Tiziano

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Tiziano
Tiziano
Tizianoren autoerretratua, 1567 aldera, Pradoko Museoa, Madril
Datu pertsonalak
Izen osoa Tiziano Vecellio
Ezizena Tiziano
Jaio 1477/1490
Pieve di Cadore (Veneziako Errepublika)
Hil 1576ko abuztuaren 27a
Venezia (Veneziako Errepublika)
Sinadura Titian, Tiziano Vecellio 1488-1576 06 Signature.jpg

Tiziano Vecellio edo Tiziano Vecelli (Pieve di Cadore, Veneziako Errepublika, gaur egun Bellunoko probintzia, Italia, 1477/1490 - Venezia, Veneziako Errepublika, 1576ko abuztuaren 27a), oro har Tiziano izenaz ezaguna, Pizkundeko italiar margolaria izan zen, veneziar eskolako maisu nagusietako bat, handiena batzuen ustez. Esate baterako, Gian Paolo Lomazzo arte-teorialariak, 1590ean, «izar arteko eguzkia» izan zela idatzi zuen[1].

Tiziano italiar margolaririk aldakorrenetakoa izan zen, erretratuak, paisaiak, mitologia eszenak edota erlijio gaiak margotzeko gaitasuna baitzuen. Berrogei urterekin hil balitz ere, bere garaian eragin handiena izan zuen artistatzat joko zen. Ibilbide luze eta zabala izan zuen, eta bere margokerak oso aldi ezberdinak izan zituen. Dena dela, hark erabili zituen kolore bizi eta argiak, pintzelkada arinak eta modulazio kromatikoaren leuntasunak ez dute aurrekaririk Mendebaldeko artearen historian.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tiziano Vecellio Pieve di Cadoren jaio zen, 1477 eta 1490 artean. Bederatzi urte zituela jarri zen Venezian bizitzen eta Gentile Belliniren lantokian ikasi zuen ondoren. Hala ere, Giovanni Bellini eta Giorgione izan zituen benetako maisuak.

Tiziano hilobia Venezian.

Hastapenetan Giorgioneren estiloa antzeratu zuen, baina maisuak baino estilo dramatikoago batez eta kolore biziagoak erabiliz, halako sentipen bereziak ernarazten dituzten paisajeak hondotzat harturik. 1510ean Giorgione hil ondoren, maisuak bukatu gabe utzitako lanak bukatzeko ardura hartu zuen, hala nola, Venus lotan eta Zelaiko kontzertua. 1510-1515 bitarteko lanek Giorgioneren formak egiteko modua, baina hobeto eginak, eta Belliniren koloreen garbitasuna eta argitasuna ageri dute. Garai horretakoak dira, adibidez, Egiptoko ihesaldia (1509 aldean Hermitage, San Petersburgo), Paduako Scuola-ko horma-pinturak (1511), Flora (1515 aldean, Uffizi Galeria, Florentzia) eta Maitasun sakratua eta Maitasun profanoa (1515-1516 aldean, Borghese Galeria, Erroma). Azken lan horretan, edertasun klasikoaren ideala oreka formal batekin eta oso kolore argiekin bateratzea lortu zuen pintoreak.

1516an Veneziako Errepublikako pintore izendatu zuten eta urte hartan bertan berealdiko arrakasta izan zuen Jasokundea (Santa Maria dei Frari basilika, Venezia) koadroaz. 1518 eta 1523 bitartean, sentsualismoz eta kolore beroez landuriko mitologia gaiak aurkeztu zituen: Baccanale degli Andrii (1518-1519, Prado, Madril), Bako eta Ariadna (1520-1523, National Gallery, Londres). Mundu zaharreko gai mitologikoak berriro lantzeko eta beste era batera interpretatzeko gaitasuna erakutsi zuen obra horietan, eta nabarmena da arte klasikoak harengan utzi zuen arrastoa. Hala ere, guztiz desberdinak dira Tizianoren Antzinateari buruzko ideia eta bere garaiko beste pintore batzuena (Rafaelena, esate baterako). Tizianoren lanetan mito klasikoen mundua askoz hurbilago dagoela ematen du, hezur-haragizko izakiez osatutako mundu natural batean. Bakanala-ren pertsonaiak ez daude erabat idealizatuak, ez dirudite Rafaelen pertsonaia mitologikoak bezain hotzak.

Mitologiako gaietako pertsonaiak gizaki ezaugarriez azaldu zituen berriro bere Urbinoko Venus (1538, Uffizi Galeria, Florentzia) ospetsu eta sentsualean. Dudarik gabe, Giorgioneren Loak hartutako Venus-a erabili zuen eredutzat, jarrera berean baitago. Baina, Giorgionerena ez bezala, Tizianoren Venus hau denborazko eta materiazko ingurune zehatz batean aurkitzen da, haren begirada sentsuala ikuslearenaren gainean pausatzen da, Giorgioneren irudiaren bakartasun mitikoa hautsiz. Erlijio gaiak ere margotu zituen, modu barnekoi delikatu batez: Andre Maria untxiarekin (1530, Louvre, Paris)[2].

Rafael hiltzean, bere garaiko erretratugile estimatuena bihurtu zen Tiziano. Lehenbiziko erretratuek, Gizona eskularruarekin izenekoak (1520-1523, Louvre), adibidez, agerian uzten dute haren gaztetako teknikaren aberastasuna, erabiltzen zituen gardentze jokoak eta pintzelkada ikusezinak.

Bigarren aldia: manierismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tizianoren pinturaren hasierako estiloa haren bilakaeraren ondorioz eta egin zizkioten aginduen ondorioz aldatu zen. Izan ere, XVI. mendearen bigarren erdian modan jarri zen manierismoa eta, hortaz, estilo horretan egindako koadroak eskatzen zizkioten. Era horretan, manierismoaren eraginez, gaztetako obren naturalismoa galdu zuen, formen mugimendu handiagoaren eta kromatismo adierazkorragoaren mesedetan.

1545 eta 1546 bitartean, Erroman egon zen. Hango giroak bultzaturik, Paulo III.a eta ilobak (1546, Museo nazionale di Capodimonte, Napoli) egin zuen, manieristen erara, non kolore iradokitzaileak erabiliz ezin hobeki adierazi zuen pertsonaien izaera kontrajarria. Zorroztasun psikologikorako gaitasun bera azaldu zuen, baita ere, Karlos Habsburgokoarentzat egin zituen erretratuetan, batez ere Prado Museoan dagoen Karlos V.a Mühlbergen olioan[3], heroi mitiko bat ematen baitu. Koadro hori pintatzeko Augsburgora joan zen, eta beste zenbait margolan egin zuen enperadorearen familiarentzat.

Azken aldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1551tik aurrera, 60 urte baino gehiago zituela, Venezian jarri zen bizitzen, Europako gorte nagusiek eskatutako lanak eginez. 1554-1562 bitartean, Filipe II.a Espainiako erregearentzat lan egin zuen: Danae urrezko euripean (1560-1565, Prado, Madril)[4], Europaren bahiketa (1559-1562, Isabella Stewart Gardner museoa, Boston)[5].

Santa Margarita, 1565 aldean, Prado, Madril.

Azken aldi honetan adierazpide berriak sortu zituen, estilo berri bat, beraz, eta azkena, kritikak gaztetan bezala lan egiteko ezintasun fisikoaren ondoriotzat hartu zuena. Estilo berri hori, baina, maisuaren heldutasun espiritualaren eta teknikoaren ondorio zen: Tiziano, Pizkundeko pinturaren aldi guztietatik igaro ondoren, pintura barrokoaren hastapenak iragartzen ari zen. Lehenengo zirriborroak zuriz eta lur kolorez egiten zituen, pintzel lodi batez, zuzenean mihisearen gainean. Gero, zati argiak margotzen zituen gorriz, beltzez edo horiz eta, diotenez, irudi perfekto bat egiteko gauza zen lau pintzel ukitu soilekin. Hori egin ondoren, hormaren kontra jartzen zuen koadroa, ez ikusteko, eta beste lan batzuk egiten hasten zen, harik eta, halako batean, bukatu gabe utzitakoa berriro hartu eta bukatzen zuen. Azken ukierak behatzekin ematen zituen.

Tizianok lausogarriak erabiltzen zituen, pintura geruza mehe-mehe eta gardenak -arropak- pintatzeko; haragirako, berriz, pintura opakoa erabiltzen zuen, lodiagoa alde argietan ilunetan baino. Irudien inguruak, ez oso lodiak lan batzuetan, hondo argiagoen bidez nabarmentzen dira. Hostaila bezalako xehetasunak, berriz, kolorezko pintzelkadez margotzen zituen, inpresionisten estiloa gogorarazten duen era batean, ez baitute forma hartzen tarte jakin batetik begiratuta eta ikuslearen erretinan ez bada. Horra aldez aurreko marrazkia eta pintura, behin betiko, berezi ziren unea. Tiziano izan zen hori lortu zuen aurrena, Barrokoko maisu handiak (Rembrandt, Velazquez) baino lehen.

Azken urteetan ilunduz joan ziren Tizianoren pinturak. Joera berri hori Santa Margarita koadroan (1565 aldean, Prado, Madril)[6] azaldu zuen lehenengo aldiz, eta joera horri eutsi zion hurrengo hamabi urteetan (1565-1576), pintzelkadak sakabanatuz eta formak lausotuz halako giro ilunbetsu batean. Garai horretakoak ditu Prado museoko Autoerretratua (1562 aldean)[7], Barrokoko obra bat jadanik, eta San Lorentzoren martirioa (1564-1567, El Escorial)[8].

Bere bizitzaren azkeneko egunak Pietá (1575-1576, Akademiaren Galeria, Venezia) margotzen eman zituen, baina koadroa bukatu gabe hil zen, eta haren ikasle Palma Gazteak amaitu zuen.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ambox notice.png Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Wethey, Harold E., Titian, Encyclopædia Britannica, Inc, global.britannica.com, http://global.britannica.com/biography/Titian. Noiz kontsultatua: 2015-10-08 .
  2.   Virgen del conejo, Madonna con Niño con Santa Catalina, artehistoria.com, http://www.artehistoria.com/v2/obras/12541.htm. Noiz kontsultatua: 2015-10-07 .
  3.   Carlos V a caballo en Mühlberg, artehistoria.com, http://www.artehistoria.com/v2/obras/18.htm. Noiz kontsultatua: 2015-10-08 .
  4.   Dánae recibiendo la lluvia de oro, Galería online, museodelprado.es, https://www.museodelprado.es/enciclopedia/enciclopedia-on-line/voz/danae-recibiendo-la-lluvia-de-oro-tiziano/. Noiz kontsultatua: 2015-10-08 .
  5.   Rapto de Europa, artehistoria.com, http://www.artehistoria.com/v2/obras/12611.htm. Noiz kontsultatua: 2015-10-08 .
  6.   Santa Margarita, Galería online, museodelprado.es, https://www.museodelprado.es/coleccion/galeria-on-line/galeria-on-line/obra/santa-margarita/. Noiz kontsultatua: 2015-10-08 .
  7.   Autoerretratua, Galería online, museodelprado.es, https://www.museodelprado.es/coleccion/galeria-on-line/galeria-on-line/obra/autorretrato-2/. Noiz kontsultatua: 2015-10-08 .
  8.   Martirio de San Lorenzo, artehistoria.com, http://www.artehistoria.com/v2/obras/13024.htm. Noiz kontsultatua: 2015-10-08 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tiziano Aldatu lotura Wikidatan