Rikardo Arregi Aranburu
- Artikulu hau Gipuzkoako kazetariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Rikardo Arregi».
| Rikardo Arregi Aranburu | |
|---|---|
![]() | |
| Bizitza | |
| Jaiotza | Andoain, 1942ko irailaren 22a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Eibar eta Mendaro, 1969ko uztailaren 10a (26 urte) |
| Familia | |
| Haurrideak | |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | euskara gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | idazlea eta kazetaria |
Rikardo Arregi Aranburu (Andoain, Gipuzkoa, 1942ko irailaren 22a - Eibar, Gipuzkoa, 1969ko uztailaren 10a) euskal kazetaria, saiakeragilea eta euskaltzalea izan zen. Filosofia ikasketak bukatu ondoren Zeruko Argia eta Jakin aldizkarietan lagundu zuen. Euskaltzaindiari euskaldunen alfabetatzea proposatu zion. 1969an, Euskaltzaindiaren bilera batera zihoala Sasiolan auto istripu batean hil zen, Mendaro eta Mutriku artean; Ramon Saizarbitoria harekin zegoen momentu hartan.[1] Anai-arrebak zituen Begoña Arregi irakasle eta idazlea eta Joseba Arregi politikaria.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andoaingo Zabala-enea etxean jaio zen. Manuel Pedro Arregi eta Benita Aranburu zituen gurasoak. Umetako eskolak Sasierrota eskolan eta La Salle ikastetxean egin zituen, eta azken tarte horretan familia Bazkardo auzoko Eguzki-alde etxera aldatu zen. Hamaika urterekin apaiztegira zuzendu zen ikasketekin segitzeko, eta Saturrarango eta Donostiako seminarioetan ibili zen. Artean apaiztegian zela publikatu zuen, 1961ean, lehen lanetako bat Jakin aldizkarian: Balmes eta Kant, jakinduriaren hasieran.[2][3]
Apaiztegiak 1962an utzi, eta unibertsitate ikasketetara jo zuen Bilbora, Ekonomia Zientziak ikasi zuen Sarrikon (Bilboko Unibertsitate Autonomoko fakultatea zen garai hartan, gero UPV-EHUren parte bilakatu zen)[4][5].
AEKren sorreraren aurrekariak sustatzen ere ibili zen 1965 inguruan. Besteak beste, Joan Mari Torrealdai gaztearekin herriz herri alfabetatze hitzaldiak eta ikastaroak eman zituen, gero AEK izango zenaren ernamuina.[6]
Bere garaiko Europako mugimendu politiko eta filosofiko nagusiak sakon ezagutzen zituen. Zeruko Argiaren berpiztearen muinean jardun zen, eta hori adinez eta pentsamoldez osorik ados ez zetozen beste batzuekin; Martin Ugaldek berak Caracasen irakurtzen zizkion Nazio arteko unea sailean idazten zituen lan borrokalariak. 1965an Europa izeneko antologia batean azaldu zen Arregiren Politika estrukturak europar alkartasunean, eta urte horretan bertan irabazi zuen lehenengo aldiz eman zen Lauaxeta saria. Martin Ugalderentzat gogoangarria izan zen Zeruko Argian, hil zen urte hartan bertan, Arregik plazaratu zuen Borrokalari ahaztuak artikulua. Hor aipatu zituen hil izan ziren bi gizon: Martin Luther King, iparamerikarra eta Eduardo Mondlane mozambiketarra.[7] Bi sail berri sortu zituen aldizkarian: lehen aipatu den Nazio arteko unea eta Erriak eta Gizonak. Arregi kulturaz eta politikaz ari zen beti, nazioartekoari arreta berezia emanik.[1]
Euskal errealitateari tinko eutsi zion, zentsura garai latz hartan eskain zitezkeen azterketa sozio-ideologiko argienetakoak eskainiz. 1964an euskaltzain urgazle izendatua,[5] 1966ko urtarrilean Euskaltzaindiari alfabetatze saila antola zezan proposatu zion, euskaldun helduak bere hizkuntzan ezinbesteko duen prestakuntzaz hornitzeko asmoz. Euskaltzaindiak onartu eta hauxe izan zen aurrerantzean gorpuztu zen helduen alfabetatze eta euskalduntzeko mugimenduaren hasiera. Proposatu ez ezik, zuzenean hartu zuen parte Arregik antolatze lanetan. Euskara batuaren bultzatzailea, Lur argitaletxearen sortzailea ere izan zen.
Zoritxarreko auto istripu batek eten zuen haren bizitza, 27 urteak bete aitzin, Euskaltzaindiak Bilbon egin behar zuen bilera batera zihoala, Ramon Saizarbitoriarekin. Zeramaten autoa Gabriel Arestiri emateko zen.[8]
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arregiren zenbait idazlan dira hauek:[5]
- Politikaren atarian (1969).
- Rikardo Arregi: Jakin sorta 3 [hilondoko antologia] (1971).
- Herriaren lekuko (1972).
Aitortzak eta aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1988tik: Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. Andoaingo udalak haren omenez antolatzen du 1988tik, euskarazko kazetaritza sustatu nahian.
- 1997: Rikardo Arregiren oroimenezko kultur topaketak
- 1997: M. Larramendi Kultur Bazkunarekin "Rikardo Arregi, gizona eta garaia" liburua argitaratu zuten Begoña Arregi, Joseba Arregi, Joxe Azurmendi, Paulo Iztueta, Emilio López Adan, eta Joan Mari Torrealdaik.
-
Rikardo Arregiren argazkia Andoaingo udaletxeko pleno aretoan (1997) -
"Rikardo Arregi, gizona eta garaia" liburua (1997) -
1997ko kultur topaketa -
Rikardo Arregi Saridunak (1997) -
Rikardo Arregi hemeroteka (1996)

Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Elustondo, Miel A.. (2023-11-25). «Euskararen mutil gerrilleroa» Berria (kontsulta data: 2023-11-25).
- ↑ «Rikardo Arregi - Jakin.eus» www.jakin.eus (kontsulta data: 2023-11-25).
- ↑ «Balmes eta Kant jakinduriaren hasieran - Jakin.eus» www.jakin.eus (kontsulta data: 2023-11-25).
- ↑ Baztarrika, Patxi, 1958-. (2019). Rikardo Arregi (1942-1969). Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco ISBN 978-84-457-3473-5. PMC 1161980525. (kontsulta data: 2020-12-17).
- ↑ a b c «Arregi Aranburu, Rikardo» www.euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2023-11-25).
- ↑ «Torrealdai, Joan Mari» www.euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2019-03-19).
- ↑ Ugalde, Martin. (1977-07-13). «Rikardo Arregi» Deia (Deia).
- ↑ Taldea, elkar. (2019-07-10). «50 urte Rikardo Arregi hil zela - PostData» postdata.elkar.eus (kontsulta data: 2025-12-11).
- ↑ «Rikardo Arregi sariko irabazle batzuk» query.wikidata.org (kontsulta data: 2022-12-10).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aizpuru, Alaitz (2011): Euskaltzaleen Jainkoa hil behar dugu (Rikardo Arregi) hAUSnART, 0: 108-115
- Arregi, B. et.al. 1996: Rikardo Arregi, gizona eta garaia, Andoain: M. Larramendi Kultur Bazkuna.
- Sudupe, Pako (2025): "Orixe, Gandiaga, R. Arregi eta Txillardegi" in XX. mendeko euskal pentsamendua Joxe Azurmendiren talaiatik, Leioa, EHU. ISBN 978-84-9860-927-1
