Vera Radosavljević

Wikipedia, Entziklopedia askea
Vera Radosavljević
Bizitza
JaiotzaBrusnik, Zaječar (en) Itzuli1922ko irailaren 22a
Herrialdea Jugoslaviako Erresuma
HeriotzaZaječar (en) Itzuli1943ko irailaren 8a (20 urte)
Jarduerak
Jarduerakpartisanoa
Jasotako sariak
KidetzaYoung Communist League of Yugoslavia (en) Itzuli
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakWorld War II in Yugoslavia (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Jugoslaviako Komunisten Liga

Vera Radosavljević (serbieraz zirilikoz: Вера Радосављевић) goitizenez Nada (Нада) –Brusnik, Zaječar udalerria, Jugoslaviako Erresuma (egun, Serbiako Errepublika); 1922ko irailaren 22-Zaječar, Okupaziopeko Serbia, 1943ko irailaren 8- serbiar eta jugoslaviar partisano bat izan zen, guda ostean Jugoslaviako Herriaren Heroi izendatua izan zena.

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vera Radosavljević irakasleen familia batean jaio zen Brusnik herrian. Gazte zela, Negotin hiriaren ondoko herrixketan bizi izan zen, aitak lan egiten zuenaren arabera aldatzen zen familia herriz. Bigarren Hezkuntza Skopjen ikasi zuen eta zazpigarren mailan zela ikasle mugimenduaren kide egin zen[1]. 1940an, hamazortzi urte zituela, zortizgarren mailan ari zela, Jugoslaviako Gazteria Komunistaren kide egin zen, eta burkide batzuekin batera monarkiaren kontrako eskuorri batzuk banatzearren eskolatik bota zuten. Hori zela eta Bigarren Hezkuntza Negotinen bukatu behar izan zuen, 1941 urtean[1][2][3][4].

Martxoaren 25ean Jugoslaviak Ardatzarekin bat egiteko ituna sinatu zuen; itunaren kontrako manifestazio handiak izan zirelarik. Manifestazio horiek batez ere zirkulu nazionalistek edota Eliza Ortodoxoaren ingurukoek antolatu zituzten, britainiar agenteak ere bizkor zirelarik, eta manifestarien aldeko militarrek, kolpea emanez, aliatuen aldeko Gobernu berri bat jarri zuten boterean[5][6][7][8][9][10]. Titok azkar Belgradera egin zuen manifestazioak jarraitzeko, eta “alemaniar eta italiar erasoaren aurkako herri altxamendua” proposatu zuen, “baina britainiarren inplikazioaren aurka”. Antza denez Internazional Komunistak “oraindik ez da garaia iritsi” eta “abangoardia errepresioaren aurrean agerian ez uzteko” eskatu zion Titori[11]. Hala ere, oinarriko militante komunista batzuek manifestazioetan parte hartu zuten[7][12]. Radosavljevićek Negotinen manifestazio horiek antolatzen jardun zuen[2][3][4].

Partisanoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu-kolpe aliatuzaleari erantzunez, Hitlerrek apirilaren 6an Jugoslavia inbaditu zuen. Inbasio horren kontra komunistek altxamendua prestatu zuten. Titok maiatzean eman zuen Jugoslaviako Alderdi Komunistak inbasioaren kontra egitek agindua[13], eta ekainaren 22an Alemaniak SESB inbaditu ostean matxinada egiteko premia are gehiago handitu  zen, Internazional Komunistak ere horretara bultzatu baitzuen[14]. Ekainean zehar komunistek zenbait sabotaia txiki egin zituzten trenbideen eta telefono-kableen aurka[15], eta matxinada masiboa Serbian hasteko erabakia uztailaren 4an hartu zuten[16], matxinadaren lehen ekintzatzat Bela Crkva herrian uztailaren 7an gertatu zen jendarme batzuen aurkako tiroketa izan zelarik[15]. Hurrengo aste eta hilabeteetan matxinada Serbia eta Montenegro osora zabaldu zen. Radosavljevićek, inbasioaren ostean, 1941ko apiril, maiatz eta ekainean, matxinada honen prestaketan parte hartu zuen: armak eta munizioa batzen, edo prentsa iraultzailea eta eskuorriak banatzen[17]; edo emakumeen artean propaganda egiten –lan hau 1941an hasi zuen eta bizi zen artean ez zuen utziko-[2][3][4][18]. Negotinen, 1941 urte bukaeran, Gazteria Komunistak 25 kide zituen (zuzendaritzan, Vera Radosavljevićez gain, Stojanka Radosavljević, Dragoman Radojičić-Stambolija, Bora Radosavljević, Jovan Ninić eta Dragoljub Stevanović zeuden)[19].

Hala ere, Negotin eta Serbia Ekialdea (Bulgariarekin mugan) ez zen izan matxinada horren zentrua ezta eragin-gunerik nagusiena; tartean lehen destakamendu armatuak 1941ko irailean zapalduak izan ziren eta[1]. Abuztuaren 21 eta 22 arteko gauean, partisano armatuek Rajac, Tamnič eta Brusnik herrietako tren-geltokiak eraso zituzten eta geroago Salaš herria askatu zuten. Irailaren 22an Crnajka herrian txetnik batzuei bataila bat irabazi zieten, baina irailaren 29an alemaniarrek eskualdeko batailoi partisanoa, Zaječarko Krajinako (muga-eskualdea) Destakamendu Partisanoa, suntsitu egin zuten, borrokalari denak hilez edo preso hartuz (antza denez 6 borrokalari soilik geratu ziren aske)[20]. Negotineko Alderdi Komunistak hainbat atxiloketa pairatu zituen, eta zenbait kasutan Zaječarko Alderdi Komunistarekiko komunikazioa ere eten egin zen[21]. 1941-1942 artean, Negotingo komunistak isolatuta geratu ziren.

1942ko hasieran Veraren bi urteko neba, Borivoje Radosavljević, hil egin zen. Honen ostean, familia osoa, bai Vera, zein ama Dobrila zein neba Nikola erabat engaiatu ziren borroka politikoarekin, adibidez, tokiko Alderdi Komunistaren bilerak radosavljevićtarren etxean egiten hasi ziren. 1942ko udan Zaječarko Alderdi Komunistarekin komunikazioa berriz martxan hasi zen, eta beraz Alderdiaren jarduera askoz ere efektiboagoa bihurtu zen. 1942ko irailean Vera Radosavljević Jugoslaviako Alderdi Komunistaren kide onartua izan zen, eta 1943ko apirilean Negotingo Alderdi Komunistaren Tokiko Komiteko kide aukeratu zuten[1][2][3][4].

1943ko apirilean, atxilotzeko arriskua zela eta, Alderdiak mendira bidali zituen radosavljevićtarrak, Zaječarko Krajinako Destakamendu Partisanora[2][3][4][22][23]. Destakamendu hau 1941ko abuztuaren 1ean sortu zen Zaječar udalerriko Metriš herrian, baina praktikoki irailean suntsitua izan zen. 1942ko udan, Zaječarko Alderdi Komunistaren barruti-komiteak destakamendua birsortzea erabaki zuen, 40 partisanorekin. Talde honek Bor hiriaren inguruan borrokatu zuen batez ere, txetniken kontra. 1943ko ekainean, Timok inguruko beste destakamendu batzuekin bat egin zuen indar honek[20].

Vera Radosavljevićen lana komisario politikoarena izan zen; eta herrietan Nazio Askapenarako Komiteak (partisanoen dministrazioaren oinarrizko unitatea, hau da “Udal-talde” partisanoen funtzioa zutenak herria askatzerakoan) sortzea izan zen. Honekin batera, Radosavljevićek Emakumeen Fronte Antifaxistaren komiteak ere sortu zituen[1], adibidez Trnavac herrian[24], Smedovac herrian[25], edo Negotin hirian, mendira joan beino lehen[26] –azken lan hau ez zitzaion, arrotz, emakumeen arteko propaganda 1941tik bertatik egiten baitzuen, Emakumeen Frontea sortu baino lehen-.

Atxiloketa, tortura eta hilketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1943ko ekainean, serbiar Estatu kolaborazionistaren indarrek, Serbiako Estatu-Guardiak (Srpska Državna Straža) atxilotu zuen Trnavac herrian, eta Zaječarreko Gestaporen eskuetan utzi zuen[27]. Gestaporen aldetik tortura latzak pairatu zituen Radosavljevićek, baina ez zuen izenik bota[2][3][4].

1943ko irailaren 8an, beste bederatzi burkiderekin batera (Negotingo Vladimir Ružić, Antonije Marković eta Dušan Stefanović; Trnavaceko Tihomir Gačić eta Svetislav Milić; Rgotinako Aleksandar Cvetić; Sikoleko Milorad Miloradović; Štubikeko Sofronije Pantić; eta Dobrako Aleksandar Dražić[1]) alemaniarrek Zaječarreko erdigunean exekutatu zuten, eta bere exekuzioa publiko egin. Exekutatutako guztiak mutilatuta edo oinez ibiltzeko zailtasunekin iritsi ziren plazara. Radosavljević bidean abesti partisanoak abestuz eta kideak animatuz iritsi zen[1]. Negotingo Alderdi Komunistaren Tokiko Komitearen arabera exekuzio gunean berriz torturatu eta belarriak eta sudurra moztu zioten exekutatu aurretik. Berriz uko egin zion izenik botatzeari[24].

Alderdiaren Tokiko Komiteak hau esan zuen Vera Radosavljevićen inguruan: “Nada burkidea etsaiaren aurrean heroiaren antzera portatu zen (…) Brković burkidea atxilotu zutenetik, haren jarrera eredugarria izan zen, ordutikako burkiderik onena izan zen guretzat[28] (…) Hil aurretik berriz torturatu eta mutilatu zuten, eta berriz ixilik geratu zen eta bere erantzun bakarra “hau da serbiar bat!” izan zen (…) hura hil osteko hurrengo hilabeteetan baserritarrek berari buruz hitz eta pitz egin zuten[24]”.

Oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1951ko uztailaren 5ean, Jugoslaviako Herri-Errepublika Federalaren parlamentuak onartutako dekretu baten eraginez, Radosavljević Jugoslaviako Herriaren Heroi izendatua izan zen.

Vera Radosavljevićen oroimenari gorazarre egiten dioten bi monumentu daude Negotinen. Bata, hiriko parke nagusian, bere busto bat da (beste hiru partisanoren, Branko Perić, Ljubo Nešić eta Stanko Paunovićen bustoak ere badaude), Radosavljevićen bustoa Milovan Krstić eskultora famatuaren lana da[29]. Bigarrena, Negotingo hilerrian aurkitzen den hezur-memorial kolektibo bat da, Negotingo lehen partisanoei eskainia: 14 pertsonen izenak agertzen dira, zerrendako lehen izena Radosavljevićena da. Horrez gain, familiaren etxea zenaren horman bere ohorez plaka bat dago.

Bere izena daramatzaten kale bana dago Serbiako hainbat hiritan: adibidez, Negotinen (hain justu familiaren etxea zegoen kalea), Mokranjen edo Samarinovacen. Negotinen eskola batek bere izena ere badarama.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 595 or..
  2. a b c d e f (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1957). Zbornik narodnih heroja Jugoslavije (Jugoslaviako Herriaren Heroien bilduma). Belgrad: Omladina (Gazteria).
  3. a b c d e f (Serbokroazieraz) BIJELIĆ, Krste. (1980). Heroine Jugoslavije (Jugoslaviako Emakumezko Heroiak). Zagreb: Spektar.
  4. a b c d e f (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1982). Народни хероји Југославије (Jugoslaviako Herriaren Heroiak). 2 Belgrad: Народна књига (Herriaren Liburua).
  5. (Ingelesez) JELAVICH, Barbara. (2006 [1983]). History of the Balkans. Twentieth Century (2. lib). Cambridge (Erresuma Batua): Cambrigde University Press., 236 or..
  6. (Ingelesez) KURAPOVNA, Marcia. (2010). Shadows of the Mountain. The Allies, The Resistence and the Rivalries that Doomed WWII Yugoslavia. New Jersey: John Wiley & Sons, 82 eta 108-113 or..
  7. a b (Ingelesez) PRUSIN, Alexander. (2017). Serbia under the Swastika. A World War II Occupation. AEB: University of Illinois Press, 20 or..
  8. (Ingelesez) ĆIRKOVIĆ, Sima. (2004). The Serbs. Erresuma Batua: Blackwell Publishing House, 268-269 or..
  9. (Ingelesez) DJILAS, Aleksa. (1991). The contested country Yugoslav Unity and Communist Revolution, 1919-1953. Cambridge (Massachusets, AEB) eta Londres: Harvard University Press, 135-137 or..
  10. (Ingelesez) GLENNY, Misha. (2012). The Balkans. Nationalism, War and the Great Powers. 1804-2012. Toronto: Anansi Press, 474-476 or..
  11. (Ingelesez) PIRJEVEC, Jože. (2018 [2011]). Tito and his comrades. Wisconsin (AEB): University of Wisconsin Press, 61-62 or..
  12. (Ingelesez) DJILAS, Aleksa. (1991). The contested country. Yugoslav Unity and Communist Revolution, 1919-1953. Cambridge (Massachusets, AEB) eta Londres: Harvard University Press, 136 or..
  13. (Ingelesez) PIRJEVEC, Jože. (2018 [2011]). Tito and his comrades. Wisconsin (AEB): University of Wisconsin Press, 64-68 or..
  14. (Ingelesez) PIRJEVEC, Jože. (2018 [2011]). Tito and his comrades. Wisconsin (AEB): University of Wisconsin Press, 69-70 or..
  15. a b (Ingelesez) PRUSIN, Alexander. (2017). Serbia under the Swastika. A World War II Occupation. AEB: University of Illinois Press, 76 or..
  16. (Ingelesez) PIRJEVEC, Jože. (2018 [2011]). Tito and his comrades. Wisconsin (AEB): University of Wisconsin Press, 70 or..
  17. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1970). Међу првима (Lehenen artean). 4 Zaječar (Serbia): Тимок (Timok), 206 or..
  18. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 602 or..
  19. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 603 or..
  20. a b (Serbokroazieraz) GAŽEVIĆ, Nikola (zuz.). (1972). Војна енциклопедија (Entzikopedia Militarra). 4 Belgrad: Jugoslaviako Argitaletxe Militarra.
  21. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1970). Међу првима (Lehenen artean). 4 Zaječar (Serbia): Тимок (Timok), 208 or..
  22. (Serbokroazieraz) BLAGOJEVIĆ, Božidar. (1988). Неготин и Крајина 1941—1944 (Negotin eta Krajina, 1941-1944). Negotin (Serbia): Музеј Крајине и Историјски архив Крајине, Кључа и Пореча (Krajinako Museoa eta Krajina, Ključ eta Porečeko Artxibo Historikoa), 119 or..
  23. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN:. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 595 eta 610 or..
  24. a b c (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 596 or..
  25. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 605 or..
  26. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 606 or..
  27. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 610 or..
  28. (Serbokroazieraz) BLAGOJEVIĆ, Božidar. (1988). Неготин и Крајина 1941—1944 (Negotin eta Krajina, 1941-1944). Negotin (Serbia): Музеј Крајине и Историјски архив Крајине, Кључа и Пореча (Krajinako Museoa eta Krajina, Ključ eta Porečeko Artxibo Historikoa)., 138 or..
  29. (Serbokroazieraz) PLAVŠIĆ, Nikola. (2014). Крајинска споменица жртава у ратовима Србије 19. и 20. Века (Krajinako monumentuak Serbiako XIX eta XX mendeko biktima eta borrokalarien omenez). Negotin (Serbia): Историјски архив (Artxibo Historikoa), 304 or..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]