Joaldun


Joalduna (joareak dituena) Nafarroa Garaiko iparraldeko Ituren eta Zubieta herrietan sorturiko euskal kulturako pertsonaia tradizionala da, joareak astinduz urtarrileko azken asteburuaren ondorengo astelehen eta asteartean inauterien heldueraren berri ematen duena. Batzuetan, euskal kulturako beste pertsonaia batekin nahasita, zanpantzar esaten diote joaldunari.
Joareak, arranak edo bulunbak, baserrietako abereak hiltzen zituzten basapiztiak uxatzeko erabiltzen zituzten, baita, ustez, espiritu gaiztoak uxatzeko ere.
Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pertsonaiaren izen zabalduena joaldun izanik ere, beste zenbait izen erabiltzen dira: kaldurro, ttuntturro, txantxurro eta abar.[1] Tunturro, berez, joaldunek eta inauterietako beste pertsonaia batzuek daramaten txano konikoaren izena da.
Zanpantzar[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Azken urteotan, zanpantzar izena ere zabaldu da hedabideetan, joaldunei esateko, nahiz eta erabilera hori okerra den eta Ituren edo Zubietako inork horrela deitzen ez dien.[2] Ituren, Aurtitz eta Zubietako joaldun taldeen izenean, joaldun hitza erabiltzen dute beti; handik kanpora, ordea, hainbat taldek, izena nahasita, zanpantzar deritze beren buruari.[3][4]
Izan ere, zanpantzar (iraganean, zanpantzart, sanpantzar edota japantzar ere bai) izenaren esanahiak beste batzuk dira:[5][1]
- Lastoz edo iratzez beteriko panpinatzarra, inauterietarako egina, eta azken egunean epaitu, kondenatu eta errea. Beste urte sasoi batzuetan ere egiten da zenbait tokitan. Betiere, garbikuntza erritua dakar berekin: gaitzak erretzen dira panpinarekin batera.
- Inauteriak eta, zehatzago, inaute-asteartea edota hausterre-eguna.
Egungo ohitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gaur egun, joaldunek binakako errenkadan jarrita dantza-taldea osatzen dute, eta aldi berean eragiten diete beren joareei, soinu erritmiko eta jarraitu bat sortuz. Aurreneko ilaran doan joaldun batek adar bat jotzen du oihuez jarraituta, erritmoa ezartzen du horrek.
Uste da erritu honek gizarteak naturarekin zuen atxikimendua islatzen duela, espiritu txarrak edo izurriteak uxatzen saiatzen direla, eta Ama Lurra goraipatzen dutela.
Inauteriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ituren eta Zubietako inauterien egitarauan rol garrantzitsua jokatzen dute joaldunek. Izan ere, urtarrileko azken asteburuaren osteko astelehen eta asteartean bi herrien arteko 3 kilometroak ibiltzen dituzte, eguerdi aldera.
Astelehenetan Zubietakoen txanda izaten da, eta Aurtitz auzokoek ongi etorria egin eta elkarrekin Latsagara joaten dira Zubizburu zubia pasa eta Iturengo joaldunekin elkartu arte. Hauek elkarrekin Ituren zeharkatzen dute eta herriko plazan amaitu. Asteartean, alderantziz gertatzen da, eta Iturengo eta Aurtizko joaldunek Zubietarainoko bidea egiten dute modu bertsuan.
Beste jai batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Azken urteotan, herri aunitzetan zabaldu izan dira joaldun taldeak, eta besta zein ekitaldi askotan sartzen dira joaldunak egitarauetan. esate baterako, Errobiko joaldunak taldea. Esanahi zehatzik gabeko erakustaldiak izan ohi dira, batzuetan ekitaldi erreibindikatiboetan ere parte hartzen dute, eta errenkadan ibilbide bat egin ohi dute. Euskal Herriko talde ezberdinen arteko topaketa egun bat ospatzen da, Joaldun Eguna, urtero talde antolatzailea aldatzen delarik. [6][7]
Bestalde, Iturengo udalerrian ere urtero irailaren erdialdean Joaldunaren Eguna ospatzen da.
Jantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nahiz eta azken urteotan sortu diren joaldun taldeek beren jantziak garatu izan dituzten, Ituren eta Zubietako jantziak jotzen dira jatorrizkotzat. Bi herrietan tankerako janzkera daramate:
- Buruan tunturroa, koloredun zinta eta lumekin.
- Lepoan zapi gorrixka Ituren eta Aurtitzen, txikiagoa eta lauki urdinezkoa Zubietan.
- Soinean Iturenen ardi larruz estalitako atorra, txaleko eran, eta Zubietan ator zuria soilik.
- Bizkarraldean, gerrian, bi joare lotzen dituzte; Iturenen, gainera, beste bi joare txiki ere bai.
- Azpikogona zuri bat, galtza urdinen gainetik.
- Isipua eskuineko eskuan, zaldi buztaneko ilez egina.
Antzekotasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Joaldunak Euskal Herriko pertsonaiatzat hartzen dira baina Europa osoan aurki daitezke antzeko kasuak. Adibidez, Kantabrian eta Asturiasen Zamarraco eta Zamarro daude, Almiuretan (Guadalajara) Botarga eta Mascaritak, Bulgariako Perni herrian ere joaldun antzeko batzuk daude, Sardiniako Mamuthones... eta abar[8].
Europako inauterien artean dauden antzekotasunak jasotzeko proiektu bat abiatu dute Italian, eta sarean ere haien ikerketa lanak ikus daitezke.[9]
Irudi galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ a b Karlos IRUJO ASURMENDI, Ortzadar Folklore Taldea: «Zanpantzar», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- ↑ https://web.archive.org/web/20110904203954/http://www.ituren.es/eu/visitenos/costumbres/
- ↑ http://www.polunpak.org/
- ↑ https://web.archive.org/web/20091213143614/http://villava.es/eu/lugarygente/organizaciones/artisticoculturales/object.aspx?o=11697
- ↑ «Zanpantzar», Orotariko Euskal Hiztegia.
- ↑ «Joaldun eguna Laudion -» Aiaraldea.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-07).
- ↑ «Euskal Herriko joaldunak Mutiloan elkartuko dira larunbatean» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-08-07).
- ↑ http://www.dantzan.com/albisteak/joaldunak-eta-abar
- ↑ http://www.carnivalkingofeurope.it/
Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|