Edukira joan

Saharako labar artea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tassili n'Ajjereko labar artearen ereduak.
Saharako labar artearen inguru garrantzitsuenak.

Saharako labar artea Afrikako iparraldean aurkitu diren margoak dira. Oso inguru zailetan aurkitzen dira eta zaharrenek hamabi mila urte inguru izan ditzakete nahiz eta honetaz eztabaida handia izan.[1] Balio handiko dokumentuak dira zeren eta horri esker Saharak bizi izandako muturreko aldaketak aztertu daitezkeen.[2]

Dirudienez, margo zaharrenak aurreko glaziazioaren ondorengoak izan daitezke. Orain 10.000 urte klima hezeago bihurtu zen eta egungo basamortuak sabanaren itxura hartu zuen; mendietan, bestetik, basoak zeuden. Basamortua bihurtzeko prozesua orain 5.000 urte hasi zen. Prozesu hori bi mila urtetan luzatu zen eta orain hiru mila urte lurraldea jendegabetua gelditu zen.

Margolanak datatzeko teoria desberdinak daude. Espezialista batzuen ustez Fezzangoak 30.000 urte izan ditzakete, adibidez. Beste aztarnategien datazioa orain 12.000 urtetan kokatu da. Egipton aurkitutakoak, bestetik, orain 7.000-6.000 urtetakoak omen dira. [3]Dena dela, badira ere hain urruti ez dihoazten ikerlariak. Gaia oraindik orain eztabaidan dago.

Jirafak Matkhendus uadian.

Saharako labar artean bost garai nagusiak ikusi izan dira:

  • Grafitien edo bufaloen garaia: K. a. 10.000 eta 9000 urte artean, hau da, orain 12.000 urte. Irudietan behien familiako Pelorovisa (Bubalus antiquus), magia-eszenak, maskarak dituzten buru biribileko izaki harrigarriak, irudi estilizatuak... Mesak Settafeteko likaon-gizona garai honen adibide ezaguna da. Garai hau ere agertzen diren basa animalien marrazkiak direla eta, Piztien garaia bezala ezagutzen da.
  • Buru biribilen garaia, 9.000 urtetik 6.000 urtetara. Misteriotsuena da. Margoek kalitate handikoak dira. Agertzen diren pertsonek buruan kasko arraroak diruditen zerbait eramaten dituzte; hori dela eta interpretazio esoterikoak eman zaizkie.
  • Ehiztarien eta artzainen garaia, 7.000 urtetik 2.500 urtera. Garai horren hasieran euri handiak eman ziren eta haranak basoz bete ziren. Egoera 5.000 urte inguruan aldatu zen: euriak gero eta eskasagoak bihurtu ziren eta larreak agertu ziren. Margoetan abereak, batez ere behiak, eta landaketaren eszenak ikusten dira. Lanak nahiko naturalistak dira.
  • Zaldien garaia edo Garamante garaia, 2.000 urtetik 1.200 urtera (orain 3.500 urte). Libia aldean zaldien eta gurdien irudiak agertzen dira. Antza Garamante herriak gurpila asmatu zuen.
  • Gameluen garaia, K.a. 100 urte ingurukoak. Irudietan gameluen agerpena basamortutze prozesua burutu dela oso garbi adierazten du. Populazioak, neurri handi batean, inguru hauetatik alde egin zuen.

Margoen irudiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saharako labar horietan aurkitutako irudiak barietate handiko dira:[2]

  • Animalia basatiak: elefanteak, jirafak, errinozeroak, bufaloak...
  • Abereak: behiak, ardiak, zaldiak, gameluak...
  • Pertsonen irudiak
  • Marrazki abstraktuak
  • Tuareg hizkuntzetan idatzitako idazkunak

Europearren aurkikuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrika iparraldeko lehenengo grabatuak 1847an Aljerian zehar bidaiatzen ari ziren frantziar ejertzitoaren ofizial batzuek aurkitu zituzten. Heinrich Barth esploratzaile alemaniarrak 1850an Tripolitik Timbuktura joan zen eta, bidean, Fezzango grabatuak ezagutu zituen. Beste aleman batek, Friedrich Gerhard Rohlfs Ipar Afrika gurutzatu zuen eta grabatuak eta margoak ikusi zituen ere bai. 1928an Conrad Kilian geologo frantziarrak jirafen margoak aurkitu zituen. Tassili n’Ajjeren margoak 1938an aurkituz ziren. 1954an Paolo Graziosik zuzendutako espedizioak margo asko aurkitu zituen. Bi urte geroago, 1956an, Henri Lhotek arte aztarna hauen katalogazioari ekin zion. Dena dela, oraindik gehiago ari dira aurkitzen. Esaterako 2010ean, Farafran, Egipton, margo gehiago aurkitu ziren.[3]

Aztarnategi garrantzitsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aztarnategiak Egiptotik Marokora aurkitu dira.

  • Tibesti, Txaden eta Libian. Jardueragabeko sumendi honetan, 3.415 metrotan 200 aztarnategi baino gehiago daude, 1.800 grabatuekin eta ehunka margo labarrak.
  • Tassili n'Ajjer, Aljerian. Goi-ordoki horretan ere 15.000 grabatu eta margo labarrak ikus daitezke, Saharako inguru aberatsenetariko bat izan daiteke.
  • Ténéréko basamortuan. Saharako inguru gogorrenetariko bat da, Niger eta Txad artean. Hala ere aztarnategi garrantzitsuak daude: Termit, Dibella, Guedeza Keita eta Do Dimmi. Dabousen jirafen marrazkiak daude.
  • Draa ibaia, Marokon. Leku garrantzitsuak daude: Foum Chenna, Aït Ouaazik, Tiouririne eta Tisguinine.
  • Aïr mendiak, Niger. Mendi hauetan 1000 urte arteko margoak daude. Horri esker basamortua nola zabaldu zen aztertu daiteke.
  • Ennedi goi-ordokia, Txad. Basamortuko azken krokodiloen babeslekua da. Leku batzuk: Niola Doa, Terkei Kassala, Mornou.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. "La antigüedad del aríe rupestre del Norte de África" . Boletín de la Academia de la Historia., Hugo Obermaier., 243-253 or..
  2. a b .
  3. a b https://redhistoria.com/descubren-arte-rupestre-en-el-este-del-sahara/

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]