Akira Toriyama

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
書.svg
Orri honetako testu zati batzuk japoniar idazkerarekin idatzita daude.
Euskarri eleaniztun egokirik gabe, galdera
ikurrak ikusiko dituzu kanji edo kana karaktereen ordez.
Akira Toriyama
Akira Toriyama
Datu pertsonalak
Jatorrizko izena 鳥山 明
Jaio 1955eko apirilaren 5a (59 urte)
Kiyosu ( Japonia)

Akira Toriyama (japonieraz 鳥山 明 edo Toriyama Akira ?, Kiyosu[1], Japonia, 1955eko apirilaren 5a) mangaka ezaguna eta bideojokoetako pertsonaia diseinatzaile japoniarra da.

Bere manga asko nahiko ezagunak egin dira: Dr. Slump, Dragon Boy, Cashman, Go! Go! Ackman, Kajika eta abar. Baina, zalantzarik gabe, bere bizitzan egin duen lanik ezagunena Dragoi Bola izan da.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akira Toriyama 1955eko apirilaren 5ean jaio zen Kiyosun, Aichiko prefekturan (Japonia). Kaeasu eta Tonbiren semea, eta Uzuraren anaia zaharra. Azken honek ere seme bat du. Yoshimi Toriyamarekin ezkonduta dago eta bi seme-alaba dituzte: Sasuke, 1987ko apirilean jaiotako mutikoa, eta alaba bat, 1990eko amaieran jaioa eta bere izenik sekula esan ez duena. Akirak “argia” esan nahi du japonieraz eta Toriyamak “txorien mendia”, hortik dator bere estudioaren izena: Bird. Bere zaletasunak familiarekin egotea, maketak muntatzea, bideo-kontsolekin jokatzea eta motorrean ibiltzea dira. Bere eraginen artean aipatzekoa da Disney-ren 101 Dalmata filma, marrazkilari izatera bultzatu zuena[2].

Umetatik erakutsi zuen bere marrazteko gaitasuna. Gurasoak ados ez egon arren, 1974an Aichiko Goi Mailako Industria Eskolan sartu zen diseinu grafikoa ikasteko. Handik urtebetera unibertsitatetik irten zen, manga marrazteko asmoz. Eskolan ikasi ondoren, diseinatzaile grafiko bihurtu zen eta publizitate agentzia batean hasi zen lanean[3].

1990eko hamarkadan izan zuen entzute ikaragarriarekin alderatuta, XXI. mendearen hasieran apur bat jaitsi da Akira Toriyamaren ospea. Beharbada, Dragoi Bolaren ondorengo bere azken lanek arrakasta txikiagoa izan dutelako. Hala ere, Japonian pertsonaia publiko izaten jarraitzen du eta oraindik Aichin bizi da. Bere ospeak zenbait arazo eragin dizkio bertan. Esate baterako, Tokion agertuko denaren zurrumurruak zabaltzen diren bakoitzean, gobernazio bulegoan kezkatu egiten dira. Izan ere, jarraitzaile multzo handiak pilatzen dira bere etxe inguruan mangaka nola irteten den ikustearren, eta askotan aireporturaino jarraitzen diote auto-ilara luzeetan. Beraz, oraindik ere oso famatua da bere herrialdean.

Baina, hain ospetsua bada ere, Toriyama gizon lotsatia da eta nahiago du landako giroa hiri handikoa baino. Ez zaio gustatzen komunikabide garrantzitsuetan agertu beharra, eta gutxitan lortu izan du kazetari batek bera elkarrizketatzea edo egunkari baterako argazki bat ateratzea.

Lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dragoi Bola baino lehen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1978ra arte ez zuen bere lehen istorioa argitaratu, Wonder Island izenekoa Shonen Jump astekarian atera zuen orduan[4]. Gauza fantastikoak (arrainek hegan egiten dute, tximinoek irristaketan, Tarzanen antzeko izakiak etab.) gertatzen diren irla bateko istorio bat narratzen du hemen. Gero, 1979an zehar, zenbait komiki motz (batzuetan atal bakarrekoak) egin zituen: bere lehen lanaren ondorengoa zena, Wonder Island 2 izenekoa; Today's Highlight Island, hemen mutiko baten istorioa kontatzen zen, jatea oso atsegin zuen baina hortzetako arazoek ez zioten uzten; eta Tomato Girl Detective, protagonista izaera erretxineko neska bat zuena.

1980an, Toriyamak bere lehen arrakasta handia hasi zuen. Hau Dr. Slump izan zen, Norimaki doktoreak nola Arale izeneko robot bat sortzen zuen kontatzen zuena. Norimaki, Arale eta Pinguin Herriko beste bizilagunen bizitzak ia Toriyamaren denbora osoa hartu zuen 1984 arte, guztira 18 liburuki argitaratuz. 28 milioi ale baino gehiago saldu zituen.

1982an, Dr. Slump shōnen edo shōjo manga onenaren Shogakukan Manga Saria irabazi zuen[5].

Gainera, Dr. Slump izan zen animera egokitu zen Toriyamaren lehenengo manga. Animera egokitzen hasi zen 5 aste eskasetan argitaratua izan zenean (aurretik inoiz gertatu ez zen zerbait), azkenean 243 atalera iritsi arte. Euskal Herrian, ETB1 kateak atal batzuk eman zituen Arale izenez.

Baina Araleren abenturak egin bitartean eta ia aldi berean, beste istorio labur batzuk ere egin zituen Toriyamak: Pola & Roid, Escape, Chobit, The Adventures of Tongpoo eta Dragon Boy 1983ko azkenean. Azken honek arte martzialak ikasi eta indartsuago bilakatzeko entrenatzen den mutiko baten istorioa kontatzen du, dudarik gabe geroago etorriko zenaren aurrerapen bat zen hau.

Dragoi Bola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Dragoi Bola» eta «Dragoi Bola Z»

Ezinezkoa da Akira Toriyama Dragoi Bola gabe edo alderantziz imajinatzea. Akira Toriyama beti izango da "Dragoi Bola egin zuena".

1984ko azaroan, Dr. Slump amaitu berria zela, bere lanik ospetsuena izango zena argitaratzen hasi zen: Dragoi Bola, berehala arrakasta handia bihurtu zena; hainbestekoa, ezen aldi batean astero Shonen aldizkariaren 5 bat milioi ale saltzen ziren Dragoi Bola zela eta[6]. Laburbilduz, Son Goku izeneko mutiko bitxi baten abenturak kontatzen zituen, Bulmarekin batera 7 dragoi bola lortzeko bidean lagunak ezagutzen zituena. Seriea asko aldatu zen 11 urte eta 42 liburukitan zehar, pertsonaiak hazi egin ziren eta azkenerako Gokuren iloba bat ere ikusi zen. Azkenean, Toriyamak 1995eko apirilean seriea bukatu zuen nekeagatik, ez baitzuen atsegin astero atal berriak egin beharra gidoiak prestatzeko denborarik gabe. Egileak berak elkarrizketaren batean aitortu duenez, azken istorioekin hasten zenean (Cell edo Boo-rekin, adibidez), ez zuen ideiarik ere izaten abentura haiek nola bukatuko ote zituenari buruz.

Dragoi Bolak izan zuen marrazki bizidunen bertsioa oraindik garrantzitsuagoa bihurtu zen. Anime hau hiru arotan zatitu zen. Lehenengoan, Dragoi Bola soilik izenekoan, Gokuren abenturak kontatzen ziren Chichirekin ezkondu zen arte. Orduan bigarren aroa hasi zen, Dragoi Bola Z alegia, ezkontzaren eta Son Gokuren anaia (Raditz) agertu bitarteko denbora profitatuz. Denbora horretan senar-emazteek seme bat izan zuten: Son Gohan. Hau oso pertsonaia garrantzitsua izan zen handik aurrera. Baina Toriyamak beti esan du ez zegoela ados seriearen izen aldaketarekin, bere ustez Gokuren abentura guztiek istorio bat osatzen zuten eta. Izan ere, mangan halaxe izan zen, hasieratik bukaerara Dragoi Bola soilik.

Dragoi Bola berezia egin zuena bere egilearen izaera izan zen hein handi batean. Akira Toriyamak, marrazteko gaitasun handia izateaz gain (pertsonaiak eta hauen mugimendua paperean irudikatzean, batez ere), istorioa jendeari gustatzeko moduan kontatzen asmatu zuen. 1995eko maiatzera arte jarraitu zuen manga. Orduan bukatzea erabaki zuen, beste proiektu batzuk burutzeko eta nekatu zelako ere bai. Animeko 519 atal, istorio paraleloak kontatzen zituzten 13 film, bi atal berezi eta OVA bat egin ziren guztira.

Sakontzeko, irakurri: «Dragoi Bola GT»

1996an, animea egiten zuen Toei Animation konpainiak istorioarekin jarraitzea erabaki zuen, baina Toriyamak uko egin zion Dragoi Bolaren mangarekin jarraitzeari. Beraz, konpainiari Dragoi Bola Z-ren jarraipen bat egiteko eskubideak saldu zizkion eta bera aholku batzuk eman eta pertsonaia batzuk diseinatzera mugatu zen[7]. Horrela hasi zen Dragoi Bola GT, audientzia onak izan arren bere aurrekoen arrakastara heldu ez zena eta 64 atal soilik iraun zuena[8].

Dragoi Bolaren ondoren eta gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dragoi Bola bukatu ondoren, ez da geldirik egon eta istorio anitz sortu ditu. Iraupen ezberdinetakoak izan dira: 100 eta 200 orrialde bitarteko istorio motzak batzuk, eta atal bakarreko komikiak beste batzuk. Halere inork ez du lortu Goku eta bere lagunek adinako arrakastarik. Hauek dira bere azken lan ezagunenak: Cowa!, gehienbat haurrei zuzendua; Tokimecha, denboran zehar bidaiatzen duen neska baten abenturak kontatzen dituena; Kajika, Sand Land, deabruaren semea agertzen den akzio eta komedia arteko nahasketa bat; Neko Majin, Dragoi Bolaren parodia moduko bat; eta bere azken lana Blue Dragonerako pertsonaiak egitea izan da.

Toriyamak duela gutxi esan duenez, oso litekeena da Blue Dragonen animean eginiko lana bere azken laguntza izatea animean[9]. Hauek dira bere hitzak:

   
Akira Toriyama
Blue Dragonen anime bat zuzentzeko aukera 2006ko otsailean iritsi zen. Pierrot estudioak egin zidan eskaintza. Banekien Sakaguchi bideojoko bat egiteko jendea biltzen aritua zela, nahiz eta momentu hartan Blue Dragon ez zen oraindik ofizialki iragarri. Materialaren arabera, Eraztunen Jaunaren antzeko fantasiazko mundu bat zen, lurralde eta istorio konplexuekin.

Hau izan daiteke nire azken animea, dagoeneko nahiko nekatua nago eta. Presio ikaragarria dago, baina aldi berean errealizazio sentimendu bat ere bai. Blue Dragon maisulana izango da, eta ez ni proiektuan gogor lan egiten ari naizelako, staff-ak gutxiago espero ez duelako baizik.

   
Akira Toriyama

Blue Dragon TV Tokyo telebista katean hasi zen ematen, 2007ko apirilaren 7 larunbatean[10]. Ipar Amerikan eta Europan urte berean emateko asmotan izan arren, ez zuten egin[11]. Azkenean 2008ko martxoaren 28an Estatu Batuetako Cartoon Network telebista katean estreinatu zuten[12].

Bideojokoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Toriyamaren arrakastak zenbait bideojokoren pertsonaiak diseinatzera ere bultzatu du. Nagusiki, Dragon Quest sagan: Enix-en (gaur egun Square-Enix) RPG (ingeleseko Role-Playing Game) jokoen saga, Japonian oso ospetsua. Toriyamak pertsonaiak diseinatu zituen. Mangara eta animera ere egokitu zen, azken hau Euskal Herrian ETB1en ikusi ahal izan zen "Fly" izenarekin. Dragon Quest Monsters azpisagarako ere egin du lan. Baita SNES sistemarako Chrono Trigger-erako ere: SquareSoft-en (gaur egun Square-Enix) RPG jokoa, Japonian oso ospetsua. Horrez gain, Tobal I eta IIrako (SquareSoft-en bi borroka-joko, bigarrena Japoniatik irten ez zena) eta Blue Dragon-erako egin ditu pertsonaiak. Azken hau Mistwalker estudioen RPG jokoa da, Hironobu Sakaguchirena (Final Fantasyren egilea). Gaur egun PCrako Dragon Ball Online jokorako pertsonaiak diseinatzen dihardu. Joko hau 2008ko amaieran merkaturatzekoa da.

"Eta honela egin nintzen manga marrazkilari"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Toriyama Akira's Manga Theater Vol.2 liburuan (1978an Weekly Shonen Jump aldizkarian Wonder Island argitaratu artekoa) elkarrizketa bat egin zioten Akira Toriyamari. Autobiografia moduko honek 6 atal ditu eta egileak berak kontatzen digu nola bihurtu zen mangaka.

  • 1. atala:
   
Akira Toriyama
Bigarren hezkuntzan hasi aurreko garaiez ari naiz. Ni oso bihurria nintzen, baina asko gustatzen zitzaidan marraztea. Beti marrazten nituen animaliak eta ibilgailuak, gehien gustatzen zitzaidana zen. Behin Walt Disneyren 101 dalmata marrazki bizidunen filma ikustera joan nintzen eta, perfekzio haren aurrean, harri eta zur geratu nintzen. "Nik ere horrela marraztu nahi nuke!", pentsatu nuen. Handik aurrera, Toriyama gaztetxoa marrazketari katigatua geratu zen.
   
Akira Toriyama
  • 2. atala:
   
Akira Toriyama
Lehen Hezkuntzan hasi zen garaian, Toriyama gaztetxoak oso bihurria izaten jarraitzen zuen. Egun osoa kanpoan ematen nuen bihurrikeriak eginez, gaua iristen zen arte. Eta gero, etxean, denbora osoa marrazten pasatzen nuen. Behin, nire laguna zen neska baten etxera joan nintzen (garai hartan dagoeneko neskekin bakarrik nintzen atsegina) eta han bere neba zaharraren manga pila bat zeuden. Aho bete hortz geratu nintzen. Sekula ez nituen hainbeste batera ikusi. Beste batean, telebista zeukan auzoko baten etxera joan nintzen eta, lehen aldiz telebista ikusi nuenean, oraindik gehiago harritu nintzen. Toriyama gazteari egunetik egunera gauza interesgarriagoak gertatzen zitzaizkion.
   
Akira Toriyama
  • 3. atala:
   
Akira Toriyama
Lehen Hezkuntzan nengoenean mangekin txoratuta ibiltzen nintzen. Baina Bigarren Hezkuntzako eskolan hasi nintzenean, ez dakit zehazki zergatik, mangak irakurtzeari utzi nion. Nik uste dut zinea eta telebista gustatzen hasi zitzaizkidalako izan zela. Hala eta guztiz ere, oraindik marraztea gustatzen zitzaidan eta nire testuliburu eta koadernoak zirriborroz beteak egoten ziren. Garai haietan neska-mutilok bizitzaz beterik geunden eta ia inor ez zen joaten errefortzu-klaseetara eskolaren ondoren. Denok sutsuki jolasean ibiltzen ginen kalean iluntzera arte. Eta, hala ere, orain helduak garenean denok oso pertsona jatorrak gara.
   
Akira Toriyama
  • 4. atala:
   
Akira Toriyama
Marraztea hainbeste gustatzen zitzaidanez, diseinu eskola batean sartu nintzen. Marraztea gustuko izaten jarraitzen nuen, baina ondo pasatzea are gehiago. Eskola amaitzen nuenean fideo txinatarrak jatera joten nintzen, edo jostailu denda batera, saltoki-gunera, boloetan jokatzera, billarrean jokatzera, etab. Behin ere ez nintzen zuzenean etxera joan. Dagoeneko ez nuen ia mangarik irakurtzen eta aldian behin bakarrik marrazten nuen baten bat. Graduatzeko zorian nengoela, zein bide jarraitu erabaki behar izan nuen: unibertsitatera joan edo lanean hasi. Gurasoak ez zeuden ados, baina ez nuen inongo zalantzarik izan lan egin nahi nuela erabakitzerakoan. Ez neukan gehiago ikasteko gogorik eta honela pentsatzen nuen: "Nire marrazkiak hain onak direnez, segituan lortuko dute arrakasta!" Ni oso harroputza nintzen gaztetan.
   
Akira Toriyama
  • 5. atala:
   
Akira Toriyama
Diseinu estudio batean hasi nintzen lanean eta, trebetasuna nuenez, ondo egiten nuen. Baina goiz jaikitzea kosta egiten zait eta beti berandu heltzen nintzen. Gainera, nahiko enpresa handia zenez, oso zorrotzak ziren janzkerarekin. Niri edozein eratara janztea gustatzen zait eta askotan egiten zidaten errieta. Hitz batean, ez nintzen gizartera egokitzen. Azkenean enpresara joateaz aspertu nintzen eta, bi urte t'erdiren ondoren, utzi egin nuen. Hala ere, orain urrunetik begiratuz, ikusten dut sistema barrutik ezagutzeko behintzat balio izan zidala. Eta ikasle izatetik beren kasa lan egitera joaten diren marrazkilariek ezin dute horrelakorik esan.
   
Akira Toriyama
  • 6. atala:
   
Akira Toriyama
Beste ezer eduki gabe utzi nuen enpresa eta arazoak izan nituen, ondo pasa nahi nuen baina horretarako sosik gabe nengoen. Behin, kafetegi batean zegoen manga liburuki batean, lehiaketa baterako mangak bidaltzea eskatzen zuen artikulu bat ikusi nuen. Nik sari hura irabazi nahi nuen! Eta horrela idatzi nuen benetako manga bat lehen aldiz. Bidali nuenean, nire buruarengan uste handia nuen, baina ez zen aukeratua ere izan. Saria pikutara. Atsekabe handia hartu nuen baina, batez ere, asko haserretu nintzen. Amorruaren amorruz, beste manga bat marraztu eta bidali egin nuen. Hura ere ez zuten aukeratu. Orduan dei bat jaso nuen: "Oraindik gaizki egiten duzu, baina baliteke aukeraren bat izatea. Marraztu manga gehiago eta bidal iezazkidazu". Argitaratzailea zen, Torishima jauna. Marrazten eta mangak bidaltzen hasi nintzen jo eta su, eta denbora bat igaro ondoren lehenengoa argitaratu zidaten. Horregatik, gaur egun ere, biziki eskertzen diot Torishima jaunari nigatik egindakoa.
   
Akira Toriyama

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akira Toriyama gizon arrunta da, bere lanari eta familiari emana. Bitxikerietako bat bere animalienganako zaletasuna da. Toriyamak ia denetik izan du etxean. 1980 eta 1984 artean, Dr. Slump Shonen Jump-en argitaratzen zenean, bi zakur izan zituen: Turbo-maru eta Turbo-Maru II, Ohiru izeneko katu bat, eta zenbait txori ere bai (izan ere, bere abizenean eta estudioaren izenean txoriak agertzen dira). Beren izenak Koechi, Ichirou, Kii, Grey eta Hime ziren.

1984tik 1995era, Dragoi Bolaren garaian, dezente maskota gehiago izan zituen. Ezagunena, zalantzarik gabe, Siberiako husky eme bat, Matoryoushiku izenekoa eta Mato deitzen ziotena. Beste bat Toma zen, welsh corgi arrazako zakurra; ikusten denez, "Mato"ri silabak aldatuta eratzen da "Toma". Mato oso maitatua izan zen Toriyama sendian, eta Akirari atsekabe handia sortu zion bre heriotzak. Koge ere asko maite zuten, hau katu beltz bat zen eta Dragoi Bolako azal-hegalen batean agertu zen. Garai honetan hainbat txori ere izan zituen, baina inori ez zion izenik jarri. Dena den, gehien gustatzen zaizkionak perikitoak eta uretako txoriak dira.

Baina ezin esan daiteke Toriyama marrazkilari itxi horietako bat denik eta lagunik ez duenik. Horietatik ezagunena Mazuka Katsura da, Video Girl Airen agilea. Harreman onak ditu bere argitaratzaileekin ere; ezagunena Kazuhiko Torishima da, bere argitaratzailea Dr. Slumpen eta Dragoi Bolako lehen zatian, Gokuk arte martzialen txapelketa irabazi arte. Torishima izan zen Mashirito doktore maltzurra (Torishimaren silabak alderantziz jarrita) sortzeko inspirazioa. Dirudienez, Toriyamaren argitaratzaileek autorea inspiratzen dute. Yu Kondo ere, bere argitaratzailea saiyen sagatik Cellen lehen eraldaketaraino, Freezer sortzeko modelo izan omen zen; eta Fuyuto Takeda, bere azken argitaratzailea, Booren modeloa ei zen.

Dragoi Bolako Daizenshuetan autoreari eginiko elkarrizketetatik Akira Toriyamaren izaeraren zenbait gauza ikus daitezke: langile nekaezina da, oso perfekzionista, astebete lehenago eginiko lana botatzeko gai da ez bazaio egokia iruditzen. Egileak dioenez, etxean lan egiten duenean ezohiko ordutegia eramaten du: eguerdira arte lo egiten du, jaiki, bazkaldu eta lanean hasten da. Arratsalde osoan lanean jarduten du, gero gelditu, zakurra paseatzera ateratzen du, afaldu, bainu bat hartu eta lanean jarraitzen du goizeko ordu txikietara arte. Are gehiago irudiren batekin hasi bada: hasi eta bukatu arte ez omen da geratzen, bat erdibidean utzita lotara badoa, horrekin amets egiten duelako eta ez duelako ondo atseden hartzen. Beste bitxikeria bat: lanean ari denean, arreta osoa jartzen omen du berean. Kanpoko ezer ez sentitu arte sartzen omen da berean, ezta lurrikara bat ere, elkarrizketa batean dioenez. Gainera, marrazten ari den pertsonaiaren aurpegikera bera jartzeko ohitura berezia du. Bere emazteari eta laguntzaileari, Takashi Matsuyamari, asko gustatzen zaie hau.

Pertsonaiak sortzerakoan eskema hau jarraitzen du: lehenik trama asmatzen du, gero pertsonaiaren izaera moldatzen du gidoi berrian izango duen paperaren arabera, eta azkenik diseinatu eta marraztu egiten du. Adibidez, Freezerren Indar Bereziak (Ginew Tokusentai) egin zituenean, bere alabari hainbeste gustatzen ztzaizkion sentai serieetan oinarritu zen (Power Rangersen modukoak). Freezer eta Cellen sagetan, Toriyamak ez zeukan oso argi zer gertatuko zen. Gainera, denboran zeharko bidaiekin, gauzak hainbeste nahastu zituen, ezen bere argitaratzailearengana jo behar izan zuen ideia eske.

Pertsonaiei dagokionez, bere gogokoenak Satan deabruen erregea (bere lehen billau handia), Satan Txiki eta Mr. Satan dira, azken hau bere pertsonaia komikoenetarikoa. Bestalde, aitortzen du berak Gohanek aitaren tokia har zezan nahi zuela, baina horretarako mutilari zerbait falta zitzaiola ikusi omen zuen. Azkenean pentsatu zuen istorioak jarraitzeko Gokuk itzuli behar zuela. Dragoi Bola amaitu zenetik, Toriyamak denborarik gehiena bere lehen zaletasunari eskaintzen dio: bere familiarekin egoteari. Orain, emazteak komikiak koloreztatzen laguntzen omen dio.

Aipatzekoak dira autoerretratuak ere. Toriyamak, bere obren atalak biltzen dituzten liburukien azal-hegal bakoitzean, irakurleari zerbait kontatzen dio. Mangari buruzko zerbait izan daiteke, edo bestela bere bizitza kontatzen du, zer gertatu zaion azkenaldian...

Akira Toriyamaren lan guztiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mangak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Awawa World (1977, argitaratu gabea)
  • Wonder Island (1978-1979, 2 one-shot)
  • Today's Highlight Island (1979, one-shot 1)
  • Tomato Girl Detective (1979, one-shot 1)
  • Hetappi (1982, tankōbon 1) - Bigarren egilea: Akira Sakuma
  • Dr. Slump (1980-1985, 18 tankōbon, kanzenban)
  • Escape (1981, one-shot 1)
  • Pola & Roid (1981, one-shot 1)
  • Pink (1982, one-shot 1)
  • Mad Matic (1982, one-shot 1)
  • Chobit (1983, 2 one-shot - Ez nahastu geroagoko Chobits-ekin, Clamp-ena)
  • Dragon Boy (1983, 2 one-shot)
  • Tongpoo (1983, one-shot 1)
  • Toriyama Akira's Manga Theater Vol.1 (1983, tankōbon 1)
  • Dragoi Bola (1984-1995, 42 tankōbon, geroago kanzenban edizioan 34)
  • Mr. Ho (1986, one-shot 1)
  • Lady Red (1987, 3 one-shot)
  • Kennosuke (1987, one-shot 1)
  • Sonchoh (1987, one-shot 1)
  • Mamejiro (1988, one-shot 1)
  • Toriyama Akira's Manga Theater Vol.2 (1988, tankōbon 1)
  • Karamaru (1989, one-shot 1)
  • Wolf (1990, one-shot 1)
  • Cashman Saving Soldier (1991, 3 one-shot - 1998, tankōbon 1)
  • Dub & Peter 1 (1992, 4 one-shot)
  • Go!Go! Ackman (1993, 11 one-shot)
  • Chotto Kaettekita Dr. Slump (1994-1997, 4 tankōbon fin)
  • Tokimecha (1996, one-shot 1)
  • Alien X-Peke (1997, one-shot 1)
  • Bubul (1997, one-shot 1)
  • Toriyama Akira's Manga Theater Vol.3 (1997, tankōbon 1)
  • Cowa! (1997-1998, tankōbon 1)
  • Tahi Mahi (1998, tankōbon 1)
  • Kajika (1998, tankōbon 1)
  • Neko Majin (1999-2005, 5 one-shot, tankōbon/kanzenban 1)
  • Sand Land (2000, tankōbon 1)
  • Kochikame (2006, omake 1 - Ez da Kochikameren jatorrizko egilea)
  • Cross Epoch (2006, one-shot 1)
  • Blue Dragon (2007)

Bideojokoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telebistako programak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Apple pop, Pon Kick (ポンキッキ) haurrentzako programaren opening-a (hasierako sekuentzia) egin zuen 1999an.

Beste batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]