Ziriyak (eskuizkribua)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ziriyak
Ziriyak dul 0.jpg
Ziriyak eskuizkribuaren koadernoa.
Datuak
IdazleaBiktoriano Iraola
Argitaratze-dataca. 1914
GeneroaPoesia
Jatorrizko izenburuaZiriyak
HerrialdeaEuskal Herria
Orrialdeak136

Ziriyak izeneko eskuizkribua Biktoriano Iraola pasaitar idazleak idatzitako liburu argitaragabe bat da, ziurrenik 1914. urtearen inguruan idatzia. Eskuizkribua Donostiako Udal Liburutegian gordetzen da.

Eskuizkribuaren ezugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ziriyak eskuizkribua Biktoriano Iraolak bere eskuz idatzitako 136 orrialdetako koaderno batean jasoa dago. Koadernoaren neurriak 21 x 13 cm dira, kartoizko azal sendoak eta orriak ongi josiak dituelarik, eta paperaren nahiz idatziaren egoera oso ona da.

Idazkeraren eta orrien agerpen zaindu eta garbia ikusita, itxura guztia du aurretik pentsatu eta moldatutako lanak garbian kopiatzeko koadernoa dela, noiz edo behin kopiaketan nahasi (ahapaldiren bat edo hitzen bat ahaztuta dago batzuetan) eta gainetik era zainduan zuzendua baitago.

Koaderno berean, azken 70 orrialdeetan Choriyak izeneko eskuizkribua ere ageri da, aurreko orrialdeen itxura eta egoera berdinaz. Choriyak izeneko lan horretan, Iraolak Euskal Herriko txori ezagunenak kantatzen ditu hamarreko handitan, eta guzti-guztiak argitaratuak izan ziren Euskal-Esnalea aldizkarian 1912-1914 urteetan barrena.[1]

Eskuizkribuaren data[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ziriyak eskuizkribuaren hasiera.

Ziriyak eskuizkribuaren data zehatz-mehatz jakitea ezinezkoa bada ere, koaderno berean Choriyak izeneko sorta dagoenez, uste izatekoa da 1912-1914 bitartekoa dela.

Litekeena da urte batzuk lehenagokoa izatea, grafiaren ezaugarri batzuk kontuan hartuta. Hots batzuen grafia [/ƒ/ ahoskerarako «š» grafia (bezalaše, aušen) eta /tƒ/ ahoskerarako «ch» grafia (echekoandre, chimichez)] Biktoriano Iraolaren 1899ko beste idazlan batzuetan bezala ageri da Ziriyak eskuizkribuan.

Izenburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera, ziri bat da, lehenik, zurezko edo metalezko atal bat, puntako ertza aski zorrotza duena, pitzadurak zartarazteko, zuloak estaltzeko edo kideko gauzetarako erabiltzen dena. Irudizko adieran, esaldi mingarri bat da; horrekin loturik dago ziria sartu esamoldea; hau da, engainatu, atzipetu; adarra jo; esaldi mingarriak bota.

Irudizko adiera horri jarraiturik, hiztegiak jasotzen du, baita ere, ziri bertso forma, bertso satirikoa edo epigrama adierazteko.

Biktoriano Iraolak irudizko zentzu horretan jarri zien izenburua eskuizkribu honetako bertsoei.

Eskuizkribuaren edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neurriak eta errima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ziriyak eskuizkribua 269 bertsok osatzen dute. Koadernoak dituen 136 orrialde bakoitzean bina bertso ageri dira kopiaturik; alabaina, hiru orrialdetan bertso bakarra ageri da, kopiaketan egindako akats baten erruz.

Errima bertsolaritzaren ohiko moldeetan dago egina: lerro bikoitietan egiten da beti errima.

Choriyak atalaren hasiera orria.

Neurri handia da gehientsuenetan, 10/8 silabakoa; gutxi batzuetan erabiltzen du neurri txikia, 7/6 silabakoa alegia. Ondorengo taulan ageri dira neurri bakoitzeko bertso kopuruak:

neurria handia txikia guztira
zortzikoa 15 15
hamarrekoa 248 248
hamabikoa 4 2 6
guztira 267 2 269

Gaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertso guztiak «jostaketa» izendatu daitekeen gai orokor baten barruan sailkatu daitezke: irakurleagan irribarrea edo irria sortzeko idatzitakoak dira. Irrizaleak dira eta bizitzaren eguneroko neke-pozetatik hartutako gaiak aurkezten dituzte: dirua, amodioa, gosea eta jana, lapurretak, edertasuna, igarkizunak, eztabaidak, gau-ibilerak, erlijioa eta eliza, ezkontzak, trebeziak, zorrak, adulterioa, bozketak, beharra, lana eta alferkeria, zikintasuna, eta gisakoak.

Irrizaleak bai, baina batzuetan irri mingotsa dela ere esan daiteke, esate baterako «Nork daki!», «Dirutua eta ni», «Arboltegiyan», «Tristia» edo «O!» izeneko bertsoetan.

Gai horien artean bi berezi behar dira:

  • Bizkaiera eta bizkaitarrak: itxura denez, Iraola gipuzkoar askoren aurreiritzietan erortzen da, bizkaiera edo bizkaitarrak irri eragiletzat hartzen dituenean; gisa horretakoak dira «Gura dot», «Chochua» eta «Gura neuke» izeneko bertsoak.
  • Idazleak: idazle gisara, bere buruari barre egiten dio Iraolak zenbait bertsotan, «Arrare, arrayia», «Batzaldiyan...» eta «Entzun dezu?» izenekoetan, adibidez.

Pertsonak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatutako gaien araberakoak dira bertso hauetan aurkezten zaizkigun pertsonak ere: arrantzaleak, neska-mutil gazteak, morroiak, senar-emazteak, prostitutak, agure-atsoak, zigarrogileak, zezenketariak, baserritarrak, ama-semeak, itzainak, aita-alabak, mikeleteak, neskameak, apaizak, mozkorrak, jostunak, neskazahar edo mutilzaharrak, dendariak, alkateak, zeladoreak, bertsolariak, sendagileak, mirabe gazteak, lapurrak... Horiez gain, bertso batzuetan benetan bizi izandako pertsonak ere azaltzen dira; gutxien-gutxienez, hala identifikatzen ahal dira Anthon Iškiña, «Iritzi bat» izeneko bertsoan, eta Brokolo «10 arrua pasiak» izenekoan.[2]

Hizkera eta grafia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iraolak herri euskara erabiltzen du Ziriyak eskuizkribuan. Donostiako arrantzale, kaletar edo baserritarrek garai hartan erabil zezaketen hizkera.

Idazketaren edo grafiaren aldetik, gogoan izan behar da garai hartan oraindik ez zela idatzizko estandarrik sortu euskaraz. Iraolak, oro har, Donostiako idazleek eta aldizkariek erabiltzen zituzten formak baliatzen ditu.

Gaztelania ere agertzen da Iraolaren bertso hauetan. Hiru eratara:

  • Hitzen azalpenak: euskarazko hitzen bat irakurleari ulergaitza gertatuko ote zaion beldurrez, batzuetan orri-oinean gaztelaniazko ordaina jartzen du Iraolak: «Nork daki» bertsoan erretratua hitza fisonomía ordainaz azaltzen du; «Beroneurriya» izenburua termómetro gisa azaltzen du; «Ikusta batian», visita; alderantziz ere egiten du «Ederki da» bertsoan, propiña hitzaren azalpen, billarta jartzen baitu.
  • Gaztelaniazko hitz edo esaldiak: euskarazko hitzetan tartekatuak ageri dira; adibideak: en piñ, «Ikusten da» bertsoan; ocho cuartos, «Gobarazalia» bertsoan; como no sabes meter la pica bien meresido tienez y, «Zezen plazan» (110 or.) bertsoan; - ¡Que saladita pero sin sal! - Yo soy corneta - Eso es igual: ¡pero que abo mas ichuroso! si tiene antza de un portal - Si por la calle del cuartel pasas te toco niña La Marcha Real - ¿Tu tocar ami? ¡ja, ja, ja, ja! ni aunque seas gran general, «Kale kantoyian» izeneko bertsoan.
  • Gaztelaniazko eta euskarazko hitzen arteko antza: «Esan, esan» izeneko bertsoan laburra euskal hitzaren eta el burro gaztelaniazkoaren antzarekin hitz jokoa egiten du.

Koadernoaren egoera eta zaintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koadernoaren azal ostekoan eskuz idatzitako oharra.
Koadernoaren signaturaren xehetasuna.

Ziriyak eta Choriyak izeneko eskuizkribuak biltzen dituen koadernoa Donostiako Udal Liburutegian gordetzen da, Iraolaren familiak 1998ko urriaren 28an egindako dohaintzari esker; eskuz idatzitako ohar batean argitzen da, koadernoaren azal osteko orrian. Egoera ezin hobean kontserbaturik dago.[3]

Koadernoa ez da mailegagarria, baina liburutegian kontsultatu daiteke; II 63-2 5 signatura dauka liburutegiaren katalogoan.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Santiago Onaindia (1974) Euskal literatura, 3. liburukia. Bilbo, Etor. (ISBN 978-84-300-6047-2).
  2. Ikus Eugeinio Gabilondo (1963) A través de Iruchulo. Donostia, Jornet
  3. Kontsultatutako data: 2021eko martxoak 11.
  4. Donostiako Udal Liburutegia. Bar. kodea: 3288668; signatura: II 63-2 5.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]