Fasmido
Fasmido | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Azpierreinua | Bilateria |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Insecta |
Ordena | Phasmida Jacobson & Bianchi, 1902
|
Fasmidoak intsektu neopteroen ordena bat dira (Phasmatodea bezala ezagunak), makil-intsektu eta hosto-intsektu gisa ezagutzen direnak. Hauen izena latinetik dator; “phasma”-k mamu edo agerpen esan nahi du.
3000 espezie baino gehiago ezagutzen dira, eta gaur egun ere, gehiago ari dira deskribatzen. Haien berezitasun nagusia kamuflaia da, landarediaren itxura eta kolorea izan ohi dutelako. Gainera, ingurunearen portaera ere imitatu dezakete.
Bitxikeria bezala, fasmidoen artean aurkitzen dira intsektu pisutsuenak (Heteropteryx dilatate, 30-40 g-ko pisuarekin), bai eta handienak ere (Phobeticus chani, 37,5 cm-ko luzerarekin).[1]
Sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ordena honen taxonomia oso arazotsua da. Existitzen diren sailkapenetako asko ez dira guztiz lotura filogenetikoan oinarritzen, morfologian baizik. [2] Dena dela, analisi molekularren bidez aurrerapenak egiten ari dira, eta sailkapen mota hauek ez datozela bat ikusi da. [3]
Horretaz gain, oso zaila da artropodo hauek ikertzea -harrapatzeko oso zailak izan daitezke-, eta oraindik ere espezie asko ari dira deskribatzen, bai eta ongi ikertutako tokietan -Mediterraneoan besteak beste-. Espezieen gehiengoa deskribatu gabe dagoela uste da, Hego Ameriketan eta Afrikan ikertzeko asko falta baita. [1]
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fasmidoak mundu osoko eskualde beroetan aurki daitezke; bereziki arruntak dira tropiko eta subtropikoetan. Hala ere, lurralde epeletan bizi diren espezie oso gutxi daude, hauen artean Pijnackeria barbarae, Espainian bizi dena. Beraien habitat normala zuhaitz eta sasiz osatua dago. [4]
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Intsektu hauek guztiz herbiboroak dira, eta orokorrean ez dira oso mizkinak; polifagoak direla ere esan daiteke. Fasmidoen gehiengoa eskualde tropikal eta subtropikaletan bizi denez, landare tropikalez elikatu ohi dira habitat naturalean. Dena dela, itxian hazitakoen gehiengoa masusta (Rubus) eta antzeko landareez elikatuak dira. Bestalde, iratzeez elikatzen diren espezieak ere badaude, Oreophoetes peruana besteak beste. [4]
-
Oreophoetes peruana fasmido bikotea iratze gainean.
Morfologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fasmidoen berezitasun nagusia haien itxura da. Makil intsektuek gorputz fin eta luzanga dute, zuhaitz eta sastraketako makilen itxura eta kolorea hartzen duena. Beste batzuek zuhaitzen enbor-azalaren itxura hartzen dute, eta gainetik likena edo goroldioa dutela dirudi. Hauetaz gain, hosto berde edo lehorren itxura duten fasmidoak (hosto intsektuak) ere badaude; hauek gorputz zapal eta zabala dute. [1]
Intsektu guztiek bezala, gorputza exoeskeleto gogor batez estalia dute. Eskeleto hau kitinazko plakez osatua dago, mugikortasuna ematen duten menbranez lotuak daudenak. Intsektua hazten doan heinean, exoeskeletoa ere periodikoki aldatzen dute, tamaina handiak izatea lortuz. Kanpo-eskeletoaren eta morfologiaren xehetasun asko bistaz bereizi daitezke. Fasmidoen enborra buruak, toraxak eta abdomenak osatzen dute. [4]
Kanpo-morfologia [4]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Burua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Buruan antena pare bat, begiak eta aho-aparatua aurkitzen dira. Antenak ingurunea hautemateko dituzte; bertan zelula sentsorial ugari daude. Antena bakoitza bi oinarrizko segmentutan banatzen da -eskapo eta pedizeloan-, nahiz eta ehun segmentu baino gehiagoz ere osatua egon daitekeen. Bi begi konposatu dituzte; hau da, omatidioez -begi sinpleez- osatutako begi konplexuagoak dituzte. Gertuko distantzietara dauden objektuak ezberdintzeko funtzioa dute. Bi begi konposatu hauen artean, espezie batzuek ozeloak izan ditzakete. Azken hauek argiaren intentsitatea sumatzeaz gain, hegan egiten duten bitartean horizontea antzematen dutela uste da. Noski, ozeloak hegan egin dezaketen espezietan aurkitzen dira gehienbat. Intsektu hauen aho aparatua hozkatzaile motakoa da, nahiko primitiboa dena.
Burua ez dute ortopteroek bezala behera orientatuta, aurrera baizik. Ondorioz, prognatu bezala sailkatzen da. Honek buruaren behekaldeko (zerbix-eko) zati nahiko handi bat babestu gabe gelditzea dakar. Atal hau babesteko fasmido askok beste plaka gogor bat izaten dute, “gula” deritzona.
Toraxa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Toraxa hiru atalez osatua dago (aurretik atzera): protorax, mesotorax eta metatorax deritzenak. Makil itxura duten intsektuetan azken bi hauek oso luzeak dira, eta protoraxa motza. Protoraxaren dortsaletako -alboko- plaketan guruin defentsiboak aurkitzen dira, zeinak toraxaren barnealdera luzatzen diren. Guruin hauek muskulu-ehunez inguratuak daude, ekoizten duten terpenodun substantzia jaurti ahal izateko. Nahiz eta espezie guztiak ez diren gai ageriko kantitateak ekoizteko, gehiengoak defentsa mekanismo hau du.
Toraxaren segmentu bakoitzean hanka pare bana dute, bost segmentuz osatuak (gorputzetik abiatuz): koxa, trokanterra, femurra, tibia eta tartsoa. Tartsoaren amaieran azkazal pare bat aurkitzen da. Espezie gehienetan trokanterra eta femurra elkarri soldatuak bezala daude. Bi atal hauen batura puntutik, intsektuak hanka aska dezake arrisku egoeran, kalte handirik jasan gabe. Trokanterrak hemolinfa galtzea sahiesten duen menbrana bat du. Horretaz gain, ninfak askatu edo galdutako hankak birsortzeko gai dira hurrengo mudan. Ninfa gazteek tamaina osoko gorputz-adarrak osatzeko gai dira, baina ninfa zaharragoetan besteak baino txikiagoak dira hanka birsortuak.
Intsektu hegalariek bezala, bi hego pare oso ezberdin dituzte mesotorax eta metatoraxean. Lehen parea oso txikia da, eta normalean guztiz esklerosatua -gogortua- egon ohi da. Bigarren parea abaniko moduan zabaltzen da hegaldirako, eta soilik aurrekaldean daude esklerizatuak, zona kostalean. Geldialdian lehen hego parearen azpian tolesten dira, guztiz estaliak egon gabe. Modu honetan hego pare luzearen atal esklerizatuak abdomenaren amaiera delikatua babesten du. Dena dela, espezie guztiek ez dituzte hegoak, eta are gutxiago dira hegan egiteko gai.
Abdomena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Abdomena hamaika segmentuz –“tergitoz”- osatua dago, hauetako lehenengoa metatoraxari soldatua egonik (salbuespenak salbuespen). Azkena oso txikia da eta “epiprokto” edo “plaka supraanala” deritzo, uzkiaren irekidura estaltzen duelako. Horretaz gain, zerkoak ere bertan aurkitzen dira; errunaldi eta ugalketan organo sentsorial bezala jarduten dutenak.
Abdomenaren alde bentralean, arrek bederatzi plaka -esternito- dituzte, emeek aldiz zortzi, lehena toraxari soldatua egonik. Arren bederatzigarren esternitoaren atzekaldeak oganu sexualak babesten ditu, eta “pokulo” edo “plaka azpigenital” deritzo. Espezie askotan, arrek amaierako plaka esklerosatuan atzeraka orientatutako gakoa –“bomerra”- dute, ugalketan emearen zazpigarren esternitoari heltzeko erabilia. Bomerra partzialki edo guztiz atrofiatuta duten espezieetan, zerko luze eta kurbatuak erabiltzen dira emeari heltzeko.
Emeek soilik zortzi esternito dituzte, nahiko handiak direnak. Zortzigarrenak organo genitalak estaltzen ditu, eta operkulo deritzo. Bertan organo ovipositorea kokatzen da. Beste intsektuetan ez bezala, organo hau ezin da kanpoaldetik ikusi, edo soilik zati txiki bat dago estaldi gabe. Arrautzak errutean, organo ovipositoretik erortzen utzi edo operkuluarekin jaurtitzen dira. Arrautzak lurperatzen dituzten espezieetan, operkulo luzeago bat izan ohi dute honetarako. Espeziearen ugalketa estrategiaren araberakoa da.
-
Megacrania batesii espezieko fasmidoa.
-
Leptynia hispanica espezieko intsektua, Espainiakoa.
Barne-morfologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arnas-aparatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arnas organoaren irekidurak binaka mesotorax, metatorax, eta abdomenaren lehen zortzi segmentuen lateraletan banatzen dira. Irekidura hauei estigma edo espirakulu deritze, eta gorputzaren barnean hedatzen den tutu sistema oso adarkatu batetara ematen dute. Tutu hauek, trakea deritzenak, organismoari oxigenoa ematen diotenak dira. [4]
Nerbio-sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Intsektu guztiek erakusten dituzten organu sentsorialez gain (sentsilioak, begi konposatuak, ozeloak eta Johnstonen organuluak -antenen bigarren segmentuan-), fasmidoek hiru hanka pareen tibietan, femurreko artikulaziotik gertu, organo eskopalak dituzte, zeintzuek entzumenerako balio duten. [5]
Sistema digestiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hodi digestiboak ibilbide zuzena du, eta bere lehen zatian barnealdera zuzenduta dauden arantza kutikularrak dituen faringe batez hornitua dago. Ostean, esofagoa dago, zeina ondoren urdailean zabaltzen den. Hestea bi zatitan banatua dago. Aurrekoa diametro handiagokoa da eta inguruko giharrek eragindako tolesturak ditu. Atzekoa, zeina finagoa den, zaku formako guruinak lotuak ditu digestiorako. [5]
Biziraupen mekanismoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kamuflaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fasmidoen bereiztasuna eta bizirauteko metodo nagusia haien kamuflaia da. Oso ongi egokituak daude ingurunearen itxura hartzera, bai intsektu helduak, bai ninfak eta arrautzak ere. Baina mimetismoaz gain beste moduak ere badituzte bizirauteko.
Koloreei dagokionez, berdeak, horiak, gorrixka edo marroiak izan ohi dira, epidermisean dituzten pigmentu granuluei esker. Hainbat espezie kolorez gain aldatzeko gai dira, fenomeno oso ikertua Carausius morosus espeziean. Kolore-aldaketa gradualki eman daiteke, banakoaren garapenarekin batera, edo modu bizkorrean.
Lehen kasuan, aldaketa hau pigmentudun granuluen suntsipen eta eraketarengatik ematen da, kanpoko faktore anitzen ondorioz; tenperaturak, hezetasunak, argiak edo elikadurak eragin dezakete aldaketa. Tenperatura oso altuek edo lehorteek pigmentu berdeen suntsipena eragiten dute, eta marroi eta gorrixken ekoizpena bultzatzen da. Aldiz, argi leunak kolore berdea izatea mesedetzen du. Iluntasunak ez du pigmentazioan eragiten, baina beste faktoreekiko sentsibilitatea areagotzen du.
Aldaketa kromatiko bizkorrari dagokionez, epidermiseko granulu marroien migraketa subkutikularraren ondorio da. Egonaldian, nukleoen azpian metatzen dira, zelula epidermikoen oinaldean. Pigmentu hori, berde eta gorrixkek ez dute migrazio hau jasaten. Lehen aipatu bezala, migrazio hauek kanpo-faktoreen ondorio dira. Dena dela, azpimarratzekoa da ez dutela aldaketa kromatikoa zuzenean bultzatzen, organismoaren aktibitate endokrinoaren bitartez ematen dira seinale hauek. [5]
-
Fasmido eta landarediaren arteko konparaketa.
-
Fasmidoen kamuflaiaren adibideak.
Portaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itxura fisikoaz gain, ingurunearen portaera imitatu dezakete. Horretarako metodo anitz daude, intsektuaren espeziearen eta bizi-fasearen araberakoak. Metodo hauen artean honako hauek daude: geldi geratzea, adar eta hostoen mugimendua imitatzea edo kasu batzuetan, ihes egitea. [6]
Jariakinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bestalde, fasmido batzuek terpenodun likido babesgarri bat jaurti dezakete arriskuan daudela sentitzean. Jariakin hau lakrimogenoa da, eta horretaz gain azala ere narrita dezake. Hainbat harrapakari ezberdin uxa ditzake; inurri eta bestelako intsektuak, sagu, txori, bai eta harrapakari handiagoak ere. Substantzia hau kanporatzean, harrapariaren atal sentikorretara zuzendu dezakete, hala nola begietara, eraginkorragoa izan dadin. [7]
Dimorfismo sexuala dela eta, emeek bost aldiz egin dezakete tiro, eta arrek bi. 7-15 egun ostean, glandulak guztiz beteak dituzte, eta berriro erabili ditzakete. 30-40 cm-taraino bota dezakete substantzia babesgarri hau. Espezie batzuk jaiotzetik honela babesteko gai dira. Orokorrean, arrautzak lurrean dituzten espezieetan ematen da, eta oso aproposa da inurrien aurka babesteko besteak beste. [8]
Hegoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bestalde, hego oso motzak dituzten espezieek hauek defentsarako erabili ditzakete, soinuak ekoiziz. Ezaugarri hau duten espezieak Haaniella eta Heteropteryx dira besteak beste. Hego motz eta koloretsuak izan ditzakete beste batzuek, predatzaileak uxatzeko. Bestalde, espezie batzuetan soilik arrek egin dezakete hegan, emeengana joateko. Dimorfismo sexuala dela eta, arrak txikiagoak dira. Ondorioz, errazagoa dute mugitzea. [1]
Bizi-zikloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kopulan zehar, zeinak orduak iraun ditzaken, arrak emeari esperma pakete txuri baten moduan transferitzen dio, “espermatoforo” deritzona. Modu honetan, arraren esperma lehorketaren aurrean ongi babestuta gelditzen da. Sortutako arrautz kopurua espeziearen araberakoa izango da; 100 baino gutxiago edo 1000 baino gehiago izan daitezke. [4]
-
Makil-intsektu bikotea ugaltzen.
Arrautzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrautzek itxura oso ezberdina izan dezakete, baina espezie askotan landare-hazien itxura hartzen dute. Honela, arrautzak beste animaliek jatea ekiditen dela uste da. Beste espezie batzuen arrautzak inurriek garraiatuak dira, hauek zonalde gehiagotara zabalduz. Arrautzak inguruko faktoreen arabera inaktibo egon daitezke denbora tarte luzeetan, hauek ez badira aproposak. [9]
Fasmidoek ez dituzte arrautzak zaintzen, haien zortera uzten dituzte. Espeziearen arabera, emeek arrautzak lurrera erortzen, jaurtitzen, hostoetan itsasten edo lurperatzen dituzte.[10] Garapen prozesuaren luzera inguruneko faktoreek baldintzatzen dute; tenperatura hotzek eta ingurune lehorrek luzatuz, diapausa -enbrioiaren garapena gelditzea- ere sor dezakete. Enbrioiaren garapena aste gutxi batzuk eta urtebete artean ematen da -espeziearen arabera-, eta azkenik ninfak arrautzaren operkulua bultzatuz jaiotzen dira. [4]
-
Fasmidoen arrautzak, adibidea.
Ninfak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ninfek ezberdintasun gutxi dituzte haien gurasoekiko; txikiagoak dira, eta ez dituzte organu sexualak eta hegoak garaturik. Fasmido askotan, ninfak oso bizkor mugitzen dira jan dezaketen landare batetara jaio ostean. Behin landare egokia aurkituta, bertan gelditzen dira, jateko soilik gauez mugituz. Egunez geldik edo landarearen mugimenduak imitatzen gelditzen dira, haien kamuflaiaz fidatuz.
Hazten doazen bitartean, exoeskeletoa periodikoki aldatzen dute. Exuvioaz -atzean utzitako kitinazko exoeskeletoa- desegitean, orokorrean guztiz jaten dute, mantenugai asko dituelako. Espezie eta sexuaren arabera muda kopurua ezberdina da, baina lau eta zortzi artean egon ohi da. [4]
Intsektu heldua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Intsektu helduari, guztiz garatzera eta heldutasun sexualera iritsi dena, “imago” deritzo, eta ez du gehiago exoeskeletoa aldatzen. Modu honetan hiru astetik bi urte artera bizitzera iritsi daitezke. Noski, espezie eta sexuaren araberakoa da hau. Dena dela, hiru urte baino gehiago bizi izan diren emeen kasuak ere izan dira. [4]
-
Hosto-intsektu heldua.
-
Makil-intsektu heldua.
Partenogenesia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orden honetako espezie asko modu asexualean ugaltzeko gai dira: partenogenikoak dira. Eme batetatik bere kopia den beste eme bat lortzen da. Hala ere, espezieen gehiengoa ugalketa sexualaren bidez ugaltzen da. Biak konparatuz, sexualean ondorengo gehiago lortzen dira. [4] Mugikortasun txikiagatik partenogenetikoak izatera eboluzionatu dutela uste da, arrak ez daudenean ematen baita. [1]
Ginandromorfismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sexuaren zehaztea zelula guztien araberakoa da, hau da, zelula bakoitzean independenteki gertatzen da. Ondorioz, animalia berean zona maskulino eta femeneninoak egon daitezke. Indibiduo mixto hauek ginandro bezala ezagutzen dira. Dena dela, ginandroak ez dira oso luze bizi, eta ezin dira ugaldu.
Ginandromorfismoa oso arraroa da, baina ohikoena zatiketa longitudinala ematea da. Enbrioiaren garapenaren lehen faseetan, kromosomen banaketa anomalo batengatik, intsektuaren alde bat maskulinoa eta bestea femeninoa izatea lor daiteke. Zonalde ezberdinak kolore eta tamaina ezberdinengatik bereizi daitezke. [4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e Bradler, Sven; Buckley, Thomas R.. (2018-05-23). «Biodiversity of Phasmatodea» Insect Biodiversity (John Wiley & Sons, Ltd): 281–313. ISBN 978-1-118-94558-2. (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
- ↑ (Ingelesez) Tilgner, Erich H.. (2009-01-01). Resh, Vincent H. ed. «Chapter 194 - Phasmida: Stick and Leaf Insects» Encyclopedia of Insects (Second Edition) (Academic Press): 765–766. ISBN 978-0-12-374144-8. (Noiz kontsultatua: 2023-05-07).
- ↑ (Ingelesez) Kômoto, Natuo; Yukuhiro, Kenji; Ueda, Kyoichiro; Tomita, Shuichiro. (2011-01-01). «Exploring the molecular phylogeny of phasmids with whole mitochondrial genome sequences» Molecular Phylogenetics and Evolution 58 (1): 43–52. doi: . ISSN 1055-7903. (Noiz kontsultatua: 2023-05-07).
- ↑ a b c d e f g h i j k (Gaztelaniaz) Seiler, Christoph. (2006). Fásmidos. Insectos palo e insectos hoja. Editorial HISPANO EUROPEA ISBN 978-84-255-1639-9. (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
- ↑ a b c Ciencias de la naturaleza. (1. ed. argitaraldia) Planeta 1997 ISBN 84-08-46167-2. PMC 39634734. (Noiz kontsultatua: 2023-05-07).
- ↑ Pohl, Sebastian; Bungum, Haaken Z.; Lee, Kenneth E. M.; Sani, Mohamad Azlin Bin; Poh, Yan H.; Wahab, Rodzay bin Hj Abd; Norma-Rashid, Y.; Tan, Eunice J.. (2022). «Age and Appearance Shape Behavioral Responses of Phasmids in a Dynamic Environment» Frontiers in Ecology and Evolution 9 doi: . ISSN 2296-701X. (Noiz kontsultatua: 2023-05-07).
- ↑ Meinwald, J.; Chadha, M.S.; Hurst, J.J.; Eisner, I.. (1962-01). «Defense mechanisms of arthropods - IX anisomorphal, the secretion of a phasmid insect» Tetrahedron Letters 3 (1): 29–33. doi: . ISSN 0040-4039. (Noiz kontsultatua: 2023-05-07).
- ↑ Eisner, Thomas. (1965-05-14). «Defensive Spray of a Phasmid Insect» Science 148 (3672): 966–968. doi: . ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2023-05-07).
- ↑ O’Hanlon, James C.; Jones, Braxton R.; Bulbert, Matthew W.. (2020-07-31). «The dynamic eggs of the Phasmatodea and their apparent convergence with plants» The Science of Nature 107 (4) doi: . ISSN 0028-1042. (Noiz kontsultatua: 2023-05-07).
- ↑ Robertson, James A.; Bradler, Sven; Whiting, Michael F.. (2018-12-19). «Evolution of Oviposition Techniques in Stick and Leaf Insects (Phasmatodea)» Frontiers in Ecology and Evolution 6 doi: . ISSN 2296-701X. (Noiz kontsultatua: 2023-05-07).