Otto Jespersen

Wikipedia, Entziklopedia askea
Otto Jespersen


Kopenhageko Unibertsitateako errektore

1920 - 1921
Niels Thorkild Rovsing (en) Itzuli - Einar Biilmann (en) Itzuli
Bizitza
JaiotzaRanders1860ko uztailaren 16a
Herrialdea Danimarka
Lehen hizkuntzadaniera
HeriotzaRoskilde eta Kopenhage1943ko apirilaren 30a (82 urte)
Hobiratze lekuaHelsingør Cemetery (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaOxfordeko Unibertsitatea
Kopenhageko Unibertsitatea
Frederiksborg Gymnasium og HF (en) Itzuli 1877)
Hizkuntzakesperantoa
Novial (en) Itzuli
Idoa
ingelesa
daniera
frantsesa
alemana
Jarduerak
Jarduerakhizkuntzalaria, esperantista, autobiografialaria, pedagogoa, idazlea, unibertsitateko irakaslea, Idist (en) Itzuli, scholar of English (en) Itzuli eta filosofoa
Enplegatzailea(k)Kopenhageko Unibertsitatea
Jasotako sariak
KidetzaInternational Phonetic Association (en) Itzuli
Royal Danish Academy of Sciences and Letters (en) Itzuli
Koninklijke Academie voor Nederlandse Taal- en Letterkunde (en) Itzuli
Royal Swedish Academy of Letters, History and Antiquities (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Sozialdemokratak

Jens Otto Harry Jespersen edo Otto Jespersen (Randers, 1860ko uztailaren 16a - Kopenhage, 1943ko apirilaren 30a) Danimarkako hizkuntzalari bat izan zen eta bere obra batez ere ingelesaren gramatikaren azterketan oinarritu zuen.

Europan hizkuntzak irakasteko modua aldatzeko lehendabiziko urratsak eman zituen, fonetikan, teoria linguistikoan eta ingelesaren historian ekarpen handiak izan zituen eta novial izeneko hizkuntza internazional bat sortu zuen.

Bizitza pertsonala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jutland penintsulako Randers hirian jaio zen, baina haren aita 1870an hil ondoren, familia osoa Zeelanda Berrira joan zen bizitzera. Txiki-txikitatik Rasmus Rask filologoaren lanak miretsi izan zituen eta Rask-en gramatikei esker islandiera, italiera eta gaztelania pixka bat ikasi zuen bere kasa. 1877. urtean, 17 urte zituela, Kopenhageko unibertsitatera sartu zen Zuzenbidea ikastera, haren aitaren eta aitonaren ildoari jarraiki. Hala ere, ez zituen alde batera utzi bere hizkuntza-ikasketak. 1881. urtea erabakigarria izan zen bere bizitzan: Zuzenbide-ikasketak bertan behera uztea erabaki zuen eta hizkuntzetara dedikatu zen guztiz. Urte horretako udazkenean gerora bere mentorea izango zen Vilhelm Thompsen-en konferentzietara joaten hasi zen eta 1886. urtean bere lehendabiziko obra garrantzitsua publikatu zuen.

1887an frantsesean master bat burutu zuen, ingelesa eta latina bigarren hizkuntzatzat zituelarik. Ikasketak ordaintzeko eskola batean frantsesa eta ingelesa irakatsi zituen lanaldi erdian, eta gainerako denbora Danimarkako Parlamentuan takigrafiako kazetari gisa lan egiten eman zuen. 1877tik 1888ra Erresuma Batura, Alemaniara eta Frantziara bidaiatu zuen eta Henry Sweet eta Paul Passy hizkuntzalariak ezagutzeko aukera izan zuen, bai eta Oxfordeko unibertsitateko konferentziak entzutekoa ere. Haren mentore Vilhelm Thomsen-en aholkuari jarraiki, 1888ko abuztuan Kopenhagera itzuli zen eta ingeleseko kasu gramatikalaren sisteman lanean hasi zen, haren doktorego-tesia prestatzeko. 1891an tesia bukatu eta bete-betean defendatu zuen.

1893tik 1925ra bitartean Kopenhageko unibertsitatean ingeles hizkuntza eta literatura irakasle gisa jardun zuen. Bertan hizkuntza atzerritarrak irakasten ziren modua aldatzen saiatu zen, 1901. urtean publikatu zuen How to Teach a Foreign Language izeneko liburuaren bidez. Horrez gain, novial izeneko hizkuntza internazional bat asmatu zuen. Fonetista gisa, sintesi-obra garrantzitsuak publikatu zituen (What is the use of phonetics?, esaterako), baina haren ekarpen handiena hizkuntzalaritza teorikoaren alorrean egin zuen. Hizkuntzen garapenaren teoria bat formulatu zuen, zeinaren arabera hizkuntzen eboluzio diakronikoa funtzionalitate- eta soiltasun-printzipioetan oinarrituta dagoen. Era berean, kategoria linguistikoen analisi-eredu nozional bat sortu zuen, horietako bakoitzaren esanahia aurkitzeko eta kategoria bakoitzak errealitatearen zein interpretazio ematen zuen jakiteko balio zuena. 1925ean erretiroa hartu zuen eta 1943an hil zen.

Ibilbide profesionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jespersen-ek bere obra gehienak XX. mendean publikatu zituen arren, gerora garrantzi handia izango zuten bere lanaren bi oinarri nagusiak hasiera-hasieratik agertu ziren: zentzuaren eta soinuaren arteko harreman estua (edo ondoren adierazi izan den bezala, forma eta funtzioa), eta hizkuntzek denboraren poderioz “garatu” egiten direla “gainbeheratu” ordez, komunikazio-behar berriak asetzeko.

Hizkuntzalariak beti leialki mantendu zituen bere bi printzipio horiek: “les seules influences qu’il a vraiment subies sont celles de sa première jeunesse. Jespersen est toujours resté ce qu’il était d’abord” (Hjelmslev 1942–43/1966: 171). Era berean, haren aurkakotasuna adierazi zuen hizkuntzen “gainbehera” hasierako forma “puruetatik” aldentzea zela esaten zuten hizkuntzalari erromantikoei. Horren ordez, Jespersen-ek hizkuntzen garatu egiten dira eta argiagoak bihurtzen dira garaian garaiko hitz berriak sortzeko. Lehendabiziko ideia horiek gaztetan idatzitako artikuluetan agertzen dira, bere doktorego-tesian eta Progress in Language with Special Reference to English (1894) liburuan.

Henry Sweet-en Practical Study (1899) obrarekin batera, Jespersen-en How to Teach a Language (1901-1904) hizkuntzalaritzaren arloko ekarpenik garratzitsuenetarikoa da. Dena dela, Jespersen-ek, Sweet-ek ez bezala, haren ibilbide akademikoa hizkuntzen irakaskuntzan hasi eta irakaskuntzan jardun zuen. Hori dela eta, guztiz konprometitu zen hizkuntzak irakasten ziren modua aldatzeko, eta bere bizitza akademikoan lortutako ospe onaz baliatuz, ingeleseko irakasle askok haren irakasteko moduak imitatu zituzten.

Liburu horretan Otto Jespersen-ek Englische Studien (1887) izeneko artikuluan azaldu zuen berdina eman zuen aditzera, baina zehaztasun handiagoarekin. Hauek dira gehien azpimarratu zituen printzipioak: ahozko hizkuntzaren garrantzia, oinarritzat transkripzio fonetikoa duena, eta testuen gramatika aztertzearen beharra, testua bera aztertzearekin batera. Horrez gain, hizkuntzalariak metodo analitikoaren alde agertzen da nabarmenki, edo hark deitzen zuen bezala, “inventional grammar”. Metodo horren arabera, ikasleek beraiek testuan adibideak bilatu behar dituzte, eta aurkitu dutenaren arabera, gramatika-arau bat sortu.

Testua ariketa transformatzaileak egiteko ere erabil daiteke. Horrek esan nahi du ikasleak adibidez aditz-denbora batean dauden aditzak beste aditz-denbora batera pasatu behar dituela. Hala eta guztiz ere, Jespersen ez zen agertu gramatika ikasteko era tradizionalaren aurka, batez ere haren ibilbide akademikoaren azken urratsetan. Aurreko guztiaz gain, Jespersen-ek How to Teach a Language liburuan ere itzulpenak irakaskuntzak burutzen duen errola mugatu behar dela azpimarratzen du, bereziki hizkuntza atzerritarrera itzultzen denean. Horren ordez, hark proposatzen du sormen handiko ariketak egin beharko liratekeela. Esaterako, ikasleek euren hitzekin testu baten edukiak berriz kontatzea.

Hizkuntzaren “maila” et “lokarri”-en teoria garatu zuen batez ere obra honetan: A Modern English Grammar on Historical Principles (1921). Teoria horren arabera sintaxia hiru kategoriatan banatu zituen: lehenengo, bigarren eta hirugarren mailakoak. Esaterako “well honed phrase” esaldian, “phrase” lehenengo mailakoa izango litzateke, “honed” bigarren mailakoa, “phrase” definitzen duelako eta “well” hirugarren mailakoa aurreko biei egiten baitie erreferentzia. “Lokarri” terminoa esaldiekin erabiltzen da, bi kontzeptu unitate berdinean adierazten direnean (adb. It rained, he ran indoors). Kontuz ibili behar da “lokune”-arekin ez nahasteko, azken honek ideia bat adierazten baitu bi edo elementu gehiagoren bitartez. “Lokarri”-ak, ordea, bi ideia konbinatzen ditu.

1928. urtean Jespersen-ek herrien arteko komunikazioa errazteko hizkuntza artifizial bat sortzea erabaki zuen: novial. Novial hitza honela dago osatuta: nov- (berria) eta International Auxiliary Languageren inizialak. Novial, beraz, “nazioarteko hizkuntza laguntzaile berria” esan nahi du. Jespersen-ek aldez aurretik, esperantoaren sorkuntzan parte hartu zuen, eta noviala esperantoa ordezteko asmoz asmatu zuen. Hizkuntza erromaniko eta germanikoetan oinarritu zen orobat eta ingelesaren oso antzeko gramatika bat eskaini zion. Bi urte geroago, 1930an, hiztegi bat idatzi zuen (Novial Lexike) eta 1934an hainbat aldaketa ortografiko gehitu zizkion (ç, s eta z letrak eranstea, esaterako). Dena den, Jespersen-en ahaleginak alferrikakoak izan ziren, haren heriotzaren ondoren hizkuntza ahaztuta geratu baitzen.

Hala ere, Jespersen-en ekarpenik garrantzitsuena eta famatuena XX. mendean egin zuena da. Hiru alor hartzen ditu barne; lehenik eta behin eboluzio linguistikoa, Progress in Language with Special Reference to English (1992) maisu-lanean eta Efficiency in Linguistic Change (1941) obran garatzen dena. Ondoren, haren sintaxiari buruzko ikuspuntua bi obra hauetan adierazi zuen: The Philosophy of Grammar (1924) and Analytic Syntax (1937). Sintaxia, haren esanetan, esanahian zentratu behar da batez ere eta egitura gramatikalak nola adierazi izan diren aztertu behar du. Morfologia, ordea, formatik hasten da aztertzen. Ondorioz, kategoria gramatikalak (ezeztapena eta aditz denborak esaterako) modu berri batean aztertzen hasi ziren. Bukatzeko, Jespersen-ek bere printzipio linguistikoak praktikara eraman zituen Modern English Grammar on Historical Principles (1909–49) obran. Liburu horietan forma eta funtzioaren arteko ezberdintasunak zehazten ditu (adibidez aditz-denbora eta denbora bi kategoria desberdinetan sailkatzen ditu). Teoria hori lantzeko beste obra bat idatzi zuen: Essentials of Grammar (1993).

Hizkuntzalariak bereziki hizkuntzaren soinuaren eta zentzuaren arteko harremanean jarri zuen arreta. Hizkuntzak kanpo-forma bat du, fonetikak eta gramatikak osatzen dutena, eta barne-forma bat, esanahiari erreferentzia egiten diona. Jespersen-ek adierazi zuen soinu-aldaketa batzuk faktore semantikoak eragiten dituztela, eta aurrerantzean teoria hori frogatua izan da.

Hizkuntzalaria ohore handiko profesionala izan zen haren ibilbide osoan zehar. Hainbat sari jaso zituen atzerriko hiru unibertsitatetatik (New York-eko Columbia unibertsitatea, Eskoziako St. Andrews eta Parisko Sorbonne), zenbait akademia eta erakunde zientifiko kide izan zen, eta unibertsitateko erretorea urte batez (1920-1921), baina sekula ez zuen ahaztu eskoletan ingelesa irakasteko era modernoaren garrantzia. Jespersen-ek irakaskuntzarekiko zuen konpromisoaren adierazgarritzat har daitezke haren lankide Niels Haislund-ek 1943an idatzitako hitz hauek: 'His revolutionary work for the improvement of the teaching of modern languages has had great effects far beyond the boundary of his own country. […] In his opinion scientific work should be done for the sake of mankind, and he has tried to do his share. […]. He has always been a friend of progress and peace and advocated international collaboration. It is to be hoped that he will live to see a world at peace, a world in which collaboration between nations is again possible' (Haislund 1943/1966: 157).

1925ean erretiroa hartu ostean Jespersen aktibo mantendu zen nazioarteko hizkuntzalaritza komunitatean. Idazten jarraitzeaz gain, Genevako hitzaldi batera bertaratu zen eta Kopenhageko Hizkuntzalarien Nazioarteko Kongresuko presidentea izan zen 1936an.

Obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1889: The articulations of speech sounds represented by means of analphabetic symbols.
  • 1894: Progress in Language.
  • 1904: How to Teach a Foreign Language.
  • 1905: Growth and Structure of the English Language.
  • 19091949: A Modern English Grammar on Historical Principles. (Zazpi liburukietan idatzia).
  • 1922: Language: Its Nature, Development, and Origin.
  • 1924: The Philosophy of Grammar.
  • 1925: Mankind, nation and individual: from a linguistic point of view.
  • 1928: An International Language.
  • 1930: Novial Lexike. (Novial-etik ingelesera, frantsesera eta alemanerako hiztegia).
  • 1933: Essentials of English Grammar.
  • 1937: Analytic Syntax.
  • 1941: Efficiency in linguistic change.

Saiakerak eta artikuluak:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1910eko otsaila: What is the use of phonetics?
  • 1929: Nature and Art in Language
  • 1933: Adversative Conjunctions.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]