45811-3. PMC 756577696. (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  22. (Ingelesez) «When to believe the unbelievable» Nature 333 (6176): 787–787. 1988-06-XX  doi:10.1038/333787a0. ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  23. (Ingelesez) Ball, Philip. (2007-08-08). «"Here lies one whose name was writ in water..."» Nature: news070806–6.  doi:10.1038/news070806-6. ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  24. (Ingelesez) «IAP Statement on the teaching of evolution» Resonance 11 (11): 93–95. 2006-11-01  doi:10.1007/BF02834478. ISSN 0973-712X. (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
  25. «Evolution | NSTA» www.nsta.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]