Oiartzungo inauteriak
| Oiartzungo inauteriak | |
|---|---|
| Mota | inauteria |
| Indarraldi | 1989 - |
| Kokaleku | Oiartzun |
| Estatu burujabe | Espainia |
| Webgune | oiartzungoihotik.eus |
Oiartzungo inauteriak —tokiko euskalkian, Oiartzungo ijotiak— Euskal Herriko herri gehienetan egiten diren inauterien aurreko asteburuan egiten dira. Oiartzungo inauterietan, Aiako harriko Kataxulotik intxixuak eta basandreak jaisten diren Oiartzuna.

Oiartzunen inauteriei lotutako usadioa frankismoaren garaian galdu zen; izan ere, diktadura nazionalkatoliko horrek, ohitura paganoak deuseztatu nahian, inauteriak ere debekatu zituen espainiar estatu osoan. Urte askoan ezerezean izan ondoren, XX. mendearen hondarrean lortu zen Oiartzunen jaia berreskuratzea eta berritzea. Herriko aitona-amonekin egindako elkarrizketatik, hainbat datu bildu ziren, besteak beste: ijotiak deitzen zietela (Jon izenean bezala, euskara batuko j ahoskatuta; ez gipuzkerako j); doinu berezi bat zutela (ijote-baltsa); eta puxkak biltzen ibiltzen zirela kuestazioan, taldeka, euskal jantzi tradizional jakin batzuekin eta soinuarekin dantzan.[1] Zomorrozinko izeneko pertsonai bat ibiltzen zen ijotietan jendea izutzen. Tokiko euskaran Oiartzungo ijotiak izenez ezagutzen den jaia, elementu gehiagoz hornitu den usadio berritua dela esan genezake, tartean intxixuaren figura eta sua sartuta.[2]

Ugaldetxoko taldeak berreskuratu zuen ijotien jaia 1989. urtean;[1] eta geroztik berriz errotu da usadioa zortzi auzoetako herritarren artean. 1990. urtean, herriko gazteak izan ziren ijotiak antolatu zituztenak. Urtetik urtera osatzen eta eraldatzen joan da jaia, eta herrian ongi sustraitzera iritsi da. Azken urteetan, intxixuez gain, basandreak, sorginak eta suzko akerra ere figura ezagunak bihurtu dira.
Ijotieko pertsonaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oiartzungo inauterietako pertsonaia nagusiak hauek dira: Intxixua,[3] Basandria,[4] Sorgina,[5] Ote-gizona,[6] Zomorroa,[7] Zomorrozinko,[8] Poxpolin eta artzainak[9] eta Suzko akerra[10]

Intxixuei dagokienez, kontaeretako Intxixu misteriotsuak[11] haragizko bihurtu dira, bere itxura eta izaera propioa hartuta. Barandiaranek aipatu bezala, azal beltzaranekotzat, bizarduntzat eta gorputz iletsuko munstro handi eta indartsutzat irudikatzen dira, mozorroaren osagaitzat larrua, egur-kakoak eta otea sartuta. Gaur egun izaten diren zortzi intxixu buruak 1991n agertu ziren lehen aldiz herriko plazan, bakoitza bere auzoa ordezkatuz.[12]
Oiartzungo inauterietako pertsonaia deigarriena Intxixua da. Intxixuak garrantzi berezia du Oiartzungo mitologian. Jatorria, izaera eta itxura zein den ez dago batere argi, eta behin baino gehiagotan eztabaidatu izan den gaia da.[13] Berdin gertatu da intxixuari erantsi zaizkion pertsonaia berrien inguruan ere. Intxixua emakumea ala gizona den inork esaterik ez duen arren, emakumeak gehiago bistaratu nahian sortu ziren, 2006an sorginak eta 2013an mendiko sorginak edo basandreak, bakoitza bere zeregin espezifikoarekin.[1]


Auzo bakoitzak bere intxixua eta basandrea dauka; bere sorgina, bere zapia eta kolorea:
| Auzoa | Zapia | Intxixua | Basandrea | Sorgina |
| Gurutze | Berdea | Zirri-Mirri | Markelain | Anderregi |
| Ergoien | Lila | Zirpi-Zibi | Egieder | Aristiburu |
| Altzibar | Arrosa | Zirbi-Zarba | Altamira | Urzelai |
| Karrika | Gorria | Zirri-Beltz | Arritxuri | Arlepo |
| Iturriotz | Urdin argia | Zirri-Latz | Munandi | Anerre |
| Ugaldetxo | Morea | Zirri-Zahar | Arain | Irantzi |
| Arragoa | Horia | Kurri-Kurri | Miakatz | Goikoeskola |
| Elizalde | Zuria | Zirri-Gor | Urka | Learre |
Elementu horiekin batera, badira beste bi ere: kainabelak (auzo bakoitzeko zapiekin bandera egiteko erabiltzen dena) eta zakoak. Batetik, zapiarekin batera bi hauek direlako, herria, auzoak eta auzoko etxeak apaintzeko erabiltzen diren oinarrizko osagaiak. Eta bestetik, herritar-zomorroen arropak zakoz eginak izaten direlako.

2009. urteaz geroztik, Oiartzungo inauteriak hiru egunez ospatzen dira, beste herri gehienetako inauteriak ospatzen diren aurreko asteko asteburuan.[14] Musika eta kantu propioak baditu.[15]
Egitarau banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ostiral gauean, intxixu, sorgin eta basandreen etorrera egiten da.[16] Banderen dantza, aldarrikapen, irrintzi eta bullaren artean plazaren erdian sua piztu eta udala hartuko dute. Aurrez herriko txikiak axeri dantza eta sorgin dantza dantzatuko dute. Udaletxeko balkoian auzo bakoitza ordezkatzen duen aginte bandera zintzilikatuko dute, kainabeletan lotutako oihal bereizgarriez osatutako aginte banderak, alegia.
Larunbatean. Auzoka, Puxkak biltzen edo kuestazioan ateratzen dira auzoko etxe eta baserrietan barrena. Zahar eta gazte, poxpolin eta artzainez jantzita dantzan ibiltzen dira musikarien laguntzarekin. Bisitariek etxeko ataria erratzez garbitzen dute eta bueltan etxekoek hamaiketakoa edo beste edozer puxka eskaintzen die esker onez. Goizean bildutakoarekin-eta, bazkaria egiten dute eta ondoren talde guztiak herriko plazan elkartzen dira jaiari jarraipena emateko.
Igandean. Intxixuak, sorginak eta basandreak udaletxea utzi eta plazan egiten dute agurra Kataxulo haitzulora bueltatu aurretik. Suzko akerrarekin ematen zaio bukaera ijotien jaiari.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Intxixu sorgin eta basandreak herrira datoz
- Sorginak datoz
- Zomorroak
- Intxixuak, sorginak eta basandreak
- Basandrea
- Intxixua
- Kuestazioa.Arragoa
- Kuestazioa.Ugaldetxo
- Kuestazioa.Iturriotz
- Kuestazioa.Karrika
- Kuestazioa.Altzibar
- Kuestazioa.Ergoien
- Kuestazioa.Gurutze
- Kuestazioa.Elizalde
- Badoaz Kataxulora
- Agurra
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 «Nondik gatoz» www.oiartzungoihotik.eus (kontsulta data: 2023-03-01).
- ↑ 1993 Zer dira Intxixuak. Oiartzun. (kontsulta data: 2023-03-01).
- ↑ «Intxixua» www.oiartzungoihotik.eus (kontsulta data: 2023-03-01).
- ↑ «Basandria» www.oiartzungoihotik.eus (kontsulta data: 2023-03-01).
- ↑ «Sorgina» www.oiartzungoihotik.eus (kontsulta data: 2023-03-01).
- ↑ «Otegizona» www.oiartzungoihotik.eus (kontsulta data: 2023-03-01).
- ↑ «Zomorroa» www.oiartzungoihotik.eus (kontsulta data: 2023-03-01).
- ↑ «Zomorrozinko» www.oiartzungoihotik.eus (kontsulta data: 2023-03-01).
- ↑ «Poxpolinak eta artzainak» www.oiartzungoihotik.eus (kontsulta data: 2023-03-01).
- ↑ «Suzko akerra» www.oiartzungoihotik.eus (kontsulta data: 2023-03-01).
- ↑ «404 Page» www.oiartzungoihotik.eus (kontsulta data: 2023-03-01).
- ↑ «Nondik gatoz» www.oiartzungoihotik.eus (kontsulta data: 2023-03-01).
- ↑ «Nondik datoz Intxixuak» www.oiartzungoihotik.eus (kontsulta data: 2023-03-01).
- ↑ «Egitaraua» www.oiartzungoihotik.eus (kontsulta data: 2023-03-01).
- ↑ «Musika» www.oiartzungoihotik.eus (kontsulta data: 2023-03-01).
- ↑ Intxixu dantza intzazu (Ihotik 2019). (kontsulta data: 2023-03-01).