Txitxi-burruntzi eguna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Txitxi-burruntzi eguna Euskal Herriko usadio zaharra da, hainbat tokitan garizuma aurretik egiten zen ospakizuna, inauteri igandeko aurreko igandean. Tradizio hau bizirik dago Bizkaiko hainbat herritan (Txorierrin, Hego Uriben, Zeberion, Erandion, Arratian, Durangaldean...).

Egun horretan jendea mendira joaten zen, sua prestatu, txitxi-burruntzi edo zotz batean iltzaturiko haragi puskak, txorizoa, txistorra zein beste txerrikiak sutan erretzen ziren.

Gaur egun, txerri-hilketarik ez da jada ospatzen, baina tradizio hau (aipatu egunean mendira joan eta bertan prestatutako janaria dastatu) gure inguruko hainbat herritan bizirik dago, batez ere Bizkaian eta ikastegien artean nahiko zabalduta dago. Gainera, gero eta gehiago, ordezko begetalak edo barazkiak ere erabiltzen dira, arrazoi etikoengatik, osasunagatik edo ingurumenarengatik.

Txitxi-burruntzi eguna kanpoan (mendian zein toki irekian) une alaia pasatzeko aitzakia paregabea da, burruntzian prestatutako janariak dastatuz. Lagunekin zein senitartekoekin ospatzen da, eta leku batzuetan erromeriak ere antolatzen dira, ospakizunekin, jolasekin, musika eta dantzaldiekin. Esan dezakegu ere, nolabait, egun honek inauteriko ospakizunei hasiera ematen diela (toki batzuetan Txitxi-burruntzi eguna Eguen Zuri deritzon Inauteriko astean ere ospatzen da).

Izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun honek herririk herri baditu hainbat izen. Izenetako batzuek jakiak aipatzen dituzte:

  • Txitxiburduntzi Bizkaiko herri askotan eta baita Bilboko (eta inguruko) erdaldunek erabiltzen duten aldaera ezagunena.
  • Txitxi-burruntzi
  • Txitxiburruntzi
  • Sarteneko

Beste izen batzuek irteera edo txangoa adierazten dute:

  • Kanporamartxo (Kanpora martxoan?). (Arrigorriaga, Etxebarri, Orozko, Dima, Zaratamon... erabilia)[1][2]
  • Kanpomartxo (Erandio aldean erabilitako izena)[3]
  • Sasimartxo Derio, Zamudio, Txorierri aldean erabilitako hitza[4][5]
  • Sasikoipetsu (Lekeitio aldean erabiltzen den aldaera)[6]
  • Basokoipetsu (Basoan koipea) Iurreta, Berriz, Durango, Zornotza inguruan deitua[7][8][9][10]
  • Basatoste (Basoan ostera edo irteera). (Gatika aldean erabiltzen den aldaera)[11]
  • Basatostie (Bakio aldean deitua)[12][13]
  • Basaratoste "Bizkaian, batez ere, bada oraindik usadio bat Igande-inautearen aurreko igandean egiten dena. Egun honetan umeek, gazteek zein nagusiek, taldeka, ostera txiki bat egiten dute euren herriaren inguruko basoetara. Egun honek Basaratoste du izena. Toki aukerako baten abarrak eta egurra batu eta su eder bat egiten dute. Gero bakoitzak makilatxo bat hartu, beronekin burruntzia egin eta txorizoak edo urdaia erre egiten dute eta jan. Ekintza honek txitxiburruntzi izena hartzen du".[14]
  • Basaratuste

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]