Muhammad Ali

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Muhammad Ali
Ali 1967an
Muhammad Ali 1967an
Estatistikak
Izen osoa Cassius Marcellus Clay
Ezizena(k) The Greatest
Pisua Pisu astuna
Altuera 6 ft 3 in (191 cm)[1]
Irismena 78 in (198 cm)
Herritartasuna  AEB
Jaiotza 1942ko urtarrilaren 17a
Louisville, Kentucky, AEB
Heriotza 2016ko ekainaren 3a (74 urte)
Phoenix, Phoenix, AEB
Estiloa Ortodoxoa
Historia
Borrokaldiak 61
Garaipenak 56
KOak 37
Porrotak 5
Berdinketak 0
Borrokatu gabeak 0

Muhammad Ali[2] (Cassius Marcellus Clay Jr. jaioa, Louisville, Kentucky, 1942ko urtarrilaren 17a - 2016ko ekainaren 3a) boxeolari estatubatuarra izan zen.

Ipar Amerikako historiako boxeolari garrantzitsuenetarikoa da. Horrez gain, politika munduan, beltzen eskubideen alde jarrera konprometitua izan zuen.

Muhammad Ali ez zen haren jaiotzezko izena, fede musulmana besartzean hartu baitzuen. Pisu astunen Munduko Finalera iritsi zenean, Pietzykowsky poloniar beteranoa izan zuen aurkari: horrek 231 borrokaldi zituen atzean eta Europako hiru txapelketa irabazi zituen. Alta, finalean, poloniarra KO utzi zuen, sudurra hautsita. Bere boxeolari bizitza osoan, Alik 116 aurkaritatik 108 garaitu zituen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cassius Clay 1942ko urtarrilaren 17an jaio zen Louisvillen (Kentucky). Hamabi urte zituela, bizikleta lapurtu zioten eta salaketa jarri zuenean, Joe Martinek, laguntza eskaini zion poliziak, aurrerantzean boxeoaren munduan sartzen lagundu zion.

Eskolan ez zuen inoiz emaitza onik atera baina, hala eta guztiz ere, graduatzea lortu zuen. Ikastetxeko zuzendariak behin esan zuenez, etorkizun handiko gaztea izan zitekeela igartzen zitzaion.

Bere bizitza boxeora bideratu behar zuela argi utzi zuen Clayk, 1960ko olinpiadetan pisu arinetako urrezko domina eskuratutakoan. Lorpen horren ostean, profesionalen mundura egin zuen salto, Angelo Dundee txapeldun ohiaren esanetara.

Laster ospea lortu zuen, emaitza bikainak ematen zizkion estilo bitxi eta desegokiari esker. Islamen Nazioa talde musulmanaren alde egiten zituen aldarri propagandistak oso kritikatuak ziren, baina batzuei atsegin ez bazitzaien ere, Clay oso ospetsua zen. Kirol horretako borrokalari nagusien aurka garaipen garrantzitsuak erdietsi zituen.

Haren esaldi hauek oso ezagunak egin ziren: "Handiena naiz" edo "Gazte, eder eta azkarrena naiz eta inork ezin nau garaitu". Behin, eskola garaiko emaitza kaxkarrak gogorarazi zizkiotenean, zera erantzun zuen: "Handiena naizela esan nuen, ez adimentsuena".

Txapeldun gisan, bi aro izan zituen.

Lehen txapeldun aldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldi horretan, garaipen garrantzitsuak lortu zituen, boxeolari oso famatuen aurka. Haietako bat Sonny Banks izan zen, borrokaldian Clay lurrera botatzea lortu zuen gizon bakarra, nahiz eta gero Clayren muinetan erori.

Islamen Nazioa musulman beltzen erakunde erradikalaren jarraitzaile egin zenean, Cassius X izena erabiltzen hasi zen, Malcolm X bere burkidea bezala. X deitura hartzea jatorri afrikarreko esklaboei jabe zuriek emandako izenari uko egiteko modu bat zen, eta sinesmen musulmanean behar bezalako jakituria lortzen zuten fededunei, taldeko buruzagiak izen musulman bat ematen zien.[3] Munduko txapela lortu eta gero, Cassius Clay izena aldatu eta Muhammad Ali bihurtu zen.

Sonny Listoren aurka izan zuen ordurako borrokaldirik garrantzitsuena, munduko titulua jokoan zela. Irabazi egin zuen, apustu guztiak aurka eduki arren. Bere titulua defendatu zuen bigarren borrokaldian, aurkaria lehen roundean KO utzi zuen muturreko batez. Horrela segitu zuen Alik bere titulua babesten, Vietnameko Gerrara joateari uko egin zion arte.[4] Bost urteko espetxe zigorra eta 10.000 dolarreko isuna jarri zioten. Ez zuten espetxeratu, baina titulua kendu zioten eta urte luzez ringera igotzea debekatu zioten.

Bigarren txapeldun aldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haren lehen porrota munduko txapeldunaren gerrikoa berreskuratzeko egin zuen lehen saiakeran jazo zen: Joe Frazierren aurka izan zen, puntuetan galdu zuen 15 roundeko borrokaldi batean. Bigarren saiakera George Foremanen aurka izan zuen. Kinshasan. Garaipen izugarri ospetsua horren ondorioz, munduko txapeldunaren gerrikoa berreskuratu zuen. Aurrerantzean, Frazier berberaren aurka eta beste boxeolari garrantzitsu askoren aurka defendatu zuen gerrikoa baina, harrigarria iruditu arren, Leo Spinks gaztearen aurka galdu zuen titulua, hark profesional moduan zortzi borrokaldi besterik ez bazeramatzan ere.

Bere erretiroa jakinarazi zuen arren, 1980an itzuli zen Larry Holmesen, baina galdu egin zuen.

1981ean, Trevor Berbicken aurka puntuetan galdu zuen. Azken porrota horren ostean, behin betiko erretiratu zen.[5]

Boxeotik urrun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gandhi Fundazioak bakearen sarirako proposatu zuen Muhammad Ali. Hala, 65 urteko kirolari historikoa saritua izan zen, umeen aldeko lanagatik. Ali Haurren Biltzar Nagusia izeneko taldearen sortzaileetako bat izan zen: hari esker, ehunkada umek laguntza jasotzen dute New Yorken.

Sari hura eman baino aste bete lehenago, Gandhi Fundazioak eskutitza bidali zuen Nobel Fundaziora, sarirako hautagai izateko proposatzeko.

Munduko txapeldun hiru aldiz izan zenez eta bere kirolari ibilbidean 56 garaipen lortuta —eta bost porrot besterik ez—, 1999. urtean Mendeko Kirolaririk Hoberena izendatu zuen Nazioarteko Batzorde Olinpikoak.

1982. urtetik Ali, berriro Cassius Clay izena harturik, AEBetako Kentucky estatuan Parkinson gaixotasunaren aurka borrokatu zen.

2016ko ekainaren 3an hil zen, Phoenixeko hospital batean, arnas arazoen ondorioz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Muhammad Ali Aldatu lotura Wikidatan