Ronda Rousey

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ronda Rousey

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakRonda Jean Rousey
JaiotzaSanta Monica1987ko otsailaren 1a (37 urte)
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaVenezia
Lehen hizkuntzaingelesa
Familia
AmaAnnMaria De Mars
Ezkontidea(k)Travis Browne (en) Itzuli  (2017 -
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaSanta Monica High School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakarte martzial mistoetako borrokalaria, judoka, borrokalari profesionala, martial artist (en) Itzuli, aktorea eta kirolaria
EntrenatzaileaGokor Chivichyan
Pisua70 kilogramo
Altuera170 zentimetro
Enplegatzailea(k)Ultimate Fighting Championship (en) Itzuli  (2011 -  2016)
WWE  (2018 -
Jasotako sariak

rondarousey.com
IMDB: nm3313925 Allocine: 649603 Rottentomatoes: celebrity/ronda_rousey Allmovie: p770041 TCM: 12862961 Metacritic: person/ronda-rousey TV.com: people/ronda-rousey
Facebook: RondaRousey Twitter: RondaRousey Instagram: rondarousey Youtube: UCKKbnaWUi04RpY1M0yBidBw Olympic.org: ronda-rousey Edit the value on Wikidata

Ronda Jean Rousey (Riverside, Ameriketako Estatu Batuak, 1987ko otsailaren 1a) borrokalari profesionala, arte martzial mistoetako borrokalari ohia, judoka ohia eta aktorea da. 2018. urtetik WWE borroka libreko enpresarentzat egiten du lan. Bere ibilbide profesionalean “Rowdy” izengoitia erabili izan du, Roddy Piper borrokalari profesionalaren omenez.

2008ko Udako Olinpiar Jokoetan Rousey judoan domina bat jasotzen zuen lehen emakumezko estatubatuarra bilakatu zen, brontzezko domina irabazita[1]. Ostean Arte Martzial Mistoetan lehiatzeari ekin zion. King of the Cage promozioan eginiko bere Arte Martzial Mistoetako debutean irabazi egin zuen eta ostean Strikeforce promoziora pasa zen. Bertan Strikeforceko emakumezkoen oilar pisuko azken txapelduna bilakatu zen, 2011n Ultimate Fighting Championship (UFC)-ek Strikeforce erosi aurretik. UFCko lehen emakumezko txapelduna izan zen, UFCko emakumezkoen oilar pisuko txapeldun izendatu zutenean. UFCko lehenengo emakumezkoen borrokan parte hartu zuen UFC 157an bere txapeldun gerrikoa  Liz Carmocheren aurka defendatu zuenean. Borroka ugari bere aurkariarengan armbar izeneko teknika bat aplikatu eta errendituaraziz irabazi zituen. Emakumezko batek gauzaturiko titulu defentsa kantitate handienaren (6) errekorra ezarri ostean Rouseyk Arte Martzial Mistoetako bere lehen porrota jasan zuen Holly Holmen aurka bere txapeldun gerrikoa galdu ostean. 2018an UFCren ospearen aretoan sartzen zen lehen emakumezkoa bilakatu zen.[2]

2018an borroka librean lehiatzen hasi zen WWE enpresarekin kontratu bat sinatuz.[3] Wrestlemania 34ean egin zuen bere debuta Kurt Angle borrokalariarekin batera binakako borroka misto batean Triple H eta Stephanie McMahon bikotea garaituz. Beranduago, SummerSlamen, WWEko bere lehen txapeldun gerrikoa irabazi zuen RAWko emakumezkoen txapelduna bilakatuz. WWEn jasan zuen lehen porrota Wrestlemania 35en jaso zuen Becky Lynch eta Charlott Flairren aurkako hiru pertsonako borroka batean bere txapeldun gerrikoa Becky Lynchen aurka galdu zuenean.

Aktore lanetan ere ibili izan da Rousey, besteak beste The Exambles 3[4] (2014), Furious 7[5] (2015) eta Mile 22 (2018)[6] filmetan agertuz. My Fight / Your Fight izeneko autobiografia plazaratu zuen 2015ean.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ronda Rousey

Ronda Jean Rousey 1987ko otsailaren 1ean jaio zen Riversiden, Kalifornian.[7] AnnMaria de Mars judokaren alaba da. Bere aitak, Ron Rouseyk[8], bere buruaz beste egin zuen 1995ean paraplegiko geratu ostean, Rondak zortzi urte zituelarik. Rouseyren familiak jatorri ingeles, poloniar, venezuelar eta trinitatearra du[9]. Bere bizitzako lehen sei urteetan ezin izan zuen esaldi ulergarri bakarra esan dispraxia izaneko sindrome baten eraginez. Hori dela eta Rouseyk hiru urte zituelarik Riversidetik Jamestown, Ipar Dakotara joan ziren bizitzera, Minoteko Unibertsitatean hizkuntza terapia jaso zezan[10].

2008ko Olinpiar Jokoen ostean begano izatera pasa zen[11], baina 2012an bere elikadura ohiturak aldatu zituela iragarri zuen, “paleozoikoko dieta eta gudariaren dietaren arteko konbinazio” baten modura deskribatuz bere dieta berria. Soilik elikagai organikoak jaten ahalegintzen da.[12]

2016ko Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetarako Bernie Sandersen kanpaina babestu zuen.[13][14] 2016ko otsailean eginiko elkarrizketa batean 2015ean Holly Holmsen aurka galdu ostean ideia suizidak izan zituela onartu zuen. 2017tik Venice, Kalifornian bizi da.

Rousey Dragoi Bola Zren eta Pokémonen zaletu amorratua da. Bere Pokémon gustukoena Mew da eta bere txikitako crush-a Vegeta[15]. Wold of Warcraft bideojokuko jokalaria ere bada.[16]

Hitzezko erasoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rondak trash talking kontzeptua sartu zuen emakumezko Arte Martzial Mistoetan. Elkarrizketa askotan hizkera zikina erabili izan du aurkarien trebetasunak kritikatzeko. Rondak ez du inoiz hau ukatu baina ez du barkamenik eskatu, berak kirola saltzeko balio duela uste bai du.[17] Michael Phelps[18] eta Kim Kardasianetaz[19] ere gaizki esaka ibili izan da.

Judoko ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rouseyk hamaika urte zituenean judo egiten hasi zen, bere amak entrenatzen zuelarik. Hamairu urte bete arte entrenatu zuen bere amarekin, nahi gabe amari eskumuturra apurtu zion arte.[20] Hamazazpi urte zituenean Rousey 2004ean Atenasen jokatu ziren Olinpiar Jokoetarako sailkatu zen. Claudia Heilen aurka galdu zuen lehen borrokan. Urte berdinean urrezko domina irabazi zuen Budapest, Hungarian jokatzen  zen munduko junior judo txapelketan. 2016an munduko junior judo txapelketan brontzezko domina irabazi zuen. Bi munduko junior txapelketetan domina bat irabazi duen lehen estatubatuarra bilakatu zen modu horretan.

2007an 70kg-koen kategorian lehiatzen hasi zen, munduko hiru onenetariko bat izatera iritsiz. Urte berean zilarrezko domina irabazi zuen Munduko Judo Txapelketan eta urrezko domina Panamerikar Jokoetan.[21]

2008an Pekin, Txinan ospatzen ziren Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen. Final laurdenetan Edith Boschen aurka galdu zuen. Hala ere brontzezko domina irabaztea lortu zuen Anett Bohem garaitzean (Judon brontzezko bi domina ematen dira pisu kategoria bakoitzeko). Modu horretan Rousey judoan domina bat irabazten zuen lehen estatubatuarra bilakatu zen.

Arte Martzial Mistoetako ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Entrenamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ronda Rousey Armenian

Olinpiar Jokoen ostean eta 21 urte zituelarik Rondak judoa utzi zuen. Garai haietan partekatutako pisu batean bizi zen eta 3 lan zituen bera eta bere txakurra mantendu ahal izateko.[20]

Rousey judo entrenatzen hasi zenean bere amak bere taldekide ohiek eramaniko judo clubetara eramaten zuen. Azkenean Gokor Chivichyan judoka armeniarrak gidaturiko Hayastan MMA Academyn eman zuen izena. Bertan etorkizunean Arte Martzial Mistoetako borrokalari izango ziren Manny Gamburyan eta Karo Parisyanekin batera entrenatu zuen. Normalean bera baino handiagoak ziren gizonezkoen aurka borrokatzea egokitzen zitzaion eta hauek lurrera ezin botatzeak frustrazio handia eragin zion, askotan negar egiterainokoa.

Judoko entrenamenduak egiten zituen arren Arte Martzial Mistoekin harreman handia izan zuen, Gamburyan eta Parisyanek Arte Martzial Mistoetara bideratu bai zuten beren ibilbidea. Hala ere Rousey etzuten prest ikusi honetarako. Behin, Manny Gamburyanek Nate Diazen aurka izaniko borroka bat ikusi zuen Rondak eta liluraturik gelditu zen kirolarekin. 2009an Arte Martzial Mistoetan entrenatzea erabaki zuen. Hortik aurrera Rondak leku zein estilo ezberdinetan entrenatu zen.

Lehen urteak (2010-2011)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010eko abuztuaren 6an Rouseyk Arte Martzial Mistoetan bere debuta egin zuen amateur gisara. Hayden Muñoz errendituarazi zuen 23 segundotan.[22] Tuff-N-Uff lehiaketako final laurdenetan sartu zen 2010eko azaroaren 12an eta Autumn Richardson beteranoa garaitu zuen  57 segundotan. 2011ko urtarrilaren 7an jokatu ziren finalerdietan Taylor Stratford garaitu zuen 24 segundotan. Honen ostean profesional izateko bere interesa adierazi zuenez lehiaketan ordeztua izan zen.

Rondak 3-0eko marka dauka Arte Martzial Mistoetako amateur kategorian eta borroka guztien iraupena batuta ez da 2 minutuetara heltzen.

2011ko martxoaren 27an profesional gisara debutatu zuen King of the Cage promozioan. Bertan Ediane Gomes garaitu zuen 25 segundotan. 2011ko ekainaren 17an Hard Knocks Fighting Championship: School of Hard Knocks 12n kickboxingeko txapeldun zen Charmaine Tweet garaitu zuen 49 segundotan.

Strikeforce (2011-2012)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rouseyk 2011ko abuztuaren 12an egin zuen bere Strikeforceko debuta, Sarah D’Alelio lehen roundean garaituz.[23] 2011ko azaroaren 18an Julia Budd garaitu zuen lehen roundean. Borroka honetan Budden ukalondoa dislokatu zuen. Borrokaren ostean pisua galtzeko asmoa zuela iragarri zuen, modu horretan Miesha Tate, Strikeforceko emakumezkoen oilar pisuko txapeldunaren aurka lehiatu ahal izateko.

Rouseyren eta Tateren arteko borroka 2012ko martxoaren 3an eman zen Columbus, Ohion. Rondak lehen roundean garaitu zuen Tate, berriro ere bere aurkariari ukalondoa dislokatuz. Modu horretan Strikeforceko emakumezkoen oilar pisuko txapelduna bilakatu zen.[24]

Rondak bere txapeldun gerrikoa Sarah Kaufmanen aurka defendatu zuen 2012ko abuztuaren 18an, Kaufman 54 segundutan garaituz. 2013an Strikeforce-ek ateak itxi zituen, bertako azken emakumezkoen oilar pisuko txapelduna Ronda Rousey izan zelarik.

Ultimate Fighting Championship (2012-2016)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rousey 2012. urtean

2012ko azaroan Rousey Ultimate Fighting Championship (UFC) enpresak kontrataturiko lehen emakumezkoa bilakatu zen.[25] Dane White, UFCko presidenteak, iragarri zuenez UFCko lehen oilar pisuko txapelduna izango zen Ronda Rousey. 2013ko otsailaren 23an bere titulu berria lehen aldiz defendatu zuen Liz Carmoucheren aurka.

2013ko abenduaren 28an Miesha Tateren aurka defendatu zuen bere txapeldun gerrikoa. Hasiera batean Cat Zingano izan behar zen Rouseyren lehiakidea, baina honek jasandako lesio baten eraginez ezin izan zen Rondaren aurka lehiatu. Rondak hirugarren roundean garaitu zuen Tate. Tate eta Rousey aurretik ere lehiatu izan ziren eta hori dela eta Tate askoz hobeto prestatu zen borrokarako, baina hala ere ezin izan zuen Rousey garaitu.

2014ko otsailaren 22an Sara McMann dominadun olinpiarra garaitu zuen lehen roundean. 2014ko uztailaren 5ean Alexis Davis garaitu zuen 16 segundotan. 2015eko otsailaren 28an Cat Zinganoren aurka defendatu zuen bere titulua, 14 segundotan bere aurkaria garaituz. UFCko borroka laburrenaren marka hautsi zuen borroka horrek.[26]

2015eko abuztuaren 1ean Rouseyk 34 segundotan garaitu zuen Bethe Correia. Garaipena WWEko borrokalari izan zen “Rowdy” Roddy Piper-i eskeini zion, borrokaren aurreko egunean hil bai zen. 2015eko azaroaren 15ean Ronda Holly Holmen aurka lehiatu zen. Rouseyk borroka galdu zuen bigarren roundean, lehen aldiz borroka bat galduz eta txapeldun gerrikoa galduz. [27]

2016ko abenduaren 30ean Rousey Amanda Nunesen aurka lehiatu zen. Rouseyk 48 segundotan galdu zuen TKOagatik. Epaileak borroka gelditu behar izan zuen bi lehiakideen arteko potentzia eta kalitate ezberdintasunagatik (Rondak 12 golpe eman zituen, horietako 7 golpe ahul soilak izan zirelarik. Nunesek berriz 43 golpe eman zituen, 27 konektatuz eta horietako 23 aurpegian zuzen eman zituelarik.)[28]

Adierazpen publikorik egin ez zuen arren Rondak bere Arte Martzial Mistoetako ibilbidea bukatutzat eman zuen.

Borroka Librea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transfondoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ronda borroka profesionalaren zale amorratua izan da beti. Bere ibilbide profesionalean erabili duen “Rowdy” izengoitia Roddy “Rowdy” Pipper borrokalariaren omenez jarri zuen. Berak, Shayna Baszler, Jessamyn Duke eta Marina Shafirek “The four horsewomen” (Lau zaldizkoak) modura izendatu zuten beren burua “The four horsemen” borroka libreko talde ohiaren omenez.

WWE[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rousey eta The Rock, Wrestemania 31n

Noizbehinkako agerraldiak (2014-2017)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ko abuztuan The Four Horsewomenak kamaran agertu ziren WWE SummerSlam ikuskizunean lehen lerroan eserita zeudelarik. Ikuskizunaren ostean eszenatokiaren atzean izan ziren, besteak beste Paul Heymanekin bilduz.[29] Gau horretan WWE.com-ek Rousey elkarrizketatu zuen eta borroka librearen mundura pasako ote zen galdetu ziotenean «Batek daki » erantzun zuen.[30]

2015eko martxoan WrestleMania 31 ikuskizunean lehen lerroan eserita izan ziren. The Rock eta The Authorithy (Stephanie McMahon eta Triple Hk osaturiko taldea) eztabaida bat izaten zebiltzala Stephaniek The Rocki zaplazteko bat eman eta bere ringa uzteko esan zion. Stephanie The Rocken kontura barrezka ibili zen honek emakumezko bat kolpatuko ez zuela esanaz. The Rock Rouseyrengana gerturatu eta ringera lagundu zuen. The Rocken partez Stephanie pozik joko zuela esan zuen honek. The Rockek Triple H erasotu zuen. Hau Rondarena gerturatu zenean ringetik kanpora bota zuen. McMahon Rouseyri zaplasteko bat jotzen ahalegindu zen, baina honek besotik heldu zuen, Rondak horrenbestetan erabilitako armbar izeneko giltza iradokiz, baina azkenean ringetik kanpora bota zuen. The Rockek eta Rouseyk ringean ospatu zuten The Authorityri eginikoa.

2017an Shayna Baszlerek bere WWEko debuta egin zuen Mae Young Classic txapelketan. Ronda eta gainontzeko Four Horsewomanak bertan izan ziren Shaynari babesa erakutsten. Shasha Bankesekin batera Four Horsewomen izenez ezagunak diren Charlotte Flair, Becky Lynch eta Bayleyri aurre egin zioten Arte Martzial Mistoetako Four Horsewomanek.[31]

RAW (2018-2019)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Royal Rumble ikuskizunean Rouseyk sorpresazko agerraldi bat egin zuen emakumezkoen Royal Rumble borrokaren ostean. Bertan Wrestlemanian egoteko bere asmoak iragarri zituen. Ondoren ESPN kateak Rouseyk WWErekin kontratua sinatu zuela adierazi zuen.[3]

Elimination Chamber ikuskizunean Kurt Angle, Triple H eta Stephanie McMahonekin batera izan zen bere kontratua sinatzen. Bertan Stephanie eta Rondak aurrez aurreko bat izan zuten eta horren ondorioz Rouseyk Triple H erasotu zuen. Horren ostean Rouseyk segmentuari amaiera eman zion kontratua sinatuz eta WWEren RAW markara pasaz.[32]

Rousey eta Angle Wrestlemania 34n

Martxoaren 5eko RAWean  agertu zen Wrestlemanian borroka bat nahi zuela esanaz eta Stephanie McMahon proposatuz aurkari gisara. Honi Kurt Anglek Triple Hri erronka luzatu ziola batu zitzaion eta Wrestlemaniarako Mixed Tag Team Match  (binakako borroka misto) bat iragarri zen, Tiple H eta Stephanie McMahon, Kurt Angle eta Ronda Rouseyren aurka. Wrestlemania 34en izaniko borroka horretan egin zuen Rouseyk bere debut ofiziala WWEko borrokalari gisara eta garaipena eskuratu zuen Angle-ekin batera.

Hurrengo asteetan istorio ezberdinak izan zituen emakumezkoen dibisioko izar ezberdinekin. Nia Jaxek erronka luzatu zion Rouseyri Money in the Bank ikuskizunerako, RAWko emakumezkoen txapeldun gerrikoa jokuan jarriz.[33] Rondak deskalifikazioagatik irabazi zuen borroka Alexa Bliss borrokalariaren parte hartzeagatik. Alexa Blissek edozein momentutan tituluagatik borroka bat izateko aukera ematen zion maletina erabili zuen, modu horretan RAWko emakumezkoen txapeldun bilakatuz. Horrek frustrazio handia eragin zion Rondary eta hurrengo gauean Kurt Angle eta Alexa Bliss erasotu zituen RAWen. Hori dela eta Angle-ek 30 eguneko eten zigorra jarri zion. Extreme Rules ikuskizunera ikusle gisan joan zen, baina Nia Jax eta Alexa Blissek  izaniko borrokan esku hartu zuen Nia Jax lagunduz.

Abuztuaren 19an SummerSlam ikuskizunean Alexa Blissen aurka lehiatu zen RAWko emakumezkoen txapeldun gerrikoagatik. Rouseyk borroka irabazi zuen RAWko emakumezkoen txapeldun bilakatuz.

Urriaren 8an RAW-n The Bella Twins taldeak Ronda erasotu zuten eta horren ostean WWE Evolution ikuskizunean Nikki Bella Rouseyren aurka lehiatuko zela iragarri zen. Rondak garaipen berri bat eskuratu zuen. Borrokaren ostean SurvivorSeries ikuskizunean Rondak Becky Lynch (SmackDown markako emakumezkoen txapelduna) aurkari modura izango zuela iragarri zen, ikuskizun horrek berarekin ekarri ohi duen marken arteko borroken barruan. Hala ere, borroka hau ez zen eman Beckyren lesio baten eraginez. Azkenean Rouseyren aurkaria Charlotte Flair izan zen. Rondak borroka deskalifikazioz irabazi zuen Charlottek kendoko makil batekin eta burdinazko aulkiekin erasotu bai zuen Ronda. Hilabete beranduago TLC: Tables, Ladders & Chairs ikuskizunean Flair eta Lynch erasotu zituen, bi hauek eskailera batetik bultzatuz. Modu horretan Asukari SmackDowneko Emakumezkoen Txapeldun izaten lagundu zion.

Bere lehen porrota 2019ko urtarrilaren 21ean jasan zuen, Sasha Banksek Rouseyren taldekide zen Natalya errendituarazi zuenean. 2019ko urtarrilaren 29an Rondak bere tituluagatik erronka irekia iragarri zuen. Bayleyk erantzun zuen erronka hau, baina Rouseyk titulua defendatzea lortu zuen. Ostean Becky Lynch (Emakumezkoen Royal Rumble borrokaren irabazlea) agertu zen Rondari Wrestlemaniarako erronka botaz.

Martxoaren 4ean Rondak heel (gaizto) papera bete zuen lehen aldiz, zaleen aurka agertuz (aurreko egunean hauek Becky Lynchen alde agertu ziren). 2019ko apirilaren 7an Lynch eta Flair-en aurkako borroka izan zuen Wrestlemania 35en Winner Takes All (Irabazleak guztia hartzen du) estiloko borroka batean, non RAWko eta SmackDowneko emakumezkoen txapeldun gerrikoa zegoen jokuan. Becky Lynchek irabazi zuen borroka. Modu horretan Rouseyk bere RAWko titulua galdu zuen.[34]

Borroka Librean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amaierako Mugimenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armbar

Piper's Pit (Samoan drop)

Mugimenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutwrench powerbomb

Judo Toss (Over the shoulder arm drag)

Jumping knee strike

Leg trap exploder suplex

Lifting side slam

Mounted punches

Rolling fireman's carry slam

Roundhouse kick

Short-arm clothesline

Shoulder block

Spinebuster

Throw

Tomoe nage

Turnbuckle thrust

Izengoitiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"The Baddest Woman on the Planet"

"Rowdy"

Sarrera kantua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Bad Reputation" (Joan Jet)

Tituluak eta sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Raw Women's Championship (Behin)

Slammy Award (Behin)

WWE Year–End Award (Behin)

Best Diss of the Year (2018)

Beste bitarteko batzuetan eginiko agerraldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ronda Rousey Cannesko Zinemaldian 2014. urtean

Rousey aktore lanetan ibili izan da. Aktore modura The Expendables 3 filmean debutatu zuen. Besteak beste Sylvester Stallone, Jason Statham, Harrison Ford, Wesley Snipes, Jet Li, Antonio Banderas, Kellan Lutz, Dolph Lundgren, Terry Crews, Randy Couture eta Victor Ortiz izan zituen aktorekide. Hortik aurrera pelikula ugaritan hartu du parte, nagusienetariko bat Furios 7 delarik.

Bideo-jokoetan ere agertu izan da, adibidez WWE2K eta EA Sport UFC bideo-joko sagetan. Mortal Combat 11 bideo-jokoan ere hartu zuen parte, Sonya Blade pertsonaiari ahotsa jarriz.

Film eta bideo-jokoetan eginiko agerraldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filmak
Urtea Izena Papera Oharrak
2014 The Expendables 3 Luna
2015 Furious 7 Kara
2015 Entourage Bere burua
2017 Blindspot Devon
2018 Mile 22 Sam Snow
Bideo-jokoak
Urtea Izena Papera Oharrak
2014 EA Sports UFC Bere burua
2016 EA Sports UFC 2 Bere burua
2018 WWE 2K19

WWE SuperCard

WWE Champions

WWE Mayhem

Bere burua WWE2K19rako aurresalmentazko DLCa izan zen.
2019 Mortal Combat Sonya Blade Ahotsa
2019 WWE 2K20 Bere burua
2020 WWE 2K Battlegrounds Bere burua

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Rousey Is 1st U.S. Woman to Earn A Medal in Judo» (ingelesez)
  2. "Ronda Rousey becomes first female inductee into UFC Hall of Fame" (Ingelesez)
  3. a b "Ronda Rousey signs with WWE to perform as full-time pro wrestler" (Ingelesez)
  4. "Ronda Rousey to Star In 'The Expendables 3" (Ingelesez)
  5. "UFC's Ronda Rousey Adds Another Blockbuster Role, Stirs Debate" (Ingelesez)
  6. "Ronda Rousey to star in Mile 22" (Ingelesez)
  7. "Rousey lifts female fighters into the spotlight" (Ingelesez)
  8. "'Rowdy' Ronda Rousey defends her title at UFC 157, first women's main event" (Ingelesez)
  9. "yes, I'm half venezuelan, a quarter English, a quarter polish, 100% American ;)" (Ingelesez)
  10. "Ronda Rousey discusses the rare disorder that made her think she was stupid as a child" (Ingelesez)
  11. "MMAPlayground Interview Series - Vol. 13 ("Rowdy" Ronda Rousey)" (Ingelesez)
  12. "The Ronda Rousey Diet" (Ingelesez)
  13. "As some conservatives cheer Ronda Rousey's antifeminism, she backs Bernie Sanders" (Ingelesez)
  14. "EXCLUSIVE: You'll Never Guess Who Ronda Rousey Is Backing for President" (Ingelesez)
  15. "Ronda Rousey Dishes On Pokémon and Dragon Ball Z Once More" (Ingelesez)
  16. "Watch Ronda Rousey Nerd Out On World Of Warcraft Ahead Of Her UFC 184 Fight" (Ingelesez)
  17. "Unapologetic Rousey hopes trashtalk can elevate Strikeforce's females" (Ingelesez)
  18. "Ronda Rousey Bashes Michael Phelps for His Diva-Like Behavior Towards U.S. Olympians: Fan's Reaction" (Ingelesez)
  19. "Ronda Rousey Wants To Beat Up 'Glorified Pornstar' Kim Kardashian" (Ingelesez)
  20. a b "Can Anyone Beat Ronda Rousey?" (Ingelesez)
  21. "Pan American Games Miami" (Ingelesez)
  22. "Weekend Recap: Ronda Rousey Wins Pro MMA Debut" (Ingelesez)
  23. "Strikeforce Adds Two More Women's Bouts To July 30 Card" (Ingelesez)
  24. "Ronda Rousey interview: Pro fight No.5 – defeated Miesha Tate via submission" (Ingelesez)
  25. "Dana White confirms Ronda Rousey has signed with UFC" (Ingelesez)
  26. "Ronda Rousey interview: pro fight 11 – defeated Cat Zingano via submission" (Ingelesez)
  27. "Holly Holm stuns Ronda Rousey with head-kick KO at UFC 193" (Ingelesez)
  28. "UFC 207: Nunes vs. Rousey" (Ingelesez)
  29. "WWE News: Ronda Rousey and the Four Horsewomen backstage at SummerSlam" (Ingelesez)
  30. "Exclusive interview: Ronda Rousey spotted backstage at SummerSlam 2014"
  31. "WWE continues to build angle for Ronda Rousey's Four Horsewomen" (Ingelesez)
  32. «Ronda Rousey puts Triple H through a table during her official Raw Contract Signing!» (Ingelesez)
  33. "Nia Jax Challenges Ronda Rousey to a Match" (Ingelesez)
  34. «WrestleMania 35 results: Powell’s live review of Ronda Rousey vs. Becky Lynch vs. Charlotte Flair for the Raw and Smackdown Women’s Titles, Daniel Bryan vs. Kofi Kingston for the WWE Championship, Brock Lesnar vs. Seth Rollins for the WWE Universal Championship, Batista vs. Triple H, AJ Styles vs. Randy Orton». (Ingelesez)