Euskal Lore Jokoak

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Lore jokoak» orritik birbideratua)

Euskal Lore Jokoak XIX. mendean antolatzen hasi ziren kultura jardunaldiak izan ziren, musika, dantza eta batik bat euskal poesia barne hartzen zituztenak. "Euskal Pizkundea" deitutako garaiaren barruan burutu zituzten, Erromantizismoan bultzatutako beste antzeko prozesuei jarraituz. Horien artean, Kataluniako "Renaixença" mugimendua nabarmentzekoa da.

Euskal Lore Jokoak XIX. mendearen erdialdean ospatzen hasi ziren euskal kultura eta euskararen aldeko ekitaldiak izendatzeko termino generikoa da. Izan ere, garai horretan beste izendapen batzuk ere erabili ziren: Koplarien guduak, Euskal Jaiak (gaztelaniaz Fiestas Euskaras), eta euskalkiaren arabera, Euskal festak, Uskaldun jeiak, Jaialdi euskeraskuak…etab.

Ekitaldi horiek XIV. mendean egindakoen antza zuten, bereziki Okzitaniako Tolosa, Bartzelona eta Valentzian antolatutakoena ("Jocs Florals" edo "Jeux floraux"). Era berean, aditu batzuen ustez Erdi Aroko jaialdi haiek Erromatar Inperioko Lore Jokoekin ("Ludi Florensei") lotuta egongo ziren.

1851-1863[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geurean, agerraldiok Ipar Euskal Herrian abiatu zituzten lehenik, Anton Abbadiaren eskutik. 1851n lehendabiziko aldiz antolatu zituzten Urruñan (Lapurdi), eta hamar urtez jarraian udalerri hartan bertan burutu zituzten.

1864-1876[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1864tik 1876ra, aldiz, Sara (Lapurdi) kokaleku izan zen, eta handik aurrera urtero lekuz aldatu ziren, Hego Euskal Herrira igaro arte.

1879-1900[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mauleko Lore Jokoen afixa (1880)

Hegoaldean 1879an, lehen jokoak Elizondon (Nafarroa) egin ziren, Abbadiaren ereduari jarraituz eta Arturo Kanpion eta enparauen Nafarroako Euskara Elkargoari esker. Urte hartan, lehen saria Felipe Arrese Beitiak irabazi zuen "Ama euskeriari azken agurrak" poemarekin.

Hurrengo urteetan beste toki batzuetan egin izan zituzten, besteak beste 1880an Begoñan, Beran, Donostian eta Maulen moldatu ziren, 1881ean Irunen,1885an Beran, 1886an Urnietan eta 1893an Azpeitian (Gipuzkoa), 1899an Aramaion (Araba).

1901-1908[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1901ean Bilbon (Bizkaia) antolatutako Lore Jokoetan, Miguel de Unamunok hitzaldi ezaguna eman zuen Arriaga Antzokian, non euskararen hileta duinaren alde agertu baitzen: "El vascuence no puede acomodarse a la vida moderna (...) Bilbao hablando vascuence es un contrasentido (...) El vascuence se extingue (...) Enterrémoslo santamente". Hitzaldiak eztabaida eta haserrea piztu zuen orduko inguru euskaltzale eta nazionalistan, tartean Resurreccion Maria Azkue, Evaristo Bustintza "Kirikiño" eta Sabin Arana zeudela.

Ondorengo urteetan Jokoak antolatzen segitu zen, tartean 1906an Mungian eta 1908n Eibarren.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]