Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Ituna

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Kontzertu Ekonomiko» orritik birbideratua)

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Zer da Kontzertu Ekonomikoa?
Artikulu hau baliabide juridikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kontzertu (argipena)».

Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Ituna[1] edo Kontzertu Ekonomikoa Espainiako Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko zerga eta finantza harremanak antolatzen dituen baliabide juridikoa da, foru erregimenaren parte da.

Itunak, historian, honako bilakaera izan du: 1878tik 1937ra hiru Probintzia Baskongadoek ituna izan zuten; Frankismo garaian, hiru lurralde horietatik, Arabak bakarrik mantendu zuen 1980. urte arte, Gerra Zibilean erregimen frankista babesteagatik. 1981etik aurrera, 1978ko Konstituzioan eta 1979ko Gernikako Estatutuan xedatu zen bezala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru lurraldeei ituna aitortu zitzaien berriro ere.

Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean organo bat dago ekonomia itunaz jarduteko eta haren gaineko aldaketak egiteko, hala nola kupoa finkatzeko. Organo horrek Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa du izena.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kupoa kalkulatzeko sistema (2015, Berria)

Lehendabiziko aroa: 1878-1937[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alfontso XII.a Espainiakoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruak behin betiko indargabetu zituen 1876ko uztailaren 21eko Legearen bitartez. Hala, euskal herritar horiek Estatuko beste herritarrek bezala ordaindu behar zituzten zergak[2].

Legeak inposaturiko betebehar hori zehazteko, herrialde bakoitzak zuen zerga-sistema kontuan hartu behar zen, Batzar Nagusiek ezarritakoa. Horretarako, orduko Espainiako presidentea zen Antonio Cánovas del Castillo Foru Aldundien ordezkariekin elkartu zen. Akordiorik ez zegoenez, 1877ko maiatzaren 5ean Bizkaiko Batzar Nagusia eta Foru Aldundia deuseztatu zituen. Era berean, 1877ko azaroaren bukaera eta abenduaren hasiera artean Araba eta Gipuzkoarenak ere deuseztatu zituen.

Hala ere, Espainiako Ogasunak ez zituen ia ez baliabide ezta esperientziarik hiru lurralde historikoetan zergak biltzeko (izan ere, 1841z gero aduanaz baino ez zituen arduratzen). Honek Antonio Cánovas Espainiako Gobernuak hautatutako Foru Aldundi berriekin negoziatzera bultzatu zuen, euskal lurraldeak Espainiako "ekonomia itun" orokorrean sar zitezen.

1877ko abendua eta 1878ko otsailaren artean Foru Aldundiak eta Espainiako Gobernua akordio batera heltzera saiatu ziren. Beraz 1878ko otsailaren 28an lehendabiziko dekretu bat agindu zuten, hurrengo zortzi urteen epean zergak Estatuari ordaintzeko. Itundutako zergak biltzeko arduradunak Foru Aldundiak izango ziren. Hauek Estatuari bildu zezaketena uste zutena ordaindu behar zioten, bildutakoa eta Estatuari aipatutako kupoaren arteko kendura Foru Aldundientzat izanik.

Horrela Estatuak itundutako zergak nola biltzen zirenari jaramonik ez eta Aldundiek zergak kobratzea ala ez erabakitzen zuten. Horrela Foru Aldundi bakoitzak zerga berriak kobratzea ala ohiturazko zerga-sistemarekin jarraitzea erabaki zezakeen. Sistema tradizionala kontsumoan oinarritutako zergetan mantentzen zen: elikagaiak, erregaiak, edari alkoholikoak eta abarrak gainordaina ezartzen zituena.

Behin behineko itun hau, 1886an bukatu behar zena, arrakastatsua izan zen eta administrazio guztiek berritu zuten, behintzat gaur egun arte. Foru Aldundiek kupoa arazorik gabe ordaindu zutenez, bere aurrekariak izan zituzten zerga-eskuduntza asko mantendu zituzten baita horiek kudeatzeko baliabideak ere. Espainiako Ogasun Ministerioak ez zituen zergak biltzen hiru lurraldeetan eta, era berean, bere inbertsioak ere oso murriztuak izan ziren, inbertsio publiko gehiena Foru Aldundiek eginik. Itundutako zergak Estatu Ogasunak zituen nagusienak ziren, Aduanarenak izan ezik: lurralde kontribuzioa, industria kontribuzioa, errege eskubideen zerga, tinbre eta kontsumoen kontribuzioa. Denbora eta berrikusteen poderioz, jatorrizko bost zergak gehitu zituzten eta beraz Estatuari ordaindu behar zitzaion kopurua edo kupoa handitu zen.

Itundutako zergak. 1878-1937[3]
1878 1887 1893 1894 1900 1906 1913 1920 1925-26
Ekonomi ituna 1. berrikuste orokorra Berrikuste partziala 2. berrikuste orokorra Berrikuste partziala 3. berrikuste orokorra Berrikuste partziala Berrikuste partziala 4. berrikuste orokorra
Higiezin, laborantza eta abeltzaintza Higiezin, laborantza eta abeltzaintza Higiezin, laborantza eta abeltzaintza Higiezin, laborantza eta abeltzaintza Higiezin, laborantza eta abeltzaintza Higiezin, laborantza eta abeltzaintza Higiezin, laborantza eta abeltzaintza Higiezin, laborantza eta abeltzaintza Lurraldekoa
Industria eta merkataritza Industria eta merkataritza Industria eta merkataritza Industria eta merkataritza Industria eta merkataritza Industria eta merkataritza Industria eta merkataritza Industria eta merkataritza Industria eta merkataritza
Errege eskubide eta ondareen eskualdatzea Errege eskubide eta ondareen eskualdatzea Errege eskubide eta ondareen eskualdatzea Errege eskubide eta ondareen eskualdatzea Administrazio emakiden errege eskubideak Errege eskubide eta ondareen eskualdatzea Errege eskubide eta ondareen eskualdatzea Errege eskubide eta ondareen eskualdatzea Errege eskubide eta ondareen eskualdatzea
Zigilutako papera Zigilutako papera Zigilutako papera Zigilutako papera Tinbre es da aipatzen Kontzeptuak zehazten du Zigilutako papera Ontziratutako produktuen tinbrea Tinbrea
Zereal eta gatzaren kontsumoa Kontsumoak Kontsumoak Kontsumoak Kontsumoak Kontsumoak Kontsumoak Kontsumoak Kontsumoak
Ordainketen %1a Ordainketen %1a Ordainketen %1a Ordainketen %1a Ordainketen %1a Ordainketen %1a Ordainketen %1,20a
Alkoholen patenteak Alkoholen patenteak Alkoholen patenteak Desagertua
Herri eta lurralde soldatak Herri eta lurralde soldatak Etekinen barnean
Bidaiari eta salgaiak (lehorreko, itsas eta ibaien bidez) Itundutako linea gehiago. Itsas-linea eta meatze-trenbideak at Lehorreko eta ibai lineak. Linea gehiago Bidaiari eta salgaiak Bidaiari eta salgaiak Bidaiari eta salgaiak
Luxuzko gurdiak Luxuzko gurdiak Luxuzko gurdiak Luxuzko gurdiak Luxuzko gurdiak Luxuzko gurdiak
Trenbideak ikuskatze gastuetarako Trenbideak ikuskatze gastuetarako Trenbideak ikuskatze gastuetarako Trenbideak ikuskatze gastuetarako Trenbideak ikuskatze gastuetarako Trenbideak ikuskatze gastuetarako
Kasino eta jolas-elkarteak Kasino eta jolas-elkarteak Kasino eta jolas-elkarteak Kasino eta jolas-elkarteak Kasino eta jolas-elkarteak
Etekinak, industria-kontribuzioaren barean Etekinak, industria-kontribuzioaren barean Etekinak, ontzigintza-kontribuzioaren barean Etekinak, meatzaritza-kontribuzioaren barean Etekinak
Argiztapena Argiztapena Argiztapena Argiztapena
Mearen %3a Mearen %3a

Itundutako zergak gehitu eta Probintzia Baskongadoetako ekonomia aurrera joan ahala (batez ere Bizkaiko meatzaritza, siderometalurgia eta ontzigintza zirela eta) kupoa gero eta handiagoa izan zen:

Itundutako kupo likidoa. 1878-1937[4]
Urtea Bizkaia Gipuzkoa Araba Guztira
1878 857,8 655,8 529,6 2.043,2
1887 1.286,6 983,7 529,6 2.799,9
1894 2.557,0 1.446,1 597,7 4.600,8
1898 3.006,0 1.706,3 693,7 5.406,0
1899 2.617,0 1.486,3 602,7 4.706,0
1900 2.703,7 1.490,6 603,7 4.797,9
1904 2.553,1 1.373,9 548,1 4.475,1
1906 4.984,0 2.066,5 623,2 6.988,1
1913 4.388,4 2.066,5 623,2 7.078,1
1916 4.709,4 2.226,5 642,1 7.578,1
1920 6.999,4 2.411,5 667,1 10.078,1
1926 28.380,0 10.050,0 1.570,0 40.000,0
1932 28.734,0 10.177,0 1.589,0 40.500,0

Kopurua akordioen artean mugitzen ez zenez, Aldundiek bere zerga sistema mantendu zezaketen (itundutako zergei buruz eta Estatuaren baimen generikoari esker), itundutako zergak biltzea ala ez edota bere berezko zergak mantentzea erabakiz (tartean Arabako Ermandadearen Orria edo Bizkaiko Tabernen zerga). Espainiako Ogasun Ministerioari kupoa ordaindu eta gero, bere politika ekonomikoa zuten, hau da, administratiboki ia burujabeak ziren.

Espainiako Gerra Zibila zela eta, 1937an Bizkaia eta Gipuzkoan sistema aldatu zuten. 1937ko ekainaren 19an Bilbo galdu ondoren matxinoen Burgosko Junta Teknikoak, 1937ko ekainaren 23ko dekretuaren bitartez, Bizkaia eta Gipuzkoarekin Estatuak zuen ekonomia ituna indargabetu zuen, lurralde horiek beren herritarrei emandako erraztasunen truke saldukeria lortu zutela esanez. Hala ere, Arabak bere ituna eta Nafarroa Garaiak bere hitzarmen ekonomikoa mantendu zituzten.

Bigarren aroa: 1937-1980. Arabako ituna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1937 eta 1980 artean, Arabak baino ez zuen mantendu ekonomi ituna.

Arabako itunaren berrikustea, lehendabiziko aroan bezala, bi arrazoi nagusik bultzatu zuten:

  • Itunaren epearen bukaera (1952 eta 1976an)
  • Estatuak zuen araudi berriari moldaketa (1940 eta 1967an).

1942ko maiatzaren 9ko dekretuaren bitartez Arabako itunean 1940ko abenduan eta 1941eko urrian egindako erreformak erantsi zituzten. Bertan luxuzko kontsumoen zerga, usadio eta kontsumoen kontribuzioa (1911an desagertutako Kontsumoen Arielen berpizkundea) eta aparteko mozkinen kontribuzioa gehitu zituzten. Gainera Arabako Foru Aldundiak arautu ez baino Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga biltzeari ekin zion.

1952ko otsailean, azken akordioaren 25 urteko epea pasa ondoren, beste 25 urteetarako berritu zuten. 1925ean egindako itunean bezala, kupoa bost urtero handitzea erabaki zuten, urte hartako Estatuen aurrekontuek agintzen zuten bezala. 1967tik aurrera urtero egin zuten.

1976ko azaroaren 25eko errege dekretuaren bitartez beste 25 urteen eperako ituna adostu bazuten ere, Francisco Francoren heriotzak eta Espainiako Trantsizio Demokratikoak zeharo aldatu zuten ituna.


Bizkaiko eta Gipuzkoako Ekonomia Itunak ezeztatzeko Lege Dekretua (1937-06-23)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Euskal herriko probintzietan ekonomia arloan indarrean dagoen sistema

itunduak pribilegio nabarmena du erregimen arruntari lotutako gainerako lurralde nazionalarekiko, baina ez probintzia horietako Aldundiek arlo horretan duten autonomia zabalagatik bakarrik, probintzia horietako zergapekoak karga publikoak altxatzeko egin behar duten ahalegin txikiagoagatik baizik (…).

Kontzertua mesedegarri izan zuten askok ahaztu egin zuten botere publikoak eman zien zarrastelkeria eta, Gipuzkoan eta Bizkaian, armak hartu zituzten uztailaren 17an abiarazitako Mugimendu Nazionalaren aurka eta traizioz erantzun zioten salbuespenezko eskuzabaltasunari (…).

Zerga eta administrazio erregimenaren berezitasunak bere izaera nazionala eta Aberriaren patu komunarekiko atxikipenaren suhartasuna gero eta gehiago goraipatzeko balio izan du hainbat probintziatan, esaterako, Nafarroa txit leialean. Beste batzuetan, aldiz, Espainiaren aurkako politika baldarra egiteko balio izan du eta zirkunstantzia horrek (…), kalte larriak eragiteko tresna gisa erabili zuten sistemari amaiera jartzera behartzen du. Gogoeta beraien arabera, Arabako probintzian gaur egun indarrean dagoen sistemak jarraitu egin behar du (…)

(..) Horren kariaz, honako hau XEDATZEN DUT: Lehen artikulua. Datorren uztailaren batetik aurrera, estatuko kontribuzio, errenta eta zerga arrunt eta berezi guztien kudeaketa eta bilketa Gipuzkoa eta Bizkaia probintzietan egingo da, indarrean dagoen erregimen erkidearen arabera (…). Beraz, indargabetuta geratuko da lehen adierazitako datatik aurrera ekonomia arloan Aldundiekin itundutako eta gaur egun indarrean zegoen erregimena.

Burgosen, mila bederatziehun eta hogeita hamazazpiko ekainaren hogeita hiruan.

»

—Francisco Franco, Boletín Oficial del Estado, 1937ko ekainaren 23a


Hirugarren aroa: 1981-2009. Egungo ituna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francisco Franco Jeneralaren heriotzaren ondoren eta Trantsizio demokratikoaren prozesua hasi zenez geroztik, Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian Katalunian eta bestalde, jada guda gorrian, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuan gauzatu izan ziren autonomia eskakizunek Estatutu horiek berraztertzea bakarrik ez ezik prozesua bera gainerako Estatu osora ere zabaltzea ekarri zuten.

Horrela, 1978ko Espainiako Konstituzioan, bere lehendabiziko xedapen gehigarrian, foru lurraldeen Eskubide Historikoak onartu eta babestu egin ziren, euretariko bat hain zuzen ere Ekonomia Ituna zelarik, eta beraz Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren negoziazioan Erkidego guztirako Ituna hedatu izana nabarmen azaldu zen.

Hain zuzen ere, 1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoa), bere 41.1 artikuluan honako hau zioen:

« Estatuaren eta Euskal Herriaren arteko zerga mailako harremanak, ohiko Kontzertu Ekonomiko edo Hitzarmen foru erapide bidez arautuak izango dira”. Toki bereko 41.2 artikuluan bere edukiarekiko oinarri batzuk ezartzen zituen, berrikuntzarik garrantzitsuena bere kupoaren definizioa izanez: “d) Euskal Herriak Estatuari egingo dion ekarpena, Estatuaren zama izanik Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ez dituenengatiko kontribuzio gisa, Lurraldeetariko bakoitzari dagozkien kupoez osatutako osoko kupo bat izango da.” »


Hau da, kupoaren adigaiak Ogasunaren litezkeen diru sarreren ohikotik Estatuak bere gain hartu gabeko zamen gastuen ordainera jo izan du.

Aipatu oinarri horien gainean, 1980ko azken hilabeteetan Ekonomia Itunari buruzko negoziazioaren azken fasean sartuz, 1980ko abenduaren 29an azken akordioa ezarri zen, nahiz eta bere azken onarpena, garai hartan ziren arazo politikoek eraginda (Adolfo Suarezen kargu uztea, 23-F, …) 1981eko maiatzera arte gauzatu ez zen, horretan artikulu bakarreko Legean onetsia izan zelarik (maiatzaren 13ko 12/1981 Legea) [1].[5].

1981eko ekonomi itunaren ezaugarri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskadiko kupo likidoak. 1981-2023 (milaka euro)

Ekonomia Ituna, bere edukiarengan inolako emendakinik egitea ahalbidetzen ez duen artikulu bakarreko lege baten bitartez onartu zen, parte hartzaileen artean aldez aurretik ados jarri ondoren eta beraz ez dago onartu edo onartu gabe uztea besterik, nazioarteko hitzarmenetako ohiko tramiteetan izaten den bezala emendakinik egiterik ez dela. Horrela, Itunaren Legeko artikuluren bat aipatzen denean hitzarmenaren artikulua dela jotzen da, eta ez Legearena, bakarra besterik ez duelako. 1981eko Itunaren testua bi funtsezko ataletan antolatzen zen: zergei zegokion atala eta kupoari zegokiona alegia. Egituratze hori aldez aurretik Arabako Itunean izandakoaren eratorpen logikoa izan zen. 1981ean onartutako testuak, bere 1. Artikuluan, iraupena, hogei urtetakoa, ezartzera zetorren. Indarreangotasun hori ez zen desegokia, zeren 1976an Arabarekin hitzartutako 25 urteekin bat zetorren eta ondorioz 1925ean ezarritako ohiko erritmoari, 25 urtetako indarreangotasunari alegia, eutsi egiten zitzaion. Legearen edukia atalburu bitan banatu zen:

  • Bata oinarri orokorrei eta zerga arloari berari eskainia
  • Bigarrena Kupoari buruzkoa (finantza atala).

Lehenengo atalburuan arau nagusiak, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko eskumenen banaketa eta hitzartutako zergen arauketa.

Araugintzarako eskumenak eta zergekiko eskea, arta, kontu-garbiketa eta zerga-bilketarakoek jatorrizko Lurraldeei, batzar nagusiei eta foru aldundiei hurrenez hurren, dagozkie (2. Art.). Euskal Zerga Erapidetzak bete behar dituen irizpideen artean honako hauek dira: Kidetasuna, Estatuaren guztizko zergapide-egiturarekiko arreta, Estatuarekiko kanpo eta barne antolakidetasuna, zergapideekiko elkar-egokitasuna, nazioarteko hitzarmen eta itunekiko menpetasuna eta Zergapidetza Lege Nagusiko interpretazio irizpideena ere. (3tik 6rako artik.)

Espainiak bakarreango eskumen gisa honako hauek bereganatzen ditu: muga zergak, alkoholen gaineko zerga eta zergapide jabegoez gain, estatuan bizi ez direnen eta euskal lurraldearen eremua gaindi dezaketen Sozietateen zerga-erapidetza edota zerga-legegintza desberdinen baitan dauden irabaziei dagozkienak (6. Art.). Autonomia-arautegipeko eta hitzartutako zergen eta Foru Ogasunen ordainarazpenari buruz, zuzeneko zergarik garrantzitsuenak eta zeharreko batzuk azaltzen dira: Pertsona Fisikoaren Errentaren gaineko Zerga (PFEZ), Ondarearen gaineko Ezohiko Zerga, Sozietateen gaineko Zerga (Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik diharduten sozietateentzako autonomia-araua ezarriko da eta lurralde eremu horretatik kanpo ere dihardutenentzako Estatuaren araudia erabiliko da, “negozioen kopuru erlatiboa” izenekoagatik Euskal Autonomia Erkidegoan ordaindu beharraren kaltetan gabe), eta Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga. Zeharkakoen artean Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga, enpresa-trafikoaren gaineko zerga orokorra (ETZO) eta Luxuaren gaineko Zerga, Zerga Berariazkoa (telefonoa eta edari errefreskagarriak) eta jokoaren gaineko zergak. Azkenik Lurralde Kontribuzioa, Hiritarra eta Landatarra, eta Jarduera Profesional eta Industriakoen Lizentzia fiskala bezalakoek ere, Udal Ogasunekin lankidetzan jardunaz, autonomia-araudikotzat bezala aitortuak izan ziren.

II. Atalburuan kupoaren araudia ezartzen da. 1878ko kupoaren eta 1981koaren arteko alderik garrantzitsuena honako hau da: Lehendabizikoan Ogasun Ministerioak eraentza orokorra ezarrita bildu zitekeenaren kopurua suposatzen zuen eta 1981ekoan, aldiz, Gobernu Zentralak Euskal Autonomia Erkidegoan, Lurraldeen arteko Konpentsazio Baltzura Erkidegoaren ekarpena egiteaz gain Erkidegoan bertan diren zuzeneko zerbitzuengatik zein bertako biztanleei onuragarri litzaizkieken beste batzuk jaso izanagatik (adibidez, zerbitzu diplomatikoa edota ejerzitoa) izaten jarraitzen dituen gastuengatiko dagokion ordaina da. Autonomia Erkidegoak ordaindu beharreko zatia nazio errentan duen eraginagatik, funtsean, ezarriko da.

Kopuru horretara iristeko formula orokorrago bat, bere kalkulua errazten duena, erabiltzen da. Horretarako, Espainian Estatuak transferitu gabeko eskuduntzetan gastatzen duena, hitzartu gabeko diru sarrerengatik biltzen duena eta, Estatuaren benetako baliabideak sortzetik kanpo kupoa ahalegin gehigarri bat izan dadin ekidite asmoz, defizita ere gogoan hartzen duen oinarritik abiatzen da. Baina diru sarrera eta gastu horietan Euskal Autonomia Erkidegoari proportzioren bat esleitu beharra zitzaion. Horretarako errentaren garrantzia eta Espainiako biztanleria osoarekiko Erkidegoko biztanleriarena ere zein zen gogoan izango duen gutxi gora beherako kalkulu baten bitartez, proportzio hori %6,24koa zela ezarri zen.

Kupoak hamabost urteko aldizkakotasuna du, urtero Estatuak kitatutako eta aurrekontuetan ezarritako kopuruen arabera zenbatekoa egokitzen den arren. Gaur arteko kupoaren diseinuarekiko desberdintasunik funtsezkoenetako bat horixe da, zeren Estatuaren bakarreangoak izanez Euskal Autonomia Erkidegoak beretzakotu gabeko eskuduntzetan gastuen zati bat bere hartzeak aldebakarreko arriskua nabarmentzen baitu, hori guztia Erkidegoaren egoerak izan dezakeen garapenaren edota bere zergabilketa gehitu eta ez gehitzetik kanpo baitago.

Akordio horiez gainera Berdineango Batzorde batzuk sortzea ere ezarri zen, bat Kuporakoa, urtero kupoa berraztertzeari ekin eta bost urterik behin eratxikipen-biderkariaren doiketak (1981etik aurrera ez du aldaketarik izan) egiteaz arduratzen dena, Ebazpen-Batzorde bat eta Erakidetza-Batzorde bat (ez ziren inoiz batzartu).

Hitzartutako Kupoen garapenak, adostutako zergek gehituz joan diren heinean eta beretzakotu gabeko zamak murriztu diren neurrian, bilakaera logiko bat izan du.

Araba, Bizkaia eta Arabarako hitzartutako Kupoak. 1981-2008[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izatez, 1996an kupoa gutxieneko mailetara jaitsi zen eta horren ondorioz, maila horiek gora egin zezaten, zerga berriak hitzartzeko Ekonomia Itunean erreforma bat egin beharra izan zen (hidrokarburoak, alkoholdun edariak).

Ikus daitekeen bezala, Itunaren erapidetzak bere edukiari dagokionez nolabaiteko aldaketak jasan izan ditu eta, oro har, zabaltasun handiago bat eman dio, zabaltasun handiago horregatik hasierako negoziatzaileentzako erabat ezezaguna izan zen esparru europarraren garapenari dagozkion arazoak ere izan dituen arren. Horrek guztiak, Foru Aldundiek bideratutako aplikazio zehatzarekiko, eta ez hainbeste erapideari berari dagokionari buruzkoan, auziak eta eztabaida ugari ekarri izan dituela ikusterik izan dugu.

1981eko hitzarmenean egindako aldaketak egoera berrietara egokitzeko eraberritzea ezinbestekoa izan zen heinean egin ziren. Espainia EEBan sartu izanaren ondorioz 1985eko abenduaren 27ko Legearen bitartez BEZa indarrean sartzea egokitu beharra izan zitzaion. Geroztik, 1990eko ekainaren 2ko, 1990eko abenduaren 27ko eta 1988ko abenduaren 28ko Legeen bitartez, hasierako legea Toki Ogasunen, Zergen eta Prezio Publikoei buruzko xedapen arautzaileetara moldatzeko egokitu egin zen, 1991ko urtarrilaren 1eko Itunaren eguneratutako Testua sorraraziz. Beste eraberritze batzuk 1993an, BEZan eta Berariazko Zergetan izandako aldaketetara Ituna egokitzeko, eman ziren; 1997an 1997-2001 bosturtekorako Kupoaren zehazteko metodologiarakoa eta azkenak, 1997ko abuztuaren 4koak, Hidrokarburoak eta Tabakoa (ordura arte Monopolio fiskaletara lotuak eta beraz hitzartu gabekoak) bezalako zergak edota estatuan bizi ez direnen Errentaren gainekoek bereganatu zituen, zuzeneko zergei dagozkien kasuan autonomia-araudia gehituz (P.F.E.Z eta Sozietateak).

Foru Aldundiek biltzen dituzte zergarik gehienak eta ondorioz, udal-zergak alde batera utzita, Eusko Jaurlaritza finantzatu beharra dute. Barne harremanak Jatorrizko Lurraldeetako Legearen (JLL) bitartez arautzen dira (Autonomia-Elkarte osorako Erakundeen eta bertako Jatorrizko Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen arteko harremanetarako azaroaren 25eko 27/1983 Legea). Estatuarekiko kupoaren eredua funtsean mimetizatu egiten da zeren Lege testu horretako 16. artikuluan “Jatorrizko-Lurraldeek , eurak beregain hartu gabeko Euskal Herri osoko zorbide guztiei erantzuteko laguntza emango dute; horretarako, Foru Aldundiek Lege honetan agindutakoaren araberako ekarketak egingo dizkiote Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiari”. Bere 20. artikuluan Ekonomia-Itunaren eraentzatikako diru-eskuraketak, behin kupoa kendu ondoren, Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren eta Jatorrizko Lurraldeetako Foru-Ogasuntzen artean banatuko dira, erakunde hauek lehenengoari egin beharreko ekarketak Lege honetan jarritako arauen ariora, Finantzetarako Euskal Kontseiluak ezarritako zenbakiz, zehazten direla. Aipatu Kontseilua sei kidez osatua izango da (hiru Eusko Jaurlaritzatik eta Aldundietatik beste bana). Batzarrotatik hainbat Ekarpen-Lege eratorri dira, azkenengoa 2/2007ko Legea; EHAA, 70. Zkia, apirilaren 12koa eta EHAA, 80. Zkia, apirilaren 26koa.

2002ko Ekonomia Itunaren eraberritzea eta 2007ko bere erreforma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2001eko udan abiatutako prozesu negoziatzaile korapilatsu baten ondoren, eta bere garaian Kupoaren Bitariko Batzordean adostasunik egon ez zelako, 2001eko abenduaren 27ko Legearen bitartezko Estatuaren aldibakarreko luzapena izanik, Bitariko Batzordeak akordioa 2002ko martxoaren 6an lortu zuen, gerora maiatzaren 23ko 12/2002 Legean gauzatuko zena[6].

Lege horrek, artikulu bakarrekoa, aurretiko testuekiko berrikuntza nabarmenak ekarri zituen. Zioen adierazpenean Itunaren eskubide historikori buruzko izaera azpimarratzen zen, foru araugintzarekiko ahalmena zabalduz eta Estatuaren eta Autonomia Erkidegoaren arteko finantza fluxuak arautzeko beharrizana agertuz, baina guztietatik elementurik garrantzitsuena zalantzarik gabe Ituna mugarik gabe ezartzearekikoa izan zen. 1886an jada horrela izan zen, baina berrikuntza jakin batzuk izan aurretiko hilabeteetan tirabira une jakin batzuk sorrarazi zituzten iraungitze-epeak ezarri ziren. Horrela, akordioa mugarik gabekoa da nahiz eta Ekonomia Itunerako [lehenago Kuporakoa zena] Bitariko Batzordean adostasunezko aldaketabideak dituen. Planteamendu hori izan zen erapidetzaren hasieratik Aldundiak tinko eutsi zioten gaietariko bat, Itunaren elementu kontingentea baino ez zela aldatzen (hitzartutako zergak eta kupoa), eta ez akordioa bere izaera horretan, ulertzen baitzuten.

2002ko akordio horretan Estatuaren zerga-eskumenak murriztu egin ziren (inportaziorako eskubideak edota Berariazko Zergekiko inportaziorako zergak eta BEZa) Ikuskatze Gorena (inoiz ondo argitu gabeko adigaia) Kontzertuaren aplikazioan (5. artikulua) erreserba eginez. Itunaren beraren egiturazkoagoa den beste berrikuntza bat 1981. urtean zati bi izan zituen bezala, zergak eta kupoa, oraingoan hiru zati bereizten dituela ikustea da: zergak, finantza harremanak (ez kupoa bakarrik) eta beste ezezaguna den Batzordeen eta Ebazpen-Batzordearena.

Zergei buruzko lehen atal honetan (1. Art.tik 47ra), arau orokor batzuen ondoren, erabili beharreko araudiaren, zergaz zerga, eta euretariko bakoitzaren ordainarazpenarekiko zehaztasunetan sartzen da: PFEZ, Sozietateak, Estatuan bizi ez direnen Errenta, Ondarea, Oinordetza eta Emakidak, BEZ, Ondare-Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko zerga, Aseguruen Etekinen gaineko Zerga, Berariazko Zergak, Hidrokarburo, Joko eta Tasa jakin batzuen Salmenta Minoristei buruzkoetan alegia. Udal-zergak ere Jatorrizko Lurraldeetatik araututzat ematen dira (Ondasunak, Mugiezinak, IAE, Trakzio mekanikoa…).

Bigarren atalean Finantza harremanez jarduten da, oinarri nagusi batzuk aintzat hartuz: Euskal Herriko Erakundeen zerga- eta finantza-autonomia eta elkarkidetasunari itzala Konstituzioan eta Estatutuan aurreikusitako terminoetan, aurrekontu-egonkortasunaren gaietan Estatuarekin lankidetza eta koordinazioa eta Euskal Herriko Erakundeengandik Udalenganako finantza babesaren esleipena, inola ere beheragoko autonomia mailarik izaterik ez dela. Kupoari dagokionez bere oinarria mantentzen du: bost urteko eperako ezarritako osoko kupoa, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ez dituen Estatuaren zama guztiengatiko urtero eguneratzen den zerga ordaina.”

Hirugarren atalean Itunean abiarazten diren batzordeak zehazten dira. Ekonomia Itunaren Bitariko Batzordea, Euskadiko ordezkaritzaren (Aldundi bakoitzetik ordezkari bana eta Eusko Jaurlaritzatik beste hainbeste), eta Estatukoaren artean paritarioa, erabakiak aho batez onartzen ditu. Batzorde horrek ebazten ditu Itunaren aldaketak eta bost urterik behineko kupoaren metodologia ere. Batzorde horri, zortzi kidez (erdiak Euskal Autonomia Erkidegokoak –Aldundi bakoitzeko bana eta bestea Eusko Jaurlaritzatik– eta Estatukoek) osatuta dagoen eta zergen argitalpenena izan aurretik zerga-araudiaren egokitzapenaz arduratzen den Arauen Ebaluazio eta Koordinaziorako Batzordea atxikitzen zaio. Azkenik, Ogasun Ministerioak eta Ogasun Sailburuak izendatutako hiru kidez osatutako Ebazpen-Batzorde bat antolatzen da. Batzorde hori sei urtetarako izendatzen diren itzal handidun adituz osatuta dago eta Administrazioen arteko gatazkak konpontzearekiko ardura dute.

Bost urtetan zehar indarrean egonik 2007ko uztaileko aldez aurreko akordioaren ondoren aldatu egin zen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Ituna onartu zuen maiatzaren 23ko 12/2002 Legea aldatzera zetorren urriaren 25eko 28/2007ko Legez onartu zen. Kupoaren Bosturteko Legea berritzeaz gain, Euskadiko eta Espainiako administrazioek Batzorde Europarraren zerga-eskakizunei erantzuna emateko formulazioa adostu zuten, Ekonomia Ituna aurrekontuekiko egonkortasun gaietan egokitzea erabaki zuten eta Itunean aurreikusita egonik abiarazi gabeko Ebazpen-Batzordearen osaketa ere erabaki zen[7].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Alonso Olea, Eduardo J.: El Concierto Económico (1878-1937). Orígenes y formación de un «Derecho Histórico», 1995, IVAP, Oñati, ISBN 8477771367
  • Atxabal Rada, Alberto eta Muguruza Arrese, Javier: Recopilación del Concierto Económico Vasco. Legislación, jurisprudencia y bibliografía, 2006, Ad Concordiam, Bilbo, ISBN 8461101472

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]