Dragoi Bola Z

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Dragon Ball logo.PNG
Dragoi Bola Z
Jatorrizko izena ドラゴンボールZ (Doragon Bōru Zetto)
Dragon Ball Z
Egilea Akira Toriyama
Generoa Abentura, Akzioa, Arte martzialak, Drama, Fantasia, Komedia, Shōnen
Zuzendaria Daisuke Nishio
Estudioak Bird Studio, Toei Animation
Telebista katea Japonia Fuji Tv
Euskal Herria ETB1
Noiz hasi zen 1989ko apirilaren 26an
Noiz bukatu 1996ko urtarrilaren 31n
Atal kopurua 291
Filmak 13 + 2 atal berezi + OVA bat
書.svg
Orri honetako testu zati batzuk japoniar idazkerarekin idatzita daude.
Euskarri eleaniztun egokirik gabe, galdera
ikurrak ikusiko dituzu kanji edo kana karaktereen ordez.


Dragoi Bola Z (jatorrizko japonieraz ドラゴンボールZ edo Doragon Bōru Zetto, ingelesez Dragon Ball Z) Dragoi Bola animearen jarraipena da. Dragoi Bola Akira Toriyamak idatzi eta marrazturiko manga (komiki japoniarra) da. 1984tik 1995era Weekly Shonen Jump aldizkarian argitaratua izan zen.

Dragoi Bola animea telebistarako mangaren moldaketa da. Guztira 508 atalez osatuta dago, hiru zati nagusitan banatuta: Dragoi Bola, Dragoi Bola Z eta Dragoi Bola GT. Hau hiru zatietatik bigarrena da eta 291 atal ditu eta 195. kapitulutik 519.era egokitzen ditu. Lehen atala 1989ko apirilaren 26an emititu zen Japonian Fuji Tv telebista katean. Atal hauetaz gain, beste 13 film, 2 atal berezi eta OVA bat ditu. Esan beharra dago animean jatorrizko mangan ez dauden istorioak agertzen direla edo mangaren istorioa apur bat aldatzen dela ere.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Dragoi Bola Zk Son Goku eta bere lagunen abenturak kontatzen ditu. Orain Goku Chichirekin ezkonduta dago eta seme bat dauka.

Saiyak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Satan Txikiren aurkako azken borrokaz geroztik eta bakezko 5 urteren ondoren Raditz espazioko gerlaria Lurrera iristen da. Honek Gokuren semea, Son Gohan, bahitzen du. Semea askatzeko Goku Satan Txikirekin elkartzen da eta biak Raditz menperatzea lortzen dute, baina Gokuk bizia galtzen du borrokaldian. Honen ondoren Gokuren lagunek urtebeteko epea dute entrenatzeko, izan ere denbora horretan beste bi gerlari iritsiko dira Lurrera planeta suntsitzeko asmoz. Son Goku beste munduan Kaitorekin entrenatzen da. Urtea igarotzean Vegeta eta Nappa Lurrera heltzen dira; baina Son Goku, nahiz eta Dragoi Bolekin berpiztu, ez dago Lurrean oraindik. Hau borroka eremura heldu orduko Yamcha, Chaoz, Ten Shin Han eta Satan Txiki hilik daude, Krilin eta Son Gohan izanik bizirik irten diren bakarrak. Gokuk erraz garaitzen du Nappa, baina Vegeta menperatzeko hiruren laguntza, eta Yagirena ere, behar izan da. Hala ere Vegetak ihes egitea lortzen du.

Freezerren saga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behin Satan Txiki hilda Ahalguztiduna, ere hil da, eta honekin Dragoi Bolak ere desagertu egin dira. Aurreko borrokan Satan Txiki namektarra zela ezagutzen da eta Bulmak, Krilinek eta Son Gohanek Namek planetara joatea erabakitzen dute bertako Dragoi Bolekin lagunak berpizteko. Horretarako, Ahalguztidunak Lurrera etortzeko erabili zuen espazio-ontzia erabiltzen dute. Behin Nameken daudela, alde batetik Vegeta eta bestetik Freezer Dragoi Bolen bila ari direla konturatzen dira. Baina Son Goku Namekerantz doa Bulmaren aitak eraikitako espazio-ontzi batean, non Lurrekoa baino 100 aldiz handiagoa den grabitate-indarrarekin entrenatu ahal den. Goku iritsi baino lehen Vegetak Dodoria eta Zarbon (Freezerren morroiak) hiltzen ditu, baina Krilin eta Son Gohanekin batera Freezerren Indar Berezien aurka ezinean ari da. Goku heldu orduko Indar Berezietako bat (Gurdo, bostetatik ahulena) hiltzea lortzen dute, baina orain Freezer 7 Dragoi Bolen jabe da. Hala ere ez daki dragoiari deitzen eta Buruzagi Nagusiarengana abiatzen da, Indar Berezien nagusia (Ginew) bolen zaindari bezala utziz. Bitartean Gokuk Indar Berezien beste bi gizon garaitzen ditu (Rikum eta Butter), gelditzen denari Jheese nagusiarengana ihes egiten uzten diolarik. Orduan Ginew eta Son Goku elkarren aurka borrokatzen dira, Ginew gorputz-trukea egitera behartuta dagoelarik (Ginewren arima Gokuren gorputzean sartzen da eta alderantziz). Vegetak Jheese hiltzen du, eta azkenean Goku bere gorputzera itzultzen da, larriki zaurituta geldituz. Goku sendatzeko, Vegetak Freezerren espazio-ontziko makina batean sartzen du eta lotaldi bat egiten du. Krilin eta Gohanek Denderen laguntzarekin 7 Dragoi Bolak hartu eta ontzitik isilean urruntzen dira Vegeta esnatu gabe. Hala ere Freezer, ordura arte Nailen aurka borrokatzen aritu zena, ontzira abiatzen da ziztu bizian. Dendek Polungari, Namekeko Dragoi Jainkoari, deitzen dio, zeina 3 gurari betetzeko gai den. Lehen gurarian Satan Txiki (Kaitorekin entrenatzen egon zela) berpiztea eskatzen dute, horrela lurreko Dragoi Bolak ere berpizteko. Bigarrenarekin Satanko Namekera ekar dezan eskatzen dute. Orduan Vegeta esnatu eta Polunga dagoen tokirantz joaten da, Krilin, Son Gohan eta Dende harrapatuz. Dende Vegetaren guraria (hilezkorra izatea) eskatzera zihoanean Polunga desagertu egiten da; Buruzagi Nagusia hil egin da. Orduan Freezer laukotea dagoen tokira heltzen da sututa. Azken borroka hastear dago eta Goku oraindik ez da guztiz sendatu.

Freezerrek, lehen eraldaketa eginez, Vegeta jipoitzen du. Satan Txiki, guda lekura bidean Nailekin bateratu zena, heldu egiten da Frezeerrekin indar parekatuarekin borrokatzen delarik. Hala ere, Frezeer bigarrenez eta hirugarrenez eraldatzen da eta Satan Txiki eta Vegeta jokoz kanpo uzten ditu. Orduan Goku guztiz sendatzen da eta Freezerren bila joaten da. Son Goku, nahiz eta Kaitoren erasoa hogei aldiz biderkatua erabili, ez da Freezerri aurre egiteko gai. Freezerrek Krilin hiltzen du, Goku hau ikustean suminak jota kondairetako Goi Gerlaria bihurtzen da, Freezerren indarra askogatik gaindituz. Bitartean, Lurrean Shenron dragoia deitzen dute eta Nameken hildakoak berpizteko eskatzen diote. Buruzagi Nagusia ere berpiztu egiten da, eta ondorioz baita Polunga ere. Polungaren azken gurariarekin Namekeko biztanle guztiak (Goku eta Freezer ezik, Gokuk eskatuta) Lurrera bidaltzen dituzte. Namek planeta eztanda egiteko zorian da eta Freezer gorputza bitan zatituta duela Gokuren energia bola batekin hiltzen da. Gokuk ihesbiderik ez duela, planetak eztanda egiten du. Beranduago, Lurrean, Dragoi Bolei esker hildako lagunak berpizten dituzte, Goku izan ezik. Izan ere, hau bizirik zegoen eta ez zuen oraindik Lurrera joan nahi.

Garlic Gazteren itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: pasarte hau ez da mangan agertzen.

Behin guztiak Lurrean direla, Garlic Gaztek Herio-zulotik ihes egitea lortzen du, eta bere lau jarraitzaileekin Jainkoaren lekua hartzera doaz. Jainkoa eta Popo harrapatu ostean, Garlic Gaztek gizakiak deabru bihurtzen dituen lanbroa Lurrean zehar isurtzen du. Besteak beste, Iratxo Dortoka, Yamcha, Bulma eta Chichi deabru bihurtzen dira; baita Satan Txiki ere, hauek kosk egitean. Gohan eta Krilin Jainkoaren jauregira joaten dira, Gohanek bi deabru akabatzea lortzen duelarik, baina Satan Txikik jipoitu egiten du. Hala ere Satan Txiki gezurretan zebilen, Jainkoa eta Popo jauna askatzeko aukeraren zain, baita lortu ere. Baina Garlicek eta bi deabruek gain-ahalmena lortzen dute Lilura Beltzari esker, eta bitartean Jainkoa eta Popo jauna Ur Birjainkotarra lurrean zabaltzeko Zeru Barrenera doaz. Son Gohanek beste bi deabruak menperatzen ditu. Jainkoak bere bizia arriskuan jartzen du Popok Ur Birjainkotarra Lurrean zabal dezan Haize Korronteen Zuloa erabiliz. Garlicek, bere egitasmoa zapuztu dutela ikustean, Herio-gunea zabaltzen du. Orduan Gohanek Lilura Beltza desegiten du Garlic indarrik gabe utziz, berak zabaldutako Herio-guneak irensten duelarik. Dagoeneko lurtar guztiak bere onera itzuli dira.

Ziborren saga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora asko da Gokuren berririk ez dela, eta bat-batean Freezer (erdi-zibor bihurturik) eta bere aita Lurrera iristen dira. Orduan mutil bitxi bat, Trunks, agertzen da, Goi Gerlari bihurtzen dena (denen harridurarako), bi tiranoak hiltzen dituena eta Gokuren bila doala dioena. Ordu batzuen ondoren Goku Lurrera iristen da, eta Trunksek, etorkizunetik etorritakoa, esaten dio 3 urte barru 2 zibor ahaltsu eta zital agertuko direla eta mundua suntsituko dutela. Honen ondorioz, Z gerlari guztiak 3 urtez entrenatuko dira.

3 urteak igaro ondoren, Trunksek esandako leku eta orduan, 2 ziborrak agertzen dira: Zibor 19 eta Zibor 20 (Gero doktorea, Zapi Gorridun Armadako zientzialaria, zibor bihurtuta). Zibor hauek arerioaren energia xurgatzeko ahalmena dute eta ia Yamcha hiltzen dute. Borroka hasterakoan, Goku gaixotu egiten da, Trunksek esan bezala. Mementoan Vegeta agertzen da Super Saiya bihurtuz eta Zibor 19 suntsituz. Gerok, hau ikustean, laborategira ihes egiten du Zibor 17 eta Zibor 18 esnatzeko. Orduan Trunks berriro agertzen da, Zibor 19ren burua ikusiz eta zibor hau ezagutzen ez zuela esanez. Gerok bi ziborrak esnatzea lortzen du, baina bi hauen eskuetan hiltzen da, eta gainera Zibor 16 ere esnatzen dute. Ziborren eta Z gerlarien arteko borrokan ziborrek irabazten dute, nahiz eta inor ez den hiltzen. Indaba Miragarriei esker denak sendatzen dira, eta Satan Txiki Jainkoarekin batzera joaten da, honela bere indarra asko handituz.

Cellen saga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldi berean beste izaki bat agertzen da, Cell deiturikoa, hainbat gerlariren zeluletatik sortua: Son Goku, Vegeta, Satan Txiki, Freezer... Satan, Super Namektar bihurtuta, honen bila joaten da, ziborrak baino arriskutsuago izan baitaiteke. Cellek pertsonak xurgatzen ditu indarra bereganatzeko eta Zibor 17 eta 18 xurgatzean egoera perfektura iritsiko da. Cellek Satanengandik ihes egiten du, baina zorionez Goku sendatu egiten da. Gokuk gerlari guztiak elkartzen ditu Espazio eta denboraren gelan entrenatzeko (kanpoan egun bat igarotzean barruan urte bete pasatzen da) eta Super Saiyen maila gainditzeko asmoz. Vegeta eta Trunks sartzen dira lehenengo. Bi hauen eguna bukatzear zela, ziborrak eta Satan borrokan hasten dira. Cell honetaz konturatzen da eta hauek dauden tokirantz abiatzen da; izan ere, ziborrak garaitzeko ahalmena lortu du. Cell heltzean Satan ia hil eta Zibor 17 xurgatzen du, indar ikaragarria bereganatuz. Orduan Vegeta eta Trunks gelatik irten eta Cellen bila joaten dira. Goku eta Gohanen txanda da entrenatzeko. Vegetak, Saiyen maila gainditurik, Cell jipoitzen du. Baina bere harropuzkeria dela eta, Celli Zibor 18 xurgatzen uzten dio, gorputza guztiz osatuz.

Orduan Cellek, gorputz perfektuarekin, Vegeta eta Trunks (Vegeta baino indartsuagoa da) garaitzen ditu, eta 10 eguneko epea ematen die gerlariei entrenatzeko eta berak antolatuko duen arte martzialen lehiaketan agertzeko. Epe honetan Son Goku Namek planeta berrira joaten da (Bat-bateko lekualdaketa teknika erabiliz) eta Dende ekartzen du Jainko posturako eta Dragoi Bolak berpizteko. 10 egunak igarota Z gerlariak eta Satan Jauna (eta bere "armada") agertzen dira lehiaketan. Goku izango da Cellen lehen arerio serioa, baina azkar etsiko du; eta bigarrena Son Gohan, denen harridurarako. Cellek Gohan garaitzeko arazorik ez du, baina badaki Gohanen benetako indarra ikusteko haserrarazi egin behar duela, baita lortu ere. Son Gohan 2. mailako Super Saiya bihurtzen da. Son Gohanen kolpe baten ondorioz, Cellek Zibor 18 botatzen du bigarren eraldaketara itzuliz. Cellek, etsipenak jota, bere burua suntsitzeko mekanismoa martxan jartzen du, eztandarekin Lurra eta bere biztanle guztiak desagertarazteko helburuarekin. Hau ikusita Son Gokuk Bat-bateko lekualdaketa erabiliz Cell Kaitoren planetara eramaten du, eztanda bertan izanik. Goku eta Kaito hil egiten dira, baina Cell birsortu egiten da Satan Txikiren zelulei esker, eta berriz ere egoera perfektuan eta indar gehiagorekin. Cell Lurrera itzultzen da, baina Son Gohanen Kame Hame uhinarekin (eta Gokuren laguntzarekin) Cell guztiz hiltzen du. Cellek eta ziborrek hildako bizilagun guztiak Dragoi Bolekin berpizten dira, Son Goku izan ezik, honek ez baitzuen berpiztua izan nahi.

Beste Munduko Txapelketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: pasarte hau ez da mangan agertzen.

Cell hilik dela, Son Gokuk beste munduan lasai entrenatzen jarraitzen du, ondo baitaki bere seme Son Gohan unibertsoko gizaki indartsuena dela. Bertan beste hiru Kaito Jainkoak ezagutzen ditu, ekialdeko (Eki Kaito), mendebaldeko (Mendebal Kaito) eta hegoaldeako (Hego Kaito) galaxiakoak (jada ezagutzen zena iparraldeko galaxiakoa da, Ipar Kaito). Kai Errege Handiaren planetan Arte Martzialen Txapelketa bat antolatzen da. Son Gokuk lehiaketan parte hartzen du, finala Paikuhanen aurka jokatzen duelarik. Ez da irabazlerik izaten, zeren, Kai Errege Handiaren esanetan, biek ezagutzen ez zuten arau bat hausten dute.

Boo Ahaltsuaren saga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bitartean, Lurrean bake-aro bat bizitzen da. Son Gohan bigarren hezkuntza zikloa egiten hasten da eta bere gelan Videl ezagutzen du, Satan jaunaren alaba. Son Goten, Gohanen anaia txikia, jaio eta hazi egiten da. Videl neska indartsua da eta poliziari laguntzen dio kasu zailetan. Gohanek, bihotz onekoa denez, Videli laguntzea erabakitzen du. Baina bere nortasuna ezkutatzen du Bulmak egindako mozorro batekin eta Saiya Handia ezizena hartuz. Videlek harrapatu egiten du, ordea, eta gutxira jokatuko den Arte Martzialen 25. Mundu Txapelketan parte hartzera behartzen du. Lehiaketan Vegetak, Satan Txikik, Trunksek, Gotenek, Krilinek eta Zibor 18k ere parte hartuko dute. Une berezi honetarako eta Babari esker, Son Goku egun baterako Lurrera itzuliko da, txapelketan parte hartuz.

Txapelketa egunean beste lau partaide susmagarri agertzen dira: Spopovitch, Yamu, Shin eta Kibito. Satan Txiki eta Shinen arteko lehian, Shin Kaio Jainko goren bat dela argitzen da, eta Kibito bere morroia. Bi hauek Babidi izeneko azti maltzurraren bila datoz Lurrera, eta horretarako Son Gohan 2. mailako Super Saiya bihurtzea nahi dute, gero Spopobitchek eta Jamek bere energia har dezaten eta azkenik bi hauei jarraituz Babidiren ezkutalekua aurkitzeko. Babidik energia hau behar du bere aitak, Bibidik, sortutako Boo munstro izugarria esnatzeko. Z gerlariek Kaio Shini laguntzea erabakitzen dute.

Behin Babidiren ezkutalekuan (lurperatutako espazio-ontzi bat), Dabrak Kibito hiltzen du eta Satanko eta Krilin harri bihurtzen ditu. Gero ontzi barrura ihes egiten du eta Shin eta 3 saiyak ontzi barrura sartuarazten ditu. Barruan Gokuk Yakon menperatzen du, eta Vegetak Pui Pui, baina Son Gohan ezinean dabil Dabrarekin. Orduan gaizkileak Vegetaren gaiztakeriaz konturatzen dira, eta Babidik Vegetari indar gehiago ematen dio Gokuren aurka borrokatzeko (hau baita Vegetaren benetako nahia). Ondorioz, Goku eta Vegeta, 2. mailako Super Saiya bihurtuta, elkarren aurka borrokan hasten dira, eta zaurietatik xargatutako energiaz, Book behar duen guztia lortzen du. Boo berriz bizira itzultzen da, Gohan eta Shin jipoitzen ditu eta Dabra hiltzen du (Satanko eta Krilin bere onera itzuliz). Goku eta Vegeta Booren indarraz konturatzen dira, baina Vegetak azken indaba miragarria hartuz Goku konorte gabe uzten du eta Boorengana abiatzen da.

Boo eta Vegetaren arteko borrokan, Vegeta hil egiten da. Gokuk konortea berreskuratu ondoren, gelditzen zaion denboran, Trunksi eta Goteni Bateraketa teknika erakusten die. Gainera, Booren aurka borrokatzen da 3. mailako Super Saiya bihurtuz, baina bere denbora Lurrean amaitu egiten da eta joan beharra du. Gotenek eta Trunksek Bateraketa egitean Gotrunks izeneko gerlaria sortzen da. Bitartean Kibitok, Dragoi Bolekin berpiztu ondoren, Shin eta Gohan aurkitu eta sendatu egiten ditu, eta gero hirurak (eta beranduago Goku) Kaio Shinen planetara (Neptuno) joaten dira. Bertan Gohanek Kaio Shin Agurea askatuko du, eta honek ordainetan Gohanen indar ezkutua esnaraziko du.

Lurrean Book eraldaketa bat jasango du, maltzurragoa eta indartsuagoa bilakatuz. Boo Jainkoaren jauregira doa eta bertatik lurreko izaki guztiak hiltzen ditu, Gotrunksen aurka borrokatu nahi du eta. Bi mutilak Espazio eta denboraren gelan Bateraketa teknika hobetzen eta entrenatzen doaz, eta bertan Boorekin borrokatzen dira. Hala ere laster kanpora itzuliko dira, eta Gotrunksek 3. mailako Super Saiya bihurtuta Boo jipoitu egiten du. Hala ere, egoera honek energia askoren beharra du eta berriz egoera normalera itzultzen da, balantza Booren alde jarriz.

Son Gohanen entrenamendua bukatu egiten da eta Lurrera joaten da Boori jipoi handia emanez. Hala ere ez du askorako balioko, izan ere Book Satanko eta Gotrunks xurgatzen ditu, Gohan baino ahaltsuagoa bihurtuz. Hau ikusita, Goku (bizirik berriz ere) Lurrera joaten da Kaio Shin Agurearen belarritakoak erabiliz Gohanekin batzeko. Planak huts egiten du, Book Son Gohan xurgatu egiten baitu, bere indarra bereganatuz. Orduan Babak Vegeta Lurrera eramaten du eta Gokurekin batzen da gerlari berri bat sortuz: Vegeku. Honek bere lagun guztiak askatuko ditu Booren barrenetik, ondorioz Boo jatorrizko itxurara itzuliko da eta Lurra suntsituko du. Goku, Vegeta, Dende eta Santan jauna Neptunora joaten dira Lurra ezereztu baino lehen, Boo beraien atzetik joango delarik. Azkenean Gokuk Boo hilko du, Kaitok irakatsitako Indar Unibertsalaren teknika erabiliz.

Boo hil eta urte batzuk beranduago jokatzen den Arte Martzialen 28. Mundu Txapelketan, lagun guztiak berriro elkartuko dira. Gainera, bertan Oob agertzen da: Boo berriz bizira itzulita baina pertsona on baten barruan. Goku eta Oob txapelketako lehen lehian borrokatzen dira, eta biak elkarrekin entrenatzera joaten dira.

Atalen banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animeak sagatan banatu ohi dira, hauek dira Dragoi Bola Zk dituenak:

Saga Animeko atalak
Saiyak (Espazioko Gerlariak) 1etik 35era
Freezerren saga 36tik 107ra
Garlic Gazteren itzulera 108tik 117ra
Androideen saga 118tik 139ra
Cellen saga 140tik 194ra
Beste Munduko Txapelketa 195etik 199ra
Boo Ahaltsuaren saga 200etik 291ra
Oharra: "Garlick Gazteren itzulera" eta "Beste Munduko Txapelketa" ez dira mangan agertzen.

Filmak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dragoi Bola Zk 13 film ditu. Film hauek seriearen tramarekiko guztiz desberdinak dira eta ia inoiz ez dute seriearen denbora-lerroa jarraitzen.

1) Izenburu hauek euskal bikoizketan emandakoak dira.
2) Film hauek ez dira euskaratuak izan, izenburu hauek titulu japoniarretik itzuli dira.

Atal bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dragoi Bola Z lanak bi atal berezi ditu. Telebistarako egindako film luzeak dira, eta, ohiko filmak ez bezala, hauek seriearen barruan sartzen dira.

OVA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dragoi Bola Zk bi zatitan banatutako OVA (Original Video Anime) bat du. OVA hau Playdia bideojoko enpresarentzat egin zen. Ez da inoiz Japoniatik irten, aurreko filmen ekoizlea eta OVAren ekoizlea ezberdina zelako (beraz ez da euskaratu).

Beste OVA edo atal berezia egin zen japoniar telebistarako Jump Super Anime Tour programan. Bertan Dragoi Bola Zko pertsonai gehienak ikus daitezke, halaber, beste berri batzuk agertzen dira.

2010eko Dragon Ball Raging Blast 2 jokorako 1993. urteko OVAren remake bat egin zen.

Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Hasierako abestiak:
    1. "CHA-LA HEAD-CHA-LA" (1. ataletik 199.era)
      • Hitzak: Yukinojo Mori
      • Musika: Chiho Kiyooka
      • Moldaketa: Kenji Yamamoto
      • Interpretatzailea: Hironobu Kageyama
    2. "WE GOTTA POWER" (200. ataletik 291.era)
      • Hitzak: Yukinojo Mori
      • Musika: Keiju Ishikawa
      • Moldaketa: Keiju Ishikawa
      • Interpretatzailea: Hironobu Kageyama
  • Bukaerako abestiak:
    1. "Detekoi Tobikiri ZENKAI Pawā!"; でてこいとびきりZENKAIパワー! (1. ataletik 194.era)
      • Hitzak: Naruhisa Arakawa
      • Musika: Takeshi Ike
      • Moldaketa: Kenji Yamamoto
      • Interpretatzailea: MANNA
    2. "Boku-tachi wa Tenshi Datta"; 僕達は天使だった (195. ataletik 291.era)
      • Hitzak: Yukinojo Mori
      • Musika: Takeshi Ike
      • Moldaketa: Osamu Totsuka
      • Interpretatzailea: Hironobu Kageyama

Dragoi Bola Z animea Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dragoi Bola Zko 291 atalak euskaraz bikoiztu ziren, baita dituen 13 filmetatik 9 eta 2 atal bereziak ere. Dragoi Bola Z ETB1 telebista katean hainbat aldiz emititu zen 1990eko hamarkada hasieratik aurrera. Euskaraz falta diren filmak eta OVA, dirudienez, ez dira bikoiztuko.

Singleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dragoi Bola Z[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Draboi Bola Z
Hi Son Gohan aupa
Dragoi Bola Z
Gaizkileen aurka
Dragoi Bola Z
Bide zuzen hauta.
Dragoi Bola Z
Ahalmen oro dauka

Son Goku ororentzat
trebea eta ausarta,
Son Gohan zoriontsu
aita baitu aparta

Dragoi Bola Z
Heroi lagunzale
Dragoi Bola Z
Beti irabazle!

Neu-Nagusi Hi-Jo-Eta-Hautsi (Cha-La-Head-Cha-La)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banoa hemendik zeru goian zehar (goian zehar)
larala, hamabi margo biziz jantzita

Sumendi garretan biribilka (biribilka)
banoa lur galdutik betirako

Jo eta den hau apurtuta ihesi

Inor bada hobeto
muturrak hautsi eta zapaltzeko

Neu-Nagusi Hi-Jo-Eta-Hautsi
Ez dit inork egingo barrerik, nire lepotik

Neu-Nagusi Hi-Jo-Eta-Hautsi
Igerian ez dago arrainik, irabaztekorik niri

Neu-Nagusi Hi-Jo-Eta-Hautsi
Ez da sortu munduan munstrorik, ni jatekorik

Neu-Nagusi Hi-Jo-Eta-Hautsi
Beti dut irria ezpainetan, irabazten dudanetan

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Dragoi Bola Z Aldatu lotura Wikidatan